04
Urt
2008

Udal euskaltegiak

plisti-plasta | 2008, Urtarrila 4 - 18:44

Akaso oker ibiliko naiz, erabat erratuta apika, baina nire irudiko udal euskaltegiek, egun, erregimen legal bera duten zentroek osatutako sare administratibo hutsa osatzen dute. Gure mundutxoan diren beste sareek badute egituraketa osoagoa: didaktika zerbitzu propioa, organigrama bateratua... baina udal euskaltegiek HABEren gonapean hazitako umezurtz geratu diren kumetxo amazuloak dirudite. Bakoitzak berea egiten du, baina ez dago benetako elkarlanik, norabide edo proiektu partekaturik.

Mirari Bereziartuak dioen moduan, proiektuek lidergoa behar dute. Mirarik lidergo ereduak bilatzeko orduan naturari begiratzen dio. Bisonteak, kurriloak eta hegaluzeak hartzen ditu adibide. Bisonte taldea lider bakarrari erantzunez mugitzen da, liderrik ezean noraezean geratzen da. Kurriloak uve forman mugitzen dira, erpinean liderra dutela, liderrak huts eginez gero ondoan doanak hartzen du bere lekua eta sinkronian jarraitzen du hegan banda osoak. Hegaluzeei dagokionean, ia ezinezkoa da liderra zein den identifikatzea; denek egiten dute bat, sare perfektua osatuz.

Zail izango zaigu, jakina, bat-batean hegaluzeek bezala jokatzea; tarteko hainbat urrats egin beharko ditugu, guk geuk, nagusitxoak gara eta. Baina, gaur gaurkoz, Toshacken buru gabeko oilaskoak ematen dugulako ustea dut. Nire usteak erdia ustel izango ahal dira!

Etiketak: didaktika | euskaltegia | euskara |
Bidalitako artikuluak

Udal Euskaltegiak udalen

arkaitz zarraga azumendi (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 4 - 22:46-(e)an bidalia.

Udal Euskaltegiak udalen menpe geratzea, Arregiren aurretikoek udalei sartutako gol izugarria izan zen. Kontuan hartzen badugu gainera, AEK edo eurentzat "fronte kulturala" zenari aurre egiteko egin zutela, eskuadratik sartu zutela esan dezakegu. Kontua da gaur egun, trikimailu haren ondorioz, ez dagoela benetako sare publikorik. Udalbatza bakoitzaren araberakoa izango da euskaltegia jarri ala ez (zergatik Getxoko, Gernika edo Basaurikoek badute eta Bilbokoek, Lekeitikokoek edo Bermeokoek ez?. Gainera Etxebarrin gertatu dena gertatzeko aukera handiagoak daude (Pribatizatu egin dute eta euskara zinegotzia zenaren enpresak hartu du kudeaketa!!! Edo Barakaldokoaren antzeko kudeaketa guztiz susmagarriak. Bestetik, Irakasleoi dagokionez, Euskaltegi batetik beste batera alde handiak daude, bai lan-poltsen kudeaketari dagokionean, bai soldatei dagokienean (Pezeta gogoangarrien 1000000tik gorako aldeaz ari naiz).Gai beroa atera duzu Plisti-plasta! Eztabaida luzea beharko litzateke.

Lehen, orain, gero

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 5 - 00:20-(e)an bidalia.

"Lehen hala, orain honela, gero ez dakigu nola" dio esaera zaharrak.

Lehen hala

Lehenari begira aritu zara eta egia da udal askok ez zituztela oso gogo onez bere gain hartu udal euskaltegiak (nik ezagutzen dudan neurrian behintzat); egia da, halaber, berauen izaera juridikoak (udal autonomia...) ez zuela gehiegi lagundu sarea osatzen; eta egia da, modu berean, administrazioa ez zela prest egon arrautza guztiak AEKren saskian ipintzeko. Zalantzarik gabe orduko ajeak oraindik ordaintzen ditugu baina nire ustetan ez dira benetako sare publikoa osatzea ekiditeko bezainbesteko arrazoi. Udalen titularitateak eutsitako sare publiko baten ideia niri neuri ez zait okerregia iruditzen (beronen atzean egon zitezkeen arrazoiak ahaztuta, jakina).

Orain honela

Kasuren batean dituzun susmoak gehiegizkoak iruditu zaizkit, baina bete-betean asmatu duzu beste salaketa batzuetan: euskaltegi-maparen diseinu desorekatua dela, lan-poltsak direla, soldaten arteko aldeak direla... Eta ados nago niri neuri kontu larriena iruditzen zaidan baieztapenarekin: ez dago benetako sare publikorik edo sare publiko hori ez dago behar bezain artikulatua, behintzat.

Gero ez dakigu nola

Artikulaziorako bidea argi izan behar dugu eta urratsak eman. Behar-beharrezkoa zaigu benetako sare publikoa osatzea. Horretarako udal euskaltegiek egitura integrala behar dute (didaktikan eta kudeaketan), bateratsu (baina ez modu klonikoan) jokatu, partekatzeko azpiegitura sortu...

Geurea eta ez beste inorena da ardura. Gauzak bere horretan uzten baditugu edo besteen zain bagaude, oker gaude. Bada garaia Ediporen konplexua uzteko (hogeita bost urtetik gora daukate euskaltegi askok!) eta gauzak ondo edo oker badoaz errua geurea dela esateko eta diozun moduan benetako sare publikoa eratu eta sendotzeko. Jakingo ahal dugu nola!

Publikotasuna

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 5 - 02:32-(e)an bidalia.

Sare publikoez ariko bagara, puntutxo batzuk mahai gainean ipintzeko:

  • Euskara ikasteko titularitate publikoko zentrua gauza bat da, eta beste bat euskara ikasteko aukera edukitzeko eskubide "publikoa".
  • Une honetan helduek euskara ikasteko titularitate publikoko zentro bakarrak ez dira Udal Euskaltegiak, Hizkuntza Eskolak (EAEn eta Nafarroan, Iparraldean ez dakit zehazki zer dagoen) ere hor daude adibidez. Herri askotan (Durangon eta Eibarren esaterako) Udal Euskaltegia, Hizkuntza Eskola eta Euskaltegi "pribatua" ditugu batera.
  • Euskara ikasteko eskubide "publikoa" EH osoan nahi genuke askok. Udal Euskaltegiak EAEn baino ez daude. Nafarroan Zubiarte euskaltegi publikoa dugu adibidez.
  • Euskaltegi "pribatuek" ere (lekuan-lekuan gehiago-gutxiago) administrazio publikoaren menpekotasun neurri bat dute: diru-laguntzak, arautegiak, curriculuma (HEOKa denok geureganatu beharrekoa ei da, adibidez). Ez dira bada sare "publiko" baten parte horrela bada?

Biok esan duzuen modura, aspaldiko bekatuak ari gara ordaintzen oraindik. Eta duela hogeitaka urteko kontu haietatik euskaltegien sare konplexua, desorekatua eta desespezializatua heredatu dugu besteak beste.

UE desberdinetan soldatako aldeak aipatu ditu Arkaitzek. Neuretzat kezkagarriago ikasi nahi duena non bizi den sortu diren aldeak: matrikula prezioak eta diru-laguntzak, eskaintza, baliabideak... Publiko ororentzako aukera ugariko sare "publikoa" nahi nuke nik.

Euskaltegien mapa aipatu izan da duela urte batzuetatik hona. Beharbada Plistik proposatu duenari gehitzekoa: euskaltegien eta euskara ikasteko aukeren sare eragingarria eraiki behar da, eta ez hainbeste mapa batean banderatxoak ipini.

Aupala: Erantzuteko

arkaitz zarraga azumendi (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 5 - 13:42-(e)an bidalia.

Aupala:
Erantzuteko azkartasun ikaragarria zuena! tira, neuk ere zerbait berresan edo erantzun nahi nuke. Lehenik eta behin eskertuko nioke plistiri gehiegizkoa iruditu zaiona zer izan den esatea. Agian pribatizazioena? Bestearen kudeaketa? argibideak nahi izanez gero emango ditut!
Udalen menpe egotearen inguruan, galdera bat egin nahi nuke: zergatik ez hezkuntza sistema udalen menpe? osakidetza? Udalek ez dute gaitasunik esparru askori erantzuteko eta normalizazioa horietara guztietara heldu behar da. Ez dut esaten udalek ez dutenik hizkuntza politika garatu behar, ezta gutxiagorik ere, baina baliabideak instantzia altuagoek bermatu behar dituzte. Jakina EH osorako bermatzea litzateke desiragarriena. Bide horretan joan behar dira gure borroka eta aldarrikapenak. Euskararen arloan bezala beste arlo guztietan ere, baina badakigu horrek luze jo beharko duena.
Benitok izaera publikoaz egin duen galderari erantzuteko esango nuke baietz, euskaltegi guztiek "funtzio publikoa" betetzen dutela; diruz eta baliabidez lagundutako euskaltegi guztiek lan publikoa egiten dutela.Euskaltegien mapan ere horrela islatzen da hori. Baina nik irakaskuntza orokorreko ikastetxe kontzertatuekin parekatuko nituzke. Kurrikulua onartzen dute, nolabaiteko autonomia gordeaz, baina sare publikoa osatuta dago.
Azkenik, soldata eta ikasleek ordaindu beharrekoari dagolienean, ados nago, larriena zera da, ikasle batzuek matrikularen %90 ordainduta duten bitartean beste batzuek inolako laguntzarik ez izatea (adibidez, dena delakoagatik maila gainditu ezin izan duten herri batzuetako ikasleek). Horren aurrean agian irakasleak irten beharko ginateke erabateko debaldekotasuna aldarrikatzera, derrigorrezko hezkuntzan bezala euskalduntzean ere, publikoan zein kontzertatuetan, ikas prozesua musutruk izan eta eskubidea gauza dadin. Horrela ez bada, udalbatzaren araberako dirulaguntzak esleitzen jarraituko dira eta ezberdintasun handiak sortuko dira, adibidez, Getxoko eta Muxikako herritarren artean.
Portzierto, urte berria ondo has dezazuen eta eskatutako gauzen %80 behintzat bete dakizkizuen opa dizuet.

Sarean zun-zun

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 5 - 15:28-(e)an bidalia.

Udal euskaltegien egoeraren azterketa atetik barrura begira planteatu nahi nuen; baina ikusten dudanez leihotik kanpora begira ari gara. Ikustagun:

Sareei dagokienean, erabaki bat hartu beharra dago: sare misto bakarrerantz jotzen dugu, non egun garenok modu integratuan hiritarrei zerbitzu osoa eskaintzen diegun edo sare paraleloetara jotzen dugu: batetik, udal euskaltegiak; bestetik, zentro homologatuak; eta azkenik, libreak.

Egiten den aukera lehenengoa bada, has gaitezen sarea ondo josten; aukera bigarrena bada, aldiz, aitortuko didazue udal euskaltegiok ezin diogula uko egin hedapen osoa izateari, adibidez hiriburuetan euskaltegia izateari (ez da banderatxo kontua soilik).

Nik argi daukadana zera da: denontzat dagoela lekua eta lana, eta gainera lehia egotekotan ezin dela parametro administratiboetan oinarritu, ikas-irakaskuntzaren KALITATEAN baizik.

Arkaitzi ez zaio udalen titularitatea bidezkoena iruditzen, normalizazioan eragiten duten hainbat esparru beren konpetentzietatik kanpo dagoelako. Arrazoi du neurri batean, baina ez dezagun ahaztu euskaltegia normalizazioaren agenteetariko bat dela, baina ez bakarra. Osagarriak izan litezke konpetentzia lokalak eta zentralak. Bestalde, lurraldetasunaren arazoari aurre egiteko modu bat izan liteke.

Euskaltegietan ikasteko hiritarrek izan behar duten aukera berdintasunaz ados nago biokin.

Baina begira dezagun atetik barrura unetxo batez, sikiera:

Edozein sarek egituraketa behar du: goitik beherakoa eta zeharkakoa.

Goitik beherakoari dagokionez, udal euskaltegiak lehen HABEren euskaltegiak ziren (horrela deitzen zitzaien leku askotan eta horrelako sentsazioa genuen barrutik ere). HABE zen gure bisontea. Baina HABEk bere funtzioak denborarekin definitu egin ditu, ondorioz, normala den bezala, ekumenikoago bihurtu zaigu (administrazioaren alorrean, batik bat). Horren aurrean udal euskaltegiek ez dute erreakzionatu eta, oraindik orain, ez dute egituraketa berregin.

Zeharkakoari begiratzen badiogu, lehenago zeuden eskualde talde batzuk (zuzendariek edota idazkari akademikoek osatutakoek, jerarkia beti jerarkia) ahuldu besterik ez dira egin eta nik dakidala gaur egun ez dago benetako proiektu partekaturik.

Zein da honen guztiaren ondorioa? Toshack. Toshacken oilaskoak bezala gabiltza bakoitza bere aldetik. Ziur naiz euskaltegi batzuek izugarrizko lana egiten dutela baina frankotiradoreak bezala dabiltza. Euskaltegi bakoitzak bere nortasun bereizgarria izan behar du, bere proiektu eta zehaztapen kurrikularra, baina badira hainbat auzolan ere beste euskaltegi batzuekin aurrera atera beharrekoak.

Ez dut ukatuko udal euskaltegiok ekarpena egin diogula euskarari eta ikas-irakaskuntzari. Baina ukaezina da, ondo antolatuz gero, ekarpen hori askoz oparoagoa izango dela. Benitoren hitzei jarraiki, gaur egun dugun sare konplexu, desorekatu eta desespezializatuaren ordez, sare eragingarria(k) eraikiz.

Euskaltegiaren kontzeptua

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 6 - 20:34-(e)an bidalia.

Barrura begirako gogoeta piztu nahi duzu, konforme. Baina nabarmendu nahi duzun arazoa (Toshacken oilaskoena) ez dut uste euskaltegi publikoena denik soilik, euskaltegi pribatuetan ere agertzen da, eta euskaltegiaren kontzeptutik bertatik datorrela esango nuke.

Azalduko dut. Euskaltegia euskara ikasi eta lantzeko zentroak ei dira. Ondo, baina gaur arte behintzat, euskaltegia oro har maila lokaleko zentro modura ulertu izan da: leku batean dago, eta udalerri edo, gehienez, eskualde horretan dauka lan-esparrua. Bestalde, zentro lokal horrek izaera independientea dauka, bere gobernu organuak eta ardurak, autonomoa da nolabait. Salbuespenak salbuespen (barnetegiak, autoikaskuntza zentro berri batzuk...), irakasleak eta langileak zentro horretako partaide sentitzen dira gehien bat, eta hortik gorako ikuspegia normalean bigarren maila batean geratu ohi da. Lotura administratiboa kasu askotan lausoa, zehaztugabea, edo urruna izaten da gainera, eta hala sentitu ohi da askotan.

Arkaitzek pentsatzeko moduko konparazioa bota du: hezkuntza sistema edo Osakidetza udal mailan eratu eta antolatzea onartuko genuke?

Ez dut esango hala izan behar ez duenik hala ere, baina horrek berebiziko zailtasunak ekarriko dizkio goragoko maila bateko koordinazioa, komunikazioa edo elkalana antolatzeko ahaleginari.

Batzorde akademikoan prestakuntza dela eta ez dela, egon daitezkeen ikuspegi posibleen zantzuak agertu ziren. HABEren partetik prestakuntzaren diseinua euskaltegi bakoitzaren esku uztea proposatu zen. Beste batzuek berriz, ohartarazi nahi izan genuen Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen sektoreak oro har, behar izan eta lan-ildo komunak dauzkagula neurri handi batean, eta horrek sektore mailako gutxien-gutxieneko estrategia diseinatzea eskatzen duela, administrazioa eta euskaltegien esku egon beharko lukeena.

Ez da plazaratu nahi duzun gaia, badakit, baina hor duzu zantzua. Euskaltegiak hartu behar ei du ardura. Kostatzen da sektore edo sare mailako ikuspegia hartzea, eta gehiago haren arabera jardutea.

Toshack-en oilaskoak aipatu dituzu. Niri honek beti ekarri dit gogora italiarren berba bat: campanilismoa. Nork bere parrokiako kanpaiak baino ez entzutea, alegia.

Tira ba, interesatuon esku utziko dut gogoeta hemendik aurrera. Detailetxo bat aipatu nahi nuke amaitzeko, beste barik. Karrajuan eta sarean oro har, kasualitatez edo kausa bategatik, ez dakit, orain arte udal euskaltegietako jendea izan zarete aktiboenak (Plisti, Arkaitz, Aitor, Txelis, Josu, Leire...). Kuriositatea baino ez da akaso.

Campanilismoa

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 6 - 21:59-(e)an bidalia.

Argi dago atzenengo mezuotan trakets aritu naizela. Barrura begirako gogoeta piztu nahi dudala esatean ez nuen inola ere eztabaida baztertzailerik abian jarri nahi. Argi dago interesatuak guztiok garela; sare batean ala bestean aritu; eta argi dago, halaber, oso estimuan ditudala zure mezuak; denontzat baitira baliagarri.

Finean, gauza bat azpimarratu nahi nuen; ezin diogula beti kanpokoari errua leporatu, autokritika apur bat ere egin beharrean garela eta hurrengo urteotako gutxieneko estrategia bateratua ahalbideratu.

Esan duzun gauza batek asko arduratzen nau. Nire irudiko irakasleok gero eta bilduago gaude gure oskolean, geure lana aurrera ateratzearekin nahikoa dugu, lurrera begira ari gara eta gutxitan begiratzen diogu ortzmugari. Hamaika arrazoi daude honetarako: lan karga, promozio aukera eskasa, adinean gora doazen plantillak... "campanilismo" horrekin hausteko estrategiaren bat ere beharko dugu, ba!

Formazioaren adibidea ere ez da makala. Arrazoi duzu, horixe da zantzua eta horixe izan liteke adibidea. Formazioa egoki planteatuz gero, planteamendu globala eta lokala uztartu beharko genituzke. Sare bezala formazio plana beharko genuke sarearen ildo estrategikoak jorratzeko eta formazio hori euskaltegiaren planari egokitutako ekinbideekin osatu. Gaur egungo formazio moduak berriro ere Toshack dakarkit burura.

Hitzak hitz, oraindik jarraitzen dut arduratuta eta berriro diotsut ez nukeela inor eztabaidatik kanpo utzi nahi. Ikusten duzun moduan buelta bat baino gehiago ematen diot botatzen dituzunei, oso aberasgarriak zaizkidalako gogoetok (hau ere formazio plana da). Udal euskaltegiei buruz udal euskaltegikoek bakarrik hitz egitea... hori bai izango litzatekeela "campanilismoa"!

Lasai, Plisti

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 6 - 22:51-(e)an bidalia.

Trankil, Campanilismoarena ez dut ekarri eztabaida planteatu duzun moduagatik (hala interpretatu baduzu, neu naiz trakets ibili dena... gaizki esanak barkatu...), euskaltegia ulertu ohi den moduagatik baino: euskaltegia norberaren herrian hasi eta amaitzen dela dirudi askotan.

Azken batean esan nahi dut euskaltegien artean (dela UEn artean, dela bestelakoen artean) zerbait egin nahi bada kontzepzio eta egituraketa lokalista horrekin egiten dela topo sarritan, eta horrek zaildu egiten duela ahalegina.

UEetako jendearen gogoetarako ekarpen modura baino ez dut bota. Hortik aurrera ez dut gehiegi sartu nahi ondo ezagutzen ez dudan esparruan, beste barik, errespetuagatik baino ez bada ere.

Trankil beraz, ez naiz baztertuta ez minduta sentitu, eta eskerrik asko loreengatik ;-). Animoa bada, ea hemendik zer ateratzen dugun.

hori da! Hiruren arteko

arkaitz zarraga azumendi (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 6 - 23:01-(e)an bidalia.

hori da!

Hiruren arteko eztabaida honetan galdera pare bat bota nahi nuke, ea laugarren bateko erantzuten duen:
Irakasle berriak zein karreratatik etorriko dira? Kontuan hartu behar da filologia desagertuko dela eta, egia bada ere filologian gure egungo lanarekin zerikusirik zuen ezer gutxi ikusten genuela, ez dakit nondik etorriko diren gure erreleboak edo lankideak.
Bestetik, egungo euskaltegien mapari arlokako mapa gehituko bagenio (BAT 62ko nire artikuluan planteatzen nuen) nola egituratuko litzateke gure sektorea?
Badugu gaitasunik horretarako?

UEB

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 7 - 17:19-(e)an bidalia.

"Izena duena, bada", beraz, jar diezaiogun izena: Udal Euskaltegien Bilgunea (UEB).

Amets hutsala ote?

Beharrezkoa?

Hain zaila al da hiruzpalau euskaltegiren artean, hemendik irailera bitartean, Udal Euskaltegien Bilgunea eratuko duen batzarraren deialdia, egutegia, organigrama eta lan arloak prestatzea?

Badakit ez dela ereiteko garairik onena, hor kanpoan hotz egiten duela eta lurra harri koxkorrez betea dugula baina eztabaida honen bidez hazia botatzen ahalegindu gara, orain ur pixka bat behar du erne dadin.

Benetan, nik uste dut UEB

arkaitz zarraga azumendi (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 7 - 19:33-(e)an bidalia.

Benetan, nik uste dut UEB edo antzekoak planteatu baino, (kontuz siglekin garzonek karrajua irakurtzen du eta) . ganorazko euskara saila (ez zaila) sortzean pentsatu beharko litzateke. Habe eta HPS, Itzulpenen mundua, irakaskuntza, planifikazioa, hizkuntz politika, aisialdia euskalduntzeko ekimenak... bateratu. Transbersala (barkatu terminoa) izan beharko litzatekeen saila, horrela gure jardun, esfortzu eta baliabideak norabide jakinean jarriko genituzke. Hau da, osakidetzak dituen gabeziei aurre egiteko, 5-6 makro euskaltegi sortu beharko lirateke (ospitale bakoitzeko bat eta beste batzuentzako besteren bat) eta bertako langileek betetzen dituzten atazak kontuan hartuta programatu. Berdin epaitegietan, ikastetxeetan, herrietan (kaleko giroa, aisialdian, elizan...eragiteko).
Mapa berria beharko genuke, herrikakoa eta arlokakoa eta, batez ere, askoz ere populatuagoa. Lan arazorik ez genuke eduki beharko, ez!!

Udal Euskaltegiak

josu (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 8 - 13:52-(e)an bidalia.

Nire ustez, eta horrela boteprontoan, iruditzen zait ez genukeela horrenbeste kezkatu behar zer behar dugun pentsatzen; nik uste ondotxo dakigula zer behar dugun.Bestalde, UEB behar badugu, egin egin dezagun ea arrakastarik duen. Ni gehien kezkatzen nauena -eta badakit agian ardura "gu ez beste" batengan jartzea dela- zera da: Gaur egun daukagun administrazioaren (EAEn) kezka nagusia dela euskalduntzea kudeatzea ahalik eta esfortzu, diru, lan eta arazo gutxienekin. Sare publikoa (UEak) pribatizatzen ez badituzte, ausartzen ez direlako da, eta ez ez dutelako nahi edo sare publiko indartsuan sinesten dutelako. Udal Euskaltegien izaera sakabanatua, sare izaera baturik gabekoa, udalen eta ez gobernuaren esku egotea jarrera honen erakusle dira. Eta jarrera hori ez da gaur goizekoa: sortu zituztenekoa da, geroago dimentsionamenduarekin finkatu zena.
Enpin, apur bat demagogikoa irudi lezake esandakoak baina... horrela ikusten dut.

Bera eta berdina

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 8 - 17:24-(e)an bidalia.

Nik uste diagnostikoan ñabardurak ñabardura ados samar gaudela. Kanpotik ez zaigu inor etorriko gauzak konpontzera. Barrutik eutsi eta hazi behar dugu. Jar ditzagun, bada, horretarako baliabideak; ezen, bestela, dinamika berarekin jarraituz gero, emaitza berdinak lortuko baititugu.

Berandu baina...

etxepel (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 22 - 18:53-(e)an bidalia.

Kaixo lagunok!
Aspaldian nuen eztabaida honetan sartzeko gogoa, baina, hemen behin baino askotan aipatutako lana dela eta, ezin gaur arte.
Eztabaida oso interesgarria iruditzen zait. Ekarpen guztiak irakurri, eta inori erantzun barik, hiruzpalau puntutan laburtu nahi dut pentsatzen dudana.

Hasteko, UEen "campanillismoa"z eta Toshach-en oiloez...hitz egin da; baina UEen artean errealitatea ez da bat eta bera. Hortxe dugu Gipuzkoako UEen kasua. Oker ez banago, badute euren arteko gutxieneko antolamendu bat. Guztien premiak direnei (formazioa, publizitatea...)erantzun nat emateko, ardura hauen banaketa egina dute eta, nik dakidala, nolabaiteko erantzuna ematen diete. Gabezia hau, beraz, askoz nabarmenagoa da Bizkaian. Eta, bai, HABEk, Administrazioak... izango dute beren ardura kontu honetan; baina ezin dugu ukatu gure artean utzikeria eta nork bere etxeaz arduratzeko joera handi samarra dela. Beraz,nonbaitetik hasteko,hortxe dugu eredu antzeko zerbait. Hortik hasiko nintzateke ni. Eta oso egokia iruditzen zait Plistiren erronka. Kontua da horretarako egokienak egun zuzendariak direnak direla, beraiek eduki badute-eta noizbehinka elkartzeko aukera. Ni neu ez naiz zuzendaria, Plisti ez dakit, baina ezezkoan nago. Edonola ere, zerbait egiteko prest nengoke. Izan ere, une honetan Bizkaiko UEen ordezkaria naiz (uste dut denbora gutxirako) HABEren Gobernu Batzordean.

Beste puntu bat, euskalduntzea eta udalen eskumena. Honen inguruan, eredu mistoaren aldekoa nintzateke. Udalaren eskumena Udalerriaren Normalizazio arloaren barruan kokatuko nuke. Hau da, euskaltegia udalerriko euskara normalizaziorako beste tresna bat litzateke, Euskara Zerbitzuarekin lotuta eta Euskara Batzordeko kide. Hau den aldetik, udalak zeresan eta ardura handiak izango lituzke euskaltegiarekiko. Baina, bestetik, hemen aipatu denez, ezinbestekoa da, Osakidetza eta Hezkuntzarekin gertatzen den bezala, goi mailako beste bermen baten pean egotea kontu hau.

Beste gauza batzuk esateko geratu zaizkit, baina momentuz hementxe uzten dut.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia