euskara

04
Urt
2008

Udal euskaltegiak

plisti-plasta | 2008, Urtarrila 4 - 18:44

Akaso oker ibiliko naiz, erabat erratuta apika, baina nire irudiko udal euskaltegiek, egun, erregimen legal bera duten zentroek osatutako sare administratibo hutsa osatzen dute. Gure mundutxoan diren beste sareek badute egituraketa osoagoa: didaktika zerbitzu propioa, organigrama bateratua... baina udal euskaltegiek HABEren gonapean hazitako umezurtz geratu diren kumetxo amazuloak dirudite. Bakoitzak berea egiten du, baina ez dago benetako elkarlanik, norabide edo proiektu partekaturik.

Mirari Bereziartuak dioen moduan, proiektuek lidergoa behar dute. Mirarik lidergo ereduak bilatzeko orduan naturari begiratzen dio. Bisonteak, kurriloak eta hegaluzeak hartzen ditu adibide. Bisonte taldea lider bakarrari erantzunez mugitzen da, liderrik ezean noraezean geratzen da. Kurriloak uve forman mugitzen dira, erpinean liderra dutela, liderrak huts eginez gero ondoan doanak hartzen du bere lekua eta sinkronian jarraitzen du hegan banda osoak. Hegaluzeei dagokionean, ia ezinezkoa da liderra zein den identifikatzea; denek egiten dute bat, sare perfektua osatuz.

Zail izango zaigu, jakina, bat-batean hegaluzeek bezala jokatzea; tarteko hainbat urrats egin beharko ditugu, guk geuk, nagusitxoak gara eta. Baina, gaur gaurkoz, Toshacken buru gabeko oilaskoak ematen dugulako ustea dut. Nire usteak erdia ustel izango ahal dira!

20
Aza
2007

Euskararen eguneko agurra

Euskararen Nazioarteko eguna laster dator, abenduaren 3an hain zuzen.

Bitartean, Argentina eta Uruguaiko euskara ikasle eta irakasleen Gu euskaldunak gara... Argentinakooak bloga aurkitu dut egunotan.

Han ipuinak, istorioak eta testuen artean, egun handia dela eta, hango euskaldunen agurra daukagu.

Biba zuek!

Argentina eta Uruguaiko euskaldunen agurrak.

18
Aza
2007

Zergatik negar egin?


living tongues
WSJko artikuaren saltsa oraindik pil-pilean dabilela, ele...mental blogean "Zoqueta, quizás un poco" artikulu deigarria topatu dut. Hizkuntza txikien desagerpenaz eta bizitzeko ahaleginen arrazoiaz ari da neurri handi batean.

Amaraunean agertutako beste bi kontutatik ehundu du hausnarketa.

Bateko, Arcadi Espada "Comen lengua" artikuluan hiltzeko arriskuan dauden hizkuntzak salbatzeko ahaleginei bueltak ematen hasi da. Laburtuta: hiztunak berak hiltzen ditu hizkuntzak, eta hiltzen ditu (hobeto) bizitzen jarraitu nahi duelako. Hizkuntzak, bestalde, ez ei dira izaki bizidunak, arnasketa era artikulatu bat besterik ez, eta hil baino, eraldatu eta bilakatu egiten dira. Gure artean nahikoa errotuta dabilen hizkuntza-ekologia kontzeptuaren kontra nonbait.

Besteko, Emilio Quintanak Mexikoko Tabascon gertatutako baten harira egin duen iruzkina. Zoque hizkuntzaren edo haren dialekto baten azken hiztun biak elkarrekin haserretu eta ondorioz ez da hizkuntza gehiago erabiltzen. Kennan Malik-en Let them die (Utz ditzagun hiltzen) artikulura jarri du esteka Emiliok erremate modura. Han, besteak beste, hizkuntzen desagerpena ez dela negar egiteko motiboa, bizitzaren legea eta aurrera goazen seinale baizik. Perla hau tartean:

'Nobody can suppose that it is not more beneficial for a Breton or a Basque to be a member of the French nationality, admitted on equal terms to all the privileges of French citizenship... than to sulk on his own rocks, without participation or interest in the general movement of the world.' So wrote John Stuart Mill more than a century ago. It would have astonished him that in the twenty-first century there are those who think that sulking on your own rock is a state worth preserving.

('Inork ezin du pentsatu bretainiar edo euskaldun batentzat frantziar nazionalitateko kidea izatea, Frantziako hiritartasunaren pribilegio guztiak haiei berdintasunean emanda, ez dela onuragarriagoa munduaren mugimendu orokorrean parte hartu barik euren kasa mantentzea baino.' Horrela idatzi zuen John Stuart Mill-ek mende bat baino gehiago duela. Harritu egingo zen ikusita XXI. mendean oraindik direla eurenean mantentzea gorde beharreko egoera dela uste dutenak.) itzulpen kaseroa.

Gogora etorri zait hainbatetan entzun dudan argudioa: "Munduan denok hizkuntza bera egingo bagenu hobeto".

Seguru nago halakoak irakurrita gehienongan haserrea, indignazioa, harridura eta estiloko sentsazioak sortu direla lehenengo batean, baita egileentzako epiteto sorta ederra ere. Edozelan ere, kontu honek guztiak euskara bezalako hizkuntzen normalizazioaz hausnartzen jarri beharko gintuzke.

Euskara biziberritu/berreskuratu/normalizatu nahi dugu, eta ez gara ados egongo horrelakoekin. Baina arrazoi sendo eta landurik erakusteko moduan gaude? "Zergatik negar egin?" galdera bota digute azken batean. 

Jon Sarasuaren hitzaldi honetakoak aurkitu ditut pentsatzen hasteko. Edo ele...mental-eko blogariaren gogoeta hau:

...Que el tiempo pasa y tiene que ser así es verdad, pero a veces entristece; que las cosas cambien es natural, pero a veces entristece; que la gente pase por el mundo es ley de vida, pero no por eso las pérdidas duelen menos. Claro, que la vida siempre sigue, aunque acabemos volviendo a casa por navidad. No para quedarnos.

Bestalde, Patxitraperoren hau. Eta -jakina!- Ruperren hau

Boteprontoan. Zelako tema hizkuntza "txikiak" zaharra eta zaharkituarekin lotzeko!

Estekak: 

21
Urr
2007

Hirugarren ametsa

Plisti-Plasta | 2007, Urria 21 - 19:42

Ametsa aldendu egiten da euskaltegitik. Gora egiten du. Han, behean, herriko plaza ikusten da: alde batean, eliza isil bat eta paperezko udaletxea; beste aldean, jende ugari, zaratatsu, euskaran jolasten, sozietate, probaleku, eta kantxa baten inguruan. Donostiara egin eta kristalezko etxetzar moderno batean sartu naiz.

Hirugarren ametsa: administrazioa

Atariko horman dagoen metakrilatozko esaldiari ari natzaio begira istant batez, zera dio: “Norbaitek hainbat egunetan kristal apurtua duen etxea ikusiz gero, litekeena da jendeak utzita dagoela pentsatzea. Horrela bada, laster izango ditu kristal guztiak hautsita” Bitxia, alajaina!

Lehenengo pisuko ate guztiak daude zabalik, odolik gabeko guda bat ari da gertatzen bulegoz bulego. Armada Beltzak : “konstrutibismoa”, “konektibismoa” eta “ataza” bezalako hitzekin erasotzen du Armada Berdea, zeinak zenbaki astunak eta araudi luzeak erabiltzen dituen ezkutu gisa. Nabaria da Armada Beltza ari dela nagusitzen aspaldiko partez, irribarrea ageri zait ezpainetan.

Unetxo bat beranduago, Armada Beltzeko buruzagia ari da mahai gainera igota ozen berbetan:

Garaipen garaiak dira lagunok! Une honetatik aurrera, sosak eta arauak didaktikaren zerbitzuan egongo dira. Sare publiko eta pribatu sendoak eraikiko ditugu. Irakasle guztiei zor zaien duintasuna aitortuko diegu. Euskaltegietako plantillak berritzeko eta egonkortzeko neurriak hartuko ditugu. Euskara doan ikastea hiritar guztien eskubide izango da. Garai berriak izango dira, lagunok!

Beldur apur bat sentitu dut hitz hauen ostean bandera ugari astindu direnean, irribarretxoa itzali eta eskaileretan gora egin dut, badaezpada.

Bigarren pisuan lasaiagoa da giroa, jende gutxi karrajuan, kafe makinaren ondoan antzina ikusi gabeko lagun bat, berbetan hasi zait:

- Aspaldiko! Zelan? Hamar zentimo bai?

- Tori! Josurekin geratuta nago. Zalaparta galanta behekoa!

- Bai, gizona! Josurekin? Zein Josu?

- Uste dut I+G departamenduan ari dela. EHUkoekin sinatu berri den hitzarmen batean nago interesatuta. Antza denez, soziolinguistikakoak oinarrizko ataza komunikatiboen frekuentziak neurtzekotan dira.

- Bai, bai...Josu Sagarzazu... ezaguna dut. Deskuidatuz gero, behean izango duzu hitz potoloren batez Armada Berdea erasotzen.

- Asko da, ba! Eta zu, zer moduz?

- Hementxe. Erakundearen erregulazio, prospekzio eta zerbitzu arloen organigrama berria taxutu nahian.

- Makinako kafea baino mingotsagoa zure lana, adiskide!

Bat-batean, brisst!, kristal zartatu baten hots zorrotza aditu dut. Urrunean hasieran, nire barnean ondoren, logelako leihoan atzenean. Esnatu egin naiz.

Argazkia: Black flag (nonameplayer)

14
Urr
2007

Bigarren ametsa

Plisti-plasta | 2007, Urria 14 - 19:34

Dir-dir, dardaraka ari den neoizko idazkunera egin du jauzi ametsak. "Euskaltegi@" iragartzen dute ketchup kolorezko letrek...

Bigarren ametsa: euskaltegia


Atetik sartu naiz. Hiru dimentsiotako euskaltegia ageri zait nire aurrean. Lehenengo dimentsioa barnekoa da, ikas-irakaskuntza presentzialari begirakoa. Bigarrena kanpokoa, kokatuta dagoen herriko kultur lanketaren eragileetako bat izan nahi duena. Eta hirugarren dimentsioa globalagoa, ziberespazioari dagokiona, beronen bidez antolatzen du euskaltegiak, besteak beste, telelearninga, antza.

Une honetan A. Einstein agertu zait ametsean: E=mc²! deiadarka. Zorabio galanta E=mc²! Ametsetan zorabiatzerik badago, behintzat! Dimentsioekin jolasten ibiltzeagatik gertatzen zaizkit halakoak, alafede!

Biok sartu gara atetik tupustean. Dekorazio zaindua duen euskaltegia dugu, nabaria da tentuz pentsatutako espazio banaketa duela, ezagunak ditugun gelategiekin zerikusirik ez duena. Espazio modular balioaniztun ugari daude, departamenduak eta ongi hornitutako tailerrak. Melokotoi koloredun sofa batean jesarri eta pentsamenduak etorri zaizkit trumilka: Bulgaria eta sugestopedia lehenik; ondoren, zenbait euskaltegitan gelako ateak ixten direnean mundu erreala (telebista, internet...) nola gelditzen den kanpoan, arbelaren eta klarionaren mesedetan...

Neska gazte bat jarri da alboan... portatila zabaldu eta blog batean idazten ari dela iruditu zait... Badakizu etxerako lanak! esan dit. Harritu samar, honek guztiak prozesu kognitiboan eragina izan behar duela pentsatu dut. Hi haiz pijoa hi! erantzun dit nire barruan daramadan deabrutxo euskaldunak.

Altxatu eta beste gela batean sartu naiz. Mintzamen tailerra da, antza. Zortzi pertsona ari dira ipuina kontatzeko teknikak lantzen. Une honetan keinuak nola erabili ari dira aztertzen. Irakaslea zein den antzematen saiatu naiz baina ez zait erraza suertatu, agian denbora luzeagoan egon beharko nuke horretarako, baina dena ikusi beharraren beharraz alde egin dut eta koordinazio gela batean sartu naiz.

Gela honetan irakasleak daude. Txoko batean dagoenak multikonferentzia erabiliz dihardu lanean bere ikasleekin. Beste hiru irakasle formazio plan bat diseinatzen ari dira; horretarako Arabako euskaltegi txiki batek sortu duen wikiaz baliatzea erabaki dute, antza. Zuzendaria non den galdetu diet. Ardurak zeharka banatuta dituztela erantzun didate; hala ere, zuzendari bakarrik ez duten arren, zuzendaritza taldekoak non biltzen diren erakutsi didate. Kontu honi pare bat buelta ematen hasi naiz nire kaskar kaskarrean.

Ezustean deiadar batek komikietako globo hiztuna bailitzan leherrarazi ditu nire azken pentsamendu hauek: plop! A. Einstein da berriro ere E=mc²! oihuka. Irtetean danbateko galanta eman do ateari:- Polita eta ondo antolatua euskaltegia, erlatiboki, jakina- dio -... baina ea behingoz kentzen duzuen ketchup koloreko neoizko letrero hori... Euskaltegi@ ... hori baino gauza horteroagorik!-

Sindikatu edukia