baliabideak

15
Aza
2006

Moodle talde-lanerako (AEK-ko beste esperientzia bat)

HABEk, badakizuenez, Moodle-era ekartzen dabil bere on-line jarduera. www.ikasten.ikasbil.net gunea atondu eta apurka-apurka formazio ikastaroak berton sartzen dabil.

Aurreko plataforman ez bezala, oraingo honetan badirudi norberak eman dezakeela izena. Nik halaxe egin dut eta arazo barik eman dit alta. Ikastaro zerrendatxoa dago: Osatuz-en ingurukoak, Irakurmena lantzen eta Internet didaktikatzen formazio ikastaroak, 4. maila, Moodle arazo eta galderak, eta Erakunde planteamenduak izenekoa. Azken hau, dirudienez eta asteon euskaltegietara zabaldu duten gutunean diotenez, ez da ikastaro hutsa, lan-taldea baino. Moodlek eskaintzen dituen tresnak ikaskuntzarako barik talde-lanerako erabiliko dituzte dirudienez. AEKn horrekin eduki dugun esperientzia kontatuko dut, zerbaitetarako balio badu-edo.

03
Aza
2006

Agregatzailean feed berria: Euskaltzaindiaren arauak

Berriro Feed43 zerbitzua erabilita rss-ik ez dagoen lekutik zerbait ateratzea lortu dugu. Euskaltzaindiak orri honetan erakusten du onartu dituen arauen zerrenda osoa. Onartu dituen azkenak, berriz, zerrenda honetan agertzen dira. Azkenengo orri hori Feed43-era eroan, filtroak aplikatu eta Euskaltzaindiaren azkenengo arauen rss-jarioa daukagu. Listo, nahi dugun agregatzailean sartzeko moduan. Hemen behintzat badaukagu.




RSS, sindikazioa, jarioak... (honez gero ez dakit zelan karajo deitu azkenean) saretik datorren informazio txaparrada gobernatzeko gero eta ezinbestekoagoak direla konturatzen hasi nintzen aspaldian. Gaur egun informatuta eta adi egon nahi duenak, zoratu edo denbora alferrik galdu nahi ez badu, agregatzaile ona erabili beste erremediorik ez du, on-line edo ordenagailuan sartuta (ni GreatNewsekin nabil azkenotan, euskaratuta dago gainera).

Euskaltzaindiaren arauak eguneratuta egon behareko kontu horietako bat da, ezta? Beraz, Euskaltzaindia, Ikasbil eta enparauak rss-a sartzen ez duten bitartean, horra lagungarritxo bat.

Euskaltzaindiaren azken arauak jarraitzeko jarioa:


http://www.feed43.com/euskaltzaindia_arauak.xml

24
Urr
2006

IFB - Irakasleen formaziorako bideo-saila: hamasei ale berri

IFB - Irakasleen formaziorako bideo-saila: hamasei ale berri - --

Egun gutxi barru egongo dira HABE Liburutegian IFB - Irakasleen formaziorako bideo-saila bildumako ale berriak. Hamasei DVDtan HABEk udan eratu zituen hitzaldiak bildu ditugu; eta baita La lengua oral coloquial y el aprendizaje de L2 — Lagunarteko ahozko hizkuntza eta H2ren ikaskuntza ikastaroaren baitan egin zirenak ere. Ikastaro hori Euskal Herriko Unibertsitateak eta HABEk eratu zuten Donostiako XXV. Uda Ikastaroen barruan. [Ikasbil: gogoan hartu]

Formazioan gabiltzanok badakigu zenbat kostatzen den gure arloko testuak irakurtzea eta irakurtaraztea. HABE aspaldian dabil antolatzen dituen ikastaro, jardunaldi eta abarretako pasarteak grabatzen, artxibatzen eta eskaintzen. Seguruenik horrela ez da hain latza egingo ekarpen interesgarriak jasotzea eta prozesatzea. Zabalteko era interesgarria da duda barik.

Ideia pare bat teknologiaren aurrerakuntza dela eta.

Bat. Bideo horiek sarean zabaltzeko modurik? Beharbada Youtube moduko sistemek ez dute oraindik kalitate-luzera handiko bideorik permititzen, baina deskargatzeko moduren bat? BitTorrent modukoa adibidez? Beti ere copyright eta lizentzia kontuak tartean ez badaude jakina.

Bi, formazioan gabiltzanok eta, orohar, edozein ekarpen egin dezakegunok zergatik ez dugu gehiago esploratzen ikusentzunezkoen bidea? Podcast-ak, screencast-ak, aurkezpenak, ... dirudien baino errazagoa delakoan nago.

Momentuko okurrentziak izan dira. 

Eguneraketa


Honen harira, begitu zer topatu dudan hemen.

 


powered by ODEO

09
Urr
2006

Kutsidazu bidea, Ixabel: Atazak AEKren webgunean

ixaelAEK-koek AEKegunean eta Korrikan egin ohi duten bezala Kutsidazu bidea, Ixabel fimearen harira ere euren webgunean material didaktikoak zabaldu dituzte.

Oraingoan 1b mailako atazak jarri dituzte sarean.

Material gutxi zabaltzen ditugula eta zabaldu behar dela eta ez dela ibili gara lehengo asten. Tira ba! Hauek gutxi baina lantzean behin zerbait ipintzen dute sarean.

Hemen daukazue albistea. Eta hemen atazak.

26
Ira
2006

Teknologia=metodologia?

Teknologia berriak ikasgelan: Ulibarri euskaltegiaren proiektu berritzailea | Ikasbil

Ulibarri euskaltegiak azpiegitura teknologiko berria instalatu du. Haririk gabeko sarea, ordenagailuak gela guztietan, dena zerbitzari bati lotuta,... Apustu interesgarria eta egia esanda gaurko teknologiak gutxiago ez du eskatzen. Gaur egungo euskaltegi baten hornidura teknikoa definitzen lagundu dezakete honelako proiektuek, ze, nago arbela, kasetea eta bideo-gela joango ez diren arren, beste tresna batzuk gero eta ezinbestekoago direla.

Ez da kontu txarra, ez, ba, zoriontzekoa baino. Eman duten justifikazioak eman dit zer pentsatua hala ere:

   Ulibarri euskaltegiaren apustua prozesuan (metodologian) jauzi teknologiko sendoa ematea da, era horretan emaitzak (euskararen ezagutza) nabarmen hobetuko direlakoan.

Jauzi teknologikoak berez ekarriko du jauzi metodologikoa? Teknologia berriek eurek bakarrik ziurtatzen dute emaitzen hobekuntza? Ez dut uste, eta Ulibarrikoek ere ez dute horrela pentsatuko seguruenik. Baina ideia hori azkenotan gehiegi zabaltzen ez ote gabiltzan nago, denok, ez Ulibarrikoak bakarrik. Teknologia berriak tresnak baino ez dira azken baten, gure emaitzak sano hobetzen lagundu dezaketenak. Baina orain arteko jokaerak eta ildo metodologikoak ingurune berrietara ekartzen asmatzen ez badugu, hobetu barik kakazteko boleto handiak dauzkagu, eta halakoren bat gertatu da dagoeneko. 

Gaurko ordenagailuak ez dira HAL 900 haren modukoak oraindino. Kristonak egiten dituzte, bai, eta aukerak zabaldu ikaragarri, baina eurak bakarrik euskara irakastera ailegatzeko apur bat falta zaie oraindino. Bitartean gure ardura da zer egin behar duten esatea, eta ondo azalduta gero eta hobeto egingo dute. Ulibarrin seguru horretan ari direla.

23
Mai
2006

klaserako.karrajua.org

http://klaserako.karrajua.org

 

Inbentorea deitu zidaten karrajua.org hau zabaltzen hasi zenean, eta famari eutsi egin behar zaio bada. Beste inbento batekin nator.

Egia esanda, ez da gauza berri-berria. Blogger-en hasi nintzenean web2.0 honen aukeretariko bat nola aprobetxatu proposatu nuen orduan. Beraz, ez dut berriro azalduko, lehengo link horretara joan eta zertaz nabilen ulertuko duzue.

Kontua da tontamentean link bildumatxoa egin dudala del.cio.us-en, neuk bakarrik, ze klaserako tag hori beste inork ez duela erabili dirudi, baina zerbaiten falta sumatu dut.

Sarean aurkitzen diren testuak markatu eta konpartitu bai, baina gure kasuan testua bera baino inportanteagoa da testuarekin egiten dena. Del.icio.us-ek ez du azalpen handirik botatzeko aukerarik, markatutako testuekin egingo genukeena azaltzeko hain zuzen ere.
Honetan nabilela karrajua.org antolazeko erabili dudan drupal-ek rss jarioekin lan egiteko bi aukera ematen dituela konturatu naiz.

Bata, aggregator deritzon modulua da. Honek nahi dituzun feed-ak jarraitu eta zeure gunean erakusteko, sailkatzeko, antolatzeko eta blog-eko mezu modura komentatzeko aukera ematen dizu. Honela prestatu dut hain zuzen ere "metabloga" edo albistegia eta horrela ekarri ditut albiste batzuk blogera (hemen azkenengo adibidea).

Dena dela, bloga apur bat mugatuta ikusten izan dut, eta halako testu baten aurrean edonork ekarpena egiteko modu irekiagoa nahi nuen. Honela aggregator2 modulua topatu nuen Drupalen aukerazko moduluen artean.

Aggregator2 honek aukera ematen dizu nahi duzun feed-eko elementuak zeure guneko post edo mezu modura ekartzeko, horrek ematen dituen posibilitateekin: elementu bakoitzaren gainean komentario-hariak zabaldu, kategorizatu,... Del.cio.us-eko link-ekin bloga egin adibidez.

Eta hemen dago inbentoa: http://klaserako.karrajua.org. Zerbitzariak eskaintzen didan azpidomeinu baten beste instalazio bat egin dut (karrajua.org ez kargatzearren), aggregator2 instalatu eta del.icio.us-eko klaserakoekin lanean jarri eta esteka bakoitzeko mezu bana sortzen du.

Ideia hau da: hasierako orrian ikusten diren elementuetariko bakoitza klaserako interesgarria izan daitekeen testua da. Zerbait okurrituz gero, "gehitu iruzkin berria" sakatu eta komentario modura bidali daiteke. Honela klaserako ideien bankua sortzen da apurka-apurka parte hartzen dutenen artean. Material banku kolaboratiboa hain zuzen ere. Web2.0 horrek ekarri diguna ustiatzeko modu bat.

Hau ere gune guztia bezala ideia eta esperimentua baino ez da. Norbaitek testu horien gainean ideiarik badauka botatzea dauka hala ere, eta estilo honetako beste aplikazioren bat bururatzen bazaizue bota edo proposatu. Aztertuko dugu eta.

Momentuz konpondu beharreko bat dago, Aggregator2-k del.icio.us-eko tag-ak inportatzeko aukera ematen du norberaren guneko etiketa bezala, baina drupal-en konpontzen dabiltzan errore bategatik banatuta ekarri beharrean (adib.:entzumena, historia, kronika), etiketa baten batuta ekartzen ditu: (entzumena historia kronika). Konpondu bitartean hala mantenduko dugu dena dela.

Adibide pare bat ipini ditut. Eta horrez gain lehengo egunean eibar.org-ekoek zabaldu zuten Zaldi Eroaren tiraren jarioaren gainean "inbento" berdina egin dut. Ea beronek ere klaserako ideiaren bat ematen dizuen,...edo tiraren gainean okurritzen zaizuena gehitzeko.
Inbentoa hor dago bada, CC patentea baino ez dauka gainera. Zer deritzozue? Beste zerbait okurritzen zaizue?

A! Ez ahaztu del.cio.us-en "klaserako" etiketa edonork erabili dezakeela, ez nik bakarrik, eta berdin-berdin jasoko da hemen.

18
Mai
2006

Sekuentzia didaktikoak Ikasbilen

Sekuentzia didaktikoak Ikasbilen -  [Ikasbil: gogoan hartu].

Ikasbilek zerbitzu berria iragarri du egunotan, sekuentziak deritzona. Hemen azalpena 

Ikasbil atari honetan zerbitzu berria jarri dugu.

Atazak izeneko sailean orain arte ariketak eta Murgilduz zeuden. Hemendik aurrera Sekuentziak izeneko saila izango dugu. Sekuentzia sailean urrats bat baino gehiagoz osatutako ibilbideak proposatuko dira; hau da, hainbat ariketaz osatutako hurrenkera jakin bat. Horietako batzuk bakarka ikasleak egiteko izango dira; besteak, ordea, talde lanera bideratuak.

Berrikuntza bi beraz, ariketa edo atazen multzoak bateko, eta taldeka egitekoak besteko. Klase presentzialetarako baliabideak ere topatu ahal izango dira hemendik aurrera honenbestez.

Hemen(+) dago orain arteko sekuentzien zerrenda

Azaletik ikusi dudanagatik sekuentzia laburrak dira orain artekoak, ez dira Barrene familiako ikastunitateak inondik ere. Eduki didaktoen deskribapena ere gehitu diete sekuentzioi. Ez dira oso zehatzak gehienetan, baina horrelakoak azaltzea ez dago inoiz ere soberan. Elementu pragmatikoak deitu dietenak iruditu zaizkit interesgarrienak hain zuzen ere. Dena dela, edukien banaketa hau ez da orain arte beste material batzuetan ikusi dugunaren berdina. Hauen azalpena eta nondik norakoak ezagutzea interesgarria izango litzateke. Edukiok zerrenda honen(+) arabera aukeratzen direla dirudi:

Bestalde, 4. mailarako ariketak ere sartzen hasi direla konturatu naiz.  

Ea ba, ez da kontu txarra, zenbat eta baliabide gehiago hobeto. Ez dakit klasean zelan funtzionatzen duten, inork erabili baditu, interesgarria izango litzateke jakitea.

Dena dela, ez dut amaituko Ikasbili hasieratik egiten nabilen iradokizun biak berriro ekarri barik (Kaparra power!)

  • RSS jarioa jarraipena egin ahal izateko eta honelakoetan ibili behar ez izateko.
  • Jendearen iritzia eta feedback-a jasotzeko modua (blog gehienek erantzuteko eta komentatzeko aukera ematen duten bezala).

Eta, iradokizuna ez da, baina Ikasbil sarritan jausten dela konturatu naiz. Instalazioaren arazoak? Biribildu beharra? Zerbitzaria?

Sindikatu edukia