blogak

06
Uzt
2007

PRP

El blog de mr1b3len esteketan Maribel Gonzalez blogari-irakasleak beste blog bat egin duela ikusi dut: maribelele. Blog bi zertarako? Pentsatu dut. Baina bigarren hori ez da blog-bloga. Sigla batzuk dabiltza hor gora eta behera: PRP. Eta egilearen etengabeko gogoeta interesgarriak bere lanaz eta ikerketez.

Zer da PRP hori bada? Esteketan topatu dut klabea, beste blog batean: Portafolio Reflexivo del Profesor de E/LE.

Bartzelonan abenduan egin zen XV Encuentro Práctico de Profesores ELE-n hasi zen kontua dirudienez. Bertan Bartzelonako Unibertsitateko Vicenta Gonzalez eta J.Tomàs Pujolàk tailer batean landu zuten proposamena (hemen daukazue tailerraren aurkezpena, bideo eta guzti, eta hemen topaketen dossier osoa, kontuz, pdf 4.2mb!), eta arrakasta eduki duela dirudi.

Aurretik Pujolàk Aula de Innovacion Educativa aldizkarian plazaratu zuen artikulua: “El portfafolio: la reflexión explícita del proceso de aprendizaje en la formación de profesores de E/LE”, Aula de Innovación educativa, 146, 65-67. Barcelona: Graó.

Horrez gain, blogean diapo hauek ipini dizkigute PRPa zer den azaltzeko:

Tailer hari segida ematen hasi dira irakasle batzuk, eta euren PRPa norberaren kaxoian gorde beharrekoan blogen bidez agerian jarri digute guztioi. Hemen batzuk:

Proposamena eta erantzuna interesgarriak dira behinik behin, eta zer penstatua ematen dute:

  • Blogak formaziorako tresna dira duda barik, baina ez formazio ikastaroak emateko soilik (hori ere egin ahal da), norberaren gogoetak eta deskubrimenduak plazaratzeko eta konpartitzeko bide bezala ere aukera ugari ematen dituzte. Hori bai, Maribelek dioen modura, profil edo jarrera "komunikatiboa" behar da nonbait.
  • BBBn ikasmaterialak trukatzeko eta aberasteko erabileraz jardun genuen, bai, baina ikasmaterialekin batera gure jardueraren gainean hausnarketa globala plazaratzeko ere bai.
  • Beharbada, PRP horren estrukturazioari jarraitzea zaila egin ahal zaie askori. Hala ere, hainbesteko sistematizazio barik ere zerbait egin daitekeela uste dut.
  • ELEren munduan formazioaz eta hobekuntzaz jarduteko gogoa dagoela dirudi, ez dakit, hainbestetan gertatzen den bezala, blogosferako saltsa honek atzetik dagoenaren okerreko inpresioa ematen ote duen, baina, aurretik dabiltzanak behintzat, gogotsu dabiltza. Gurean berriz, bistan behintzat, gutxi. Eta ez diot blogosferako giroagatik bakarrik, Topaketa praktiko horiek bezalakorik ere ez da gurean askorik, edo hala iruditzen zait neuri behintzat. Ikastaroa-hitzaldia erroberatik harago joan beharko genuke beharbada.
25
Eka
2007

Euskaltegia, blogak, trastoak eta garagardoak

Hiru lagun batu ginen lehengo ostiralean, hirurok euskara irakasleak eta internet eta teknologiaren harrak haginkadatxoa emanda. Zer ikasi asko daukagu honetan eta elkar ezagutu eta ikasteko gogoarekin ipini genuen hitzordua Blog & Beers txiki batean, lehenengo aldiz elkartu ginen hirurok aurrez aurre: Galdakaoko Udal Euskaltegiko Josu eta Iñigo (Berbet@n) eta AEK-ko Benito (Karrajua).

Elkar eta elkartzeko lekua topatzeko hasierako abenturak gora-behera (horiek kontatzeko beste mezu bat beharko genuke...) azkenean bazkari eta bazkalosterako batu ginen Deustuko txoko batean, eta abarketari ematen hasi.

Hiru orduk asko esateko ematen dute, eta asko esan genuen, gauza askotaz. Niri neuri buruan geratu zitzaidana (edo ondo betetako kaña batzuen ostean akorduan geratu zaizkidanak).

Blogak eta internetez hasita, ikasleentzako blogei kostatzen zaie funtzionatzea. Ahalegin handia egin behar da, eta ikasleek ez dutela entusiasmo handiegirekin hartzen. Beharbada, ikasleek beste zerbait nahi-behar dute, ez hain publikoa, itxiagoa eta elkarreragin gehiagokoa... Ez dakigu zer zehazki: foroak, sare sozialak, galderak botatzeko lekuak... Eurek ere zerbait nahi dutela uste dugu, euskara ikasten laguntzen dien zerbait, eta norbaitek asmatuz gero arrakasta edukiko luke, baina zer hori asmatzea da kontua.

Teknologiarekin jarraitu genuen, egunero eskutartean darabiltzagun gailuez jardun genuen hain zuzen: mugikorrak, kamarak, mp3ak... Bi gauza besteak beste. Batetik, egunero erabiltzen ditugun horiek zenbat kostatzen zaigun aplikazio "profesionalak" topatzea, aisialdiarekin edo kapritxoarekin lotzeko joera izaten dugu, eta klasean berriz, lehengoarekin jarraitzen dugu: kaseteak, DVDak, arbela... Ideiatxo batzuk irten zitzaizkigun han asko pentsatu barik: arbelean idazten ditugun grafiko eta eskemei argazki digitalak ateratzea, mugikorren eta kamara digitalek bideoa grabatzeko eta ikusteko erabiltzea, DVDak, kaseteak eta bideoak ordenagailu mugikorrekin ordeztea...

Bestetik, eta aurrekoarekin lotuta, horrelako gailuak erostea edo erabiltzea proposatzen denean inguruan zelako eszeptizsimoa aurkitzen dugun komentatu genuen, badirudi hain gauza txikiek ezin dutela jarduera "serio" baterako balio izan.

Irakasleez eta sareaz ere hitz egin genuen. Hainbat lagun han eta hemen lan berdina egiten eta orain arte sarea ideiak, materialak, egiten dugunaren emaitza eta kezkak konpartitzeko hain gutxi erabiltzea bekatua dirudi. Arrazoi asko egon daitezke hau azaltzeko, baina seguruenik ez da inor etorriko honi buelta ematera norbera hasten ez bada. Hor egon daiteke blogen indarra gurean, irakasleon jardunaren gainean berba egiteko eta ideiak eta materialak konpartitzeko eta garatzeko tresna bezala erabiltzea.

Ideiatxo pare bati hasi ginen forma ematen honen inguruan. Norberaren materialak publikatzeko, konpartitzeko eta probatzeko sistema bat, irakasleon indarrak batzeko azken batean. Ideiari bueltak ematen hasi gara, ea zer ematen duen. Probatxo batzuk egin behar ditut. Laster izango duzue horren berri.

Inor animatzen da gurekin lantzera? Eta hurrengoan kaña batzuk hartzera?

Hau neure laburpena izan da, baina seguru Iñigok eta Josuk gauza gehiago dauzkatela apuntatuta.

19
Eka
2007

BBB.... deialdi definitiboa

Azkenean lortu dugu, gutxi, baina ostiral honetan batuko gara blogak, birrak, Bilbo eta oilaskoen inguruan.

Blogs & Beers & Bilbo... & oilaskoa

Hemen noiz-nongoak:

Ekainaren 22an, ostirala. Eguerdiko 14.30etan

Zorrozaurreko garagardotegia (Deustua, Bilbo: http://www.bilbao.bi/point/463/). Bazkaria eta bazkalostetxoa.

Ez dugu ezer enkargatu, beraz, orain arte apuntatu ez zaretenok han agertzea daukazue (baina wikian apuntatzen bazarete ilusioa egingo digu).

Bazkaria eta parraplada euskaltegiblogeroa.

Animoa! (Denok ez duzue klasea edukiko hiruretan, ezta?). 

31
Mai
2007

Etzi Donostian Mintza eguna

Azkenengoak izan gara iragartzen, izan ere, Mintza-praktika egitasmoko jendea ondo sartu da sarean eta erreferentzia faltan ez gara egon:

Ez dizuegu programa eta egunaren berri gehiago eman behar, ezta?

Donostiako hau ez dakit blogs&beers baten modukoa izango den, ez dut uste, baina mintzalagunek sareari ez diote beste batzuek besteko errespetua gordetzen behinik behin.

Tira ba, iaz Iruñerrian eduki genuen giroa berriro gozatzeko aukera, geuk eta nahi duzuen guztiok.

Larunbatera arte!



Created with Paul's flickrSLiDR.

26
Mai
2007

B&B: wikia

Gure Blog & Beers antolatzeko aurreko mezuan egon den mezu zaparradarekin ez galtzeko, eta Wikispaces-eko kontua aprobetxatzen jarraitzeko, orri berria egin dut han eta orain arteko guztiak hemen ipini ditut:

http://karrajua.wikispaces.com/Euskategiblogarien+B%26B

Orri hori B&B antolatzeko erabili ahal dugu.

Han dauzkazue:

  • Orain arte ipini ditugun eguna eta lekua. Ez dakit oraindik behin-betikoak izango diren (Zelan gabiltza ekaineko azken astean!!!). Proposamen berriak onartzen dira, baina han wikian jarrita blogeko erantzunetan baino ordenatuago agertuko da dena behintzat.
  • Apuntatzeko zerrenda. Joan nahi duenak wikian berton, orria editatu eta "apuntatzeko zerrenda" ikusten duen lekuan, bere izena eta bloga (badauka) gehitu baino ez du egin behar. Bloga egiteko abilidadea badaukagu, zer da ba wiki batean izena ipintzea?

Ea ba! Jarraitu apuntatzen!

11
Api
2007

Klase-cross

ELEren munduan (Enseñanza de/Español como Lengua Extranjera) aspaldian komentatu dut blogosfera interesgarria dabilela. Gaur El blog de mr1b3l izenekoan klasea tabernan ematen duen irakaslearen mezu hau irakurri dut: Extraños lugares donde impartir clase... Un bar. Komentarioetan ere halako esperientziaren baten berri eman da.

Tabernako bazter batean, ikasleak joan eta etorri, asistentzia desberdina, berbaroa, halamoduzko arbela eta mahaia,... Pentsatzen hasita, ez zaizkit hain bitxiak egiten haietariko kontu batzuk, norbera ere halako klase-crossa eginda:

  • Eskola aurreko ikasgela batean, aulki eta mahai liliputiarrekin.
  • Lantegi bateko erretzaileen gelan, smoking room horietako batean.
  • Txoko (gastronomiko) batean.
  • Museoa izan zitekeen bulego batean (laupabost koadro orijinal horman, eta ez edonorenak)
  • Kalean bertan, erreibindikazioa edo, beste barik, eguraldia medio. Halakoetan igartzen da bereziki ingurunearen eragina: hurreratzen den kuriosoa/kaparra, arreta galtzeko motiboen eraso etengabea, ...eta, jakina, ondotik pasatzen direnen begiraden aurreko lotsa.

Ez ditut barnetegietakoak edo klasetik kanpoko "ekintzetakoak" zerrendatuko. Horrek soka luzeagoa ekarriko luke. Galdera bi plazaratu nahi nituzke beste barik:

  • Eskola emateko ingurune perfektua behar da ezinbestean, ala ingurune horretara egokitzeko abilidadea eduki behar dugu? Hau da, eskola bere kontestu fisiko idealetik kanpo bideraezina da? Ala etekina atera dakioke?
  • Zeuek ere edukiko duzue halako esperientziaren bat, ezta? Konta ezazue mesedez, seguru gurean ere zer kontatu asko daukagula, elkarrekin barre apur bat egitearren sikieran. Animoa!

Eguneraketa:

Aipatu dugun mezuaren iruzkinen artean ikasteko era berria eskaintzen duen enpresaren berri eman du batek: Languages out there dauka izena, eta halako zerbait proposatzen du:

Saio bakoitzean gramatika eta hiztegi nozio batzuk ikasi eta gelan praktikatzen dituzu. Ondoren hirira joango zara irakaslearekin ikasi duzun hori benetako bizimoduan eta benetako egoeretan erabiltzera.

 Ez dakit zergatik, baina guretik ikusita ez nuke esango hain berritzailea denik, ezta?

22
Ots
2007

Gogo gogorra

Blogosferan egunero topatzen da ustekaberen bat, lehengoan euskaraz idazten animatu den ikasle batena ekarri genuen, eta gaur antzerako beste bat, Sink or swim (igeri egin edo hondora) bloga. Euskal Herrira etorri berria den ingeles irakasle madrildarra da egilea, eta euskara ikasten dabil. Bloga gaztelaniaz egiten du, dagoeneko euskaltegiko kontu pare bat ekarri dizkigu, eta azkenengo post-ean euskaraz idazten ere animatu da.

Euskara ikasleek euren blogetan kontatzen dutena interesatu ez ezik, harritu ere egiten nau sarri. Gustura irakurtzen ditut ikasleen kontuok, jakin mina eta morbo pittin bat ere izango da, baina oxala honelako gehiago baleude! Ikasleek sekula aitortuko ez liguketena asmatzeko modu ona izaten da.

Hona euskaltegiko pasadizo bat adibidez:

Hoy ha sido la segunda. Supongo y espero que no habrá tercera porque como bien dice el proverbio árabe: "La primera vez que me engañes, será culpa tuya; la segunda vez, la culpa será mía". La borde de la remesa de nuevos compañeros que se han sumado a nuestra clase del euskaltegi ha vuelto a atacar. La primera vez nos echó la bronca a otra chica y a mí por intentar ayudarla a comprender lo que explicaba la profe.

21
Ots
2007

Irrintzi 400, Iruñeko euskaltegi baten bloga eta kanpaina

Irrintzi 400, Iruñeko euskaltegi baten bloga eta kanpaina - Iruñeko Donibane auzoko Irrintzi AEK euskaltegiak egoitza berria irekiko du 2007ko ekainean. Egun, 220 bat ikasle dituzte eta egoitza txiki gelditu zaie. Euskaltegiak irekiko duen egoitza berriarekin 400 ikasletara heldu nahi dute AEK-ko irakasleek. Horretarako, abian jarri dute Irrintzi 400 egitasmoa. Bestetik, aurten AEK elkarteak Korrikatik lortuko duen dirua Irrintzi euskaltegiaren egoitza berrirako eta Baionan beste euskaltegi bat zabaltzeko erabiliko dute. Eta gauza bat eta bestea jarraitzeko, Irrintzi 400 bloga ireki dute. [Sustatu]

Sustatutik zabaldu dute berria, eta agregatzailean sartu badugu ere, orain arte honen aipamenik ez dugula egin konturatu gara. Euskaltegi berria blogaren abiadan joaten bada, ederto baten.

Sindikatu edukia