04
Eka
2006

Argaren bazterrak

Iruñerrian ibili gara gaur. I mintza-eguna. Kronika baterako apunteak (baten batek egin nahi badu edo).

Santutxu, goizeko 9.30ak: Briñas eskolaren aurreko bus geltokian. Mahatserriko berbalagun kuadrila, 120tik 30 inguru Iruñerako plananarekin. Ni, lo. Joño! Santxutxuko Joseba Basterra euskaltzale beteranoa han. Gorbeiako Karmeloko aterpearena Bertonen irakurri dudala eta kontua nondik nora dabilen galdetu, hura esplikatzen hasi, autobusa etorri, elkarren ondoan jezarri eta ia Iruñera arte Gorbeiako kontuak gora eta behera. Askok ez duzue ulertuko, baina balio sinboliko-emozional-nostalgiko handia dauka aterpe horrek Santutxutar askorentzat. Berri pozgarriak, aterpea konpontzeko asmoa daukatela, Mendi taldeak hartu duela,... (Honeek Bertonekoak albistea interneten eskegitzen dutenean link-a jarriko dut. Listo! HO betiko efizientea eta hemen dago albistea. Batzuek kontrakoa zabaldu nahi duten arren, Bertoneko langileak profesional-profesionalak)

11.30. Iruñea. Autobusetik jaitsi eta Gaztelu enparantzara. Josebarekin berbetan ez naiz konturatu ere egin autobusean nortzuk ibili diren. Orduan hasi naiz kargutzen: Santutxuko AEK-ko eta Asapalako lankideak eta nire berbalagunak, Uribe Kostako (Getxo eta Erandio) berbalagunak eta Udal euskaltegietako irakasle ezagunak. Kaixo, ezagutu bez! zeu be bai hamen, joño! Aurpegi ezagunak ere hasi dira agertzen: AEK-ko jendea, Topagunekoak,...

11.30 + ez dakit zenbat minutu. Cafe Iruña. Mahatsorrion koadrilatxu bat hasi bitartean zeozer hartzen joan gara. Eta zeozer hartu bitartean hasi egin da. Konturatu orduko berandu. Non dabiltza besteak? Iruñeko parte zaharrean bila sartu. Estafeta kalean kuadrila handia. Soinularia eta kantariak. Iruñea kantari esan digute. Denok han gaudelakoan entzun eta itxaron. Jendea bertokoak eta kanpokook osatutako koadrilari begira. Gustura. EAEkook Nafarroan euskaltasuna adierazten duen zerbaiten inguruan baten batek astakeriaren bat botako duen ustea dugula konturatu naiz. Nafarroatik datozenak hain beltzak etortzen zaizkigu ze,... Zapatu eguerdiko lasaitasuna, giriak kuriositatez begira, bertokoak kantuak eta kantakera gozatuz.... Hau ez da pintatu dugun infernua inondik ere.

13.00ak edo. Antolatzaileetako bat gure bila. Galduta zabiltzate, besteak aurretik dabiltza. Goazen ba aurrera! Nabarrerian gora, harresia,... eta Argako bazterra. Besteak aurretik dabiltza, eta erreka bazterretik aurrera segitu behar dugu "bermuta" ematen den lekuraino. Goazen. Ttipi-ttapa,...60 lagun inguruko koadrila, Bilbo inguruko autobusekoak gehienak, Argan gora. Esaten nian Julian, hemen ez gaozak danak!

Argako bazterra, txopoak, gurearen kontrako norabidean korrikalariak, Santiagorako erromesak, paseanteak,... gu, aurrerantza, paseoan, eguzkitatik, gerizpe gutxi. Paseokide ezezagunen berriketei adi,... ea nongoak-zer diren (euskaldun berriak, zaharrak, nafarrak, gipuzkoarrak, bizkaitarrak, 1b maila, 2 maila,...) Badakizue deformazio profesional eta diletante guztiak.

Andre bi, mintzalagun bikotea duda barik, naparrak, iruindarrak. Ibilbidearen ingurukoak deskribatzen, kontatzen, gogoratzen,.. haien ondoan nabil, entzuten,... hona txikitan etortzen ginen bainatzera, hemen "saldarriak" zeuden, hemengo baratzak! haiek piperrak eta tomateak!...han ez dakit zer klub,.. Aitu! Luxuzko gidariak topatu ditut! Entzun, esaten dutenari kasu egin eta begiratu, azkenean haiekin berbetan hasi,... eta Argako bazterrak gehiago ezagutu, eta Iruñea, eta iruindarrak...eta berbalagun berriekin paseoan,... Santutxukoak aurretik galduta daborduko. Eta eguzkitan, Argako bazterretik, txiri-txiri aurrera, andreoi entzuten eta berbetan,... A ze zortea eduki dudana 20 minutuan! Bidaiaririk porrokatuenak gura lukeena.

Halako baten, joño! Hemen dago koadrila guztia! Bermuta. Hurreratu eta ezagun gehiago. Ene! Zeu ere bai hemen? Zelaaaaan? Aitu hor nor dagoen! Urlia ez duzue ikusi? Hau da bermuta? Martinirik ez dago berriz! Birra bat, hartu pistaxoak,... Eguzkitan ondo gaude,.. Derrepentean, e! zugatik galdetzen dabil neska bat hemen,... Hori aurpegi hori, ezaguna... Nondik? Aibalaletxeeee! Usaia-Elena da bata! Kemajaaa! Gernikakoekin etorri da. Mini blog&beers-a eduki dugu salto baten. San Miguela eskuan eta... zelan zabiltza? Zelan bloga? EGA?....

Megafoniatik abisua,.. ez dut ostiripe ulertu baina aurrerantza doaz denak Argako bazterrean gora. 150 lagun omen. Eta denak berbetan,... Historiako mintzalagun simultaneo handiena izan behar da hau. Santutxuko berbalagunekin eta euren klasekideekin sinsorgadak esaten eta  gure berbalagun taldearen misterioa argitu guran goaz aurrera, eguzkitatik.

Burlatako etxeak ezkerrean. Ibilbidea zibiliziotik kanpo dabil. Ez tabernarik (ostras! tabakoa galdu dut!), ez komunik,.. Paz de Ziganda Ikastolara heldu gara akabuan. Ene! Elegantea ikastola! Barrura? Tabakoa erosi behar dut. Taberna topatzen noa, zurekin noa, gordeiguzue lekua... Non gaude? Atarrabian ala Burlatan? Aitu erretratoei, Indurain, Indurain, Indurain,... Non egongo gara ba? Atera beste buelta bat. Las Campanas, bai. Eguzkitan ondo e!

Mobila. Nun zaze? Kamiñoan gaoz, ontxe gaoz han. Tragua amaitu, joan, jezarri. Joño! Lasartekoak. Joño! Edorta, AEK-ko mintzapraktikarako arduradun nagusia. Zelan? Zer moduz? Aupa! Ardoa? Preguntau bez! Hiru platerrak jan. Erre daiteke? Ez. Kanpora. Zu nongoa zara? Autobusez etorri zarete? Hurrengoa Ordizian egingo dugu. Sua? Donostia bai. Donostia ez. Getxo bai, Getxo ez,...Barrura. Musika, kantuak,...Euskaldunok kantu alairik ez daukagu ala? Durungon bazkaldute dagoen lekuan,...dantzan, kadenetak, kantuak....

Kanpora berriro, jubilatu pare bat inguruan une baten: Joseba Basterra eta Joxemari Muxika. Han aititezebolleta bien batallitak. Eta gustura entzun gainera! "Izan zirelako gara (izan dira, dira, eta urte askoan izan daitezela!)..." etorri zait gogora. Josebak "hunkituta nago", Joxemarik "hona etorri beharra zegoen"... Enfin, une emozionala, Atxa patxaranak patrozinatuta.

Komunera noa. Oskar antolatzailea-arduraduna bidean. "Erantzun ona", gustura dabil mutila. Denak ere bai. Koordinatzaile batzuk (gure Oihana barne) berbetan eta dantzan. Barnetegietako eta euskaltegiko afarietako euforia ikutua antzeman dut. Irribarre jenerala.

Joateko ordua da bata! Kanpora, eguzkitan ondo. Autobusera. Bilborantza. Santutxu. Jaitsi. Zer? Pote batzuk? Nosajodido! Dozena bat lagun berbetan (edo dozena bat berbalagun?) txikiteoan,.... Santutxun zapatuko gau-giroan bultoa egiten, erretiratu gura baina ezin. Eguzkia aspaldian joan da.

Laburbiduz: Arga, gidari natiboak (besarkada bat biei, izena galdetzea ahaztu zitzaidan baina!), Usaia-Elena (musu bat neska, azkenean agur esan barik joan naiz), mintzalagun simultaneoa, beteranoak/ek hunkituta, eta aftersuna apuntapalan.

www.flickr.com

The mixxer berbalagun birtuala

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Ekaina 9 - 08:34-(e)an bidalia.

Anibal de la Torreren blogean http://www.adelat.org/index.php irakurri dut berbalagun birtuala izateko aukera ematen duela orain skypek. Ea euskararen presentziatxoa ere ahalbideratzen dugun "the mixxer" honetan:
http://www.language-exchanges.org/

Interesantea

Benito-(e)k 2006, Ekaina 9 - 10:57-(e)an bidalia.

Kolpetxu bat egin beharko zaio kontu honi. Ez da lehenengo proposamena gainera. Patxitraperok ere bota zuen halako zerbait duela hilabete batzuk, eta nik jarraipena eman nion.

Dena dela, berbalagunen kontu honekin eta zure azkenengo posta irakurrita, planteatzeko moduko galdera otu zait. Autoikaskuntza ereduen gabeziak ikusita, mintzalagunak autoikaskuntzaren ezinbesteko bikotea izan beharko luke?

Mintzalaguna diodanean edozertariko praktika jarduera esan nahi dut: mintzalaguna bera, mintza-taldeak, barnetegiak, jarduera soziokulturalak (ikastaroak, irteerak, txikiteoak,..), kultur emanaldiak,... eta formato desberdinetani: aurrez aurrekoa, ahozkoa, idatzia, birtuala, ... Hizkuntza praktikatzea-erabiltzeaz nabil azken baten.

Zer deritzozue? 

Euskaltegia eta kalea

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Ekaina 9 - 16:34-(e)an bidalia.

Ezagutza eta erabilera, euskaltegia eta kalea, komunikazio erreala eta simulazioa uztartzeko aukera paregabea dugu euskara ikasle/irakasleok mintzalaguna bezalako ekinbideekin.
Aukera hau geure geurea dugu (hizkuntza askok ez dute halako paradarik), eta ez nolanahikoa, gainera; AUKERA handia eta azpimarragarria da. Berebiziko garrantzia duena.
Nire ustetan ez bakarrik autoikaskuntzaren kasuan, ohiko ikaskuntzaren kasuan ere erabili beharrekoa eta ikas-irakas kurrikulumean txertatu beharrekoa. Aurrerapausu galanta izango litzateke euskaltegiek beronen beharra ikusi eta ekinbide didaktikoaren muin gisa jasoko balute. Ez dut uste ekintza osagarriak direnik; prozesuaren gako eta giltzarri, baizik.

praktika eta hausnarketa

Benito-(e)k 2006, Ekaina 13 - 01:14-(e)an bidalia.

Galdera autoikaskuntza ereduei begira egin dut gehien bat. Autoikaskuntza ereduekin eskola-denbora presentziala murriztu egiten da sarritan bakarkako ikas-denboraren alde. Mintza-saioak antolatzen dira hori konpentsatzeko, baina autoikaskuntzan dabiltzan lankide batzuei entzundakoengatik edo zuk zeuk aipatu dituzun batzuengatik badirudi mintza-saio horiek ez direla nahikoa izaten praktika behar den modura egiteko (oker nago beharbada, horrela bada zuzendu).

Hala bada, eta autoikaskuntza ereduak ugaltzen badira, praktikarako programa osagarrien beharra eta eskaria (direla mintzalagunak, direla barnetegiak, direla mintza-taldeak, direla...) ez dira areagotuko?  Hau da, auto-tele-online ikaskuntzaren zabalkundeak halako hutsunea sortu dezake?

autoikaskuntzaren hutsuneak

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Ekaina 13 - 08:37-(e)an bidalia.

Galderak ez dauka erantzun errazik, ezta erantzun bakarrik ere. Hutsuneak ez baititu autoikaskuntzak berak sortzen, berau inplementatzeko erabiltzen den eredu didaktikoak baizik.

Gaur egun euskaltegi askotan darabilten ereduari jarraitzen bazaio: ordubeteko mintza-saioa astean eta hamabostean behin ordu erdiko tutoretza (mintzamenari baino gehiago BOGAri lotua) hutsuneak nabarmenak eta osagaitzak dira (ez bakarrik mintzamenari begira).

Nire esperientzian autoikaskuntzak ohiko ikas-irakaskuntzak besteko konpetentzia maila eskain dezan, beharrezkoa da: eredu estandarrak eskaintzen duen denbora bikoiztea , kantitateari dagokionean; nolakotasunari dagokionean, ostera, tutoretzan ere mintzamenari erreparatzea (bigestioa/ monogestioa) (elkarrizketa, monologoa), eta mintzasaioek ezaugarri minimo batzuk izatea (talde txikia, poligestioa, tipologia anitzekoa...).

Honela eginda ere, ezin dugu ahaztu berez autoikaskuntza ereduak ikasle-ikasle transmisioa kalte lezakeela, elkarlanerako guneak zehaztu ezean; berauek on-line edo off-line izan litezke baina beharrezkoak oso.

Botatzen duzun galderari jarraiki, uste dut behar-beharrezkoa dela, halaber, praktika erreala eta praktika akademikoa uztartzea eta mintza-taldeak, mintzalaguna (oso formato malgu eta egokiduna), barnetegiak... sustatzea; baina osagarri baino, zentroen kurrikulumean bertan txertatuta, ahal izanez gero.

Konforme

Benito-(e)k 2006, Ekaina 13 - 16:31-(e)an bidalia.

Azken baten apuntatzen ari gara euskaltegien eskaintza modulazio global bakarretik eskaintza desberdinez osatutako moduluetarantz joan daitekeela hemendik aurrera, eta jakina, horrela izango bada, euskaltegiaren kurrikuluak eta planak hori guztia jaso beharko dute.

Nik aspaldian daukat iritzia modulazio "klasikoa" (talde bat = maila bat = irakasle bat = ordutegi bat = helburu-edukien multzo bat = jarduera berdinak) hausten hasita dagoela. Arrazoiak asko: ikasleak klase presentzialari dedikatu ahal dioten denbora, interes eta helburu desberdinak,  talde klasikoak osatzeko zailtasunak, mailaketa berriak,... Eta modulazio klasiko hori ezin izango du alternatiba bakarrak (autoikaskuntza kasu) ordeztu, hura bezain osoa ez bada behintzat. Hori dela eta, nire ustez, hizkuntzaren ikaskuntzaren arlo eta une desberdinak kubritzeko eskaintza anitzagoa sortuko da.

Hau honela bada, ondorio batzuk berehala sumatuko genituzke: Diru-laguntzen sistemaren berregokitzapena, irakasleen espezializazioa edo figura berriak sortzea (mintzalaguneko dinamizatzaileak, tutoreak adibidez), kurrikuluaren eta programen egokitzapena, ikasle-bezeroaren eskarira egokitu beharra...

Ez naiz Nostradamus ona beharbada - geroak erranen - baina halako sentsazioa daukat.

Oso ondo pasatu genuen

Usaia (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Ekaina 9 - 19:35-(e)an bidalia.

Ilusioa, autoikaskuntza eta mintzalagunak nahikoak dira hizkuntza bat ondo ikasteko. Hurrengora arte!

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia