korrika

31
Mar
2007

Korrika.org: argazkiak igo

Korrikako argazkiak Flickr-era igotzeko eta etiketatzeko proposamena egin genuen aurrekoan. Hasi da jendea argazkiak igotzen eta korrika15 etiketa zein taldean hango eta hemengo argazkiak hasi dira pilatzen. Jendeak berak ateratakoak. Korrika2.0 horretan murgildu gara batzuk gero! Korrika2.0 saria eman behar izanez gero Txorierrikoak dabiltza gogor.

Edonola ere, ez ahaztu argazki ofizialak (furgonetatik egindakoak) Korrika.org gunean daudela, eta gainera aukera ematen digutela guztioi geure argazkiak igotzeko. Arazo tekniko batzuk gaindituta, erabiltzaile modura erregistratu eta argazkiak igotzen hasi daiteke.

Gainera, argazkiak dagoeneko Flickr edo halako zerbitzuren batean ipini badituzue, ez arduratu, argazkiak ordenagailutik ez ezik, web helbide batetik ere igo daitezke. Nik,adibidez, Flickr-en dauzkadan argazki batzuk jarri ditut zuzenean. Zeuen bilduma egin dezakezue, edo honez gero eginda dagoen bilduma batean sartu.

Flickr-en edo Korrika.org-en ez dauden argazkiak batzeko, sistema interesgarria topatu nuen lehengoan. Pixrat dauka izena, eta irudien markatzaile soziala da, argazkien del.icio.us bat alegia. Etiketak eta albumak ere egin daitezke, hemen daukazue egin dudan Korrikaren albuma. Bilduma polita egin daiteke, zerbitzua hala ere apur bat geldo dabil, lastima. Alboko barran daukazue pixrat-en widgeta

Bestalde, Korrika2.0 hau beste arlo batzuetan ere potente dabil. Bideoak ere ugari agertu dira, begiratu Google-en bestela.

27
Mar
2007

Korrika eguna

Korrika2.0 honen alderik interesgarriena bideoak, mapak eta argazkiak gora behera, han eta hemen agertzen diren kroniketan dago, blog eta halakoetan kontatzen ari direnak. Karraju honetan ere ezin gara atzetik geratu, eta saiatuko naiz geure kronika egiten. Korrika eguna euskaltegian, atzo, martxoak 26, Santutxun.
Kamara goizetik hartu eta kronika grafikoa barrutik.

  • 09:45, Santutxu


Euskaltegira, 10etan klaserik ez daukatenak batu (klaseak ez dira suspenditu) eta zer eginak banatu.

  • 10.05: Korrika Txikiak: Txurdinagan eta Etxebarria parkean. Talde bat Txurdinagara, bestea Etxebarriara. Musika ekipoa kotxean sartu, kotxea bera atondu eta Txurdinagako parkera goaz.

Karga ta karreiatuTronkomobila

  • 10.20: Txurdinagako parkea.

Argazkian Josune. Klasea amaitu du 10etan, Korrika Txikia animatu behar du 11etan. Amaitu, gauzak batu eta Santutxuko Korrika Txikia prestatzera doa (15.00etan izango da). 16.00etan klasera berriro. 20.00etan berriro geratu gara Korrika pasatzen denerako (21.15 inguruan).

  • 11.00-11.30: Korrika Txikia

Txurdinaga Korrika txikiaTxurdinaga Korrika txikia
Umeak eta gaztetxoak korrikan. Asko. Josune eta Ane kotxean. Aitor eta Patxi korrika umeen abiadura kontrolatzeko. Bi buelta parkera. Azkenean gaztetxoek gainditu egin dituzte.

  • 11.30: Txurdinaga. Korrika Txikiaren amaiera.

Txurdinaga Korrika txikia. Jaia
Irakasleek eta eskoletako jendeak gidatu du festa. Bitartean, umeen bertsoak, kantuak eta dantzak ikusten geratu gara 12ak arte.

  • 13.30etan. Pankartak ipini ditugu, 14.30ean geratu gara. Ahal duenak bazkaltzera doa. Bestela, bokadiloa edo pintxoa.
  • 15.00 Santutxu. Korrika Txikia

Txikiak lehenengo
Santutxu: Korrika txiki 1
Nagusiak gero
Santutxu: Korrika txiki 2
Bitartean peto berdea jantzi eta kale-gurutzeetan trafikoa zaintzen paratzen gara.

  • 16.00 Korrika Txikiak amaitu dira. Karmelo plazan jaia. Eskoletako jendea arduratuko da. Atsedena hartu ahal dugu, klasea eman behar ez dugunok, jakina.
  • 19.00 Euskaltegia.

Santutxuko koordinazio zentroa19:00 bazkaria
Euskaltegiko bulegoan azkenengo zer eginetan: petoak, ordutegiak, .... eta bazkaltzen.

  • 20.00 Iturriagan geratu gara. Peto gutxi dauzkagu saltzeko, baina mahaia ipini behar da.

Mahaia topatu duguSaltzaile onak
Mahaia aurkitu dugu, Itzi saltzaile abilak laguntzaile abila topatu du.
Bitartean lekukoa eroan behar dutenei petoak banatzera joan da beste ekipo bat.
Petoak saltzeko
Salmenta hasi da. Hasi eta segidan amaitu dira.
Petoak saltzen

  • 20.30: Bakoitzak bere lekura joan behar dugu. Baina lehenengo talde-argazkia egin dugu. Sikieran!

Ekipoa
Kilometro bakoitzean dena prest dago. Itxaron baino ez dugu egin behar. Euria hasi du. Santutxu kaleko lehenengo kilometrora goaz Itzi, Edurne, ikasle pare bat eta neu. Aterki pare bat lortu dugu biderako.
Santutxu 1028 km. AEK-koak eta

  • 20.45: Lekukoa eroan behar dutenak han daude. 1028 km. Solokoetxe eta Karmelo ikastetxeetako ikasleak, irakasleak eta gurasoak prest. Txaparrada eta guzti, jendea dago zain.

1028 km, SantutxuSantutxu 1028 km. Jendea

  • 21.00: Lekuko aldaketa dago Iturribide erdian, nire auzotik behin pasatu eta hara noa, 1027b km. ELA, LAB eta ESK-ko sindikalistek hartu behar dute lekukoa. Euripean zain. Meskita dago ondoan, hiru lagun etorri dira handik.

Iturribide 1027b: kartelaAssalamekoak
21.50. Berandu dator. Petoen furgoneta agertu da.
Iturribide 1027bIturribide 1027b: petoak

  • 22.00 Azkenean heldu da. Sindikalistek hartu dute lekukoa eta hor doaz Iturribiden gora.

Lekuko aldaketa IturribidenIturribideko aldapaIturribiden gora

Aldapa mitikoa uste baino askoz errazago egin da. Santutxura heldu gara. Algara, jende asko. Santutxu kalea beterik:

AEK-k antolatzen du Korrika. Hau izan da AEKide batzuen Korrika eguna.

24
Mar
2007

Korrika.org jausita. Informazioa Aizunet eta AEKneten

Korrikaren webgune ofiziala (www.korrika.org) jausita dago atzo goizetik espero gabeko bisita kopuru handiagatik.

Konpondu bitartean (astelehenera arte omen) Aizu!ren eta AEKren webgunetatik ari dira informazioa zabaltzen AEK-koak.

Ohar hau zabaldu dute:

Korrika 15en oharra:
ostiral goizean, Korrikaren bigarren egunarekin batera, www.korrika.org gunean egon zen sarrera piloaren ondorioz, web orria bertan behera geratu zen, eta ezin izango da berriro martxan jarri datorren astelehenera arte (martxoak 26). Sentimendu ezberdinak eragiten dizkigu AEK-ko kideoi kontu honek. Alde batetik, amorrua ematen digu orri hori martxan ez egoteak, baina, beste alde batetik, zergatik gertatu den gogoratuta, sekulako poza sentitzen dugu! Bitartean, www.aeknet.net AEKren web gunean izango dituzue Korrika 15en eguneko kronika eta argazki batzuk. Zuek sartu beldurrik gabe, honek agoantatuko du eta! Eskerrik asko guztioi!

Hemen daukazue oharra eta gaurko kronika osorik:

argazkia: aek

23
Mar
2007

Hutsaren aurrekoa

Euskadi Irratiko Mezulari saioaren tertuliaren zati bat entzun dut gaur arratsaldean. Korrika hasi dela eta, iruzkinean ibili dira hiru tertuliakideak (ez dut saioa normalean entzuten eta gaur ere ez dut osorik entzun, beraz ez ditut izenak entzun eta haien artean Mikel Irizar baino ez dut identifikatu).

Mikelek eta beste tertuliakide batek egin dute lehenengo irakurketa Korrika eta halako jaien inguruan. Euskaltzaleen artean azkenotan zabaldu den diskurtso baten ildotik jo dutela iruditu zait: halako makrojaiek ez dutela euskararen geroa ziurtatzen, egun edo sasoi labur bateko ilusioa baino ez direla... Beste tertuliakidea oldartu egin zaie, jaia eta ospakizuna behar direla hizkuntza biziko bada (Rousseau-ren aipamena egin du).

Errutina bihurtzen den ekitaldiak zentzua galdu eta prozesuan aurrera egiten ez duela laguntzen ulertu diot Mikeli, halaxe pasatzen dela horrelako makrojaiekin. Beste tertuliakideak hauen ekarpena hutsaren hurrengoa izan daitekeela esan du.

Ez da erraza (eta tertuliakideok horrela aitortu dute) Korrika edo Ibilaldia bezalako ekitaldi batez publikoan halakoak esatea, hain garbi berba egitea alegia. Kutsu afektibo-sinboliko handia daukate euskaldun eta euskaltzaleon artean, eta errazena erreakzio gogor-biszeralak piztea da. Nik neuk hala ere, guztiz bat etorri ez arren, gero eta gehiago estimatzen ditut horrelakoak, arrazoituta botatzen direnean gehien bat.

Gogoeta pare bat kontu honetaz, eskertuko nuke zuen iritzia:

Ekitaldi horiek une bateko ilusioa izan daitezke, bai. Lana egunerokoa da, eta egunero euskalgintzan lan egitea (euskara irakasleok, teknikariak eta gainerako profesionalak) ez da samurra izaten. Nahi genukeenetik urrun gaude oraindino eta ilusioa da galtzen errazena. Ez dakit horrelakoek noraino lagunduko diguten, baina -zer nahi duzue esatea?- Korrikak, neuri behintzat alde horretatik ez dit kalterik egiten. Egia da horrelakoak urteen poderioz errutina egin eta animo gutxiago ematen digutela, areago beraiek antolatzeko egin behar den ahalegina ezagututa, baina beharrezkoak ditugu oraindino.

Gauza bat hartu behar dugu gogoan, esatea politikoki zuzena izan ez eta gutxitan aipatzen den arren, ekitaldi horien helburu bakarra ez da festa eta ospakizuna, dirua dabil tartean, dirua oraindino behar delako. Korrika honetan argi esan da, batzen dena bi euskaltegi egiteko erabiliko da: Iruñean eta Baionan hain zuzen ere. Gordinegia iruditzen zaigu horrela esatea, baina esan egin behar da: euskararen normalizazioak dirua behar du ekitaldiaren osteko eguneroko lanari ekiteko. Eta ematen zaizkigun diru eta konfidantza horiek gure gain ardura ere uzten dute, gauzak ahalik eta hobetoen egitekoa.

"Euskararen aldeko jaia" leloarekin definitzen ditugu ekitaldiok. Zehatzago esango bagenu hobeto beharbada: "Begira, jai honekin nahi dugu hizkuntzarekin daukazun afektoa beste askorekin konpartitzen duzula ikusita sentimendu hori indartu dezazula, ze, hori da oraindik orain aurrera egiteko daukagun oinarririk sendoena, eta bestetik, honetan ari garenok lanean jarraitzeko dirua behar dugu, ze, sentimendu eta gogoarekin soilik ezin dugu aurrera egin egunerokoan. Emaiguzu adorea, eta dirua."

Hori bai, inork ez dezala espero euskara gure herrian hizkuntza "normala" den egunean hau etengabeko festa izango denik, euskara da errutina bihurtu behar duguna, ez euskararen aldeko jaiak.

22
Mar
2007

Korrika15: euskaltegietarako atazak

Korrika gora eta Korrika behera, klaseak aurrera jarraitzen du. Eta AEK-koek hori aintzat hartuta Korrika sasoian klasean erabiltzeko ataza sorta plazaratu dute.

Korrikaren webgunetik jaitsi daitezke pdf formatuan. Hauek dira:

Euskaltegietako Atazak

Hona hemen Korrika dela eta AEK-ko materialgintza lantaldeak sortu dituen atazak. Maila guztietarako lanak eskaini nahi dizkizuegu, eta horretarako aukeratu ditugun gaiak honako hauek dira:

  • Korrika 15en hasiera eta amaiera lekuak : "Karrantza aldean, 3. maila", "Iruñea, 1A maila" eta "Euskara Nafarroan, 2. maila".
  • Korrika 15en kanta eta omenduak : "Heldu Korrikari, 2. maila", "Euskararen transmisioa, 1B maila" eta "Sexismoa hizkuntzan, 2. maila".
  • Korrikari buruzko bestelako kontuak : "Korrika irudietan, 1A maila", "Zer da Korrika?, 1A maila", "Korrikaren alde ezkutua, 1B maila", "Euskaldun berriak, 1B maila", "Euskarari bai, 2. maila", "Korrika

Eskola mundukoek gogoratu zuentzako ere badaudela Korrikaren inguruko adin eta maila desberdinetarako unitate didaktikoak.

Estekak:

22
Mar
2007

Twitter

Luistxo Fernandezek zabaldu du Twitter modako web2.0 zerbitzua probatzeko gonbitea.

Twitter halako blog intentsiboa dela esan daiteke, oso mezu laburrak plazaratzen dira "what are you doing?" (zertan ari zara?) galderari erantzunez. Arrakasta itzela eduki ei du, batzuentzat estresagarria, beste batzuentzat adiktiboa, beste batzuentzat alferrikakoa,.... Arrakastaren beraren ajeak. Web2.0 aplikazio askorekin bezala, erabilerak topatzea izan daiteke gakoa.

Probatu barik kritikatzea gustatzen ez zaigunez, Korrika gaur hasiko dela-ta, saiatu gara lehenengo aplikazio praktikoa ematen. AEKren bulegotik Korrikaren inguruan jasotzen ditugun albisteak Twitter-era bidaliko ditugu, eta han ematen duten zerbitzuari esker, Karrajuko orri nagusiko eskuin aldeko blokean ere joango dira agertzen.

Ea ba! Proposamen edo ideia gehiago badauzkazue bota beldur barik.

23
Ots
2007

Niko Etxartek jarri dizkio musika eta hitza korrika15eko kantari

Niko Etxartek jarri dizkio musika eta hitza korrika15eko kantari - Abestiarekin batera Korrikako bideoa ere aurkeztu duteKorrika hurbiltzen ari den honetan, Korrika bera eta bere inguruko ekitaldiak girotuko dituen kanta eta bideoa ezagutu ditugu. Korrika 15eko kanta, Heldu Korrikari, Niko Etxartek konposatutako musikarekin eta bere berbekin dator. Ohi bezala, Hapa-Hapa taldeko musikariak izan ditu Niko Etxartek laguntzaile. Kantuan, bestetik, Euskal Herri osoko ahots eta estilo desberdinetako abeslariak izan ditu alboan: Barricada taldeko Enrique Villareal El Drogas, Dominic Earl, Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalba, Joseba Gotzon, Xabaltx, Arima Beltza taldeko Jon Gurrutxaga, Ozke taldeko Klod Etxebaerria, Amaren alabak talde zuberotarreko Luxi, Maider eta Grasi, eta Bruno Hollemaert. Kanta entzuteko sartu HONA [Korrika 15 bloga]

Beterano bi Korrikari kantari: Niko Etxart eta Drogas, gazteak haiekin. Eta sarean hau aurkitu dugu:

08
Ots
2007

Korrika2.0.1

Lehengoan aurtengo Korrika 2.0 egiteko proposamenak oihartzuna eduki duela dirudi. Sustatukoek zabaldu egin zuten eta batzuk aplikatzen hasi dira.

Korrika15 honen 2.0 jarraipena egiteko orri pare baten honen inguruko informazioa (link-ak, etiketak,..) ipini dut batetik, eta gero halako widget batzuekin (zeure webgunean edukiren bat kokatzeko ematen diren kode zati horiek. Zelan esan widget euskaraz? Gehigarria, tresna,...?) hiru orri atondu ditut. Batean technorati, bloglines eta del.icio.us-en etiketen eta bilaketen RSSak dauzkazue, Korrikaz blogetan eta sarean oro har esaten dena jarraitzeko. Beste baten Flickr eta Youtube-n Korrikaren inguruko azkenengo bideoak eta argazkiak agertuko dira. Eta hirugarrenean Tagzaniako Korrika15 etiketaren mapa dago. Jakina, nik erabili ditudan hauek guztiak zeuek ere ipini ahal dituzue zeuen blog eta webguneetan. Zerbitzu asko daude horretarako, nik bi hauek erabili ditut gehien bat:

Ez ahaztu hainbat zerbitzuk eurek ematen dituztela kode zati horiek, Tagzaniak adibidez.

Dena dela, gogoratu "widget" horiek erakargarriak izaten direla, baina jaten eman behar zaiela, eta horretarako inportanteena sarekideok testuak, argazkiak, bideoak,... publikatzea eta publikatzen dena lokalizatzea erraztea da. Gomendioa, ahal denean "korrika15" etiketa erabiltzea.

Eta Korrikaren webgune ofizialari bisitatxoa egitea. Heldu ba!

Sindikatu edukia