03
Aza
2007

Sorkuntza-grabazioa

Sorkuntza-grabazioa

Bideo didaktikoen sorkuntza profesionala hori da, profesionalen lana, eta dagokion prestakuntza eta baliabide teknikoak barik ez gara saltsa horretan sartuko. Baina badira beste bi bide edonoren esku daudenak: inork egindako bideoak grabatzea edo "harrapatzea", eta norberak bideo "domestikoak" grabatzea.

Telebistatik grabatu

external image 248326395_fcc657be20_m_d.jpgEuskaraz inoiz baino ikusentzunezko ekoizpen handiagoa daukagu gaur egun (bai, badakit askoz handiagoa izan beharko lukeela...), telebistarako gehien bat, bestelako iturriak ere badaude gainera. VHSarekin ETBko programa edo filmeren bat klaserako grabatzea aspaldiko kontua da. Baina zer gertatzen dan VHSa gainbehera doan honetan? Zelan grabatu telebistatik digitalizazioaren garai honetan? Aukerak:

  • VHSan grabatu eta gero digitalizatu. Prozesu hau ez da erraza izaten, eta inori eskatuz gero, merkea ere ez, eta imaginatzen dut oraindik VHSarekin dabilena ez dela bereziki teknofiloa izango.
  • Nahi dugun saioa inork Euskaltuben, Youtuben edo halako baten ipini duen begiratu. Han egonez gero ondo, baina bideoarekin zer egin nahi dugun gero etorri daitezke arazo teknikoak. Beste aukera bat P2P sareetan bilatzea (badakizue, Emule eta enparauak) izaten da, baina euskarazko bideo askorik ez da topatzen.
  • DVD irakurgailu-grabagailua erabiltzea. VHS grabagailuaren antzera funtzionatzen du. Prezioak jaisten hasi dira, eta gaur egun merkatuan 100-200 euro bitartean erraz asko aurkitu daiteke gure beharrak aseko dituen gailua.
  • Ordenagailua erabili. Horretarako bideo-kaptura edo telebista sintonizatzeko txartela behar dugu. Horrela, telebista edo bideoa ordenagailuan ikusi, zuzenean grabatu ("kapturatu") eta gorde egin ahal dugu. Ez dira karuak izaten eta pentsa daitekeen baino errazago erabiltzen dira.

Asuntu honetan seguru bati baino gehiagori etorri zaizkiola gogora egile-eskubideak eta halako kontuak. Klase bateko erabilerarako bada, ez du zertan egon arazorik (ala bai?). Dena dela, eskubideen kontu hau oso kontuan hartzekoa da materialoi erabilera komertziala emateko asmoa badago, argitaratu eta saldu esan nahi da.

Norberak grabatu

Profesionalen kontua dela esan dugu hasieran, produktu landuak eta profesionalak nahi direnean gehien bat. Baina ez ahaztu gaur eguneko ekarpen teknologiko handienetarikoa norberak ikusentzunezko materialak sortzeko dauden aukerak direla.

Zuetako inork ez dauka bideoa grabatzen duen telefono edo argazki-kamararik? (Begiratu ondo trastoaren eskuliburuan "nik" esan baino lehen).

Kalitate profesionala ez, baina erabilera didaktikorako besteko kalitateko sekuentzi laburrak erraz asko lortu daitezke etxean edo patrikeran dauzkagun gailu horiekin. Zertarako? Hemen daukazue adibidea, argazki kamera arrunt batekin egina.

Badakizue:

  • Argazki kamara digitalak. Ia guztiek ematen duten bideoa grabatzeko aukera. Modeloaren arabera kalitate gutxiago-gehiago, eta denbora tartea ez da luzea izaten, baina klasean zenbat bider erabiliko dugu bi orduko grabazioa? 2, 3 edo gehienez 10 minutuko sekuentziak grabatzeko nahikoa dira kamarok.
  • Zer esanik ez, bideo kamara digitalak. Modelo merke asko ditugu merkatuan, eta geure beharretarako gehienetan esku-liburua irakurtzea nahikoa izaten da.
  • Telefono mugikorrak. Irudi kalitatea ez da handia izaten, baina askotan ez da hori inportanteena izaten. Hori bai, telefonotik zelan "atera" jakin behar dugu.
  • ... eta  errealitatearen filmaziotik harago software aukera handia dago ordenagailuan bideo-tutorialak, aurkezpenak, diaporamak edo ikusentzunezko montajeak egiteko. Power Point-en modukoetatik hasita eta online egiteko aukera ematen duten zerbitzuetaraino (Animoto adibidez).

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia