09
Mai
2006

Euskal liburutegi digitalen bilduma

Iktak.net-ek euskaraz sarean topa daitezkeen liburu digitalen bildumak zerrendatu ditu.

09
Mai
2006

Programa

Testuak atalean programa edo syllabus-en diseinuaz egin ditudan apunte batzuk sartu ditut.
Duela urte pare bat kontu honi bueltak ematen hasi nintzen. Gure sektorean askotan barruntatu dut halako etsipen puntua: jendeak ez duela ikasten, gure lana alferrikakoa izaten dela, egiten duzuna egiten duzula ikasleek berdin-berdin jarraitzen dutela,... Honakoekin ez dut bat egiten, baina halako sentsazioak ibili badabiltzala ezin ukatu, goi-mailetan gehien bat. Eta gure beharlekua aurrera eroateko ez dira onak izango seguruenera.

300 orduko ikastaro baten ezer ikasten ez duenik ez dagoela uste dut. Guk espero genuenik ikasi ez duenik asko ostera. Baina zer espero dugu "ikastea"? Zelan ikasiko dute espero dugun hori? Zer ibilbide markatu daiteke horra heltzeko?

Sarritan sentsazioa eduki dut halako ikastaro luzeetan batez ere, iparra ondo markatu barik, edo iparra galduta ibiltzen garela.

Egunez egun prestatzen dugu klasea, egin egiten dugu eta geu ere "zerbait ikasiko zuten" geure artean pentsatzearekin konformatu ohi gara.

Irakasle asko klasearen balorazioa egitean "gustura egon dira", "pozik", "ondo pasatu dugu" eta halakoak bota ohi dituzte lehenengo baten, eta aurrerapenari buruz galdetuta,... "Ondo ibili dira", "Lan asko egin dute"... eta halakoetan geratzea ohikoa izaten da. Ez da kasu generala, eta motibazioa eta giro onaren garrantzia ez dut ukatuko, pentsatu ere ez! Baina irakasle papera batzutan instruktore eta animatzaile sozio-kulturala aldi berean izatea dela dirudi.

Lehengo eguenan Plisti-plastaren blogean (bide batez, egiozue bisita, gauza mamitsuak botatzen ditu eta) bota nuen bezala, hizkuntza ikastea lehenengo eta behin erabiltzen trebatzea dela uste dut, eta trebakuntza guztiak bezala progresio bat behar du. Lortu nahi dugun erabilera maila zehaztu, helburuak ezarri eta helburu horiek lortzeko bidea diseinatu eta tresnak eskuratu behar dira. Hori da bide nagusia nire ustez.

Hori dena kurrikuluak azaltzen du, esango duzue askok. Bai eta ez. Kurrikuluak zer lortu behar dudan azalduko dit, etapetan banatu eta lortzeko ildoak zehazten ditu (ikuspegi metodologikoa), baina hori guztia ikastaro zehatz baten nola gauzatu behar den ikusi ditudan kurrikulu gehienek ez digute pista handirik ematen. Hau da, zelan egin behar da ikastaro baten programa?

Programa hitzaren inguruan bila hasita, konturatu nintzen leku gehienetan bereizketa egiten dela kurrikulua, programa eta programazioaren artean. Ingelesez syllabus terminoa erabiltzen dute (Erresuma Batuko tradizioan gehien bat), eta HABEren glotodidaktika hiztegian euskaraz ere horrela itzuli dute (gaztelaniaz programa erabiltzen dute ordea).

Honela bada,ingurura kolpe egin eta kurrikuluaren ondoren topatzen den dokumentu bakarra "programazioa" da, eta programazio hauek egunez egunez egiten dugunaren zerrenda baino ez dira, kurrikuluarekin lotzen zailak.

Horretan nabilela, iaz HABEren itzulpen sailean argitaratutako liburua topatu nuen (badakizue euskaltegietara lantzean behin bidaltzen dizkiguten liburu zuri-berde-laranja horiek), Susan Feez Australiako irakaslearen "Testu bidezko syllabus-diseinua" (HABE, itzulpen saila 46), liburu horretan hain zuzen galdutako katebegi horren aipua topatu ere. Syllabus-diseinua edo nola antolatu ikastaroa.

Liburuan irakurritakoaz ondorioa atera nuen segituan. Ikastaroen programak ez dira gauza berriak, eta denok ezagutu ditugu antxinako programa eraduak. Programa estrukturalak eta nozio-funtzionalak hain zuzen ere. Eduki linguistikoetan oinarrituta helburuak argi eta bidea argiago. Baina haien ikuspegi metodologikoa gaindituta geratu zen eta jardunbide berriak agertu ziren: AOI, prozesuzko programak.... Ikuspegi metodologiko zabalagoa, eragingarriagoa eta politagoa ere bai. Baina ikuspegi hauek, bertuteak bertute, iparra galtzearen sentsazioa ekarri dutela dirudi, izan ere, ez dute programa egiteko eredu argia eskaintzen. "Komunikatiboak" dira, baina komunikazio-gaitasun maila batera heltzeko bidea lausotuta azaltzen dute.

Susan Feezek praktikotasuna eta eklektizismorantzako iraulia proposatzen duela begitandu zait. Testu bidezko syllabus diseinuarekin aurreko guztiaren onarekin eta testuaren pedagogiako ekarpen batzuekin eredu interesgarria garatu duela uste dut. Gehien baten uneoro lortu beharrekoari begira diharduelako, eta ondorioz syllabusa ondo diseinatzearen garrantzia azpimarratzen duelako.

Lortu ahal-behar denari begira gehiago jartzea ez da izango gure etsipentxo horiek gainditzeko era bat?

08
Mai
2006

Sedukzioa

E-learning-en gaineko blog interesgarria deskubritu dut, Alvaro Gregori kontsultorearena. Formazio korporatiboaz eta teleikaskuntzaz dihardu gehien bat, baina irakurriaren irakurriaz gurera orokorrean ekartzeko moduko gogoetak ere piztu dizkit. Berbarako, hau ez da gurera ekartzeko moduko hausnarketa? Motibazioa, talde-dinamika, helburuen gardentasuna,...

Errematea gehien bat, mundiala:

¿No sería genial que nuestras actividades fuesen tan adictivas como un sudoku?. (Ez litzateke geniala izango gure jarduerak sudokua bezain adiktiboak izatea?)

Beste honekin ere buruari eragiten hasi naiz. Grafiko honek dioenaz dihardu:

 

 Partizipazioaz hitz egiten dugu sarri. Klase "partizipatiboak". Urliak ez duela "parte hartzen",... Grafikoarekin hasi eta hor amaitu da nire buru-jarioa.

Blogean, orohar darabilen hizkerak guretik urrun dagoen munduaz ari dela dirudi: enpresa, teknologia,.... Baina kontuz, berbek hain urrun ez dagoena urruntzeko erraztasuna daukate eta berton daukagunarekin sano lotuta daudela barruntatzen dut. 

Hemen blogaren helbidea: http://www.mandarina-learning.com. Gomendagarria benetan.

 

07
Mai
2006

Podcast-ak datoz

Podcast-ak datoz

Karrajua.org honetan blogetik aparte beste atal batzuk daude. Klaserako baliabideak deitu dudan horretan interneten zehar irakasleontzat eskola prestatzeko baliabideak eskaintzen dizkiguten guneak apuntatu eta etiketatzen ditut. Sartu ditudan azkenen artean entzungaiak eta bideoak eskaintzen dituztenak daude: irratia.com, Bilbo Hiria, EITB,... Lehenengo biak podcast erara atondu dira. Podcast-ak zabaltzen ari dira eta gurera ere heldu beharko ziren nonbait.
Berauen aplikazio pedagokikoez ere entzunda gaude aspaldion. Gaur sarean gora eta behera ingelesa ikasteko pare baten berri izan dut hemen.  Bi podcast-en berri eman da hain zuzen ere: dagoeneko martxan dabilen hau eta hasteko dabilen beste hau.

ESLpod-en ibili naiz apur baten. Testua entzuteko aukerarekin batera, transkripzio idatzia eta entzungaian bertan hitz eta esamoldeen azalpenak ere ematen dituzte. Aizu! eta HABEren moduko aldizkariak etorri zaizkit gogora. Irakurgaia eta ondoan hiztegiaren kaxatxoa. Hemen berriz, itzulpena barik azalpen polita ematen dute ahoz.

Pocast-en asuntu honek ez nau bereziki harritzen. Espero izatekoa izan da, ikusentzunezko testuak zabalzeko bideak digitalizazioarekin aspaldi hasi ziren errazten, eta denbora kontua izan da honakoak heltzea. Edonola ere, ez dut ukatuko erakargarria dela, eta gurean ere denbora kontua baino ez da izango honakoak martxan jartzea. Hizkuntza ikasteko podcast-a edo entungaien biltegiak mp3-en bilduma hutsa baino zerbait gehiago izan behar duela argi edukita ildo erkargarri (nire ustez) bezain beharrezkoa zabaltzen da, hizkuntz-laginak ezagutu, aztertu eta lantzeko aukera irekia, idatzizko testuak zabaltzeko daukaten erraztasunera hurbilduz. Nik neuk inoiz ametsetan egin dut behin eta berriz eman dudan azalpena grabatu, artxibatu eta ikasleen eskura jartzeko aukerarekin. Eta ikasle modura, entzungai bat harrapatu eta entzuketa kontrolatzeko aukerarekin. Horri transkripzioa, azalpena eta ondo entzuteko aukera gehitzen badiogu askoz hobeto.

Atzo kasualitatez gune honetako testuak atalean entzuzteko ulermenari buruzko apunte batzuk sartu ditut. Apunteak besterik ez dira, handik eta hemendik batu ditudan ideia batzuk, ordenarik gabe, biribildu gabe eta neure artean pentsatutakoak. Ez dezala inork eskulibururik edo dotrinarik bilatu beraz. Edozelan ere komentarioak, iritziak, kritikak, zuzenketak edo eztabaida baletoz poz-pozik. Komentatzeko aukera dago guztietan. Eta norbaiti euskara ikasteko podcasta antolatzen lagundu ahal badiote pozik baino pozago.
Nik bitartean belarria ingelesera egiten jarraituko dut.

07
Mai
2006

Boteiloia. Zelan esaten da?

Zer: 

Erderazko hitzak euskaraz zelan ekarri. Hausnartu eta egin.

esteka: 
http://www.erabili.com/zer_berri/galdezka/1143821533

 

Erabili.com-en artikulua agertu da boteloia euskaraz zelan esan behar den-eta. Erantzunak eta proposamen desberdinak egon dira gainera.

Hizkuntzari buruzko hausnarketak horrela azalerazten direnean ikasleari hiztegia nola eratzen den ikasten, ulertzen eta trebatzen lagungarria izan ahal zaio.

Aldi berean, hizkuntzaren inguruan zelako usteak, iritziak eta jarrerak dauden ezagutzen hasteko tresna izan daiteke. Eduki soziokulturala izan litekeena.

Zer egin?

Aukera desberdinak

  1. Sinpleena: irakur ataza baten ostean norberaren iritziz egokiena aukeratu eta justifikatu
  2. Euskaraz nola esan behar da? Ohiko galderari erantzuteko irizpide zerrenda osatzea
  3. Erdaretatik hartu ditugun beste hitz-esakune batzuentzako ordain alternatiboak eraikitzea. Adibidez: chat, apalankea, ...Bestela erabili.com-en hizkuntza atalean badaude horrelako gehiago: entresuelo, txistorrada,... Hitz sorkuntzarako bideak edo estrategiak erabili edo aztertu ahal dira, berbarako:
    • Atzizkiak: botilatzarra
    • Hitz elkarketa: botila-festa
    • Hitz zaharrak edo bazterretan gordetzen direnak: kopaleta
    • Euskaran ditugun berba espresiboak: kale-zurruta
    • Irudimenarekin sortzen diren figurak. (sentitzen dut baina nireak ez du orain ezer produzitzen)
    • ...
  4. Hitz bat "euskara" izateko zeintzuk baldintza bete behar dituen hausnartu. Azkenengo iruzkinak esaten duenetik abiatuta adibidez. "Euskaraz nola esaten da?" galdera horri baiezkoa erantzuteko bete beharrekoa. Edo bestela honako hausnarketa proposatu: "Boteloia hitza zure ustez euskara da? Zergatik?"
  5. Hau ez dator bat planteatu diren helburuekin, baina tentazioa hor dagoenez, azken baten boteloiaz berba egitea dago, dena dela berba egiteko motiboa emateko hau baino irakurgai egokiagoak egon daitezke: del.icio.us-en topa daitezke batzuk.

Ideia sortatxua da hau. Ideiok garatu eta konbinatu egin ahal dira.

06
Mai
2006

Praktika jarduerak: kokapena eta lehenengo hurreratzea

AEKren barruko hausnarketa baterako prestatu nuen zirriborroa. Praktika jarduerak kokatzen eta definitzen saiatu nintzen. Mintzalagunak indarra hartu duten honetan ekarpen teorikoa egiteko ahalegina. Lehenengoko burutazioak dira, hausnarketa eta erabakiak bideratzekoak.

Euskara ikastea eta erabiltzea

Erabileraren ikuspegi bi:

  • Hizkuntza erabili behar da ondo ikasteko. Hizkuntza jakitea hizkuntza erabiltzeko gaitasuna eskuratzea da azken baten. Hori lortzeko jarduera pedagogikoan hizkuntza erabiltzeak garrantzi handia eduki edo metodologiaren ardatza izan behar du (AOI, prozesuzko programak, ...). Horrezaz gainera, programatutako jarduera pedagogikotik aparte ere ikasleari hizkuntza horren erabilera esparruetan murgiltzeko aukera ematea komenigarria da: barnetegiak, hizkuntza erabiltzen den herrietako egonaldiak, hizkuntza horren bidez burututako egitasmoak eta jarduera soziokulturalak,...
  • Hizkuntza erabiltzeari begira irakatsi behar da. Gure helburua: euskararen egoera normalizatzea bada horren barruan erabilera areagotzea dago. Hizkuntza normalizatu beharreko egoera baten hizkuntzak eskuratu beharrek funtzio sozialak betetzeko trebatu behar da ikaslea, eta funtzio sozial horiek betetzea sustatu, hau da, ikasi-berriak erabiltzera bultzatu. Beraz, azken helburua hizkuntza erabiltzen trebatzea da, ez hizkuntzaren mekanismoak ezagutzea soilik.

Ikuspegi biak dira baliagarriak azken baten biek erabileraren sustapenean eragiten dutelako, eta kontrajarriak ez direlako.

 

  • Hizkuntza "praktikatzea" erabiltzea da. Erabileran eragiteko modua.
  • Hizkuntza erabiltzea ikasteko ia (?) ezinbesteko baliabidea da.

Lehenengo ondorioak

Hizkuntza normalizatzeko ezinbestekoa da hizkuntzaren esparru geografikoko biztanleak hizkuntza hori erabiltzen trebatzea. Helduen euskalduntzeak horretan dihardu hain zuzen ere, eskola mundua, famili-transmisioa eta beste hainbat eragilerekin batera.

Horrez gain, normalizazioari begirako langintzan erabilera sustatzeko lana ere ezinbestekoa da, hortik, era bateko edo besteko planifikazioarekin hainbat egitasmo, ekimen eta jarduera sortzen dira.

Edonola ere irakaskuntza/transmisioa eta erabilera planen artean beste arlo bat agetzen zaigu, tarteko arloa: murgiltze edo praktika jarduerak, hau da, helburu pedagogiko batekin burutzen diren erabilera jarduerak. Hizkuntza erabiltzearen bidez hizkuntza hobetzea helburu dutenak. Helburu pedagogikoa izaten da nagusi, baina aldi berean erabilera (eta estatusa ere bai) sustatzen laguntzen dutenak.

Praktika jarduerak

Helburuak

 

  • Komunikazio gaitasuna hobetzea erabilera esanguratsuaren bidez.
  • Eragin esparruko euskararen erabileran eragitea.

 

Erabilera esanguratsua: hizkuntza giza jarduera baten funtzio zehatz baterako erabiltzen da, hau da, hizkuntzaren erabilerak benetako esangura dauka, (testuingurua, funtzio eta asmo komunikatiboa, hartzailea, kanala,...) eta ez da forman fokalizatzen.

Praktika-jardueren ezaugarriak

 

  • Helburu nagusi hizkuntz gaitasuna hobetzea dute. Hizkuntza ikaslea dute lehengo xede nonbait.
  • Hizkuntzaren erabilera esanguratsua gertatu behar da. Ez dira zentratzen hizkuntzari buruzko hausnarketan eta lanketan. Ez dira irakaskuntza-jarduera hutsak.
  • Jeneralean Helduen Euskalduntzetik sustatu izan dira jarduerok. Ez beti, baina euskaltegien parte hartzea eskatzen dute.
  • Praktika jarduerak eta erabilera sustatzeko egitasmoak ez dira arlo independienteak eta inkonpatibleak, baina ezaugarri desberdinei ematen diete indarra.

Praktika jarduerak

Erabilera planak

Helburu nagusia

Gaitasun erlatiboaren hobekuntza. Pedagogikoa

Hizkuntzaren erabilera zabaltzea esparru baten. Hizkuntz ohituretan eragitea. Soziala

Xede taldea

Hizkuntza ikaslea (aurreratua?)

Hiztun konpetentea

Bezeroa-sustatzailea

Euskaltegia / Euskalgintzako erakundea / erakunde ofiziala,...

Erakundea / Euskalgintzako erakundea,.../ Administrazioa,.... (euskaltegia ez)

Jardunbidea

Komunikazio sare berriak sortu

Interakzioaren garrantzia

Finkatutako sareetan ohiturak aldatu edo sortu

Praktika-jarduera desberdinen zerrenda

 

  • Praktikarako modulazioa: mintza-praktika eskolak, ...
  • Mintza-taldeak eta praktika komunitateak
  • Mintzalaguna eta solas-taldeak
  • Ikasi berrientzako jarduera soziokulturalak (ikastaroak, irteerak, jarduera ludikoak,..)
  • Egonaldiak famili-inguru euskaldunetan
  • Euskarazko jardueretan, sareetan edo egitasmoetan integratzeko egitasmoak
  • Barnetegiak
  • Euskaltegietako aktibitate osagarriak.
  • Berariazko emanaldi sozio-kultural publikoak.
  • Berariazko hedabideak eta produkzio kulturala (aldizkariak, literatura, webguneak,..).
  • Ikasi berriek burutzeko egitasmoak eta lanak.

Jorratu bako arloak, ideia posibleak edo jorratzen ari diren arlo berriak

  • Lan mundua eta lanerako formazioa.
  • Etorkinen integrazioa
  • Familia transmisioa (euskara ikasten ari diren gurasoak)
  • Talde naturalak
  • ...

Praktika-jarduerak ebaluatzeko/lehenesteko irizpideak

Zeintzuk dira horrelako jarduerak aukeratzeko, bilatzeko edo lehenesteko jarraitu beharreko irizpideak?

  • Gaitasun erlatiboaren hobekuntza
  • Jarraikortasuna eta etorkizuna
  • Sare sozialak sortu/zabaldu
  • Hiztun konpetenteekiko elkarreragina eta harremana
  • Eragin soziala: hizkuntzarekiko jarrera, zabalkundea,...
  • Zabalkundea: jende kopurua, eragin-esparrua,...
  • Bideragarritasuna
  • Baliabide-emaitza erlazioa
  • ...
06
Mai
2006

Gurasoentzako berbalaguna

Durangoko jardunaldietan Mahataserrian burutzen ari garen Gurasoentzako Berbalaguna egistamoaren inguruan aurkeztu nuena.

GURASOENTZAKO BERBALAGUNA

MAHATSERRIKO BERBALAGUNA

Asapala Euskara Elkartea

Santutxu Euskal Eskola AEK

Zergatik gurasoentzako Berbalaguna?

Berbalaguna bezalako hizkuntza praktikatzeko jarduerek azken urteotako zabalpenaren ostean frogatu dute tresna interesgarriak eta eragingarriak direla euskaraz funtzionatzen duten harreman-sareak eta ohiturak sortzen. Orain arte esparru sozial irekian aplikatu dira, maila lokalean orohar.

Euskararen normalizazioak, hala ere, erronka zehatzak ditu arlo sozial batzuetan. Hizkuntzaren bidezko familia trasmisioa aipatzen da sarri euskararen geroaren giltzarrietako gisa. Eta zalantza handirik ez dago belaunaldien arteko hizkuntza transmisioa, familia bidezkoa, erabakigarria dela euskararen biziraupenerako.

Ikerketa soziolinguistikoen arabera, belaunaldien arteko euskara-transmisioa seme-alaba eta gurasoen arteko harremanetan gauzatzen da bereziki

Gure inguruan, Mahatserrian, hain zuzen ere, guraso euskaldun eta ia-euskaldun asko dago nahiz eta euskararen erabilera baxua izan. Eskola-eredu euskaldunek, hala ere, berebiziko indarra daukate. Nolabait euskararen ezagutza bermatzeko gogoa dabil gure inguruan, baina sarritan eskolaren esku geratu behar izaten da lan hori, eta familian euskarria ezinbestekoa da.

Gurasoen artean, kolektibo gisa hartuta, ezinbestekotzat jotzen dugu beraz erabilera sustatzeko programaren bat aurrera eramatea. Une honetan Berbalaguna ezagutzen dugu eta fruitu onak eman ditu. Zergatik ez ekarri orduan kolektibo honen behar izanetara eta berezitasunetara?

  • Familia mailako erabilera areagotzeko guraso ia-euskaldunek euren hizkuntza-gaitasuna hobetzea lortu behar da.

  • Praktika jarduerak hizkuntza-gaitasuna hobetzeko eta hizkuntz-ohiturak sortzeko tresna baliagarriak dira.

  • Gurasoen behar izanak eta ezaugarriak kontutan hartuz, jarraian, beraiei zuzendutako erabilera programa zehatza aurkezten dugu

Hemendik datorkigu Gurasoentzako Berbalaguna antolatzearen ideia.

Egitasmoaren xehetasunak

Nori zuzenduta dago?

  • Haur hezkuntzan, B eta D ereduetan matrikulaturik dauden ikasleen gurasoei.

  • Eta Berbalagunaren formatuak eskatzen duen modura bi partaide klase behar ditugu:

    • Euskara ondo erabiltzen duten gurasoak

    • Euskararen erabilpenean, ahozkoan gehien bat, trebatu beharra daukaten gurasoak

Helburuak

Egitasmo honekin, gehien bat, hau izango genuke helburu nagusi:

  • B eta D ereduko ikasleen gurasoen euskara erabilera areagotzea eta belaunaldien arteko hizkuntza transmisioan eragitea

Helburu zehatzak

  • Guraso ia euskaldunen gaitasun erlatiboa praktikaren bidez hobetu

  • Guraso euskaldunen arteko harreman sareak osatu eta finkatu.

  • Etxeko hizkuntza-ohituretan eragitea.

  • Euskararen presentzia soziala areagotzea

Jardueraren deskribapena

Jaduera hau funtsean Berbalaguna da, eta beronen ezaugarri nagusiak hartuko ditu.

  • Talde txikiak egiten dira, ia euskadunek eta euskaldunek osatuta, 5-6 lagun gehienez.

  • Maiztasun zehatz batekin berba egiteko batzen dira. Gutxienez astean ordu bete.

Gurasoen kolektiboak, hala ere, bestelako behar izanak izan ditzake, euren artean umeei arreta egitea, eta, bide batez, berbalagunarekin batera, umeei ere aisialdirako gune bat eskaini nahi diegu. Beraz, egitasmo honek osagarri bat izango du.

  • Umeentzako begirale zerbitzua antolatuko dugu gurasoak Berbalagunan dabiltzan bitartean.

Jardueraren antolaketa

Garrantzitsua da egitasmo honek aurrera egiteko inplikatutako eragileek bat egitea. Gure inguruan une honetan honakoak dira ezinbestekoak

  • Mahatserriko Berbalaguneko partaideak: Asapala Euskara Elkartea eta Santutxuko AEK

  • Eskola

  • Guraso elkarteak

Hiru eragile hauek hartu behar dute egitasmoa antolatzeko eta jarraitzeko ardura. Eta hirurek osatu beharko lukete jarraipen batzordea.

Baina jarraipen batzordearekin batera ardura zehatzak behar dira hemen. Berbalagunan bezala dinamizatzaile bat, eta horrez gain aisialdi-begiraleak behar dira. Hauek dira beraz egitasmoaren antolaketaren partaideak:

  • Jarraipen batzordea: Egitasmoaren jarraipena eta ebaluazioa

  • Berbalagunaren dinamizatzailea: Berbalaguna antolatu, jarraitu eta bideratu

  • Begiraleak: Umeekin aisialdi jarduerak antolatu.

Egitasmoaren garapena

Egitasmo berria dugu hau, inoiz egin ez dena eta gure ustez faseka burutu behar da. Hauek dira une honetan ikusten ditugun faseak:

  1. Egitasmoa eragileei aurkeztu

  2. Fase pilotoa bideratu. 2006ko urtarrilean hasi. Talde mugatua (eskola bateko gurasoak)

  3. Fase pilotoren ebaluazioa (2006ko ekaina)

  4. Zabalpena (2006/07 ikasturtea). Partaide kopuru zabala eta eskola desberdinetakoa

Baliabideak

Giza baliabideak

  • Dinamizatzailea

  • Begiraleak

Materialak eta ekonomikoak

  • Umeentzako gunea

  • Bulego eta komunikazio azpiegitura

Diru sarrerak:

  • Eragileen ekarpena

  • Diru-laguntza publikoak

Irteerak:

  • Pertsonal gastuak

  • Sustapena

  • Azpiegitura

Ebaluazioa: ebaluatu beharrekoak

Fase pilotoaren ostean, honakooi erreparatu beharko diegu bereziki egitasmoaren bideragarritasuna aztertzeko:

  • Etxeko hizkuntza-ohituretan eragina

  • Hizkuntza-gaitasunaren hobekuntzaren pertzepzioa

  • Partaideen asebetetze-maila

  • Eragileen asebetetze-maila

  • Jardueren betekizuna eta jarraikortasuna

  • Antolaketa eta jarraikortasun arazoak

Aurrerantzean

Emaitzak asebetetzeko moduak balira, epe ertain baten hauek izango lirateke programaren erronkak

  • Gurasoentzako erabilera eta praktika programa osatu. Jarduera berriak eta zabalagoak

  • Umeentzako aisialdi-programa globala bideratu

  • Praktika jardueren programan integratu. Berbalaguna, jarduera soziokulturalak

Azken baten, guk, euskara elkarte bezala, hau dena kontestu baten jarri behar dugu. Egitasmo hau azken baten honakoak lortzen lagunduko digula uste dugu:

  • Bilboko auzune pisutsuan hizkuntza-ohituretan aldaera positiboa bultzatzea

  • Giro urbanoan euskarazko harreman-sareak sustatzea

  • Presentzia soziala eta prestigioa indartzea

  • Hizkuntzaren etorkizuna bermatzea

Non gaude?

Asapala Euskara elkartea

Santutxu Euskal Eskola AEK

06
Mai
2006

Loturak eta dokumentuak

HIZNETen barruan egindako lanak:

06
Mai
2006

Euskalduntzea, erabilera, praktika eta normalizazioa

Helduen euskalduntzeak euskararen erabileran eta normalizazioan jokatu beharreko papera bateko, eta erabilerak eta praktikak hizkuntza ikastean daukaten funtzioaren gaineko gogoetak eta testuak sartuko ditut hemen.
Euskararen irakaskuntzan ez ezik normalizazioaren munduan ere banabilenez urteotan gauza batzuk batu ditut buruan eta paperean. Hemen jartzen hasiko naiz apurka-apurka.

06
Mai
2006

Syllabus motak: Breen-en sailkapena

Sailkapena

  1. Programa Proposizionalak
    • Programa formalak
    • Programa funtzionalak
  2. Programa Prozesualak
    • Atazen bidezko ikaskuntzan oinarritutako programak
    • Prozesuzko programak

Iruzkinak

Programa prozesualak ekarpen interesgarria izan dira, baina iparra galtzeko arriskua ere ekarri dute.

Atazak (AOI) edukiak lantzeko tresna egokiak izan daitezke. Baina edukien hurenkera eta helburuekiko lotura ere beharrezkoak dira. Alde horretatik ikuspegi komunikatiboan integratutako programa funtzional baten barruan emaitzak hobetu daitezkeela uste dut.

Ataza multzoak edo ikastunitateak programa koherente baten integratzeko uztartze-lanak zaila izan daiteke, baina ahalegina egin behar da.

Prozesuzko programen jardunbidea programa global baten barruan arlo batzuetarako ekarpen handiko osagaia izan daitezke. Erabilera edo praktikari begirako zer eginak eta proiektuak bideratzeko gehien bat. Edonola ere programa baten ardatz nagusia diseinatzeko baztertu egingo nuke jardunbide hau.

 

Sindikatu edukia