Hiru "L"rekin hasi da urte berria: LifeLong Learning, bizitza osan zeharreko ikaskuntza edo etengabeko ikaskuntza. Atoan-era ekarri nuen lehengoan Enric Serraren artikulu baten harira, Europan abian jarri den SteLLLa egitasmoaren aipamenarekin hain zuzen ere.

Etengabeko ikaskuntza ez da termino ezezaguna, lan munduan eta hezkuntzan hedatzen joan da azkenotan apurka-apurka. Eusko Jaurlaritzak adibidez Etengabeko ikaskuntzari buruzko liburu zuria argitaratu zuen duela urte batzuk (eskerrik asko Ainhoa). Eta enpresa munduko marketiñenoan balio erantsiko berba egin dela dirudi.
Bestalde, ikaskuntzaren inguruan zabaltzen hasi diren gogoeta eta psikolasto berrietan ere agertzen zaigu: ikaskuntza informala, norberak gidatutako ikaskuntza, ikaskuntza soziala eta bizitza guztirako ikaskuntza moduko ideien usaina hartzen da sarri.
Termino "modernoa" dirudi bateko, baina arlo zehatz batzuei lotuta besteko: lan mundua, hezkuntza, teknologia.... Eta zer dio bada? Funtsean gauza sinplea dela esango nuke: ikastea bizitza guztirako jarduna da, etengabea. "Ezagutzaren eta informazioaren gizartean" ezin ei da bestela izan, aldaketak azkarrak dira eta etengabe ikasi eta egokitu beharra dago. Hartara, ikasteko eta egokitzeko konpetentziaz egiten da berba, zerbait jakitea baino baliozkoagoa da jakintza berrira egokitzen jakitea, etengabe.
Eta gurera ekarrita, euskararen ikaskuntza, zer? Zirriborro mailako ideia-gogoeta batzuk:
- Gurean terminoa prestakuntza profesionalarekin lotuta dagoela ematen du. Hala ere, mugimendua handik haragokoa ere bada. Hiru.com adibidez. Baina helduen euskalduntzean orain arte ez da apenas entzun.
- Euskara ikastea mugarri batzuen barruko prozesua da? Ikas-prozesua hasi eta amaitu egiten den zerbait da?
- Europako Markoaren inguruan hizkuntzaren ikaskuntza norberak gidatzeko tresnak eta bideak ere ematen dira: portfolioa, biografia, pasaportea... Ez ote dugu mugatu handik datorren ikuspegia mailaketara? Zertifikazioa eta ikastaro formalen antolaketara hain zuzen ere.
- Normalizazio prozesuan dagoen hizkuntza baten kasuan LLL kontzeptu honi ez genioke buelta pare bat eman behar? Azken batean euskara "jakin" eta erabili behar dugun guztiok ez gabiltza hizkuntzaren etengabeko egokitze prozesuan? Geure hizkuntza pertsonalaren egokitze prozesuan eta ingurukoen hizkuntzan eragiten? Ez da azken batean bizitza osorako jarduera?
- Ez genituzke begiratu behar ikas-prozesuaren edo ikaskuntzaren antolaketa era zabalago batean? Hau da, euskara ikastea ahalbidetzea ikastaroak eta zentroak antolatzea eta jarduera egituratu hori elikatu eta ebaluatzetik harago ez doa? "Pertsona guztien ikaskuntza sustatzen duten lurraldeak ikaskuntzaren lurralde bihurtzen dira" diote Liburu Zurian. Ikas-paisaia aipatu izan dugu hemen.
- Etengabe ari dira aipatzen azkenotan ikaskuntza era desberdinak: praktika-komunitateak, ikas-sareak eta elkarteak, ikasteko ingurune pertsonalak, ikas-paisaia... Autoikaskuntza izeneko kaxoi handi-marginal horrekin lotzeko joera egon dela begitandu zait askotan. "Ikasle tipologia batentzat baino ez dira egokiak" argudioarekin erraz garbitzen da eztabaida gainera. Iruditzen zait batzuetan helduek euskara ikasteko panorama osotasunean ez ikusteko aitzakia baino ez dela. Uste dut klabea ez dagoela ikas-estiloan, ikasteko aukeren aniztasuna baino, eta LLLaren ikuspegitik argi dago ikastea ezin dela mugatu jarduera egituratu-ofiziala eskaintzera.
- Ez dago gure sektorean paniko moduko bat desegituratzeari, deskontrolari, hormetatik harago joateari? Ez da gure ardura edo oso konplikatua da batekin zuritu nahi izaten duguna? Azken batean euskaldun guztiok (berri nahiz zahar) ez dugu burutu hizkuntzaren ikas-prozesua une, era eta leku anitzetan? Eta ez dugu burutzen jarraitzen?
- Ez genuke "ikasle" izendapena matrikula terminotik desbinkulatu beharko?
Ez dadila ulertu:
- Jarduera akademiko egituratua desagertu egin behar denik. Iraultza zaleak izaten gara halakoetan, fuera lehengoa eta berria nagusi orain! Ez. Jarduera akademikoarekin batera ikasten lagunduko duten bide guztien ikuspegia izan behar da.
- Euskara ikasten ez da inoiz amaitzen. Horrela da seguruenik, baina horrek ez du esan nahi bizitza guztia euskaltegian pasatu behar denik, ikastearen erak, bideak, intentsitatea eta dedikazioa aldatu egiten direla baino.
- Ikastaro eta titulu gehiago sortu behar dira. Ezta. Ikasteko era eta bide gehiago izan behar dira gogoan helduen euskalduntzeaz jardutean. Ikastaro berriak sortzea eskatzen du horrek? Baliteke, baina ez derrigor.
- Horrela ez dugu inoiz EH euskaldunduko. Alderantziz, hizkuntzaren etengabeko ikaste hori hizkuntzaren erabilera pertsonal eta sozialarekin egon beharko luke lotuta, eta hori guztia normalizazio prozesuaren baitan dago. Euskara ikastea ezin da bihurtu bizitza guztirako hobby hutsala edo tituluaren bilaketa bukaezina, hori da kaltea. Etengabe ikastearen beharrak azken batean hizkuntzaren bizitasunaren zantzua izan behar luke.
Hiru "L" horien inguruan derrepentean batu diren ideiak baino ez dira izan. Inork ez dezala pentsa hau manifestu berria izan denik, pentsatzeko puntu batzuk baino ez. Gaizki esanak barkatu eta merezi dudan egurra hartu eta bizitza guztiko penitentzia egingo dut hala behar bada.
Irudia:I am still learning. Egilea: mimax. Flickr-etik hartuta, lizentzia.






jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Lehenengo penitentzia: Batzuetan mezu hutsal batek hamaika iruzkin jasotzen ditu eta garrantzizkoak apenas pare bat, mezugilearengan nolabaiteko noraeza sortuz. Honelakoa dugu Benitoren mezu hau, garrantzizkoa, puntuz puntu aztertu beharrekoa, buelta bat baino gehiago ematea merezi duena, zalantzarik gabe.
Bigarren penitentzia: etengabeko ikaskuntza bera. Egia da mugimendua ez dagoela gelditzerik. Gizakia etengabe ari dela ikasten. Zergatik, orduan, etengabeko ikaskuntza kontzeptuaren berreraikitze lan hau, orain eta gaur? Bada, prozesu guztiak azkartu egin direlako, 'fast' gizarte baterantz goazelako. Orain arteko konpartimentazioak (ikasteko garaia / lan egiteko garaia / atsedenerako garaia) huts egiten / egingo duelako.
Lehenago, bizitzarako eta lan bat garatzeko ikasten genuen baina oraingo gazteek bizitza profesional askoz anitzagoa izango dutela aurreikus liteke, oraindik ezagutu ere egiten ez ditugun zereginetan arituko dira zenbaitzuk, beraz, etengabeko egokitze/ikaskuntza prozesua ezinbesteko izango dute. Eta, gainera, teknologiak erraztu egingo ditu zenbait ikas-prozesu. Ona al da hau? Zeri erantzuten dio, benetan, etengabeko ikaskuntzak: sistemaren egokitzapen beharrei ala pertsonaren hazkuntza intelektualari? Bego, oraingoz, galdera bere horretan.
Hirugarren penitentzia: Eta gurera ekarrita, zer? galdetzen du Benitok. Galdetu bakarrik ez, bidea ere erakusten du. Ados nago berarekin, beti ados egote hau ere penitentzia moduko bat den arren ;-D Ezein ikaskuntza, euskararena barne, ezin da soilik gauzatu ikasgelan, ordu jakin batzuetan, modu antolatuan eta kontrolatuan. Euskaltegia eta ikastaroa ez dira ikaskuntza modu bakarrak. Euskara ikasteak hizkuntzaren erabilera sozial eta pertsonalarekin izan behar du lotura. Eta honetarako beharrezkoa da ikaskuntza horretako agente guztien (ikaslea, euskaltegia, hiztun komunitatea...) rola eta kokapena definitzea/berdefinitzea.
Laugarren penitentzia: Benitoren mezuaren hariari tiraka, buelta asko eman dizkiot buruari eta mataza endredatu endredatu egin zait. Etengabeko ikaskuntza aukera eta arrisku moduan ikusten dut. Dena den, ez nuke iruzkin hau gehiegi luzatu nahi eta zuek ere endredatu. Laburrera, gai honi beste ikuspuntu batetik heltzen dion mezutxo bat idatziko dut hemen berton, sinple-sinplea. Irakurtzea zeuek bete beharreko penitentzia izango da, gustuko baduzue behintzat.