1a

12
Eka
2008

Ahozko laginak lortu

Zer: 

Ahozko laginak internetetik batzeko ideia bat

esteka: 
http://www.snapvine.com/bl/IZd_YCm0Ed23YwAwSFs39g

Ahozko hizkuntza landu nahi dela, askotan entzun dut ez direla erraz topatzen ahozko hizkuntza informal eta kolokialeko laginak eta grabazioak. Badakizue, egunero inguruan entzuten den hori. Podcast-en inguruan endredatzen ideiatxo bat etorri zait. Inori zerbaitetarako balio badio-edo. Azalduko dut.

Interesatzen zaidana ez da neure grabazioak edo neure ahotsa entzunaraztea (entzuten baduzue, berehala konturatuko zarete zergatik), jendearen ahozko erantzunak jasotzea eta haiekin laginak batzea baino. Hiztun desberdinen ahozko laginak jaso nahi ditut hain zuzen ere, besteak beste:

  • Ikasleari eskaintzeko entzungai "naturalak" edo errealak
  • Ahots desberdinen bidez input ugariagoa emateko.
  • Euskaldunen ahots "erreala" erakusteko.

Eta badira podcast zerbitzu batzuk mezuak ez ezik, erantzunak ere ahoz bidaltzeko aukera ematen dutenak. Bat aukeratu dut, Snapvine, eta podcast-audiobloga zabaldu dut.

Hori lortzeko bide erraz eta eskuragarria eskaini dit Snapvine honek. Ordenagailuak mikrofonoa badauka atxikirik (gero eta ohikoagoa), ez da aparteko endredorik behar, botoi bati sakatu, grabatu eta bidali.

Lau ideia hasteko:

Kasu guztietan ahozko erantzunak jasotzea interesatzen zaigu. Hizkuntz-laginen errepositorioa arin eta erraz sortu daiteke honela. Enbotatzeko aukera ere badugu:

Audiobloga


edo

mezu bakoitza


Comment | Copy This

Snapvine hau ez da izango egiteko bide bakarra seguruenik. Ez naiz gehiagoren bila zoratu, baina boteprontoan anterakoak egiteko bi hauek etorri zaizkit gogora:

  • Forvo. Web zerbitzu honek hizkuntza desberdinetako hitzak ahoskatuta biltzen ditu. Erabiltzaileek eurek grabatu eta bidaltzen dituzte. Hizkuntza arrotzeko hitzen ahoskera ezagutzeko pentsatuta dago, baina ikasteko ere baliagarria da. Euskara ere han dugu.
  • Covcell tools. Moodle-ekin ari zaretenontzat interesgarria. Ahozko elkarreragina eta grabazioen bidalketarako modulua ari dira garatzen. Ez dakit garapena une honetan zelan dabilen, baina barruntatzen dut garatzaileetako bat ez daukagula oso urrun. ;-)

Hor duzue ideia. Tiratzen jarraitu nahi baduzue, aurrera!

01
Eka
2008

Ataza 2.0?

Zer: 

Atazak 2.0 aukerekin antolatzeko saiotxoa.

esteka: 
http://gentequebloguea2.blogspot.com/

Gente que bloguea bloga aurkeztu digu Iñakik. Gaztelaniaren irakaskuntzan ezaguna den Gente 2 materiala web2.0ra egokitzeko eta osatzeko saio interesgarria egin dute han. Inbidia apur bat sentituta, probatxoa egiteko kili-kilia izan dut. Gurera ekarrita zer izan liteke 2.0 ataza bat? Honelako zerbait?

AEKren ataza honetatik abiatu naiz.

Bertsolariak eta bertsoak

Hiztegi apur bat

Bertsoplaza.tv gunea aurkitu dugu internet-en. Bertsoen munduko gauza asko, elkarrizketak adibidez. Hau irakurri dugu han:

Bertsolari, bertsozale, aditu, gai-jartzaile... eta bertsoarekin zerikusia dutenei egindako elkarrizketak dauzkazu hemen ikusgai, Hitzetik Hortzerak eta Bertsoplazak grabatuak. Nahi baduzu, komentario bat utzi.

  • Bertsolaritzaren munduan oso erabiliak diren hitz batzuk azpimarratu ditugu. Seguraski gehienak ondo ezagutuko dituzu honez gero. Buelta bat emango diegu dena dela. Esaguzu zerbait bakoitzari buruz. Baina lasai, kontsultatu egin ahal duzu. Hemen dituzu pista batzuk:
  • Ondo da. Orain hitz bakoitzari buruz dakizuna edo ikasi duzuna iruzkinetan (komentarioetan) idatzi ahal duzu. Eta besteek idatzi dutena zuzendu eta osatu ere egin ahal duzu. Bertsolaritzari buruz gauza asko ikasiko ditugu gaur.

Egon zara inoiz bertso-saio batean? Ez? Orain ikusiko duzu bat.

Bertso-saio hau bertsoplaza.tv-tik atera dugu. Datu batzuk behar ditugu:

  • Bertsolaria: nor da? Zer dakigu hari buruz?
  • Gai-jartzailea: nor da?
  • Bertsozaleak: nortzuk dira? Nongoak?
  • Bertso-saioa. Non? Zergatik?

Bilatu informazio hori ahal duzun lekuan, internet guztia daukazu eskura. Iruzkinetan ipini informazioa, edo osatu besteek ipintzen dutena.

Gustatu?

Bideo originala aurkitu baduzue galdera hau ikusiko duzue azpian: Gustatu zaizu? Eta bost izar dauzkazu baloratzeko. 1: ez, 2: tira!, 3: ondo dago, 4: oso ona, 5: ikaragarri ona. Ipini zure puntuazioa hemen behean:

  • Bertso-saioari:
  • Bertsolariari:
  • Gai-jartzaileari:
  • Bertsoari:
  • Bertsolaritzari:

 

Honelakoa izan daiteke 2.0 ataza bat?

08
Uzt
2007

Entzutezkoaren ulermena lantzeko proba

Zer: 

Entzundako elkarrizketa bateko ideiak aplikatzen

esteka: 
http://tinyurl.com/ypsyv4

Maria Paezek Experimentando con ELE blog-podcast-ean Sevillako Unibertsitateko Teresa López irakasleari ellkarrizketa egin zion duela hilabete batzuk podcastak eta entzutezkoaren ulermenaren lanketaz, eta gauza interesgarriak entzun ditudala uste dut. 

Hemen dauzkazue blogeko mezua eta elkarrizketa:

Podcast+Clase de LE = Realidad

powered by ODEO

Elkarrizketa ondo ulertu badut, ulermena lantzeko ahozkotasunean fokalizatzea proposatzen du Lópezek. Podcastak erabiltzen ditu, eta, hemen erabiltzen den ereduaren antzera,  horretarako hiru pausoko prozedura proposatzen du:

  1. Hotsak ezagutzea
  2. Hiztegia lantzea
  3. Abiadura normalean entzutea.

Probatxoa egingo dugu Ikasbiletik hartutako entzungai batekin, honekin hain zuzen ere:

Saltxitxa patriotikoak

Pausoak:

  1. Hitzen zerrenda hau irakurri:
    • errekorra hautsi, suziriekin ospatu, ogi eta guzti, hasi aurretik, sorpresa eman, estatu batuar peto-peto, Estatu Batuak, hala da, jateko lasterketak, Connie Island, urarekin lagunduta, japoniar bat, lehiaketa patriotikoa
  2. Hitz hauetatik entzungaian agertu direnak markatzeko entzun.
  3. Konprobatu (berriro entzun)
  4. Ulertzen ez direnak zer izan daitekeen pentsatu, hiztegian kontsultatu, interneten bilatu, ama-hizkuntzara itzuli edo ikaskideei-irakasleei galdetu.
  5. Entzun berriro hitzen esanahia zehazteko edo deduzitzeko.
  6. Kontatu den istorioa eraikitzen saiatu (aukeran)
  7. Entzun istorioa.
  8. Albistea idatzi, kontatu, berreraiki, komentatu, istorio paraleloak egin, antzeko istorioak gogoratu eta kontatu, memoriaz ikasi eta errezitatu-imitatu....

Tira ba, galdera bi:

  • Ondo ulertu dut elkarrizketa?
  • Ulermena 1. mailan lantzeko balio dezakete honelakoek? Hobetzeko modurik okurritzen zaizue?
27
Mai
2007

Mikroblogak

Zer: 

Twitter eta halakoek eman ditzaketen aukerei buruzko gogoeta.

Web2.0 kontzeptua agertu denetik (eta agertu aurretik ere bai) etengabe ari dira sortzen zerbitzu berriak, komunikaziorako funtzionalitate edo formato berritzaileak ekartzen dizkigutenak. Duela hilabete batzuk azkenengo "iraultzetako" bat agertu zitzaigun, Twitter. What are you doing? galderari barra-barra hasi zen jendea erantzuten mundu guztian.

Nabigatzaile eta blogarien artean muturreko erreakzioak eragin ditu olde horrek. Entusiasmo itsutik eszeptizismo garratzerainokoak, epeltasun gutxirekin, baita Euskal Herrian berton ere.

Ni neu zuri-beltz horretan grisak ere egongo direla pentsatzea gurago izan dut, furixara horrek, beharbada, ez digu utzi ikusten derrepentean erraldoi egin zaigun arbola horren ostean. basoan, landaredi ugariagoa egon daitekeela. Eta euskara ikasteari begira aukera batzuen trazak hasi naiz ikusten.

Pausorik pauso:

Zer dira mikroblogak (edo)?

Twitter sarean publikatzeko era desberdina da. Azkenengo urteotan bloga izan da izarra duda barik, baina bloga gero eta landuago eta (baten bati irakurri diodan bezala) "barrokoago" egiten dabil, hau da, ezaugarri zehatzetako testu generoa ari da bihurtzen.

Baina blog hitza weblog hartatik datorrela, gogoratu dezagun "log" kontzeptua dagoela atzetik: gertakizunak kronologikoki jasotzen dituen fitxategia, deskribapen labur eta zehatzean, titulu barik. Twitter hau, neurri batean lehengora bueltatzeko era izan daiteke horrela ikusita.

Twitter ez da mikroblog kategoria honetan sartu dezakegun bakarra hala ere, Twitter-en klonak gorabehera (gero eta gehiago), beste kontzeptu bat egon da urteotan ostenduta: tumbleloga, adibidea Tumblr zerbitzuan daukazue (hemen daukazue Karrajua Bi -n egin genuen aipamena, eta Joxe Aranzabalek Faroan egin zuena). Funtsean blogeatzeko edo sarean publikatzeko beste era bat: laburra, zehatza, eta sarritan egiten (ari) denarekin estu lotuta.

Aukerak

Tira ba! Zertan lagundu ahal digute horiek guztiak euskara ikasteko orduan? Ez daukat erantzun zehatzik, baina formatoan eta publikatzeko eran aukera batzuk barruntatzen ditut.

  • Testuaren luzera eta konplexutasuna murriztu egiten dira. Hizkuntz-formak sinpleak dira, esaldi bakarreko testuak.
  • Publikatzen errazak. Testuaren sinpletasunari gehitu web-en bidez edo mugikorren bidez publikatzeko aukerak.
  • "Benetako" testuak dira. Zerbait esaten diogu norbaiti, fundamento gutxiago edo gehiagorekin, baina komunikazio-ekintza gertatzen da. Hizkuntza erabili egiten da.
  • Testuok oso lotuta daude ekintzarekin, inguruarekin, egiten denarekin. Erabiltzen den hizkuntza estu lotuta dago errealitatearekin beraz. Batzuen arabera, hizkuntza ikastean pentsamendu eta gogoetarekin lotutakoak baino lehenago eskuratzen diren testuak dira hauek, ulergarriagoak eta sortzen errazagoak.
  • Testuak idatzi eta gorde egiten dira. "Log-a" egin ahal da, bilakaera eta prozesuen ispilu izan daitezke. Une honetan testu idatziak dira nagusi, laster batean seguruenik mikropodcast-ak ere agertuko dira, eta mikrovlogak (ezetz?).

Eta zein da hizkuntza ikasteko zabaldu daitekeen bidea? Beheko mailak adibidez. Ikuspegi komunikatiboaren agerpenetik ikasle hasi berrientzako jarduera komunikatibo erreal eta aldi berean eskuragarriak topatzea izan da buruhaustetariko bat. Zelan lortu hizkuntza beheko mailetan "benetan" erabiltzea? Aurreko puntu horiek adibidez A1 edo A2 mailako (Europako markoaren arabera) ikasle batek bete ditzakeen eginkizunetara (edo atazetara) garamatzate nonbait. Ezta?

  1. Konplexutasun gutxiko testuak, ulertzeko nahiz sortzeko.
  2. Ekintzarekin lotutako esanahiak, "grafikoak" eta "ikugarriak".
  3. Hizkuntz-forma sinpleak.

Zer egin daiteke orduan?

Esan bezala, ez daukat ideia zehatzik. Tresna hauetaz baliatzeko bideak jorratzen hastea baino ez dut proposatu nahi, baina bide batzuk zirriborratzen saiatuko naiz.

  • Ikaslearen log-a: Ikasprozesua jarraitzeko tresna modura erabil daitezke tutoretzetan edo ikasleen prozesuaren ebaluaziorako. Hizkuntza ikasteko zer-noiz egin dugun apuntatuta. Edo ikasle desberdinen prozesuak konparatzeko (guk geuk edo eurek).
  • Hizkuntz-formak erabiliaz lantzeko. "What are you doing?" galderari euskaraz erantzuteko modu ezberdinak daude: "telebista ikusten", "ariketa egiten", "lanean", "lotan" edo "butakan etzanda" adibidez. Eduki formaletan funtzioak, nozioak, hiztegia eta forma morfosintaktiko desberdinak ditugu. Egin daitekeen bat: ohiko ekintzen zerrenda eman, eta egunean zehar egiten dutenean mikroblogean publikatzeko esan. Hau hizkuntza erabiltzeko era bideratua izan daiteke.
  • Prozesuak kontatzeko. Zerbait egiteko pausoak mikroblogean apuntatuta, "Zer egin du honek gaur?" galderari erantzun dakioke adibidez. Edo zerbait egiteko instrukzioak erredaktatu.
  • Pertsonak ezagutzu-deskribatzeko. Kontatzen denetik pertsonaren deskribapena egiten saiatu daiteke adibidez: "Hau berandu altxatzen da", edo "Arratsaldean lan egiten du" bezalakoak.
  • Klaseko zer eginak eman eta haien jarraipena egiteko.Egin beharroa zein den publikatu, eta norberak egiten duenean abisua eman. Autoikaskuntza inguruneetan programazioen jarraipena egin daiteke honela. Honetarako zer eginak eta proiektuak kudeatzeko tresnak ere erabil daitezke.
  • Ikasleen arteko oharrak eta abisuak pasatzeko. Elkarlan eta elkarreraginerako tresna ere izan daitezke.

Boteprontoko ideiak izan dira hauek. Ez dakit noraino-norekin-non izan daitezkeen egingarriak, baina haritik tiratzeko balio badute, ondo.

Tresnak

  • Ordenagailua edo (eta) mugikorra.
  • Twitter. Esan bezala, une honetako izarra da. Erabiltzaile kontua edukiz gero, lagun zerrenda osatu daiteke talde bateko ikasleekin adibidez. Edozelan ere, aplikazio osagarriak, mashup edo RSSaren bidez jarraitzeko aukera ematen du.
  • Twitter-en klonak, mashup-ak eta aplikazio osagarriak. Etengabe ari dira agertzen. Hemen daukazue zerrenda bat. Nik Jaiku aipatuko nuke adibidez. Twitter-en funtzionalitateez gainera jario-agregatzaile edo lastermarken bilduma bezala ere erabil daiteke. Baina, ikusten duzuenez jenero ugaria dago hemen.
  • Tumblog-ak. Tumblr da ezagunena. Twitter-en modukoen aldean desabantaila daukate, zaila taldeak edo komunitateak osatzea, baina mezu-formato aukera gehiago eta diseinu hobea eskaintzen ditu. Aukera interesgarria izan daiteke pertsona deberdinen "twitter-en" agregatzaile edo metablog bezala erabiltzea, ikas-talde edo tutore baten ikasleena adibidez.
  • Aukera gehiago ere badira: sare sozial batzuetan twitter-en estiloko tresnak atondu dituzte, proiektuak eta zer eginak kudeatzeko zerbitzu kolaboratibo batzuk ere horrela erabil daitezke, edo Moodle-en egunkaria modulua... Pentsatzea da kontua.
  • (Eguneraketa. Ahaztu ere egitea!).  Gorka Julio Teketenek honen inguruan hausnarketa eta proposamen interesgarriak ere egin ditu, nanoformatoak, hain zuzen ere, estudiatu beharreko kontua duda barik.

Tira ba! Mikroblogeo polemiko horri atarramendua ateratzen hasteko moduak topatzeko hasierako ahalegina baino ez da izan hau guztia. Borobildu, egosi eta asko landu barik.

Dena dela, baten bati haritik tiratzen hasteko balio badio eta zerbait interesgarria pentsatu edo egiten badu, poztu egingo naiz. Bestela, "gaizki esanak barkatu...".

07
Mai
2006

Boteiloia. Zelan esaten da?

Zer: 

Erderazko hitzak euskaraz zelan ekarri. Hausnartu eta egin.

esteka: 
http://www.erabili.com/zer_berri/galdezka/1143821533

 

Erabili.com-en artikulua agertu da boteloia euskaraz zelan esan behar den-eta. Erantzunak eta proposamen desberdinak egon dira gainera.

Hizkuntzari buruzko hausnarketak horrela azalerazten direnean ikasleari hiztegia nola eratzen den ikasten, ulertzen eta trebatzen lagungarria izan ahal zaio.

Aldi berean, hizkuntzaren inguruan zelako usteak, iritziak eta jarrerak dauden ezagutzen hasteko tresna izan daiteke. Eduki soziokulturala izan litekeena.

Zer egin?

Aukera desberdinak

  1. Sinpleena: irakur ataza baten ostean norberaren iritziz egokiena aukeratu eta justifikatu
  2. Euskaraz nola esan behar da? Ohiko galderari erantzuteko irizpide zerrenda osatzea
  3. Erdaretatik hartu ditugun beste hitz-esakune batzuentzako ordain alternatiboak eraikitzea. Adibidez: chat, apalankea, ...Bestela erabili.com-en hizkuntza atalean badaude horrelako gehiago: entresuelo, txistorrada,... Hitz sorkuntzarako bideak edo estrategiak erabili edo aztertu ahal dira, berbarako:
    • Atzizkiak: botilatzarra
    • Hitz elkarketa: botila-festa
    • Hitz zaharrak edo bazterretan gordetzen direnak: kopaleta
    • Euskaran ditugun berba espresiboak: kale-zurruta
    • Irudimenarekin sortzen diren figurak. (sentitzen dut baina nireak ez du orain ezer produzitzen)
    • ...
  4. Hitz bat "euskara" izateko zeintzuk baldintza bete behar dituen hausnartu. Azkenengo iruzkinak esaten duenetik abiatuta adibidez. "Euskaraz nola esaten da?" galdera horri baiezkoa erantzuteko bete beharrekoa. Edo bestela honako hausnarketa proposatu: "Boteloia hitza zure ustez euskara da? Zergatik?"
  5. Hau ez dator bat planteatu diren helburuekin, baina tentazioa hor dagoenez, azken baten boteloiaz berba egitea dago, dena dela berba egiteko motiboa emateko hau baino irakurgai egokiagoak egon daitezke: del.icio.us-en topa daitezke batzuk.

Ideia sortatxua da hau. Ideiok garatu eta konbinatu egin ahal dira.

28
Ots
2006

Liliput

Zer: 

Albiste laburrak blog erara komentatuta

esteka: 
http://www.blogak.com/liliput

Liliput - Albisteak labur kontatzen dituen bloga. Interesantea [del.icio.us klaserako] Webgune honetan berriak labur-labur eskaintzen dira. Baina albiste hutsa baino gehiago dago, iritzia ere badago.

Zertako erabili?

  • Irakurmena: irakurtze estentsiboa baina era berean erraza. Testu oso bat daukagu labur-laburra, baina testua dena
  • Kontestualizazio lana planteatu daiteke.
  • Gramatika eta hiztegia lantzeko orduan aukera interesgarriak ematen ditu. Testu laburrak baina esanahi osokoak, hizkuntz elementu formalei arreta hangiagoa jarri ahal diegu eta kontestualizazio lana erraztu. Saiatuko naiz adibide-proba-lagin-esperimentu bat egiten.

Zer egin?

Florentino power

Hemen blogetik ateratako albiste/ziri bat:


//www.elpais.es/recorte.php?Florentino

Kopan, kanporatua; ligan, Barçatik urrutitxo; eta Europan, hala-hola. Hala ere, aurten bere taldeak irabazi du diru gehien futbol taldeen artean.

Nork: Txiki.2006/02/16 19:14:29.692 GMT+1


Pentsa dezagun hau irakurri egin dugula eta perfektamentean ulertzen dugula. Orain galdera batzuk:

  • Ausartuko zara testu hau erdarara ekartzen?
  • Fijatu ondo esan duena nola esan den eta orain hasi zeu pentsatzen: Nola esango zenuke euskaraz?
  1. El Athletic este año la Champions tiene un poco lejos ¿no?
  2. El Ronaldo ese no se que se queja, si el gana el que mas.
  3. El Madrid puntos no, pero dinero es el que mas tiene.
  4. El Athletic mal, pero Real y Alaves tambien andan flojitos.
  5. Ha sido expulsado por tarjeta roja.
  6. Te atreves a dar un resultado?
  • Eta orain irakasleari bueltatuko diogu pelota. Galdetuiozu berak nola esango lukeen eta konparatu pentsatu duzunarekin.
Sindikatu edukia