03
Aza
2007

Video killed...

80etako kantu ikur haren doinua etorri zait ezpainetara egunotan bi biderrez. Badakizue, berba bat sarri entzun eta asoziazio mentalak eginda erraza da berba aipatzen den kantuaren doinua ahotan amaitzea.

Lehengoan materiala egiten dabilen lankidea topatu nuen bati eta besteari kontsultan. Ataza egin duela, eta jarduera batean bideoa erabili behar dela, eta bideo hori zelan banatuko ote dien hango eta hemengo irakasleei.

Argitzeko, esango dizuet AEKn materiala diseinatzen lagun batzuk dauzkagula, atazak gehien bat. Atazok sarearen bidez zabaltzen ditugu gure euskaltegietara. Testuak maketatu eta PDF formatuan ipintzen ditugu intranetean. Testuekin batera ikusentzunezko materialak zabaldu behar direnean, orain arte ez dugu aparteko arazorik eduki: Ikasbileko entzungaiak erabili, edo mp3 formatuan eskegi ditugu zuzenean. Bideoekin ere orain arte HABEtik banatzen dituzten DVDetan daudenak erabili izan dira. Baina arazoa euskaltegietan ez dagoen bideo bat zabaldu behar denean agertu da.

Bigarrengoz, Hizpide 65en Mari Jose Lasherasen artikulua irakurtzen etorri zitzaidan kantua. 38. orrialdean kontatzen digu zelan egin duten ikastaroan ikasleei aditu batzuen hitzaldien zatiak DVDan banatu behar izan zizkieten ikasleei bestela zerbitzarian pisu handia hartuko zutelakoan.

Bideoak irratiko izarrei ez ezik, guri ere ematen digu burukominik nonbait. Hizkuntzen irakaskuntzan ikusentzunezko dokumentu eta materialak metodo audiolingualaren sasoitik pisua hartzen joan dira, eta gaur egun inor gutxi ikusiko dugu klasean edo ikas-prozesuan entzungai edo bideorik inoiz erabili ez duenik. Kaseta lehenengo, VHSa gero...

Teknologiaren berrikuntzaz dihardugu sarri sarean, interneten begiak ipinita... badakizue: blogak, wikiak, web2.0, Moodle eta enparauak. Baina, esango nuke geure bizimoduan azken urteotan bizi izan dugun iraultza teknologiko handiena etxean daukagula, ez sarean.

Bistan daukat egongelako bazter batean musika-ekipo zaharra, kaseta eta platoa. Aspaldian ikutu barik. Telebistaren azpian DVD eta dekodifikadorearen azpian hautsaren azpian barruntatzen dut VHS zaharra. Apal batean kaseteak, biniloak eta bideo-zintak. Mahai gainean mp3 erreproduktorea agertu da USB giltzaren ondoan, eta han eta hemen DVDak eta CDak ere hautsa hartzen hasi dira disko gogor multimedia ekarri genuenetik. Eta kaxoi bat zabaldu, eta han albuma, duela urte batzuetako argazkiak, aspaldi ez da berririk sartu, kamara digitala etxean sartu zenetik..

Euskaltegietara ere heldu da iraultza hori nonbait. DVDak, mp3a irakurtzen dituzten CD erreproduktoreak... Baina bideoekin dantzan hasita oraindik (eta berrikuntza horregatik akaso) topatzen ditugu trabak.

Saiatu naiz bideoaren kontu honi buelta pare bat ematen. Luzetxoa irten zait, eta hala ere ez da gida zehatza. Gure lanean bideoa erabiltzeko arazo teknikoak zerrendatu eta irtenbide posibleak zirriborratzeko saiotxoa baino ez da. Esan bezala, alderdi teknikotik, alderdi didaktikoa bestelako kontua da eta.

Bideoa baliabide didaktiko modura erabiltzea prozesu baten modura irudikatu dut, lau pausokoa. Ikus dezagun fase bakoitzean zer daukagun, sakatu atal bakoitzaren gainean irakurtzeko.

  1. Sorkuntza-grabazioa
  2. Edizioa-egokitzapena
  3. Banaketa-partekatzea
  4. Erreprodukzioa
  5. Ondorio bidean

Mezu laburra nahi eta idatziaren idatziaz artikulu luzea egin da, hala ere ez dago oso dokumentatuta, ezta sobera landuta ere. Bideoarekin dauzkagun buruhausteen artera argi apur bat ematea baino ez da izan asmoa. Inork artikulutik tiratzen jarraitu nahi badu eta zerbait landuago egin, wikian ipini dut. Beraz osatu, aldatu edo findu nahi bada han dago erabilgai, zerbaitetarako erabili ahal bada.

Osagarria

Karrajua-(e)k 2007, Azaroa 19 - 18:15-(e)an bidalia.

Honentzako osagarri perfektua Jolaus IKTeroaren gaurko artikulua: Irudi, bideo eta audio editoreak online.

Bideoa zabaltzeko sare pribatuak

Benito-(e)k 2008, Otsaila 4 - 04:26-(e)an bidalia.

Eskola edo erakunde baten zerbitzarian bideoak partekatzeko sistema antolatzeko pista teknikoak ematen dizkigute Funnymonkey-koek (ingelesez).

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia