Nafarroa

22
Ira
2006

Nafarroako 27 toki erakundek euskara ikasteko kanpaina abiatu dute

Sareko Argia - [Del.icio.us: "Euskaltegiak" etiketa]

Aurrekoetan ere aipatu dugu Nafarroa, gehienetan euskaltegien inguruko kontu eskasak ekartzeko. Gaurkoan, berriz, albiste ona etorri zaigu Erresumatik:


Nafarroako 27 toki erakundek euskara ikasteko kanpaina abiatu dute

Nafarroako 27 udal eta mankomunitatek euskara ikasteko kanpaina hasi dute, AEK, IKA eta Zubiarte euskaltegiaren laguntzarekin, eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin. Erdaldunei eta alfabetatu gabeko euskaldunei zuzendutako kanpaina izango da. 58.000 diptiko banatu eta 1.500 kartel zintzilikatuko dituzte eta lehen aldiz, sakelako telefonoen eta posta elektronikoaren bidez kanpainaren mezua zabalduko dute.

Holakoak etor daitezela denak hemendik aurrera! 

04
Eka
2006

Argaren bazterrak

Iruñerrian ibili gara gaur. I mintza-eguna. Kronika baterako apunteak (baten batek egin nahi badu edo).

Santutxu, goizeko 9.30ak: Briñas eskolaren aurreko bus geltokian. Mahatserriko berbalagun kuadrila, 120tik 30 inguru Iruñerako plananarekin. Ni, lo. Joño! Santxutxuko Joseba Basterra euskaltzale beteranoa han. Gorbeiako Karmeloko aterpearena Bertonen irakurri dudala eta kontua nondik nora dabilen galdetu, hura esplikatzen hasi, autobusa etorri, elkarren ondoan jezarri eta ia Iruñera arte Gorbeiako kontuak gora eta behera. Askok ez duzue ulertuko, baina balio sinboliko-emozional-nostalgiko handia dauka aterpe horrek Santutxutar askorentzat. Berri pozgarriak, aterpea konpontzeko asmoa daukatela, Mendi taldeak hartu duela,... (Honeek Bertonekoak albistea interneten eskegitzen dutenean link-a jarriko dut. Listo! HO betiko efizientea eta hemen dago albistea. Batzuek kontrakoa zabaldu nahi duten arren, Bertoneko langileak profesional-profesionalak)

11.30. Iruñea. Autobusetik jaitsi eta Gaztelu enparantzara. Josebarekin berbetan ez naiz konturatu ere egin autobusean nortzuk ibili diren. Orduan hasi naiz kargutzen: Santutxuko AEK-ko eta Asapalako lankideak eta nire berbalagunak, Uribe Kostako (Getxo eta Erandio) berbalagunak eta Udal euskaltegietako irakasle ezagunak. Kaixo, ezagutu bez! zeu be bai hamen, joño! Aurpegi ezagunak ere hasi dira agertzen: AEK-ko jendea, Topagunekoak,...

11.30 + ez dakit zenbat minutu. Cafe Iruña. Mahatsorrion koadrilatxu bat hasi bitartean zeozer hartzen joan gara. Eta zeozer hartu bitartean hasi egin da. Konturatu orduko berandu. Non dabiltza besteak? Iruñeko parte zaharrean bila sartu. Estafeta kalean kuadrila handia. Soinularia eta kantariak. Iruñea kantari esan digute. Denok han gaudelakoan entzun eta itxaron. Jendea bertokoak eta kanpokook osatutako koadrilari begira. Gustura. EAEkook Nafarroan euskaltasuna adierazten duen zerbaiten inguruan baten batek astakeriaren bat botako duen ustea dugula konturatu naiz. Nafarroatik datozenak hain beltzak etortzen zaizkigu ze,... Zapatu eguerdiko lasaitasuna, giriak kuriositatez begira, bertokoak kantuak eta kantakera gozatuz.... Hau ez da pintatu dugun infernua inondik ere.

13.00ak edo. Antolatzaileetako bat gure bila. Galduta zabiltzate, besteak aurretik dabiltza. Goazen ba aurrera! Nabarrerian gora, harresia,... eta Argako bazterra. Besteak aurretik dabiltza, eta erreka bazterretik aurrera segitu behar dugu "bermuta" ematen den lekuraino. Goazen. Ttipi-ttapa,...60 lagun inguruko koadrila, Bilbo inguruko autobusekoak gehienak, Argan gora. Esaten nian Julian, hemen ez gaozak danak!

Argako bazterra, txopoak, gurearen kontrako norabidean korrikalariak, Santiagorako erromesak, paseanteak,... gu, aurrerantza, paseoan, eguzkitatik, gerizpe gutxi. Paseokide ezezagunen berriketei adi,... ea nongoak-zer diren (euskaldun berriak, zaharrak, nafarrak, gipuzkoarrak, bizkaitarrak, 1b maila, 2 maila,...) Badakizue deformazio profesional eta diletante guztiak.

Andre bi, mintzalagun bikotea duda barik, naparrak, iruindarrak. Ibilbidearen ingurukoak deskribatzen, kontatzen, gogoratzen,.. haien ondoan nabil, entzuten,... hona txikitan etortzen ginen bainatzera, hemen "saldarriak" zeuden, hemengo baratzak! haiek piperrak eta tomateak!...han ez dakit zer klub,.. Aitu! Luxuzko gidariak topatu ditut! Entzun, esaten dutenari kasu egin eta begiratu, azkenean haiekin berbetan hasi,... eta Argako bazterrak gehiago ezagutu, eta Iruñea, eta iruindarrak...eta berbalagun berriekin paseoan,... Santutxukoak aurretik galduta daborduko. Eta eguzkitan, Argako bazterretik, txiri-txiri aurrera, andreoi entzuten eta berbetan,... A ze zortea eduki dudana 20 minutuan! Bidaiaririk porrokatuenak gura lukeena.

Halako baten, joño! Hemen dago koadrila guztia! Bermuta. Hurreratu eta ezagun gehiago. Ene! Zeu ere bai hemen? Zelaaaaan? Aitu hor nor dagoen! Urlia ez duzue ikusi? Hau da bermuta? Martinirik ez dago berriz! Birra bat, hartu pistaxoak,... Eguzkitan ondo gaude,.. Derrepentean, e! zugatik galdetzen dabil neska bat hemen,... Hori aurpegi hori, ezaguna... Nondik? Aibalaletxeeee! Usaia-Elena da bata! Kemajaaa! Gernikakoekin etorri da. Mini blog&beers-a eduki dugu salto baten. San Miguela eskuan eta... zelan zabiltza? Zelan bloga? EGA?....

Megafoniatik abisua,.. ez dut ostiripe ulertu baina aurrerantza doaz denak Argako bazterrean gora. 150 lagun omen. Eta denak berbetan,... Historiako mintzalagun simultaneo handiena izan behar da hau. Santutxuko berbalagunekin eta euren klasekideekin sinsorgadak esaten eta  gure berbalagun taldearen misterioa argitu guran goaz aurrera, eguzkitatik.

Burlatako etxeak ezkerrean. Ibilbidea zibiliziotik kanpo dabil. Ez tabernarik (ostras! tabakoa galdu dut!), ez komunik,.. Paz de Ziganda Ikastolara heldu gara akabuan. Ene! Elegantea ikastola! Barrura? Tabakoa erosi behar dut. Taberna topatzen noa, zurekin noa, gordeiguzue lekua... Non gaude? Atarrabian ala Burlatan? Aitu erretratoei, Indurain, Indurain, Indurain,... Non egongo gara ba? Atera beste buelta bat. Las Campanas, bai. Eguzkitan ondo e!

Mobila. Nun zaze? Kamiñoan gaoz, ontxe gaoz han. Tragua amaitu, joan, jezarri. Joño! Lasartekoak. Joño! Edorta, AEK-ko mintzapraktikarako arduradun nagusia. Zelan? Zer moduz? Aupa! Ardoa? Preguntau bez! Hiru platerrak jan. Erre daiteke? Ez. Kanpora. Zu nongoa zara? Autobusez etorri zarete? Hurrengoa Ordizian egingo dugu. Sua? Donostia bai. Donostia ez. Getxo bai, Getxo ez,...Barrura. Musika, kantuak,...Euskaldunok kantu alairik ez daukagu ala? Durungon bazkaldute dagoen lekuan,...dantzan, kadenetak, kantuak....

Kanpora berriro, jubilatu pare bat inguruan une baten: Joseba Basterra eta Joxemari Muxika. Han aititezebolleta bien batallitak. Eta gustura entzun gainera! "Izan zirelako gara (izan dira, dira, eta urte askoan izan daitezela!)..." etorri zait gogora. Josebak "hunkituta nago", Joxemarik "hona etorri beharra zegoen"... Enfin, une emozionala, Atxa patxaranak patrozinatuta.

Komunera noa. Oskar antolatzailea-arduraduna bidean. "Erantzun ona", gustura dabil mutila. Denak ere bai. Koordinatzaile batzuk (gure Oihana barne) berbetan eta dantzan. Barnetegietako eta euskaltegiko afarietako euforia ikutua antzeman dut. Irribarre jenerala.

Joateko ordua da bata! Kanpora, eguzkitan ondo. Autobusera. Bilborantza. Santutxu. Jaitsi. Zer? Pote batzuk? Nosajodido! Dozena bat lagun berbetan (edo dozena bat berbalagun?) txikiteoan,.... Santutxun zapatuko gau-giroan bultoa egiten, erretiratu gura baina ezin. Eguzkia aspaldian joan da.

Laburbiduz: Arga, gidari natiboak (besarkada bat biei, izena galdetzea ahaztu zitzaidan baina!), Usaia-Elena (musu bat neska, azkenean agur esan barik joan naiz), mintzalagun simultaneoa, beteranoak/ek hunkituta, eta aftersuna apuntapalan.

www.flickr.com
31
Mai
2006

Zapatuko plana


Mintzalagunblogak zapaturako kanpainan dabiltza.

I. mintza-eguna dugu, Euskal Herrian mintzapraktika egiten dabiltzanak ez dira bigarren dibisiokoak daborduko, eurek ere euren eguna daukate orain.

Egun hau ez da bereziki nabarmenduko ez ohiko prentsan ez euskalgintzaren medioetan seguruenik. Partaide kopurua ere ez da inondik ere Ibilaldia eta enparauen bestekoa izango. Partaideok gainera ez dira joango medioetan bala-bala dabilen makrojai batera, euren betiko jarduna beste leku baten egingo dute beste barik, jai giroan eta lagungiroan,... eta seguru egun honetan inor ez dela kexatuko jendetza bai baina denak erdaraz eta halakoekin.

Euskalgintzak eta euskaltegiok gutxietsitako fenomenoak izan dira mintzalagunen kontu hau eta  orohar euskara praktikatzearena. Eta ez dut zergatia ondo ulertzen.

Euskara erabil dadin bi gauza behar dira besteak beste: hizkuntza ondo jakitea, eta hizkuntza erabiltzeko aukerak. Hizkuntza praktikatzea ezinbesteko osagaia da bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan, hori Kutsidazu bidea Ixabel-en protagonistatik hasita umea EEBBra bidaltzen duten gurasoetaraino asumitzen da. Motibazio pittin bat daukan edozein ikaslek bilatuko du praktika hori. Ez dugu ezer deskubritu ez baina hizkuntza ondo menperatzeko tresna bati ez diogula behar besteko garrantzirik ematen sumatzen dut.

Bestalde, gurea bezalako hizkuntza baten kasuan praktikak beste bide bat zabaltzen du, hizkuntza praktikatzea erabiltzea da, eta praktikatzen duten horiek gutxi-asko erabileraren kantitatea ez ezik, euskaldunen arteko harreman sareak, hizkuntz ohiturak eta harekiko jarrerak ere onerako ari dira aldatzen, ikasi dutenari zentzua ematen eta sarritan (neure berbalagunekin konprobatu dut) gurditik tiratzen ere bai: jende gehiago ekartzen eta animatzen eta irudi positiboa ematen.

Ez dira hauek bakarrik euskara salbatuko dutenak seguruenik, eta Iruñean batuko diren berrehun, hirurehun edo laurehun lagunei Ibilaldietako milaka partaideen besteko zorionak, eskerrikaskoak eta bibak ez zaizkie dedikatuko. Ez dute espero izango gainera, ezta eskatuko ere. Euskaraz egiten, lagunartean eta jende berria ezagututa zapatua gustura emanda konformatuko dira.

Ez dakit zergatik baina niri zapatuko planak beste askok baino ilusio gehiago egiten dit. Burlatako aperitifagatik igual? Ala Atarrabiko bildotsa izango da?

30
Mai
2006

Iruñeko bi euskaltegiren aurkako erasoak salatu ditu AEK-k

Iruñeko bi euskaltegiren aurkako erasoak salatu ditu AEK-k - Iruñeko euskaltegien kontrako erasoak. [Berria]

Alarma pizteko moduko albistea edo besterik gabe joango den gertakaria izan liteke hau. Nork, zer, zergatik eta zertako galderei segun-eta zer erantzuten zaien. Baina arrautzak, pintura eta halakoak botata entzuten direnak entzuten direnean, norberari halakoak edo gogorragoak jausten zaizkionean ere zer edo zer esanda ez dugu bekatu handirik egingo, ez da?

11
Mai
2006

Mintzo!

Mintzoa eskatu digute Euskalerria irratiko lagunek, eta hemen neurea, badakizue mintza-praktika zalea naiz eta. Euskalerria irratiak ibili behar du oraingoan atxikimendua, laguntza eta mintzo eskean.

Nafar agintariek euskararekin darabiltena ez dut uste ez deskribatu, ez azaldu behar dudanik, jakina da soberan. Iritzia emateko ere ez dut orain arte esan ez denik topatzen.

Duela gutxi AEK-ko lankideek ere haserrea eta nekea agertu zuten, ez da inor libratzen bada, irratiak, euskaltegiak, ikastolak,....

Helduen euskalduntzean gabiltzanok geure lanaz, kezkez eta eskolaz jarduteko guneen beharra azpimarratu dut hemen behin eta berriz, baina gaur egun argi dago gure lanaz hitz egingo badugu didaktikaz, pedagogiaz, eta teknologia berriez gain beste kontu batzuk ere badauzkagula mintzagai, oraindino eta zoritxarrez. EAEko euskaltegien epeltasunean akordura sarri etortzen ez zaizkigunak.

Desioa eskatuko dut, Nafarroako euskaltegietako irakasleen mintzagai nagusia ikasleak Euskalerria irratia bezalakoek eskaintzen duten programazioa ulertzeko zelan trebatu izan dadila ahalbait arinen.

Interferentziarik gabe.

 Hemen daukazue atxikimendua bidaltzeko bloga: http://www.blogak.com/euskalerriairratia/atxikimenduak

Sindikatu edukia