03
Uzt
2007

Bizilekuak

Egunotan Lizartzan gertatutakoaren berri ez dugu eman beharko honez gero. Hartaz esateko ez zait esanda ez dagoen -edo ondo bistan ez dagoen- ezer berririk bururatzen. Txuma Murugarren musikariak Gauzen Hegoaldean blogean idatzi duen honen modukorik alegia.

Txuma irakasle ibili zen Lizartzako barnetegian, AEKrekin. Neu ere ibili nintzen "hotelean" sasoi hartan, eta neuri ere (eta beste hainbati seguruenik) etorri zait gogora Lizartzan ibili ginenekoa. Eta segidan, barnetegietan ibili garen guztiak, eta kateari jarraituta, Lizartzaren moduko "barnetegi-herriak". Eta jakina, udako barnetegiak eta barnetegietakoak... Aste honetan hasi dira aurtengoak, ez da nostalgiarako sasoi txarra.

Tira, ez naiz barnetegietako batallitak kontatzen hasiko. Gaurkoz, Lizartzaren moduko herrientzako aipamentxoa (omenalditxoa nahi baduzue).

Euskararen gordeleku deitu izan zaie inoz halako herri euskaldun txikiei, nik neuk, beste berba bat nahiago, euskararen "bizilekuak". Horietara, antzinako altxorren bila barik, bizitasunaren bila abiatu da ikaslea sarriago, halaxe iruditu zait neuri behintzat, baita sarritan aurkitu ere.

Barnetegiak ere, gau ta eguneko non-stop akademia barik, hamabost eguneko bizilekua izan dira gehienetan, ikas-komunitatea. Inguruko bizilekuarekin, euskalkiaren eta kimika pertsonalaren trabak gorabehera, gehiago-gutxiago batu da ikas-komunitatea, baina, oro har, ikas-esperientzia aberasgarria, esperientzia pertsonal gogoangarria, eta, leku horiekin lotura afektiboa gorde dute askok (Krashenek aipatzen zuen iragazki hura akaso). Izan ere, herriotako euskaldunon besoak zabal-zabalik aurkitu ditu ikasleak gehien-gehienetan.

Bizileku horiek askok dauzkate gogoan, eta bihotzean.

Arnasguneak

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Uztaila 3 - 15:03-(e)an bidalia.

Zuk euskararen bizilekuak deitzen diezu. Mikel Zalbidek, berriz, euskararen arnasguneak (uste dut Fishman-ek erabiltzen duen terminoaren itzulpena dela). Bide batez, nik ere oroitzapen politak ditut Adunaz, han izan bainintzen barnetegi batean irakasle.

Ni ere lizartzan izan

ana (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Uztaila 3 - 18:09-(e)an bidalia.

Ni ere lizartzan izan nintzen irakasle, eta ikasle beste hainbat inguruko herritan: Amezketan, Abaltzizketan...eta oroitzapen ezin hobeak ditut. Niretzat beti herri euskaldunak izan dira, ez dela gutxi beste herrietako egoera ezagututa eta euskaldun izatearen zergatia, dudarik gabe, bertako jendeak euskararekiko duen konpromisoan kokatuko nuke. Atzo gertatutakoa inguratzen gaituen demokratziaren eragina izan da, besterik ez.

arnasak bizia

Benito-(e)k 2007, Uztaila 3 - 20:00-(e)an bidalia.

Termino fishmanianoa asmatu dut gura barik. Laughing

Zalbiderena irakurtzen jarri naiz segituan, eta bai, hortik joan liteke asuntua.

Hala ere, bizitasunarekin lotu dut gehiago, bizia edo bizimoduarekin baino. Beti ere barnetegietako partaide baten ikuspuntutik: esperientzia bizia da, eta gogoan hala geratzen zaigu. 

Arnasgunearen kontu hori polita izan daiteke barnetegiak deskribatzeko: euskara aireatu, arnas berria eman, oxigenatu zeure euskara... Publizitatea egiteko ere lelo onak, ezta?

Espero dezagun ahoa tapatu ostean sudurra ere tapatuta, baten batek  arnasguneok ez itotzea.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia