2

12
Eka
2008

Ahozko laginak lortu

Zer: 

Ahozko laginak internetetik batzeko ideia bat

esteka: 
http://www.snapvine.com/bl/IZd_YCm0Ed23YwAwSFs39g

Ahozko hizkuntza landu nahi dela, askotan entzun dut ez direla erraz topatzen ahozko hizkuntza informal eta kolokialeko laginak eta grabazioak. Badakizue, egunero inguruan entzuten den hori. Podcast-en inguruan endredatzen ideiatxo bat etorri zait. Inori zerbaitetarako balio badio-edo. Azalduko dut.

Interesatzen zaidana ez da neure grabazioak edo neure ahotsa entzunaraztea (entzuten baduzue, berehala konturatuko zarete zergatik), jendearen ahozko erantzunak jasotzea eta haiekin laginak batzea baino. Hiztun desberdinen ahozko laginak jaso nahi ditut hain zuzen ere, besteak beste:

  • Ikasleari eskaintzeko entzungai "naturalak" edo errealak
  • Ahots desberdinen bidez input ugariagoa emateko.
  • Euskaldunen ahots "erreala" erakusteko.

Eta badira podcast zerbitzu batzuk mezuak ez ezik, erantzunak ere ahoz bidaltzeko aukera ematen dutenak. Bat aukeratu dut, Snapvine, eta podcast-audiobloga zabaldu dut.

Hori lortzeko bide erraz eta eskuragarria eskaini dit Snapvine honek. Ordenagailuak mikrofonoa badauka atxikirik (gero eta ohikoagoa), ez da aparteko endredorik behar, botoi bati sakatu, grabatu eta bidali.

Lau ideia hasteko:

Kasu guztietan ahozko erantzunak jasotzea interesatzen zaigu. Hizkuntz-laginen errepositorioa arin eta erraz sortu daiteke honela. Enbotatzeko aukera ere badugu:

Audiobloga


edo

mezu bakoitza


Comment | Copy This

Snapvine hau ez da izango egiteko bide bakarra seguruenik. Ez naiz gehiagoren bila zoratu, baina boteprontoan anterakoak egiteko bi hauek etorri zaizkit gogora:

  • Forvo. Web zerbitzu honek hizkuntza desberdinetako hitzak ahoskatuta biltzen ditu. Erabiltzaileek eurek grabatu eta bidaltzen dituzte. Hizkuntza arrotzeko hitzen ahoskera ezagutzeko pentsatuta dago, baina ikasteko ere baliagarria da. Euskara ere han dugu.
  • Covcell tools. Moodle-ekin ari zaretenontzat interesgarria. Ahozko elkarreragina eta grabazioen bidalketarako modulua ari dira garatzen. Ez dakit garapena une honetan zelan dabilen, baina barruntatzen dut garatzaileetako bat ez daukagula oso urrun. ;-)

Hor duzue ideia. Tiratzen jarraitu nahi baduzue, aurrera!

01
Eka
2008

Ataza 2.0?

Zer: 

Atazak 2.0 aukerekin antolatzeko saiotxoa.

esteka: 
http://gentequebloguea2.blogspot.com/

Gente que bloguea bloga aurkeztu digu Iñakik. Gaztelaniaren irakaskuntzan ezaguna den Gente 2 materiala web2.0ra egokitzeko eta osatzeko saio interesgarria egin dute han. Inbidia apur bat sentituta, probatxoa egiteko kili-kilia izan dut. Gurera ekarrita zer izan liteke 2.0 ataza bat? Honelako zerbait?

AEKren ataza honetatik abiatu naiz.

Bertsolariak eta bertsoak

Hiztegi apur bat

Bertsoplaza.tv gunea aurkitu dugu internet-en. Bertsoen munduko gauza asko, elkarrizketak adibidez. Hau irakurri dugu han:

Bertsolari, bertsozale, aditu, gai-jartzaile... eta bertsoarekin zerikusia dutenei egindako elkarrizketak dauzkazu hemen ikusgai, Hitzetik Hortzerak eta Bertsoplazak grabatuak. Nahi baduzu, komentario bat utzi.

  • Bertsolaritzaren munduan oso erabiliak diren hitz batzuk azpimarratu ditugu. Seguraski gehienak ondo ezagutuko dituzu honez gero. Buelta bat emango diegu dena dela. Esaguzu zerbait bakoitzari buruz. Baina lasai, kontsultatu egin ahal duzu. Hemen dituzu pista batzuk:
  • Ondo da. Orain hitz bakoitzari buruz dakizuna edo ikasi duzuna iruzkinetan (komentarioetan) idatzi ahal duzu. Eta besteek idatzi dutena zuzendu eta osatu ere egin ahal duzu. Bertsolaritzari buruz gauza asko ikasiko ditugu gaur.

Egon zara inoiz bertso-saio batean? Ez? Orain ikusiko duzu bat.

Bertso-saio hau bertsoplaza.tv-tik atera dugu. Datu batzuk behar ditugu:

  • Bertsolaria: nor da? Zer dakigu hari buruz?
  • Gai-jartzailea: nor da?
  • Bertsozaleak: nortzuk dira? Nongoak?
  • Bertso-saioa. Non? Zergatik?

Bilatu informazio hori ahal duzun lekuan, internet guztia daukazu eskura. Iruzkinetan ipini informazioa, edo osatu besteek ipintzen dutena.

Gustatu?

Bideo originala aurkitu baduzue galdera hau ikusiko duzue azpian: Gustatu zaizu? Eta bost izar dauzkazu baloratzeko. 1: ez, 2: tira!, 3: ondo dago, 4: oso ona, 5: ikaragarri ona. Ipini zure puntuazioa hemen behean:

  • Bertso-saioari:
  • Bertsolariari:
  • Gai-jartzaileari:
  • Bertsoari:
  • Bertsolaritzari:

 

Honelakoa izan daiteke 2.0 ataza bat?

02
Urt
2007

Tribial arkeologikoa

Zer: 

Azalpen baten ostean egiteko jolasa edo ataza baterako ideia

esteka: 
http://karrajua.netcipia.net/xwiki/bin/view/Blog/Telebistakoproba

Karrajua klonatzeko probekin tontamentean hasi nintzen eta dagoeneko ez dakit zenbat karraju dauzkadan probako  lekuetan. Badakizue karrajua klonatzeko probako bloga zabaldu nuela mahatsorriak.org komunitatean eta gerora han jarraitu dudala aurkitu ditudan klonatzeko tresnak apuntatzen. (Karraju honen sarrera-orriko eskumako barran, beheko aldean, dauzkazue blog horren azkenengo mezuak).

Azkenengo deskubrimenduetako bat Netcipia zerbitzua izan da, halako wikiblog interesgarria. Han ere probatzeko kontua zabaldu eta zerbait idaztearren duela gutxi Mahatserriko Berbalagunakoekin Iruña-Veleiara egin genuen irteeratik ekarri nuen bideo batekin klaserako egin daitekeen kontu bat probarako idatzi, eta tira, igual ideiak baten bati balio diezaioke eta hona ere kopiatuko dut badaezpada. Ideia ez da nire-nirea gainera, Getxoko Egizuko dinamizatzaile Rozio eta Landerrena baino (bueltan autobusean egiteko jolasa izan zen).

Hau da bideoa:


  • Bideo hau Iruña-Veleiako aztarnategira egin genuen bisitan hartu nuen. Gidaria eraman genuen, bideo-pasarte honetan hango kontu baten azalpena grabatu genuen. Kamara digital arruntarekin eginda dago. Ikasmaterialak eta dokumentuak sortzea gero eta errazagoa da bada.
  • Honekin jolasa proposatuko dizugu, ondo ezagutzen duzun jolasa: tribiala.
  • Ikusi bideoa lasai zenbatnahi bider, zerbait ulertzen ez baduzu galdetu irakasleari arazo barik. Dena ulertu duzunean, klasean egingo dugun tribialerako bi galdera prestatu behar dituzu.
  • Hitz batzuen esanahia asmatzeko modua: Harresia Aztarnategia

Ideia sinple-sinple jarri dut hemen, adibide bat baino ez da eta zer esanik ez dago egokitzapen ugari egin daitezkeela. Bideo dibulgatibo edo dokumentalekin egin, leku batera (museoak, naturguneak,..) egiten diren bisitaldi gidatuen ostean. Tribial baterako galderak edo edozein lehiaketa-modukorako galdetegiak prestatu. Norberaren esku hori guztia. Hobetzeko edo osatzeko zerbait okurritzen bazaizue hemen azaldu dezakezue.

24
Ira
2006

Diktaketak

Zer: 

Diktaketak on-line lantzeko tresna batetik abiatuta egin daitekeen zerbait.

esteka: 
http://ikteroak.blogsome.com/2006/09/24/netquiz-pro-diktaketak-ordenagailu-bidez/

IKTeroek Iparraldean egindako Hitzaditza esperientziatik abiatuta dikatketa lantzeko ariketak jarri dituzte euskaljakintza webgunean.

Hemen azaltzen dute ariketa horiek zelan sortzen diren. Ez dugu azalpen gehiagorik emango beraz.

Kontua da diktaketa forman fokalizatutako jarduera dela, puntuazioan eta ortografian gehien bat. Jarduera hori osatzeko ideiak zerrendatzen saiatuko naiz hemen.

Adibidez, hona erabili duten testua:

Goizeko seiak inguru ziren eta karramarroen ontzi horiak han zerraien. Pasaiako garabiek ikusmira ezin ederragoa eskaintzen zuten behelainoaren artetik. Ontzien izenei so egin zien. Pasai Donibanerako txaluparik ez zegoen artean, pabilioietako komun abandonatuetan Martak atea jo zuenean. Atea poliki ireki zen, Martaren hatz hezurtsuen kolpe leunekin bakarrik. Goiztiar aguretu zen gizaseme horietako bat, espantu aurpegiarekin esnatu zen bat-batean, lurra jergoi hartuta zuen loalditik. (Arkaitz Cano, Pasaia Blues)

  • Diktaketan hotsen grafiari erreparatzen zaio gehien bat. Idazten diren hitzak zein diren ez da erreparatzen, gerora konturatu ohi gara zer hitz entzun-idatzi dugun. Neuri behintzat hala gertatu zait diktaketa egiten hasita. Ikasle baten kasuan areago, hitzak ez baititu ezagutu ere egiten. Horrela bada, egin orduko ezezagunak gerta daitezkeen hitzen aipamena-azalpena egin daiteke ahoz (hitzok idatzi gabe nahi bada). Kasu honetan adibidez: zerraien, garabia, ikusmira, behelainoa, hezurtsua, leuna, goiztiar, jergoi,... Ikaslearen mailaren eta abileziaren arabera aukeratuta noski. Espero diren hitzak aurkitzeak erraztu egiten du zer egina.
  • Zer gertatzen ari den, zer istorio daukagun ere ez gara idatzi ahal konturatzen. Egin aurretik kasu honetan adibidez sinple-sinple situazioaren datuak eman daitezke hasi aurretik: Pasaiko portua, goizeko seiak, Marta izeneko neska bat, Pabilioi bat, gizona pabilioiaren barruan. Egin ostean, istoria ez-osoekin jarduteko ohiko jarduera batzuk proposatu daitezke: istoria osatu, amaiera asmatu, pertsonaien bizitza eta izaera asmatu hemen emandako datuetatik...

Hemen ideia pare bat.Gehiago bururatzen bazaizkizue, erantzunen bidez bota ditzakezue.

07
Mai
2006

Boteiloia. Zelan esaten da?

Zer: 

Erderazko hitzak euskaraz zelan ekarri. Hausnartu eta egin.

esteka: 
http://www.erabili.com/zer_berri/galdezka/1143821533

 

Erabili.com-en artikulua agertu da boteloia euskaraz zelan esan behar den-eta. Erantzunak eta proposamen desberdinak egon dira gainera.

Hizkuntzari buruzko hausnarketak horrela azalerazten direnean ikasleari hiztegia nola eratzen den ikasten, ulertzen eta trebatzen lagungarria izan ahal zaio.

Aldi berean, hizkuntzaren inguruan zelako usteak, iritziak eta jarrerak dauden ezagutzen hasteko tresna izan daiteke. Eduki soziokulturala izan litekeena.

Zer egin?

Aukera desberdinak

  1. Sinpleena: irakur ataza baten ostean norberaren iritziz egokiena aukeratu eta justifikatu
  2. Euskaraz nola esan behar da? Ohiko galderari erantzuteko irizpide zerrenda osatzea
  3. Erdaretatik hartu ditugun beste hitz-esakune batzuentzako ordain alternatiboak eraikitzea. Adibidez: chat, apalankea, ...Bestela erabili.com-en hizkuntza atalean badaude horrelako gehiago: entresuelo, txistorrada,... Hitz sorkuntzarako bideak edo estrategiak erabili edo aztertu ahal dira, berbarako:
    • Atzizkiak: botilatzarra
    • Hitz elkarketa: botila-festa
    • Hitz zaharrak edo bazterretan gordetzen direnak: kopaleta
    • Euskaran ditugun berba espresiboak: kale-zurruta
    • Irudimenarekin sortzen diren figurak. (sentitzen dut baina nireak ez du orain ezer produzitzen)
    • ...
  4. Hitz bat "euskara" izateko zeintzuk baldintza bete behar dituen hausnartu. Azkenengo iruzkinak esaten duenetik abiatuta adibidez. "Euskaraz nola esaten da?" galdera horri baiezkoa erantzuteko bete beharrekoa. Edo bestela honako hausnarketa proposatu: "Boteloia hitza zure ustez euskara da? Zergatik?"
  5. Hau ez dator bat planteatu diren helburuekin, baina tentazioa hor dagoenez, azken baten boteloiaz berba egitea dago, dena dela berba egiteko motiboa emateko hau baino irakurgai egokiagoak egon daitezke: del.icio.us-en topa daitezke batzuk.

Ideia sortatxua da hau. Ideiok garatu eta konbinatu egin ahal dira.

17
Api
2006

Net Hurbil: Hegaldi merkeak klima aldaketa hobeki ospatzeko

Zer: 

Hegaldi merkeen ondorio ekologikoei buruzko artikulu interesgarria. Irakurtzen duguna eguneroko berriketara zelan eroan

esteka: 
http://tinyurl.com/hf7ut

Aurreko baten ere Pello Zubiriak ARGIAn daukan sekzio hau aipatu dut. Ez da ARGIAko deigarriena, baina irakurtzen hasita beste inon topatzen zailak diren kontuak aurkitzen dira, eta gainera zer esana eman dezaketenak.

2036. zenbakian agertu den honekin saiatuko naiz artikulutik zer esanera bidea egiten. Azken baten horixe izaten da aldizkari, egunkari eta gainerako agerkarietan irakurtzen dugunaren funtzzioetako bat, gure pentsakera, gure iritzia eta ondorioz, gure diskurtsoa berregituratzea.

deiak

Artikuluko pasarte batzuekin irakurriko duguna asmatzen saiatu gaitezke aurretik.

Aipuak:

"Ohartu naiz berde bizitzeko nire ahalegin guztiekin birziklatu, etxea isolatu, ez erosi 4x4 erraldoi horietako bat lortutakoa airez egindako bidaia bakar batek alferrikako bihurtzen zuela"

...emakume batek esan dio kazetariari ezin zuela soportatu hegazkinek zenbat energia xurgatzen duten jakin eta berdin segitzea

Europatik Australiara joan-etorria hegazkinez egiten duen pertsona batek horretan erretzen du urte osoan hiru autok gastatzen duten adina gasolina

Loiuko aireportuak bizi duen loraldiak -eta Forondakoak izango omen duenak berdintsu- jadanik sortzen duen kutsadura handitzeak zertan utziko ote ditu aurrezte horiek?

Beste herritar batzuek, ordea, nahiago dute argi eta garbi uko egitea hegazkina usatzeari.

Ondoren galderoi erantzuten saiatu gaitezke:

  • Irakurri dugun artikuluaren amaieran zer esango dela uste duzu?

  • Irakur ezazu. Horrela izan da?

  • Zerrendatu horren alde ematen dituen arrazoiak.

Irakurri ostean.

Irakurri dugunaz hausnartu eta beste komunikazio-jarduera batera zelan eraman pentsatzen jarriko gara: 

  • Konbentzitu zaitu? Irakurri aurretik bezala pentsatzen duzu?

  • Klasea amaitu da, eta berriketan zabiltza baten batekin, zelan amaituko zenuke esaldi hau?

“Ba, gaur klasean artikulu bat irakurri dugu, eta artikuluak kontatzen du zelan......................................”

  • Hau irakurrita zer esango zenuke orain berriketan hau entzungo bazenu:

“Gaur egun ez du merezi kotxea edo trena hartzea, hegazkina ia merkeago irteten zaizu”

  • Aurreko hori esan duena kontatu duzunarekin ados ez balego, edo serio hartuko ez balu, testuan irakurri duzunetik zertzuk erabiliko zenituzke? Prestatu hemen argudio eta adibideen zerrenda

Argudioa

Zelan botako zenuke ezagun batekin berbetan? Pentsatu, esan eta gero ahalik eta literalen idazten saiatu

Europa barruko hegaldietan dabiltzan bidaiariek trenez doazenen zortzi halako gastatzen dute

Badakizu hemendik Londresera abioak gastatzen duela zortzi trenek gastatzen dutena? Ibilbide berdina egiteko gainera.

kutsadura hori guztia atmosferan oso goian geratzen da eta askoz kaltegarriagoa da lur azalean sortzen dena baino

Gogoeta

Ulertzen duguna ez da irakurtzen duguna soilik. Honako artikuluok zer pentsatua ere ematen dute (eta pentsatu eragitekoak dira izatez), beraz, horri tiratzen saiatuko gara:

  1. Hau irakurrita burura etorri zaizkizun ideiak apuntatu hemen. Artikuluan bota direnak ez, zeuri okurritu zaizkizunak baino:

  2. Zure gogoeta horiekin zer eta nola esango zenuke?

  • Lagun artean berriketan, zer komentario egingo zenuke?

  • Inkesta baten ekologiari edo bidaiei buruz zer pentsatzen duzun galdetuko balizute?

  • Nola beteko zenuke honako taula bat?

 

GARRAIOBIDEA

 

ALDEAK

 

KONTRAKOAK

  • Autoa

  • Trena

  • Autobusa

  • Hegazkina

Zer komentario egingo zenuke aipatu diren gauza hauen gainean:

  • Bristoleko emakumeak dioena

  • Etxeko isolamendua hobetuz gero aurreztuko litzatekeena

  • Bidaia agentziak egin duena

  • Atxekimenduak eta konpromisoak antolatzen dabiltzanak

18
Mar
2006

Iñaki Murua: "Elkartean gizartea egiten ari gara"

Zer: 

Argia aldizkariko elkarrizketak: audioa eta testu idatzia. Zer egin?

esteka: 
http://tinyurl.com/hwrgs

Argia aldizkariak paperezko edizioko edukiak sarean ere eskaintzen ditu. Orain idatzizko testua ez ezik elkarrizketetako pasarteak entzuteko aukera ere ematen du. Honek euskara ikasteko aukera asko zabaltzen ditu.

Iñaki Muruari, Bertsozale elkarteko lehendakaria, egindako elkarrizketa batekin hasi dira. Honekin hasiko naiz lanean.

Lehenengo eta behin testu idatzia eta audioa konprobatuko ditugu. Segidan konturatuko gara elkarrizketa guztia ez dagoela audioetan, eta horren ostean beti barruntatu dugun baina kazetari ez garenok egundo frogatu ezin izan dugun beste gauza batez konturatuko gara: idatzizko elkarrizketetan ez da elkarrizketatuak esan dena hitzez hitz transkribatzen, gauza bera esan (manipulaziorik ez badago behintzat ), baina testuak eta hitzak ez dira berdin-berdinak. Ez daukagu beraz elkarrizketa osoaren transkipzioa, pasarte batzuen grabazio orijinala baizik. Ea ba, ikus dezagun honekin zer egin daitekeen.

Testu idatzia eta audioa edukitzeak zertzuk aukera ematen dizkigu?

Nik neuk aspaldi egin dut ametsetan honelako baliabide bat edukitzearekin. Zergatik?

  • Ondo ezagutzen ez duzun hizkuntza baten perpaus luzeak irakurtzean topatzen den zailtasunetako bat ahozko hizkuntzan elementu paralinguistikoek eta prosodikoek perpausaren elementuak eta testuaren konexio baliabideak identifikatzeko eta bere lekuan jartzeko ematen diguten laguntzaren falta izaten da (orain idatzi dudan esaldi honetan zuei faltako zaizkizuen bezala, irakurtzen ito ez bazarete). Hau da, irakurgaia norbaiti entzuteak, hark ematen dion entonazioa eta deklamazioarekin, ulertzen laguntzen du, eta, nire ustez, teknika honen erabiliaren erabiliaz irakurtzen dena hobeto ulertzen eta kokatzen trebatzen du.
  • Alderantziz, eta hori denok daukagu mila biderrez konprobatuta, entzuten duguna "idatzita" ikusteak  entzuten ditugun hotsak, hitzak, perpausak eta testuak identifikatzen, antolatzen, ordenatzen eta, azken baten, ulertzen eta interpretatzen laguntzen digu. Proba egin bestela, eskolatik ikasi duzun ingelesarekin DVD bateko ingelesezko bertsioa ulertzen duzun? Gutxi seguruenik. Jarri ingelesezko azpitituluak eta ingelesa pentsatu duzun baino gehiago ulertzen duzun iritzia hartuko duzu, eta eginaren eginaz, beharbada, une baten entzuten dituzun hitzak eta testu-zatiak ulertzen ere hasiko zara. Hortik Proficiency-ra saltotxua baino ez daukazu .
  • Zuei ez dakit, baina niri ikasten nabilen hizkuntza baten entzuten dudanetik zerbait ulertzeko kapaz naizela edo irakurtzeko gauza naizela sentitzeak sakadatxu morala ematen dit. Motibazioan eragingarria izan daiteke duda barik. Gehien bat, jasotzen dituzun testuekin zerbait egiteko gauza zarela ikusita. Trebetasun hartzaileak lantzeko ariketa askotan hotsak, hitzak edo perpaus zatiak identifikatzean geratu ohi gara (hutsuneak bete, transkripzioak,..). Interesantea da beraz esanahira heltzea.

Zer egin?

Nik AOI moduko ataza egingo nuke, bere hiru parteekin. Hasi gaitezen ataza pentsatzen.

Ataza

Atazaren ataza pentsatzen hasteko ikus dezagun hemen zer daukagun

  • Gaiak, temak, topikoak,..:
    • bertsolaritza duda barik, hala ere elkarrizketa honetan kontatzen direnak eta agertzen diren kontuak bertsolaritzaren mundua nahikoa ondo ezagutzea eskatzen dute, ez dira azaleko kontuak, are gutxiago bertsolaritzaren inguruko dibulgazioa. Gaiarekiko interesa piztu nahi bada edo zerbait ulertzea girotze eta kokatze lan handia egin beharko litzateke. Ohiko euskaldunarentzat urrun geratu daitezke hainbat kontu, are gehiago euskara ikaslearentzat. Eduki soziokulturalekin egin ote dugu topo? Aukera izan daiteke berauek lantzeko, baina ahalegina egin beharko da erreferente guztietan kokatzeko.
    • Beste topiko batzuk topa daitezke, oso zeharkakoak hala ere: elkarte baten antolaketa, euskal kulturaren mundua, bertsolari baten bizimodua,... Ez dirudi erraza hortik jotzea.
  • Testua, diskurtsoa:
    • Elkarrizketa generoa da hau dudarik gabe. Egitura ezaguna: galdera-erantzuna, eta galderek kazetariak ezarritako hari bati jarraiturik, baita elkarrizketaren bilakaerak markatuta. Aurreikuspen lana egiteko aukera ematen du adibidez: zer galdetuko zenuke zuk orain? edo elkarrizketako galderak prestatu, edo erantzunak ikusita galderak asmatzen saiatu,...
    • Ahozko testua eta testu idatzia dauzkagu. Ez dira berdinak gainera. Ahozkotik idatzikorako salto horrek ahozko hizkuntza eta idatzizko hizkuntzaren arteko aldeetan sakontzeko aukera eman diezaguke. Bertsio biak konparatu, bertsio batetik bestea asmatzen saiatu, kazetariak egin duen lana berriro egin (transkribatu eta egokitu), idatzizkotik abiatuta ahozkoa berreraikitzen hasi,..
  • Trebetasunak, azpitrebetasunak, ikas-estrategiak
    • Trebetasun hartzaileak dira hemen protagonista duda barik. Bietan sakontzeko aukera. Testu osoa eta esanahiduna dugu gainera.
    • Identifikazio azpitrebetasunetan fokalizatu daiteke kontua. Baina hotsak eta hitzak ez ezik perpaus mailara pasatu daiteke. Sintagmak edo bloke morfosintaktikoak identifikatzen egingo nuke nik ahalegina. Baita testu pasarteak identifikatzean, zentzua daukaten unitate minimoetan, titularrak bilatzearen antzeko zerbait.
    • Esangura ateratzeko azpitrebetasunekin hasierako ahalegina egin daiteke: pasarteak interpretatu euskarri biak erabilita (audioa eta idatzia).
    • Iritzia egiteko azpitrebetasunak era maila basikoan erabili daitezke: elkarte bateko lehendakaria izatea edo besterik gabe horrelako lan boluntarioen balioa, bertsolaritzaren oraina eta geroa, ....
    • Aurkitutakoa erabiltzeko azpitrebetasunak forma mailara gehiago lerratu daitezke esangura mailara baino. Hau da, aurkitu daitezkeen esakuneak, espresioak, formulak norberaren hizkuntzara ekartzeko estrategiak, hausnarketa,..

jarraitzeko

10
Mar
2006

Borreroa. Herritarrek gorrotatutako funtzionarioa

Zer: 

Borreroen inguruko erreportajea: Argia 2031

esteka: 
http://tinyurl.com/oqojr

Ataza baterako ideia bat

Testuaren interneteko bersioa hartu eta aragazkirik gabe folio baten itsatsi eta banatu

Argazki batzuk eman aparte. Testua maketatzeko esan digute eta argazkiak non jarri markatu behar dugu testuan. Aukeran argazkiak oinarekin ala argazki-oinik gabe ematea.

Argazkiak ARGIAko erreportajetik atera daitezke edo bestela interneten bilatu halako motiboak (urkamendia, pikuta, sorginak erretzen, Berlanga,...) 

Argazkiak bestalde, atazaurrean erabili daitezke gaia pizteko.

Sindikatu edukia