03
Aza
2007

Banaketa-partekatzea

Banatu-partekatu

Hemen agertu zitzaigun arazoa lehengoan. Bideoa prest daukagu banatzeko, baina zelan lortuko dugu leku desberdinetan dauden irakasleei eskura ipintzea?

Hona hemen aukerak eta bakoitzaren abantailak eta arazoak:


DVDan banatu
:

  • Aldeak:
    • DVD erreproduzigailuak ia leku guztietan daude. Bideoa ikusteko erarik zabalduena da gaur egun.
    • Formatu merkea da gaur egun (kanonak aplikatzen ez diren bitartean, jakina).
    • DVD formatoa gainbehera etor daiteke datozen urteotan. Biltegiratze formato berriak datoz, alde batetik, disko gogor eta memoria eramangarriak ditugu, eta bestetik Blu-ray eta Hd-DVD bezalako formatuak sustatzen hasi dira.
  • Arazoak:
    • DVDen kopiak egin eta banaketa fisikoa egin behar da. Denbora eta pazientzia behar da.
    • Arazoak egoten dira DVDak artxibatzeko edo bakoitzean zer dagoen jakiteko. Horrez gain, DVDak erabiliaren erabiliaz galtzea eta apurtzea erraza izaten da.
    • Ez da karua izaten, baina bizpahiru minutuko grabazio baterako 4 gb-eko diskoa erabiltzeak ez dirudi oso errentagarria. Bestela bildumak egin eta bilduma osoa egin arte itxaron behar da banatzeko (HABEk egiten duen antzera).

Saretik eskuratzeko moduan ipini, barne-sarean, intranetean, interneten edo P2P sare batean.

  • Aldeak:
    • Bideo artxibategi bakarra egin daiteke, antolatzen, kontsultatzen eta osatzen errazagoa dena.
    • Bideoak – konexioa edukiz gero – behar diren unean eskuratu daitezke.
    • Fitxategiak sortzea, partekatzea eta komunikazio kanaletan erabiltzea erraztu egiten da (webguneak, gailu mugikorrak...).
    • Erreprodukziorako aukera ugari ematen dituzte: ordenagailuak, DVD erreproduktoreak, disko gogor multimediak, mp4 eta iPod-ak, telefonoak, PDAk...
  • Arazoak
    • Azpiegitura teknikoa behar da. Euskaltegiak barne sarea, edo Euskaltegien sareen kasuan intranet edo fitxategiak konpartitzeko konexio eta sare arinak. WWW sarea erabili daiteke, norberaren zerbitzariarekin edo web zerbitzuak erabilita (disko gogor birtualak edo P2P sareak). Trafikoaren bolumenaren araberako inbertsioa dakar honek guztiak. Hala ere, ezin dugu ahaztu formatu digital hauek banatzeko sareak ez ezik, informazio digitala banatzeko bestelako ohiko bideak ere erabil daitezkeela: pendrive-ak eta flash memoriak, disko gogor eramangarriak, CDak eta DVDak, telefono mugikorrak eta PDAk, Bluetooth eta infragorriak...
    • Formato arinak erabiliz gero, erreprodukziorako aukera egongo dela ziurtatu behar da. Adibidez, DVD erreproduktoreak erabiliko badira, divX onartzen duten gailuak edukitzea komeni da, kasu honetan, gainera, DVD grabagailua ere beharko da.
    • Erabiltzaileek gutxieneko formazio teknikoa behar dezakete.


Interneteko bideo-zerbitzuak
erabili:

  • Aldeak:
    • Debaldekoak izaten dira.
    • Ez dute egitura tekniko handirik egitea eskatzen.
    • Interneterako sarbidea daukan ia edozein ordenagailutatik daukagu sarbidea.
    • Webgune eta blogetan enbotatzeko aukera ugari ematen dituzte.
    • Kanal hauek gero eta erabiliagoak dira, telebistaren ordezkotzat ere hartzen hasiak dira batzuk.
  • Arazoak:
    • Bideoak kalitate txikia edukitzen dute. Aurrerantzean kalitatea hobetu egingo dela dirudi hala ere, hor dugu Stage6 zerbitzu berria adibidez.
    • Erreprodukzio klasikorako (klase bateko kide guztiak batera pantaila baten aurrean) oztopo batzuk gainditu behar dira. Ordenagailuko fitxategietan gordetako bideo guztiak bezala, arazo horietarako irtenbideak eman nahi ditugu hain zuzen ere.
    • Bideoak ez daude gure "etxean", kanpoko zerbitzu batenean baino. Hau arazotzat hartzen bada baino ez da arazo.
    • Zerbitzu hauetako askotan fitxategien tamaina eta kopuruko mugak egoten dira.

Beste aukera batzuk ere egon daitezke: e-posta, mugikorrak... baina ez diet oso bideragarriak irizten (dagoeneko edo oraindik).

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia