Gurasoentzako berbalaguna
Durangoko jardunaldietan Mahataserrian burutzen ari garen Gurasoentzako Berbalaguna egistamoaren inguruan aurkeztu nuena.
GURASOENTZAKO BERBALAGUNA
MAHATSERRIKO BERBALAGUNA
Asapala Euskara Elkartea
Santutxu Euskal Eskola AEK
Zergatik gurasoentzako Berbalaguna?
Berbalaguna bezalako hizkuntza praktikatzeko jarduerek azken urteotako zabalpenaren ostean frogatu dute tresna interesgarriak eta eragingarriak direla euskaraz funtzionatzen duten harreman-sareak eta ohiturak sortzen. Orain arte esparru sozial irekian aplikatu dira, maila lokalean orohar.
Euskararen normalizazioak, hala ere, erronka zehatzak ditu arlo sozial batzuetan. Hizkuntzaren bidezko familia trasmisioa aipatzen da sarri euskararen geroaren giltzarrietako gisa. Eta zalantza handirik ez dago belaunaldien arteko hizkuntza transmisioa, familia bidezkoa, erabakigarria dela euskararen biziraupenerako.
Ikerketa soziolinguistikoen arabera, belaunaldien arteko euskara-transmisioa seme-alaba eta gurasoen arteko harremanetan gauzatzen da bereziki
Gure inguruan, Mahatserrian, hain zuzen ere, guraso euskaldun eta ia-euskaldun asko dago nahiz eta euskararen erabilera baxua izan. Eskola-eredu euskaldunek, hala ere, berebiziko indarra daukate. Nolabait euskararen ezagutza bermatzeko gogoa dabil gure inguruan, baina sarritan eskolaren esku geratu behar izaten da lan hori, eta familian euskarria ezinbestekoa da.
Gurasoen artean, kolektibo gisa hartuta, ezinbestekotzat jotzen dugu beraz erabilera sustatzeko programaren bat aurrera eramatea. Une honetan Berbalaguna ezagutzen dugu eta fruitu onak eman ditu. Zergatik ez ekarri orduan kolektibo honen behar izanetara eta berezitasunetara?
-
Familia mailako erabilera areagotzeko guraso ia-euskaldunek euren hizkuntza-gaitasuna hobetzea lortu behar da.
-
Praktika jarduerak hizkuntza-gaitasuna hobetzeko eta hizkuntz-ohiturak sortzeko tresna baliagarriak dira.
-
Gurasoen behar izanak eta ezaugarriak kontutan hartuz, jarraian, beraiei zuzendutako erabilera programa zehatza aurkezten dugu
Hemendik datorkigu Gurasoentzako Berbalaguna antolatzearen ideia.
Egitasmoaren xehetasunak
Nori zuzenduta dago?
-
Haur hezkuntzan, B eta D ereduetan matrikulaturik dauden ikasleen gurasoei.
-
Eta Berbalagunaren formatuak eskatzen duen modura bi partaide klase behar ditugu:
-
Euskara ondo erabiltzen duten gurasoak
-
Euskararen erabilpenean, ahozkoan gehien bat, trebatu beharra daukaten gurasoak
-
Helburuak
Egitasmo honekin, gehien bat, hau izango genuke helburu nagusi:
-
B eta D ereduko ikasleen gurasoen euskara erabilera areagotzea eta belaunaldien arteko hizkuntza transmisioan eragitea
Helburu zehatzak
-
Guraso ia euskaldunen gaitasun erlatiboa praktikaren bidez hobetu
-
Guraso euskaldunen arteko harreman sareak osatu eta finkatu.
-
Etxeko hizkuntza-ohituretan eragitea.
-
Euskararen presentzia soziala areagotzea
Jardueraren deskribapena
Jaduera hau funtsean Berbalaguna da, eta beronen ezaugarri nagusiak hartuko ditu.
-
Talde txikiak egiten dira, ia euskadunek eta euskaldunek osatuta, 5-6 lagun gehienez.
-
Maiztasun zehatz batekin berba egiteko batzen dira. Gutxienez astean ordu bete.
Gurasoen kolektiboak, hala ere, bestelako behar izanak izan ditzake, euren artean umeei arreta egitea, eta, bide batez, berbalagunarekin batera, umeei ere aisialdirako gune bat eskaini nahi diegu. Beraz, egitasmo honek osagarri bat izango du.
-
Umeentzako begirale zerbitzua antolatuko dugu gurasoak Berbalagunan dabiltzan bitartean.
Jardueraren antolaketa
Garrantzitsua da egitasmo honek aurrera egiteko inplikatutako eragileek bat egitea. Gure inguruan une honetan honakoak dira ezinbestekoak
-
Mahatserriko Berbalaguneko partaideak: Asapala Euskara Elkartea eta Santutxuko AEK
-
Eskola
-
Guraso elkarteak
Hiru eragile hauek hartu behar dute egitasmoa antolatzeko eta jarraitzeko ardura. Eta hirurek osatu beharko lukete jarraipen batzordea.
Baina jarraipen batzordearekin batera ardura zehatzak behar dira hemen. Berbalagunan bezala dinamizatzaile bat, eta horrez gain aisialdi-begiraleak behar dira. Hauek dira beraz egitasmoaren antolaketaren partaideak:
-
Jarraipen batzordea: Egitasmoaren jarraipena eta ebaluazioa
-
Berbalagunaren dinamizatzailea: Berbalaguna antolatu, jarraitu eta bideratu
-
Begiraleak: Umeekin aisialdi jarduerak antolatu.
Egitasmoaren garapena
Egitasmo berria dugu hau, inoiz egin ez dena eta gure ustez faseka burutu behar da. Hauek dira une honetan ikusten ditugun faseak:
-
Egitasmoa eragileei aurkeztu
-
Fase pilotoa bideratu. 2006ko urtarrilean hasi. Talde mugatua (eskola bateko gurasoak)
-
Fase pilotoren ebaluazioa (2006ko ekaina)
-
Zabalpena (2006/07 ikasturtea). Partaide kopuru zabala eta eskola desberdinetakoa
Baliabideak
Giza baliabideak
-
Dinamizatzailea
-
Begiraleak
Materialak eta ekonomikoak
-
Umeentzako gunea
-
Bulego eta komunikazio azpiegitura
Diru sarrerak:
-
Eragileen ekarpena
-
Diru-laguntza publikoak
Irteerak:
-
Pertsonal gastuak
-
Sustapena
-
Azpiegitura
Ebaluazioa: ebaluatu beharrekoak
Fase pilotoaren ostean, honakooi erreparatu beharko diegu bereziki egitasmoaren bideragarritasuna aztertzeko:
-
Etxeko hizkuntza-ohituretan eragina
-
Hizkuntza-gaitasunaren hobekuntzaren pertzepzioa
-
Partaideen asebetetze-maila
-
Eragileen asebetetze-maila
-
Jardueren betekizuna eta jarraikortasuna
-
Antolaketa eta jarraikortasun arazoak
Aurrerantzean
Emaitzak asebetetzeko moduak balira, epe ertain baten hauek izango lirateke programaren erronkak
-
Gurasoentzako erabilera eta praktika programa osatu. Jarduera berriak eta zabalagoak
-
Umeentzako aisialdi-programa globala bideratu
-
Praktika jardueren programan integratu. Berbalaguna, jarduera soziokulturalak
Azken baten, guk, euskara elkarte bezala, hau dena kontestu baten jarri behar dugu. Egitasmo hau azken baten honakoak lortzen lagunduko digula uste dugu:
-
Bilboko auzune pisutsuan hizkuntza-ohituretan aldaera positiboa bultzatzea
-
Giro urbanoan euskarazko harreman-sareak sustatzea
-
Presentzia soziala eta prestigioa indartzea
-
Hizkuntzaren etorkizuna bermatzea
Non gaude?
Asapala Euskara elkartea
-
Iturriaga 55, baxu ezkerra. Bilbo
-
94 473 54 48 | asapala@euskalnet.net | www.asapala.org
Santutxu Euskal Eskola AEK
-
Arbidea 21 - Aita Pernet 9. Bilbo
-
944117656 | santutxu@aeknet.net | www.aeknet.net
Bidali iruzkin berria