euskaldunberriak

08
Aza
2006

Euskaldun Berriari Aitortza Altzan

Euskaldun Berriari Aitortza Altzan - Euskara ikasteko saiakera eta esfortzua egin duten altzatarrei beren ahalegina aitortu nahi die Bizarrain kultur elkarteak. Horretarako, 'Euskaldun Berriari Aitortza Altzan' ekimena antolatu dugu. [Sustatu]

Euskaldun berriei aitortzak eta omenaldiak egitearena zabaltzen ari den ohitura da azkenotan. Altzan egingo diete hau. Aipatzekoa behintzat bada.

Ez dakit, baina baten bati entzun diot inoiz omenaldiak egiten hasten zaikizunean ez dela seinale ona izaten. Ez al da hau kasua izango! Euskaldun berriak vs. euskaldun zaharrak debatearekin hasten ez bagara behintzat.

17
Urr
2006

Mintzalagun fever

Atzo RSSen gainean nenbilela gaur agregatzailea dantzan ipini didate mintzalagunek. Hiru kontu aipatzekoak:

Lea-Artibaiko berbalaguna "Alarma gorrian" ei dago. Euren blogean zabaldu zuten aspaldian eta gaur sustatura heldu da. Polemikatxo eta guzti. "Euskaldun zaharrak" lortzeko kanpainaren leloa deigarria da duda barik. Aspaldiko eztabaida dabil mundu honetan egitasmoetako partaideei honela ala horrela deitu ez deitu: euskaldun zaharrak, euskaldun osoak, laguntzaileak, ikasleak, mintzalagunak, .... Ez dakit ba, aingeruen sexuaren gainekoa begitantzen zait niri eztabaida hau. Akaso eztabaida serioagoa eta arazo benetakoagoa izan daiteke hainbat egitasmok "euskaldun zaharrak" lortzeko daukaten arazoa. Euskararen aldeko konpromisoak, laguntza, sustengua... jai erraldoi eta makroekitaldietan lortzeko hain zaila ez denean (edo ez dirudienean behintzat), zergatik halako arazoak aparteko ahaleginik eskatu ez eta satisfakzioa ere eman dezaketen jarduerotan? Komunikazio-marketing arazoak? Arazo sakonagoak? Nik neuk honekin nekatuko nuke burua gehiago.

Berriketan eta Zaharberriren blogetan mezu berdina topatu dugu bestalde, ez gara bakarrak. Lea-Artibaiko berbalagunen berri ematen dute berton. Komunikazio arazoak badaude interesgarria da bi egitasmo hauetan blogaren bidez egin dutena, beste proiektuen berri eman eta zabaldu. Egitea nahikoa ez da izaten sarritan, lantzean behin egiten dena zabaldu ere egin behar da. Ondo beraz.

Bitartean, aurton onddoak basoan legez, egitasmo berriak han eta hemen. Gaur hau iragarri dute Artziniegako blog honetan. Arabara ere heldu da sukarra.

Tira ba, hau ospatzeko Tagzania hartu eta mintzalagunen mapa egiten hasi naiz:


mintzalaguna tagged map - Tagzania

Ez daudela denak? Zer uste izan duzue ba? Denak ipiniko nituela? Mintzalagunetako jendea orain arte nahikotxo abila izan da webdosazeroko kontuetan. Beraz,  Tagzanian sartu eta hasi mintzalaguna etiketa zabaltzen (mintza)laguntxuok!

Nik bitartean abarketa prestatzen jarraituko dut.

08
Urr
2006

Ixabelen meritua

ixabelAurreko mezuan euskaldun berrioi azkenotan botatzen zaizkigun loreak, zorionak eta eskerrikaskoak ekarri nituen zeharka. Gaur Radio Euskadiren Mas que palabras saioan Kutsidazu bidea Ixabel-en estreinaldia dela eta saio berezia egin dute euskaltegiak eta euskaldun berrien inguruan. Filma eta liburuaren egilearekin batera ikasleak eta irakasleak ere ibili dira. Euskara ikasteaz eta ikastearen ingurukoez.

Hedabideetan lantzean behin gurekin akordatzea ez da txarra izango, erdarazko medioetan gehien bat. Gai asko jorratu dira: euskaldun berriak/euskaldun zaharrak dikotomia, euskaltegietako pasadizoak, euskaltegien lana,...Dena dela, denbora guztian ikusten dut ideia bat bueltaka: euskaldun berriok zelako meritu daukazuen!

Ez dut esango duela hogeita hainbat urtetik hona euskara norberak halaxe erabakita ikasi duenak ahalegin makalik ez duenik egin. Ez da erraza, ez, norbera ere jakitun (eta estimatzen da!). Hala ere, meritu hori askotan euskararen moduko hizkuntza "zaila" ikasteagatik baino ez dela aitortzen dirudi. Eta horretan zalantza handiak dauzkat. Egin dezagun konparazio tontoa.

Euskara hizkuntza zaila ei da, ustez arrazoi batzuengatik: aditz-sistema, deklinabidea, hiztegia, "hizkuntzaren egitura berezia"... Horrelakoak erabiltzen dira argudio besteak beste. Zer izango litzateke orduan honelako hizkuntza bat ikastea?

  • Aditz-sisteman modu, denbora eta aspekto ugari; pertsona aspektu eta denbora markak ez dira gardenak izaten, hiru konjugazio desberdin eta irregulartasunez beteta.
  • Morfologian genero marka, gehienetan azalpen logikorik ez daukana..
  • Ama-hizkuntzan ez bezala preposizioez funtzionatzen duten lotura sintaktikoak. Artikulua eta izenordeak erabiltzeko ez dago asmatzeko arau errazik gainera.
  • Hiztegi aberatsa eta erregistro eta aldaeren arabera sinonimia handikoa (kultismoak, teknizismoak, erregistro formalak eta ez hain formalak, hizkera kolokiala, argot-a, dialektoak,...).
  • Azentu tonikoa eta fonema ezezagunak ("z", "j",..).
  • Ortografian hots berdina errepresentatzen duten grafiak, azentu arauak, ...
  • Oso hizkuntza landua eta bizia, etengabe hiztegia (hitzak, esakuneak, espresioak) sortzen eta berrizten dabilena eta tradizio literario eta idatzi handikoa..

Ixabelen modukoek horrelako hizkuntza ikasi eta kasu gehienetan ederto baten erabiltzera heldu dira gainera. Hori ere ez da meritua?

Bai, badakit kontua ez doala hortik, hain zuzen ere euskaldun berri askok hizkuntza bera baino zailago beste gauza batzuk aurkitu ditugu bidean eta, loreak lore, asko hor daude oraindik. Hortxe uste dut izan dela klabea Ixabelen modukoen laguntza, eta hori da hori estimatzekoa.

Gomendiotxo bat amaitzeko: lantzean behin egin kukutxo bat gaztelania irakasten dutenen buruko minei (edo frantsesa, edo ingelesa, edo wolofa,... edo euskara...).

07
Urr
2006

Patxi Baztarrika: "Euskara ikasten ari direnek berealdiko ekarpena egiten diote guztion arteko elkarbizitzari"

Idatziak --Patxi Baztarrika: "Euskara ikasten ari direnek berealdiko ekarpena egiten diote euskal herritar guztion artek... - [Ikasbil-materialak]

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea da. Urtebete da kargu hau hartu zuela eta horregatik berarengana jo dugu egindakoak eta egitekoak zein diren jakite aldera. Aitorpen batekin hasi du bere hizketa-saioa, euskaldun berriei zor zaien aipuarekin. Gero hizkuntz aukera-berdintasunaz, erabileraren garrantziaz, alor sozio ekonomikoan egindako ahaleginez, euskara titulazioez... jardun dugu.

Patxi Baztarrikak euskalduntzeaz dihardu HABE aldikariak egin dion elkarrizketa honetan.

Euskaldun berrioi eta ikasleei loreak botatzea eta zorionak eta eskerrak ematearena ez dabil azkenotan halako "formula"bihurtzen? Euskaldun zaharrek horrela autoflagelatzen jarraitzen badute, ez dakit ba.... Eskerrak oraindik Ixabelen irribarrea geratzen zaigula!

05
Urr
2006

Julio Ibarra: "Santutxun beti egon izan da giro euskalduna"

Julio Ibarra: «ETB benetako euskaltegia izan da niretzat»

Abuztuan agertu zen Berrian Julio Ibarrari egindako elkarrizketa hau. Gure auzokide famatuenak Santutxuko AEK aipatu eta ezin izan dut hona ekarri barik utzi.

...Baina etxean beti egon da euskararen aldeko giroa. Nik, eskolan, ikasgai nuen euskara. 14 urterekin, Santutxuko gau eskolan hasi nintzen, neure kabuz. Hango AEKn ere ibili nintzen, eta halaxe ikasi nuen. Santutxun beti egon izan da giro euskalduna.

Kontu sentimentala izan da gehien bat, baina Santutxu inguruan euskalduntzeak eta euskalgintzak daukan historiak aipamentxo hori ondo merezita dauka. Inoiz historia hori kontatu egin beharko da.

txurdisantutxu

Sindikatu edukia