mintzalaguna

05
Eka
2009

Hitz egiteko eguna

Ohiko letaniak zabaldu ziren lehengo astean Ibilaldia dela eta ez dela: jendeak erdaraz hitz egiten duela, euskarazko mintzorik ez dela entzuten eta enparauak.

Aspaldiko kontuak dira bai. Azken batean urteetan frogatu digute egun bateko ekitaldiak, handia, jendetsua eta hunkigarria izan arren, ez dituela hizkuntza-ohiturak derrepentean aldarazten. Alegia, ikastolen jaialdi horiek (eta beste batzuk) euskararen egunak izango dira, baina ez oro har euskaraz hitz egiteko egunak.

Bihar berriz, bai, euskaraz hitz egiteko eguna izango dute askok.

Ez da hain handia, ez zaio hedabideetan zalaparta gehiegirik emango (ezta hedabide euskaltzaleetan ere), euskaltzale askoren arretarik ere ez du lortuko seguru asko, ez inor kezkatuko urlia edo berendia handiren bat agertu ez delako, baina joango direnek euskaraz hitz egingo dute, seguru. Kostata batzuek beharbada, baina ez dute egun bategatik euren arteko hizkuntza aldatuko ere, asko elkarrizketa honetara ailegatu diren azkenak izan arren.

Horixe. Bihar, ekainak 6, Mintzaeguna Gasteizen.

16
Ots
2008

e-mintzalaguna izan nahi duzu?


Mintzapraktika.org-en aspaldian daukate antolatuta Skype-en bidez mintzalagun taldeak egiteko aukera. Ekimenak arrakasta eduki duela dirudi, baina, aurrez aurreko mintzalagunetan ohiko izaten den bezala, euskaraz ondo dakien jendearen falta daukate sareko kableen bidez mingaina astindu nahi dutenei praktikatzen laguntzeko.

Hala bada, deialdia zabaldu dute sarean: e-mintzalaguna izan nahi duzu?

E-mintzalaguna izan nahi duzu? 

Horrela bada, www.mintzapraktika.org zure aukera da. Sartu, Skype atalean klikatu,  izena eman eta listo. Geu jarriko gara zurekin harremanetan eta azalduko dizugu egin beharrekoa. Oso erraza da, ez da deus ordaindu behar eta laguntza handia eskainiko duzu.

Izan ere, e-mintzapraktika egiteko aukera martxan jarri genuenetik hainbat izan dira izena eman duten lagunak eta mintzapraktika taldeak martxan jartzeko ohiko euskal hiztun prestu gehiago behar ditugu.

Antzeko zaletasun eta interesak dituen jendearekin topatzeko beste aukera bat sortu da orain. Lagun berriak egin, solasaldi lasaiak izan, munduan zehar dauden euskaldunak edo euskara ikasleak ezagutu eta beraiekin harremana hartzeko. Mintzapraktikak espazioaren mugak gainditu ditu, animatu eta izan e-mintzalaguna!

Zergatik kostatzen da hainbeste euskaldun berri horiei laguntzen animatzea? Hau baino errazagorik gutxi dago.

E-parraplada batzuk botako ditugu?

06
Ots
2008

5 galdera mintzalagun batentzat

Mintzalagunak, berbalagunak, mintzakideak, hizkuntz-bikoteak, hizkuntz-bolondresak, hizkuntz-trukea... Mintza-praktika programak ez dira gure asmakizuna, ezta gauza berria ere. Mingaina astindu beharra hizkuntza ikastearekin batera datorren behar izana izan ohi da, eta irtenbide ezberdinak eta ugari eman izan zaizkio aspaldian.

Munduan mintza-praktikarako erarik ezagunenetako bat hizkuntz-trukeak izaten dira. Badakizue, pertsona bi batzen dira, hizkuntza desberdinetako hiztunak, bata bestearen hizkuntza txandaka praktikatzeko.

Voces en español blogean hizkuntz-trukeetan hasiera batetik esperientzia ahalik eta aberasgarrien egiteko planteatu beharreko bost galdera proposatu dizkigute 5 Preguntas para tu intercambio mezuan. Gure mintzalaguneetarako ere baliagarriak izan daitezke ikuturen bat eginda, laguntzaile-euskaldunzahar paperean dagoenarentzat gehien bat:

  1. Zergatik mintzalagun? Zer espero duzu? Zer lortuko duzula uste duzu? Zertan laguntzea nahi duzu? Berriketan egitea baino ez dela nahi pentsatzeko joera dago. Horren atzetik motibazio berdinak egon ohi dira hala ere, klase guztietakoak: euskaltzaletasuna, agiriak, lana, jakinmina. Baina baita bestelako interesak ere: harremanak, erlaxatzea, dibertitzea, deskonektatzea...
  2. Lehenengo aldia da? Aurreko esperientziak baliagarriak izaten dira oraingoan arrakasta izateko. Zailtasunak, jarrerak, hitz egiteko txanden errespetua, pertsonekiko konexioa, hizkera.
  3. Non, noiz, nola? Berba egitea da kontua, eta tentsioak eta zailtasunak uxatzea komenigarria izaten da. Artikuluan taberna zaratatsuak saihestea gomendatzen digute. Nik neuk ere neure esperientziatik berdin gomendatuko nuke, hala ere, musikaren erritmoarekin mihia errazago astintzen duenik ere badago. Leku ezezagun edo ez ohikoek hasiera batean uzkurtu egin ditzakete berbalagun berriak. Edozelan ere, garrantzitsuena gustuko ingurune batean jardutea izaten dela esango nuke.
  4. Ikasten ari zara? Solaskidearen maila ezagutzea komeni da, jakina, norberak bere hizkera egokitzen saiatzeko. Puntu interesgarria aipatzen dute blogean: mintzapraktikak ez du klasea bihurtu behar. Batzuk debaldeko eskolen bila ei datoz. Baliteke, nik neuk argi ikusten dut mintzapraktikak soilik ezin dituela klasea edo bestelako ikaskuntza-jarduerak ordezkatu. Hau da, inork ez dezala pentsa mintzalaguna debaldeko euskaltegia dela. Ez da, eta berbalagunak ez du zertan izan irakaslea. Zalantzaren bat argitzeko prest egongo da seguruenik, baina bera ere lasai jardutera doa, ez klasea ematera. Anekdotaren bat kontatu didate hala ere, irakasle lana gustuko duen berbalagunen batena eta saioak klaseak balira bezala presatzen dituena. Ez dakit ba! Besteren bat ezagutu dut berriz, berriketarako gaiak proposatzeko irakurgai edo prentsako errekorteren batekin joaten dena, norberak daukan berriketarako gaitasunaren arabera, interesgarria izan daiteke azken bide hau askorentzat. Edozelan ere, uste dut informaltasun giroa gordetzeko ahalegina egitea komeni dela.
  5. Onartzen dituzu zuzenketak? Askorentzat ez da erosoa izaten berba egin ahala norbait alboan zuzentzen edukitzea. Beste batzuek berriz, estimatu egiten dute. Erreparatu beharreko kontua dudarik ez. Ahaztu barik zuzenketak egiteko era desberdinak daudela: zuzenketa zuzen-torpederoa, trabatzen denari esaldia-hitza amaitzea, esan dena ondo entzun ez balitz bezala ondo errepikatzea... Jakina, zuzenketak egiten ditugunean sarri tonoa izaten da garrantzitsuagoa zuzenketa egiteko estiloa baino. A! eta kontuz baten bat hasten bada "...ba niri irakasleak esan zidan...", euskaldunon arteko korporatibismoa zer hauskorra den agerian utzi nahi ez badugu. ;)

Azken batean, nire ustez, partaideak konfidantza giroan, erlaxatuta eta elkarrekin gustura jardutea da kontua, eta gauza banalak akaso baino interesgarriak ekartzea. Kike Amonarrizek dioen bezala, euskara eskuragarria eta erakargarria egitea.

Beste galderarik edo aholkurik bururatzen zaizue? Edo aurrekoari zuzentzekorik? Bota ba!

Argazkia: Mintzapraktika.org

14
Abe
2007

% pixka bat

Erabili.com-en eta Ikasbilen irakurri dugu albistea. Topaguneak eta HPSk hitzarmena sianatu dute Mintzalaguna eta Mintzapraktika egitasmoak sustatzeko eta zabaltzeko.

Eta poztu egin naiz. Badakit hau ez dela lehenengo hitzarmena, hitzarmena ez dela nahi genukeen bestekoa eta abar...

Baina era berean badakit urteetako lana egon dela atzetik, jorratu beharreko ildoa ikusi eta hartan sinistu duten euskaltzaleak ibili direla, eta apurka-apurka eta ia-ia isilean aurrera joan dela, euskaltzaleak eta euskalgintza konbentzitu eta elkarlanean jarriz.

Eta ez dira hemen geldituko gainera.

Egunotan zabaldu dira Kale Erabileraren V. Neurketaren emaitzak. Aurrera goazela dirudi, ez nahi genukeen abiadan, astiro. Soziolinguistika Klusterreko Lionel Jollyk eta Olatz Altunak diotenez:

Laburbilduz, argazki estatikoari erreparatuta, euskararen egoera eskasa da, oraindik. Aldiz, dinamikoki begiratuta joera itxaropentsua ikusten da, egoera duin batera iristeko asko falta zaigun arren.

Topaguneakoek beste datu bat eman digute bildumarako: 2.000 lagunen bizimoduan euskararen erabilera %1 inguru igo da. Hau da, astean lehen baino ordubete gehiago ari dira erabiltzen (gutxienez).

Orain "Pixka bat es mucho" batekin errematatzea espero duzue, ezta?

Ez ba!

Pixka hauek pixka asko ekarriko dituzte, honela lan egiten jarraituz gero.

PD: Beste mezu batean aipatu liteke, baina lan horren adierazlea da, eta gainera lankide batek egina.

AEK partaide duten praktika programen informazioa biltzen duen blog-agregatzailea (http://berbalagun.blogspot.com) eta haien blog sarea ditugu egiten ari denaren adierazle garbiak.

Ixil-ixilik gune dotorea atondu du Edorta arduradunak batetik, eta bestetik egitasmoetako dinamizatzaileak buru-belarri sartu dira blogosferan. Dozena bat blog sortu dituzte, eta ez daude geldirik, ez horixe!

Horrez gain, miniforoa, inkestak, agregatzailea eta mapak ditugu. %100 web2.0 gainera.

Gustu eta gogo apur batekin gauzatxoak egiten dira. Ezta?

 

Sindikatu edukia