Badakit apur bat kaparra nabilela Korrikarekin egunotan, munduan besterik ez balego edo. Bihar gaia aldatuko dut, zin dagizuet. Bitartean gauza pare bat nahi nuke esan.
Korrika hau inoiz baino grafikoagoa da komunikazioari dagokionez. Karrerako ekipoari esker Flickr-en bidez egunero argazki partida handia daukagu errepidean zer-non dabilen ikusteko. Ikusi bai, ikusi dute batzuek. Eta ikusi dutena gustatu ez. Haien gustukorik ez dut uste han topatuko denik baina.
Ez nau harritu Nafarroako Gobernuaren erabaki horrek, egia esanda ez nuen neuk ere gustuko ezer espero handik. Argazki kontuak denak hala ere.
Euskaltzale batzuk ere argazki kontuengatik kezkatuta era berean. Eta...
Erreibinkazioa, aldarria... sano irteten dira berbok Korrika dela eta ez dela, eta sano nahastu/batu batzuk eta besteak ere bai. Erreibindikazioa, aldarria, eskakizuna, salaketa... amorrua, etsipena, haserrea islatzen duten berbak izaten dira horiek guztiak.
Argazkiak ikusten ibili naiz. Ostegunetik honakoak. Gehien agertzen diren elementuak: petoak, lekukoa eta... irribarrea. Karreristak ez dabiltza negarrez, lekukoarekin batera irria pasatzen diote elkarri, pasatzeko desiatzen daudela esango nuke, irria hedatzeko. Korrikan hitz gutxi egiten den arren, euskarak transmititu egiten ditu sentipenak.
"Ongi etorri" dio aurtengo leloak, eta hori nahi du Korrikak akaso. Elkarri ongi etorri eman. Ongi etorri lagunari, etorri berriari, aspaldian etorritakoari, hemen betik egon denari, hemen inoiz izan ez denari. Ongi etorriaren irribarrea ikusi dudala uste dut.
Eta goiko italiarren eta beheko andre honen irribarrearekin geratzen naiz. Askoz gehiago motibatzen naute irribarreok gobernante batzuen okurrentziek eta geure arteko riki-raka tradizionalek baino.
Askori Korrikak hemendik aurrerako erantzunkizuna ekartzen digu, eta hari ekiteko adorea irribarre horiek ematen digute, lagunok.
PD. Eskerrik asko karrerako argazkilariei hainbeste irribarre ekartzeagatik.





jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Neu ere, Beni, zu bezala, irriarekin, festarekin, ahalegin zintzoarekin geratzen naiz. Baina neu ere, egia esan behar dizut, harrituta geratu nintzen igandeko BERRIAren azaleko argazkia ikusita. Baina, esan bezala, zurearen antzeko irakurketa eginda, beste elementu batzuekin geratu nintzen.
Hala ere, kontua da gai hauetan (eta aurrerantzean are nabarmenago) gure baitara ez ezik, "besteengana" ere begiratu beharra dugula. Gu asetzen eta pozten gaituenaz haratago, gure sentsibilitate bera ez dutenak ere aintzat hartu beharra dugu, bereziki estona edo sumin dezakeena. Eta ez dut esan nahi gurea den zerbait garrantzizkoari uko egin behar diogunik; baizik eta une jakin batean bigarren mailako elementu edo erreibindikazioak mugatu behar ditugula. Eta euskararen aldeko festa eta aldarri honetan euskara bera izan behar da gunea, euskarak batu gaitzakeelako.
Oraingo honetan aipatutako argazkiaren inguruabarrak erreakzio eta ondorio kaltegarria izan du. Horren berri izan dudanean, haserrea sentitu dut, bai baitirudi aitzakia bila ibili direla Nafarroan Korrika-ri laguntza kentzeko. Baina, ondoren, bigarren irakurketa ere egin dut: ezin zaie batzuei aitzakiarik txikiena ere eman ; are gutxiago, nolabaiteko borondate oneko keinuren bat egin ostean.