07
Mai
2006

Podcast-ak datoz

Podcast-ak datoz

Karrajua.org honetan blogetik aparte beste atal batzuk daude. Klaserako baliabideak deitu dudan horretan interneten zehar irakasleontzat eskola prestatzeko baliabideak eskaintzen dizkiguten guneak apuntatu eta etiketatzen ditut. Sartu ditudan azkenen artean entzungaiak eta bideoak eskaintzen dituztenak daude: irratia.com, Bilbo Hiria, EITB,... Lehenengo biak podcast erara atondu dira. Podcast-ak zabaltzen ari dira eta gurera ere heldu beharko ziren nonbait.
Berauen aplikazio pedagokikoez ere entzunda gaude aspaldion. Gaur sarean gora eta behera ingelesa ikasteko pare baten berri izan dut hemen.  Bi podcast-en berri eman da hain zuzen ere: dagoeneko martxan dabilen hau eta hasteko dabilen beste hau.

ESLpod-en ibili naiz apur baten. Testua entzuteko aukerarekin batera, transkripzio idatzia eta entzungaian bertan hitz eta esamoldeen azalpenak ere ematen dituzte. Aizu! eta HABEren moduko aldizkariak etorri zaizkit gogora. Irakurgaia eta ondoan hiztegiaren kaxatxoa. Hemen berriz, itzulpena barik azalpen polita ematen dute ahoz.

Pocast-en asuntu honek ez nau bereziki harritzen. Espero izatekoa izan da, ikusentzunezko testuak zabalzeko bideak digitalizazioarekin aspaldi hasi ziren errazten, eta denbora kontua izan da honakoak heltzea. Edonola ere, ez dut ukatuko erakargarria dela, eta gurean ere denbora kontua baino ez da izango honakoak martxan jartzea. Hizkuntza ikasteko podcast-a edo entungaien biltegiak mp3-en bilduma hutsa baino zerbait gehiago izan behar duela argi edukita ildo erkargarri (nire ustez) bezain beharrezkoa zabaltzen da, hizkuntz-laginak ezagutu, aztertu eta lantzeko aukera irekia, idatzizko testuak zabaltzeko daukaten erraztasunera hurbilduz. Nik neuk inoiz ametsetan egin dut behin eta berriz eman dudan azalpena grabatu, artxibatu eta ikasleen eskura jartzeko aukerarekin. Eta ikasle modura, entzungai bat harrapatu eta entzuketa kontrolatzeko aukerarekin. Horri transkripzioa, azalpena eta ondo entzuteko aukera gehitzen badiogu askoz hobeto.

Atzo kasualitatez gune honetako testuak atalean entzuzteko ulermenari buruzko apunte batzuk sartu ditut. Apunteak besterik ez dira, handik eta hemendik batu ditudan ideia batzuk, ordenarik gabe, biribildu gabe eta neure artean pentsatutakoak. Ez dezala inork eskulibururik edo dotrinarik bilatu beraz. Edozelan ere komentarioak, iritziak, kritikak, zuzenketak edo eztabaida baletoz poz-pozik. Komentatzeko aukera dago guztietan. Eta norbaiti euskara ikasteko podcasta antolatzen lagundu ahal badiote pozik baino pozago.
Nik bitartean belarria ingelesera egiten jarraituko dut.

Entzumenari buruzko apunteak

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Maiatza 8 - 12:59-(e)an bidalia.

Entzumenari buruzko apunteak irakurri ditut eta baita zenbait gauza baliagarri aurkitu ere bertan (badakizu gai honek kezkatuta naukala oso). Hor agertzen diren zenbait gauzaren ildotik, ez al zaizue iruditzen lehenengo mailan sikiera, gehiago erabili beharko genukeela bideoa (elementu paralinguistikoak... antzemateko) eta 1.mailako entzumen frogak bideo euskarria izango beharko lukeela?
Badakit diodana txikikeria dela baina txikikeriaz txikikeria ari natzaio entzumenaren gai zail honi heldu nahian.
Bestalde, ez pentsa ahaztuta ditudanik 4. mailako kurrikuluaren haritik motibazioari buruz planteatu zenituen galderak. Denbora apur bat hartzen dudanean blogean erantzuten saiatuko naiz.
Bitartean, mila esker Benito.

Ulertzen?

Karrajua-(e)k 2006, Maiatza 8 - 13:30-(e)an bidalia.

Entzumena hitza erabili dut baina ulermena nahiago nuke aukeran. Eta hortik oratu behar zaio zure galderari nire ustez, ulertzen trebatu behar dugu ikaslea, eta ulertzea ez da dekodetzea edo esanahi literala harrapatzea soilik. Intrepretazioa eta gogoeta ere badaude, eta azken bi hauetara heltzeko beste elementu batzuk ere badira, elementu "ez-linguistikoak", baina baita elementu soziokulturalak ere:Nork-non-nola-zergatik bota da bota den mezua? Zer eskatzen zait?... Formazio saioetan beti botatzen ditut pasadizo pare bat. Aprobetxatuko dut hemen "inmortalizatuta" uzteko:

  • Lehenengoa klasean gertatu zitzaidan. Entzun ariketa egin nuen egun baten, irratsaio baten grabazioa izan zela uste dut. Ikasleei entzuteko eta ulertu zutena esateko eskatu nien beste barik. 7-8 urratseko taldea zen, maila aurreratukoa beraz. Ikas-taldean badakizue beti egiten ditugula "listoak" eta "torpeak" taldeak. Klase hartan ere bazeuden halako talde bi. Tira ba, grabazioa jarri, entzun eta galdetu. Listoak: lau berba, dudak, nerbioak,.... Torpeen artean torpeentzat neukana: "ba, hauxe, hauxe eta hauxe esan du, argi dago", eta halaxe zen, neuk baino hobeto egin zuen laburpena. Zer gertatu zen? Ez dakit, baina... egin behar zena argi eduki, edukian zentratzea, lasaitasuna, ...halakoak sumatu nizkion hari, besteei ez bezala,... estrategia egokiak, ez da?
  • Bigarrena klasetik kanpoko kontua izan zen. Duela urte batzuk austriar bat agertu zen gure inguruan, koadrilakoekin batu eta gurekin ibili zen sasoi baten. Gaztelaniaz ondo egiten zuen, areago, egundoko jarioa zeukan (apur bat kaparra izaterainokoa egia esanda). Une baten konturatu nintzen ez ziola gure elkarrizketaren hariari jarraitzen, ez zuela esaten zitzaionari erantzuten, elkarrizketa gobernatu nahi zuela kosta ahal kosta, eta sarritan ez zigula besteoi hitz egiten uzten. Denok esango genuen orduan gaztelaniaz ondo baino hobeto zekiela, geuk baino hobeto jakin ere (euskaldun zaharrek zenbat biderrez esan diete gauza bera euskaldun berriei portzierto?). Erderaz ondo jakin baina kaparra demonioa, horixe pentsatu,... baina laster konprobatu nuen beste zerbait gertatzen zela: Ez zigun ulertzen. Ezin zion gure berriketaren erritmoari jarraitu, ez zituen gure erreferentziak ezagutzen eta ondorioz, haren estrategia berriketaz jabetzea zen, ezina agerian ez uzteko. Nire ustez, hizkuntzaren mekanismoak aztertzeko eta bere hizkuntza eraikitzeko kapazitate itzela zeukan mutilak, baina ahalegin horretan hizkuntza behatzeko eta ulertzeko trebatzea ahaztu zitzaion. Badakizue, ulertzen berez ikasten da, hitz egitea landu egin behar da ostera.

Jesus, komentarioa izateko neuk ere Kaparralandiako pasaportea hartzeko meritua egin dut.

 

Artikulua

Karrajua-(e)k 2006, Maiatza 10 - 14:18-(e)an bidalia.

Iktak.net-en podcastei buruzko artikulutxu hau daukate. Nabegatzen hasteko abiapuntu ona.
Alvaro Gregorik ere honetaz dihardu, analisi interesgarria.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia