testuak

12
Api
2007

Hiru.com: Euskal Herriko historia irudietan, bideoak

Hiru.com ataria lehenagotik daukagu hemen aipatuta baliabideen iturri bezala, testuak gehien bat. Ataria hala ere, etengabe dabil baliabideak berritzen eta gehitzen, eta haien artean Euskal Herriko historiaren pasarte batzuei buruzko bideo sorta hau aurkitu dugu.

Bideook kalitatekoak dira, dena dela on-line eta tamaina batean baino ezin dira ikuse. Edonola ere material interesgarriak dira ikusentzunezko dokumentu bezala, zein eduki sozio-kulturalak lantzeko orduan.

30
Mar
2007

Pastoralak EITBn

Erabili.com-en bidez jakin dugu. Badakizue ETBn Zuberoako pastoralak grabatu eta urtean zehar ematen dituztela. Urtero webgunea atontzen dute pastoral horien eta euren emanaldien informazioa eskaintzeko. Telebistaz emango dituzten pastolaren testuak (Zubereraz eta batuaz), emisio orduak eta lotura interesgarriren bat ere topatuko duzue berton.

Aurtengoan gainera Zubereraren ezaugarriak eta glosarioak gehitu dituzte.

2004tik hona urtero atondu dute informazio orri berdina. Estekako orriaren behekaldean dauzkazue aurreko urteetakoak.

Folklorea, kultura eta herri-literaturaz interesatuta bazaudete abiapuntua izan daiteke berau.

23
Urt
2007

Euskal natura

Ikasbil-en bidez jaso dugu webgune honen berri. Han eman duten aurkezpena ekarri dugu hona:

Euskalnatura.net natura eta zientziaren gaineko informazioa euskaraz eskaintzea xede duen web gunea da. Naturak eta zientziak interneten duten presentzia urriari aurre egiteko asmotan sortu zen 2006ko urrian, ahalik eta informazio gehien batzeko asmoz. Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle gazte talde batek sortu, mantendu eta eguneratzen dihardu. Naturaren eta zientziaren gaineko informazioaz gain, hainbat erreportaje, foroak, argazki-galeria, natur ekintzen gaineko agenda eta abar aurki daitezke web gunean.

Apurka-apurka informazioa gehitzen ari dira eta egun informazioz beteriko 200 orrialdetik gora aurki daitezke. Web gunea hiru atal nagusitan banatzen da: naturaren gaineko informazioa biltzen duen atala (Euskal Herriko animalia, landare, onddo eta natur guneen gaineko informazioa biltzen duena), zientziaren atala (Besteak beste, biologia, geografia, kimika eta ingurugiro zientzietako informazio biltzen duena) eta laster prest izango den erreportajeen atala (askotariko gaiei buruzko erreportaje edo dossierrak bilduko dituena).

04
Abe
2006

Osatuz

Gaur Joxe Arantzabalen blogari esker Osatuz gogoratu dut. 

 

Osakidetzak langileen euskalduntzerako Osatuz programaren haritik era guztietarako baliabideak zabaldu dituzte. Baliabide hauek http://www.ikasbil.net/osatuz/ webgunetik eskuratu daitezke, edo haien berri jaso daiteke. Denetarik dago: entzungaiak, sekuentziak, ariketak,... eta etengabe ari dira sortzen dirudienez.

Hemen daukazue Joxe Arantzabalen Medikuak esan dit minbizia dudala liburuaren harira egindako sekuentzia adibidez.

15
Aza
2006

Uztarria.com bideoak

Uztarria.com Azpeitiko informazio lokaleko atariak era guztietako edukiak eskaintzen ditu: albistegiak, blogak, argazkiak, agenda,... Halakoen artean osoen eta bizienetarikoa duda barik. Edukion artean bideoak ere baditugu. Interneteko bideo digitalak baina irudi eta audio kalitate politarekin. Kontu lokaletik harago doazenak sarritan. Google video erabiltzen dute bideoak publikatzeko. Gaur adibidez Luistxo Fernandezen hitzaldi hau aurkitu dugu: "Internet eta euskara"

 

08
Aza
2006

Bizkaiera.net

Bizkaieraren inguruko informazioa eta baliabideak eskaintzen dituen webgunea. Denerik apur bat: hizkuntzalaritza testuak, testu idatziak, eta lotura interesante batzuk.

 

Ikuspegi apur bat filologikoa, baina Euskal Herriko far-west honetakoontzat geure inguruko berbakeraren gainean zer edo zer behar dugunean topatzen hasteko lekua izan liteke.

Bitxia izena eta helbidearena. Bizkaiera.net izena eta www.bizkaiera.com helbidea. 

28
Urr
2006

Euskal Mendiak


em.luberri.net


Webgune hau hona ekartzeko tentazioari ezin izan diot eutsi. Mendiari buruzko gune kolaboratiboa da ibilbideak, argazkiak, foroak, albisteak... erabiltzaileek bidaltzen dituztenak, euren komentarioekin osatuta gainera.

Ez da berez material didaktikoa, baina mendiarena euskaltegietan sarri jorratzen den gaia izaten da. Mendi askotara igotzeko azalpen testuak daude euskara eta gaztelaniaz. Mapak ere eskaintzen ditu, eta argazki onak.

Eskolaren baten erabili dutela dirudi. Dena dela, klaserako aplikazio zehatzik aurkitu ez bagenio ere, ikasle mendizaleei sikieran bisita egitea gomendatzeko modukoa da gune hau nire ustez. Den-denak euskaraz ez badaude ere, informazio eta irakurgai interesgarriak aurkituko dituzte behinik behin.

Bestalde, Karrajuak erabiltzen duen software berarekin eginda dago, Drupalekin alegia. Gune kolaboratiboak antolatzeko honen malgutasunaren eta posibilitateen adibide argia duda barik.

Zorionak egileari ideiagatik eta diseinuagatik. Karrajurako ideia pare bat eman dizkigu gainera.

02
Urr
2006

Azpidazki

EHUren barruko gunea. Euskaraz lan egiten eta idazten laguntzeko jarraibideak, arauak, aholkua, materialak eta ereduak.


azpidazki
 

Sindikatu edukia