03
Aza
2007

Ondorio bidean

Ondorio bidean

Labur hasi nintzen pentsatzen, eta luze jo du kontuak azkenean. Zer atera dezakegu hemendik? Nik hau boteprontoan:

  • Teknologiak bideoa ikusi eta banatzeko ematen dizkigun aukerak inoiz baino gehiago, inoiz baino merkeagoak eta inoiz baino eskuragarriakoak dira. Berrikuntzak agertzen diren abiadurak zorabiatu egin gaitzake, baina adi egon behar da. Gauza hauekin ezin gara tekno-izuaren oskolean gordeta geratu.
  • Hizkuntza ikasteko bideoa ikusi eta lantzeko erak orain arte murritzak izan dira, kontu teknikoak medio. Baliabide teknikoen ugaltzearekin batera aukera horiek ere ugaldu egin dira, eta horrek ikasmaterialen eta ikas-jardueren antolakuntzan eragina dauka dagoeneko. Gaur egun teknikoki ez da derrigorrezkoa bideoa ikastaldeko partaide guztiak bideo-gela berezi batean bideoa ikustea, euskaltegian azpiegitura tekniko merke batekin, edo ikasleen euren gailuez baliatuta jarduerak beste era batera antolatu eta burutu ahal dira. Bideoa ahozkoaren ulermean lantzeko erabiltzen bada, adibidez, ikasleak berak dokumentua nahi duen erara, lekuan eta unean erabiltzea abantaila handia izan daiteke.
  • Materialgileen kasuan, bideoa ikasmaterialekin batera banatzeak ikusteko egongo diren aukerekin bat etortzea eskatzen du. Ezin dugu klasikoenera jo ikusi behar diren lekuetan beharrezko baliabideak atondu ez direlako soilik. Euskaltegietan eta euskaltegi sareetan baliabide teknikoen politika global eta koherentea ezarri behar da, baita baliabideok eguneratzeko sistemak ere, bestela, teknologiaren abiadurak berehala zoratuko gaitu, edo alferrik egingo da gastu eta lan asko.
  • Publikazio eta banaketa bideak ere aldatzen ari dira. Podcast-ak modan daude hizkuntzen irakaskuntzan adibidez, eta videopodcast-ak datoz segidan. Berba asko egin da honez gero hizkuntzen irakaskuntzaren formatu eta modulazioetan edukiko duen eraginaz, eta dagoeneko bistan dago hainbat lekutan.
  • Prestakuntza behar da honetan guztian, bistan dago, baina ez bideogile profesionalen mailarainokoa, erabiltzaile mailako prestakuntza, eta prestakuntzaz ari garenean ez gabiltza derrigor ikastaroak eta ikastaroak egin beharraz. Askotan albokoari galdetzea edo eskuliburua irakurtzea nahikoa izaten da.
  • Fenomeno deigarria izaten da teknologiaren aurrerakuntza hauek guztiak zelako erraz erabiltzen ditugun sarritan etxean eta aisialdiarekin lotuta, baina zenbat kostatzen zaigun jarduera profesionalerako ekar ditzaketen abantailez konturatzea. Kontu "serioetarako" ez balira edo.

Aukera tekniko asko daude ikusi dugun modura, ez dugu zehatz eta sakon aztertu gainera. Dena dela, busti eta gomendioren bat ematekotan, lauzpabost apunte:

  • Euskaltegietan divX eta USB eta flash memorietarako sarrera duten DVD irakurgailuak erabili. Eramangarriak ahal bada. Ez dira hain karuak izaten. Bestela, sarea badago eta ikasgeletan sarbidea ipini ahal bada (wifi edo kablea), ordenagailuak erabiltzea gomendatuko nuke.
  • Bideo fitxategi digital konprimituak erabili (avi, wmw...) ahal den neurrian, erabilgarriagoak dira. Eta gorde guztiak ondo antolatuta horretarako biltegi bakarrean: barne-sarea, USB disko gogorra edo interneten. Artxibategi horretarako sarbide ahalik eta arinena emateko erabili katalogatzeko irizpide egokiak (fitxategien izenak, etiketak, karpetak), bestela gobernatu ezinezko kaosa sortuko da laster. Disko gogor multimediak ere oso interesgarriak dira dokumentuak gordetzeko eta erreproduzitzeko eta leku batetik bestera eramateko.
  • DVDak eta CDak baztertzen saiatu. Gainbehera datoz, artxibatzeko eta bilatzeko arazoak ematen dituzte, eta gainera uste baino errazago hondatzen dira.
  • Gauzak ez bikoiztu. Leku batean eskura badaude, ez hartu dena kopiatzeko obsesiorik. Ikasbilen adibidez errepositorio handia dago, eta ez dugu den-dena ekarri behar. Erabiliena eduki daiteke eskurago (USB giltza batean edo norberaren ordenagailuan adibidez) eta beste zerbait behar izanez gero, han egongo da seguruenik.
  • Daukazuna konpartitu. Gaur egun errepositorio pertsonal sekretuak (kontu intimo eta pertsonalik ez dagoen bitartean) egitea erridikulua izaten da, areago hor dauden dokumentuak norberak sortu ez dituenean. Konpartitzeo bideak inoiz baino ugariago dira gainera.

Honaino nire etorria. Zer esanak ez du hemen zertan amaitu. Zuen esku luzatzea, zuzentzea eta zehaztea.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia