03
Aza
2007

Erreprodukzioa

Erreprodukzioa

Bideoa eskuratu dugu, orain euskara ikasteko erabili behar dugu, hau da, norbaitek ikusi behar du nonbait eta noizbait harekin zerbait egiteko. Aldagai batzuk dauzkagu beraz: bideoa berez ez da izaten ikasmateriala, harekin batera ikas-jarduera batzuk proposatu behar dira, eta ikas-jarduera horiek markatuko digute ikusteko modua, unea eta lekua.

Gaur egun arte, euskara klasean bideoaren erabilera baliabide teknikoek mugatuta egon da, eta horrela askorentzat bideoa ikustea honako balditzetan egiten da: ikastaldeko partaide guztiek klasean batera ikusten dute bideoa, irakasleak erreprodukzioa kontrolatzen duela. Honetarako euskaltegietan bideogela atontzen da, edo, bideo erreproduktorea eta telebista aparatua mahaitxo gurpildun batean eramaten da gelatik gelara. Urteetan teknikoki ez da aukera gehiagorik egon, edo ez da aukera desberdinik jorratu apenas.

Zer daukagu gaur egun?


Pantaila
. Bideoa ikusteko ezinbesteko tresna. Bideoa berton ikusiko dugu. Telebista aparatua dugu gogoan pantaila irudikatzen dugunean, baina gaur egun pantaila motak aldatu eta ugaldu egin zaizkigu:

  • Telebista. Tutu katodikoko telebistak merkatutik ia desagertuta daude. Pantaila lauak dira jaun eta jabe gaur egun, LCD, plasma,... Ordenagailuko monitoreen itxura eta funtzioekin bat egin dute, izan ere, ordenagailuko monitoreak azken batean telebista pantailak ere badira. Bestalde pantaila mota berriagoak dauzkagu:
  • Bideo-proiektorea. Denok ikusi dituzue hitzaldi eta konferentzietan. Horiek karuak eta konplexuak izango dira? Pentsatzen dugu. Telebista pantaila baten pareko prezioan aurkitzen dira gaur egun berriz, eta erabilera ez da telebistari DVDa konektatzea baino zailagoa. Irudia formato handian ikusi eta nahi dugun lekuan proiektatzen dute. Konplexua kenduz gero oso aparatu praktikoak izan daitezke. Hori bai, soinua erreproduzitzeko ekipoa ere behar izaten da (ordenagailuko bozgorailuak nahikoa izan daiteke).
  • Tamaina txikiko pantailak. Ezagunenak DVD eramangarriak dira beharbada, baina sakelako erreproduzitzaile berriek ere bideoa ikusteko modua ematen digute: MP4ak, iPod-ak, mugikorrak, PDAk... Aldagai eragingarria izan daiteke berau bideoa ikusteko modu, une eta lekuen inguruan.
  • Arbel digital interaktiboak, TabletPc-a, edo azkenengo belaunaldiko bestelako gailuak, hezkuntza mundurako etengabe ari dira gailu eta tresna berriak garatzen. Lantzean behin berrikuntza teknikoei kuku egitea komeni da.


Irakurgailuak edo erreproduktoreak
. Pantailak erakusten digu aparatu batek bidaltzen dion seinalea, bideo-euskarria irakurri eta dekodifikatu egiten duena. Hemen ere nobedadeak dauzkagu:

  • DVD erreproduzigailua. Lehengo VHS erreproduzigailua bezala funtzionatzen duela esan daiteke, telebistara konektatu, play sakatu eta ikusi. DVD euskarria baino ez dute irakurtzen gehienek, beraz CD edo DVD batera ekarri behar izaten dira sarri. Dena dela, berrienek bideo konprimituko formatu ugari irakurtzeko aukera ematen dute, divX irakurleak hain zuzen ere. Bestalde, azkenengo gailuek USB konexioa eta flash-memoria txarteletarako ziloak ere badauzkate. Azken honek oso aukera interesgarria ematen digu bideo-fitxategiak zuzenean USB giltzetik edo argazki kamerako txarteletik zuzenean irakurtzeko adibidez.
  • Ordenagailuak. Tamaina eta klase guztietakoak: mahai gainekoak, eramangarriak, PDAk, smartphone-ak. Denek –software eta hardware egokiarekin– ematen dute aukera bideo fitxategi digitalak irakurtzeko, eta gaur egungo pantaila mota guztien bidez ikusteko. Bestalde, ordenagailua irakurgailua ez ezik, biltegiratze gailua (disko gogorrean gordetzen ditugu gauzak adibidez) eta sareetarako sarbide ere bada. Hau da, ikusi, gorde eta eskuratzeko tresna dugu, kontrol zentrua alegia. Programa eta software asko dauzkagu bideoak ikusi eta editatzeko, ordenagailuan bertan edo saretik ikusi-editatzeko.
  • Disko gogor multimedia. Duela gutxi agertu dira gailuok, kanpoko disko gogorrak ezagunak dira aspaldian, hauek ere, USBtik edo beste sistema batetik konektatzen diren disko gogorrak dira, baina beste aukera bat daukate: telebista edo bideo-pantaila batera ere konektatu ahal dira, eta multimedia erreproduzigailu bezala funtzionaten dute. Ez dira tamaina eta pisu handikoak izaten eta erraz konektatzen dira beste gailuetara. Aukera interesgarria materialak batetik bestera eraman behar direnerako, leku batean edo bestean telebista edo bideo-pantaila egongo bada behintzat.
  • Hauei guztiei, jakina, gehitu ikusgailu txiki-eramangarri guztiak: DVD eramangarriak, MP4ak, telefonoak...

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia