09
Mai
2006

Programa

Testuak atalean programa edo syllabus-en diseinuaz egin ditudan apunte batzuk sartu ditut.
Duela urte pare bat kontu honi bueltak ematen hasi nintzen. Gure sektorean askotan barruntatu dut halako etsipen puntua: jendeak ez duela ikasten, gure lana alferrikakoa izaten dela, egiten duzuna egiten duzula ikasleek berdin-berdin jarraitzen dutela,... Honakoekin ez dut bat egiten, baina halako sentsazioak ibili badabiltzala ezin ukatu, goi-mailetan gehien bat. Eta gure beharlekua aurrera eroateko ez dira onak izango seguruenera.

300 orduko ikastaro baten ezer ikasten ez duenik ez dagoela uste dut. Guk espero genuenik ikasi ez duenik asko ostera. Baina zer espero dugu "ikastea"? Zelan ikasiko dute espero dugun hori? Zer ibilbide markatu daiteke horra heltzeko?

Sarritan sentsazioa eduki dut halako ikastaro luzeetan batez ere, iparra ondo markatu barik, edo iparra galduta ibiltzen garela.

Egunez egun prestatzen dugu klasea, egin egiten dugu eta geu ere "zerbait ikasiko zuten" geure artean pentsatzearekin konformatu ohi gara.

Irakasle asko klasearen balorazioa egitean "gustura egon dira", "pozik", "ondo pasatu dugu" eta halakoak bota ohi dituzte lehenengo baten, eta aurrerapenari buruz galdetuta,... "Ondo ibili dira", "Lan asko egin dute"... eta halakoetan geratzea ohikoa izaten da. Ez da kasu generala, eta motibazioa eta giro onaren garrantzia ez dut ukatuko, pentsatu ere ez! Baina irakasle papera batzutan instruktore eta animatzaile sozio-kulturala aldi berean izatea dela dirudi.

Lehengo eguenan Plisti-plastaren blogean (bide batez, egiozue bisita, gauza mamitsuak botatzen ditu eta) bota nuen bezala, hizkuntza ikastea lehenengo eta behin erabiltzen trebatzea dela uste dut, eta trebakuntza guztiak bezala progresio bat behar du. Lortu nahi dugun erabilera maila zehaztu, helburuak ezarri eta helburu horiek lortzeko bidea diseinatu eta tresnak eskuratu behar dira. Hori da bide nagusia nire ustez.

Hori dena kurrikuluak azaltzen du, esango duzue askok. Bai eta ez. Kurrikuluak zer lortu behar dudan azalduko dit, etapetan banatu eta lortzeko ildoak zehazten ditu (ikuspegi metodologikoa), baina hori guztia ikastaro zehatz baten nola gauzatu behar den ikusi ditudan kurrikulu gehienek ez digute pista handirik ematen. Hau da, zelan egin behar da ikastaro baten programa?

Programa hitzaren inguruan bila hasita, konturatu nintzen leku gehienetan bereizketa egiten dela kurrikulua, programa eta programazioaren artean. Ingelesez syllabus terminoa erabiltzen dute (Erresuma Batuko tradizioan gehien bat), eta HABEren glotodidaktika hiztegian euskaraz ere horrela itzuli dute (gaztelaniaz programa erabiltzen dute ordea).

Honela bada,ingurura kolpe egin eta kurrikuluaren ondoren topatzen den dokumentu bakarra "programazioa" da, eta programazio hauek egunez egunez egiten dugunaren zerrenda baino ez dira, kurrikuluarekin lotzen zailak.

Horretan nabilela, iaz HABEren itzulpen sailean argitaratutako liburua topatu nuen (badakizue euskaltegietara lantzean behin bidaltzen dizkiguten liburu zuri-berde-laranja horiek), Susan Feez Australiako irakaslearen "Testu bidezko syllabus-diseinua" (HABE, itzulpen saila 46), liburu horretan hain zuzen galdutako katebegi horren aipua topatu ere. Syllabus-diseinua edo nola antolatu ikastaroa.

Liburuan irakurritakoaz ondorioa atera nuen segituan. Ikastaroen programak ez dira gauza berriak, eta denok ezagutu ditugu antxinako programa eraduak. Programa estrukturalak eta nozio-funtzionalak hain zuzen ere. Eduki linguistikoetan oinarrituta helburuak argi eta bidea argiago. Baina haien ikuspegi metodologikoa gaindituta geratu zen eta jardunbide berriak agertu ziren: AOI, prozesuzko programak.... Ikuspegi metodologiko zabalagoa, eragingarriagoa eta politagoa ere bai. Baina ikuspegi hauek, bertuteak bertute, iparra galtzearen sentsazioa ekarri dutela dirudi, izan ere, ez dute programa egiteko eredu argia eskaintzen. "Komunikatiboak" dira, baina komunikazio-gaitasun maila batera heltzeko bidea lausotuta azaltzen dute.

Susan Feezek praktikotasuna eta eklektizismorantzako iraulia proposatzen duela begitandu zait. Testu bidezko syllabus diseinuarekin aurreko guztiaren onarekin eta testuaren pedagogiako ekarpen batzuekin eredu interesgarria garatu duela uste dut. Gehien baten uneoro lortu beharrekoari begira diharduelako, eta ondorioz syllabusa ondo diseinatzearen garrantzia azpimarratzen duelako.

Lortu ahal-behar denari begira gehiago jartzea ez da izango gure etsipentxo horiek gainditzeko era bat?

Programa! Programa!

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Maiatza 10 - 17:41-(e)an bidalia.

Gu ere J. Anguita bezala hasi ote gara "Programa! Progama!" aldarrikatzen?
Arrazoi duzu. HEOKaren aurretik, hiru zehaztapen maila genituen:
Lehenik administrazioari zegokiona ; bitan banatua eta luzera euskaltegiek bi syllabus paralelo (baina sarritan kohesiorik gabekoa) erabiltzea ahalbideratu zuena. Beronetan batetik, erabat osatutako eduki gramatikaldun syllabus estrukturala genuen ;eta bestetik,trebetasun bakoitzaren helburuak,zeinak urrats bukaeran azterketa bihurtzen ziren eta urratsaren syllabus lausoa bideratzen zuten.
Bigarren zehaztapen maila euskaltegiari zegokion. Honek syllabus estrukturala sekuentziatu eta azterketak diseinatzen zituen (gerora, syllabus paralelo ia ezkutua eraginez).
Hirugarren zehaztapen maila irakasleari zegokion. Honek taxonomia guztiok ikasgelako jardun bihurtzen zituen, aurreko zehaztapen mailak ariketa eta egunez eguneko jardunaren bidez gorpuztuz.
HEOKek ere hiru zehaztapen mailon beharra aurrikusi zuen, baina ez dezagun ahaztu HEOK, batez ere, administrazio arloan jaiotako dokumentua dela. Beraz, ondo samar betetzen du administrazioari dagokion zehaztapen maila, paradigma berria islatuz; metodologia jakin baten aldeko apustua eginez... baina syllabus kontuetan, eklektizismoaren izenean ildoak nahasi samarrak dira.Honek ondorioak izan ditu,ezen bigarren zehaztapen maila (euskaltegiari dagokiona), edo ez da egin, edo nahasia izan da, edo ezkutuan eta lotsa bezala (eduki zaharrak hitz berriekin jantziz) HEOKaren aurrekoarekin jarraitu da.
Eta hirugarren zehaztapen mila, zer? Bada, irakasleak eta ikasleak beti bezala parakaidasik gabe ahal dutena egiten, baina oraingoan despistatuta eta nahiko noraezean gehienak.HABEk material "eredugarrien" bidez (BARRENE...) egoera zuzendu nahi izan zuen, baina materialok ere kutxa itxiak ematen dute, sekuentzializazio gabekoak atazetan oinarritutakoak diruditenak azalean baina programa koherente batean integratu gabekoak.
Ondorioa:Programa! Programa! bigarren zehaztapen maila ezin da gainetik pasatu, euskaltegiek, sareek edo dena delakoek (hezkuntzaren kurrikuluaren kasuan argitaletxeak izan dira gehienbat)lehenbailehen ekin behar diote dagokien syllabusa/k diseinatzeari.Bide eklektikoa hartuz nahi badute (beharbada, maila bakoitzari syllabus ezberdina dagokio eta akaso, syllabus mota batzuk osagarriak / bateragarriak dira...)baina programa koherentea eskainiz irakasleei eta ikasleei, berauek negoziatuz eta kontsentsu bidez hirugarren zehaztapen maila diseinatu eta gauza dezaten.

HEOS

Karrajua-(e)k 2006, Maiatza 10 - 17:51-(e)an bidalia.

Bai, bat gatoz honetan Plisti. Baina kontuz aldarrikapenekin ze horrela ekinez gero laster baten HABEtik dekretua datorkigu: HEOS (Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Syllabusa), eta hiru hilabetetan euskaltegi guztiek, edo irakasle-mailako zehaztapen maila bada irakasle guztiek, HABEtik pasatu beharko dugu norberaren syllabusari zigilua ipintzen. Ez eman ideiarik gero!

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia