barnetegiak

19
Aza
2007

Bi errepidean: Mintzalagunak eta barnetegiak

Lankide batek bidali dit abisua: Lazkaoko barnetegia eta Mintzalagun ekimena aztergai, asteleheneko "Bi Errepidean" saioan.

Gaur gauean ETB1en, Bi Errepidean saioan beraz:

Euskara ikasteko modu bat baino gehiago daude. Barnetegiak adibidez, epe laburrean aurrerapauso handiak egiteko tresna dira. Baina ez da gure hizkuntza ikasteko bide bakarra. Mintzalagun sistemak esaterako, euskara norberaren eguneroko bizitzan txertatzeko aukera eskaintzen du. Urko Aristi eta Alex Sardui euskara ikasteko bide horiek hautatu dituzten bi emakumerekin egongo dira asteleheneko “Bi Errepidean” saioan.

Protagonistetako bat Martina Urrutia da. Sustrai nafarrak dituen iruindar hau Lazkaoko Maizpide barnetegian ari da ikasten. Lau hizkuntza dakizki eta orain euskara ikastea erabaki du. 15 urte dira Normandian bizi dela eta Euskal Herrira itzuli da bere jatorrizko hizkuntza ezagutzera. Urkok egun batez biziko du barnetegiko ikasleen bizitza. Klaseak, elkarbizitza, zurrumurruak eta parrandak biziko ditu Martina eta barnetegiko lagunekin batera.

Alex Sarduik Rocio Luces Goñiren eguneroko bizitza ezagutuko du. Mintzalagun sistema antolatzeko ardura du Rociok eta Sarduik bere lanean lagunduko dio. Uruguayen hazia eta hezia da baina, aiton-amonak nafarrak zituela eta, umetan hasi zen euskara ikasten. Orain bost urte etorri zen Euskal Herrira eta duela hiru urte hasi zen Algortako euskara elkartean lanean. Bi mintzalagunekin egongo dira Alex eta Rocio. Gure hizkuntza edonorekin egunero erabili daitekeela ikusi ahal izango dugu.

Euskara inoiz baino gehiago, mihian izango dute astelehenean Alex Sarduik eta Urko Aristik, ETB-1en, 23:15ean.

Ea baten batek grabatzen digun.

03
Uzt
2007

Bizilekuak

Egunotan Lizartzan gertatutakoaren berri ez dugu eman beharko honez gero. Hartaz esateko ez zait esanda ez dagoen -edo ondo bistan ez dagoen- ezer berririk bururatzen. Txuma Murugarren musikariak Gauzen Hegoaldean blogean idatzi duen honen modukorik alegia.

Txuma irakasle ibili zen Lizartzako barnetegian, AEKrekin. Neu ere ibili nintzen "hotelean" sasoi hartan, eta neuri ere (eta beste hainbati seguruenik) etorri zait gogora Lizartzan ibili ginenekoa. Eta segidan, barnetegietan ibili garen guztiak, eta kateari jarraituta, Lizartzaren moduko "barnetegi-herriak". Eta jakina, udako barnetegiak eta barnetegietakoak... Aste honetan hasi dira aurtengoak, ez da nostalgiarako sasoi txarra.

Tira, ez naiz barnetegietako batallitak kontatzen hasiko. Gaurkoz, Lizartzaren moduko herrientzako aipamentxoa (omenalditxoa nahi baduzue).

Euskararen gordeleku deitu izan zaie inoz halako herri euskaldun txikiei, nik neuk, beste berba bat nahiago, euskararen "bizilekuak". Horietara, antzinako altxorren bila barik, bizitasunaren bila abiatu da ikaslea sarriago, halaxe iruditu zait neuri behintzat, baita sarritan aurkitu ere.

Barnetegiak ere, gau ta eguneko non-stop akademia barik, hamabost eguneko bizilekua izan dira gehienetan, ikas-komunitatea. Inguruko bizilekuarekin, euskalkiaren eta kimika pertsonalaren trabak gorabehera, gehiago-gutxiago batu da ikas-komunitatea, baina, oro har, ikas-esperientzia aberasgarria, esperientzia pertsonal gogoangarria, eta, leku horiekin lotura afektiboa gorde dute askok (Krashenek aipatzen zuen iragazki hura akaso). Izan ere, herriotako euskaldunon besoak zabal-zabalik aurkitu ditu ikasleak gehien-gehienetan.

Bizileku horiek askok dauzkate gogoan, eta bihotzean.

08
Mai
2007

Udako barnetegiak 2007

Uda honetarako barnetegien eskaintza zabaldu dute Ikasbilen.
Pdf dokumentu batean daukazue, klikatu hemen jaisteko edo irekitzeko.
Hemen daukazue laburpentxoa, antolatzaileak eta lekuak:

MAIZPIDE

www.maizpide.com

  • LAZKAO (Gipuzkoa)

AURTEN BAI / ZORNOTZAko Barnetegia

www.aurtenbai.com

  • ZORNOTZA

UZTARRI

info@uztarri.net | uztarri@euskalnet.net

  • ZORNOTZA

BILBO ZAHARRA

www.bilbozaharra.com

  • GOROZIKA Muxika (Bizkaia)

ULIBARRI

www.ulibarri.org

  • ARANTZAZU (Gipuzkoa)
  • LEZAUN (Nafarroa)

GABRIEL ARESTI

www.gabrielaresti.com

  • ONDARRU (Bizkaia)
  • BAKAIKU (Nafarroa)
  • ITSAS MENDI (Aste bat Ondarroa +aste bat Bakaiku)

LABAYRU

www.labayru.com

  • DERIO (Bizkaia)

IKA

www.ikastari.net

  • ZUBIETA (Nafarroa)
  • LESAKA (Nafarroa)

AEK

www.aeknet.net

  • UREPELE (Nafarroa beherea)
  • MENDIKOTA (Zuberoa)
  • ADUNA (Gipuzkoa)
  • BERRIZ (Bizkaia)
  • FORUA (Bizkaia)
  • ARANTZA (Nafarroa)

Hemen daukazue aurtengo barnetegien mapa. Tagzaniaren bidez eginda.

barnetegia and 07 tagged map by user - Tagzania

Sindikatu edukia