09
Ots
2007

Idatzi ala idatzi?

Darle a la lengua blogean Felipe Zayasek, batxilergoko ikasleekiko esperientzia baten ostean eskola eta idaztea dela eta ez dela gogoeta batzuk utzi dizkigu:

Recuerdo que hace ya algunos años, un día que trataba de reflexionar con alumnos, posiblemente de 1º o de 2º de Bachillerato, acerca de los problemas que presentaban sus composiciones escritas, una alumna me advirtió: "Es que no tenemos costumbre de escribir". Yo quise aprovechar sus palabras y repliqué, a ver qué me respondía: "Pero si en la escuela y en el Instituto no hacéis más que escribir". Y la alumna (siento mucho  no recordar quién fue, porque su respuesta fue muy aguda) contestó: "Pero eso no es escribir".

Kontua ez zait urruna egin. Eskola mundutik gurera aldea badago ere, topiko batzuk etorri zaizkit gogora lehenengo: idazteko ohitura falta, ohikoak ez diren testuak idatzi, denok ez gara idazleak,...

Baliteke, baina euskaltegian gehien idazten den testuaren azterketa "komunikatibo" minimoa eginda, beharbada beste zerbait aurkituko dugu.

Testua zein da? Idazlana, jakina.

  • Non agertzen da testu hau: eskola eta irakaskuntza munduan
  • Zertarako idazten da? hizkuntza maila ebaluatzeko gehien bat.
  • Norentzat idazten da? Irakasle-zuzentzialearentzat
  • Zer "komunikatu" nahi diogu hartzaileari? Zer egina egin dugula, eta hizkuntza idatziz nola erabiltzen dugun. Eskatu diguna egiteko hizkuntza ondo menperatzen dugula konbentzitu behar dugu, alegia.
  • Zer espero du hartzaileak gugandik? Hizkuntza ahalik eta txukunen eta zuzenen erabiltzea, eta ahalik eta errore gutxien egitea. Paradoxa gertatzen da hemen sarritan hala ere. Ikasle batek testu perfektua egiten duenean zer egin ez dakigula geratzeko ikara sumatzen dugu une baten.
  • Zer kontatu behar dugu idatziz? Edozer, zuk nahi duzuna, boligrafo gorritik ihes egitea da kontua.

Idaztea, hori idaztea izan bada, dena dela Zayasen ikasle hark ez dakit idaztearen zein kategoriatan sartuko lukeen. Hala eta guztiz ere, azkenengo hausnarketa honekin ere geratzen naiz, "corta y pega" ipintzen duen lekua " gaia jarrita, idazlana" jarri eta egia santua da:

Por eso es muy difícil idear actividades que vayan más allá del simple "corta y pega" sin situarse a demasiada distancia de sus capacidades.

Zertarako idatzi?

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Otsaila 9 - 23:13-(e)an bidalia.

Gai garrantzitsua oraingoan dakarzuna. Egin diezazkiogun pare bat galdera geure buruari:

* Zertarako idatzi?

Luze ez aritze aldera, bi arrazoi "akademiko" aipatuko ditut:

- Idazmena eta mintzamena (beste bi trebetasunak ere bai, akaso) ezin direlako trebetasun erabat bereizitutzat jo. Batak bestea elikatzen du etengabe. Gero eta gehiago dira "continuum" bat osatzen dutela dioten adituak. Jar ditzagun bi muturreko adibide: batetik, txata eta elkarrizketa (biak ala biak mintzamenetik hurbil); bestetik, 3.mailan ahoz zein idatziz garatzen den gaia ( biak ala biak idazmenetik hurbil). Gauzak horrela eta idatzizko erregistroaren ezaugarriak eta ahozkoarenak berdin berdinak ez badira ere, eginkizunaren arabera zenbait puntu komun dituztela ezin ukatu (horiexetan ematen da elkarrren arteko elikadura, hain zuzen).

- Ezagutzatik erabilerara egin behar dugu jauzi; informaziotik ikaskuntzara edo beste modu batean gramatikaren ezagutzatik beronen erabilerara (zuzentasunera, alegia). Ez da berdina ariketa analitiko batean egitura bat erabiltzea (egitura bera da helburu) edo idazlan batean erabiltzea (egitura tresna da orduan). Horrexetan ari da ikaslea idazten duenean, gramatika tresna bezala erabiltzen.

Bi arrazoi akademiko hauek nahikotxo pisatzen dute nire ustetan eta "justifikatu" egiten dute idazmenaren lanketa gure taldetan. Egin dezagun, bada, bigarren galdera:

* Eta horrekin konformatu behar al dugu?

Ezezkoan nago. Irakasle gehienok idazmenaren alde "akademikoa"ren lanketa hobetu behar dugu eta ahal den neurrian idazmenari benetako funtzio komunikatiboa erantsi.

Alde akademikoaren lanketa hobetu beharra argi daukat, nire ustetan beti gauza bera eta modu berean zuzentzen dugu (berdin digu mailak, testu motak zein egoera komunikatiboak) ergatiboa, erlatiboa eta zuzentasun akatsak birusak bailiran erasotzen ditugu. Ebaluazioaren hedadura zabaldu eta zuzenketa dibertsifikatzeko garaia delakoan nago (nork zuzentzen du koherentzia edo tesiaren formulazioa? nork azpimarratzen ditu zati onak? nork egiten du idazmenaren ebaluazio plan bat? nork irakasten ditu argudioak formulatzeko estrategiak?...)

Idazmenari, trebetasun sortzailea den neurrian, benetako funtzio komunikatiboa, rol soziala, ere eman behar diogula uste dut eta horretarako oso aukera politak dira txatak, foroak, blogak eta wikiak. Giza konstruktibismorako bide ematen dute eta idazmena L2aren ikasketan inoiz izan ez duen bezalako mailan jartzen dutelakoan nago.

Beno Benito, nahiko idatzi dut gaurkoz. Badakizu, idazki honi okerren bat antzematen badiozu, hartu boligrafo gorria eta zuzendu.

Apunteak

Benito-(e)k 2007, Otsaila 10 - 00:06-(e)an bidalia.

Idaztea gora eta behera hasi garela, gauza gehiago etorri zaizkit burura.

  • Blogak, chat-ak eta enparuak aipatu dituzu. Paperaren gainean idazteko aukera berriak ematen dituzte, komunikatzeko, gauza "errealagoak" egiteko. Baina sentsazioa daukat ikasleentzako blogak, wikiak eta enparauei oro har sano kostatzen zaiela funtzionatzea. Bi muga daudela uste dut, "benetako" zerbait idaztera ausartu ez, idatzia publiko egitearekin batera, eta bigarrena, zer esana ez edukitzea. Baina zer esango dut ba? Zertarako idatzi behar dut hor? Blogorrea, kontrakoa dirudien arren, gaixotasun minoritarioa da oraindino.
  • Ikaslearentzat zeozertarako balio duen idatz-ataza arrakastatsua aurkitzea, Zayasek dioen bezala, zaila da  benetan. Eta, suposatzen dut, honekin beste hainbat gauzarekin bezala gertatzen dela, predikatzen dugunera ailegatzeko ahaleginak gainditu egiten gaitu, eta lehengora jo behar izaten dugu etengabe.
  • Idazmena trebetasunen artean ebaluatzeko errezenetakoa da. Eta egia da, zuk apuntatu duzun bezala, ahozkoarekin egiten zailago zaiguna testu idatzi baten aurrean argiago egiten dugula: forma ebaluatzea.
  • Beste alde batean, testuaren pedagogiatik eratorritako jardunbideak ditugu. Testuaren analisia, testu motak/erak/generoak, baliabide testualak,... Ez dakit, baina sentsazioa daukat horrelakoek ere ez dutela arrakastarik eduki izan gurean.
  • Beharbada, irakasleok testu idatzira hurbilpen naturala galdu dugu. Hizkuntza idatzia apur bat jaungoikotuta daukagu akaso. Zer baloratzen dugu benetan idazki bat irakurtzean? Lagun baten e-posta mezuan adibidez?
  • Duela gutxi Europako markoa eta mailak direla eta gurean izan genuen saio baten komentatukoa: zer idazteko kapaz izan behar du hiztun arrunt batek? 300 hitzeko idazlana zuzen, egoki, jator, aberats, koherente, kohesionatu, polito eta gainera interesgarri? Hori ez da batez bestekoaren gaineko abilezia?
  • Zuzenketa dela eta, ahozko hizkuntzarekin berformulazioa erabiltzen dugu sarri, hau da, solaskideak esan duena geure hitzekin errepikatzen dugu. Idatzizkoan zergatik ez dugu hain maiz egiten? "Begira, nik hau horrela idatziko nuke...". Boligrafo gorria baino nekosoagoa, baina eragingarriagoa izango litzatekeela uste dut. Bide batez, wikiak horretarako oso tresna interesgarriak dira, aspaldian egin nuen proba bat berton. Norbait horrekin jarraitzera animatzen bada, laguntza teknikoa emateko prest nago.

Tira ba, honez gero blogorrea zer den asmatuko zenuen. Baina gustura idazten da hau, ez dakit zergatik.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia