berrikuntza

02
Mai
2009

Norantz?

Puntuzerismoa dabil azkenotan aurrerakuntzaren adierazle, eta adierazlearen mugarriak zenbakiak: 1.0, 2.0, 3.0... Terminologia horren gaindosia edo bertuteetan saru barik, markatzaile horiek gauzek eta pertsonek hartzen dituzten joerak kronologikoki sailkatzeko ariketa modukoak egiteko baliagarriak izan daitezke. Hala egin zuen lehengo egunean John Moravec-ek hezkuntzaren joerak antzemateko sano zabaldu den artikulu batean , eta Dolors Reigek hura hartu, osatu eta beste taula bat osatu du.

Bien ekarpenak hartuta neuk ere ezin izan diot halako 1, 2, 3 segida bati osatzeko jolasaren tentatzioari eutsi. Hezkuntza erabili dute Moravec eta Reig-ek. Ni ez naiz ausartu bost hogerlekoko berbekin eta ez dut ezer ipini.

 

1.0

2.0

3.0

Esanahia, ikasten dena da...

Diktatua, "eman" egiten da

Soziala, kolaboratiboa, "hartu eta eman" egiten da

Hor dabil, hartu, eman eta eraiki egiten da

Ikaskuntzaren norabidea

Irakaslea > ikaslea

Irakaslea > ikaslea, ikaslea > ikaslea

Irakaslea > ikaslea, ikaslea > ikaslea, ikaslea > irakaslea,  jendea > ikaslea, jendea > sarea, sarea > jendea

Non

 Ikasgela fisikoa

Etxe batean edo teknologia birtualean

 Edonon

Irakasleak

 Jakintzaren jabe

Ikaskuntzaren bideratzaile

 Edonor

Noiz

Une zehatzean, ordu-tartea

Ordu-tarte zabala, aukeragokoa

 Noiznahi eta betiko

Curriculuma

Erakundearena eta ofizialdua

Publikoa eta irekia

 Pertsonala eta malgua

Zertarako

 Programa ofizialak

 Negoziazioa

Interes pertsonalak eta sozialak

Ikas-taldea

 Administratiboa, itxia eta kontrolatua

 Irekia

 Harreman- edo ikas-sarea

Bufa! Horrela labur esanda polemikarako aukera eta harridaka itxura handia dauka asuntuak. Zehaztu eta ezbaidatu beharra egongo da. Zuen esku. Nire partetik:

  • "1.0tik 2.0ra eta handik 3.0ra" baino gehiago gustatzen zait: "1.0+2.0+3.0+....=X"
  • Teknologiaren aipamenak apropos utzi ditut kanpo.
22
Api
2009

Berrikuntzaren ajeak

Elkarrizketa (denari eztabaida deitzeko mania  hori!) polita izan dugu Jolaus eta biok Atoan-en. Nodos Elekoek egin duten manifestuaren aipamena ekarri nuen Atoan-era, eta Jolausek bueltak ematen hasi. Gaia: berrikuntza, datorrena, teknologia eta horren inguruko ajeak eta etsipenak.

Elkarrizketa hori hemen jarraitzea pentsatu dut, Karraju handia kantxa zabalagoa da oraindik orain eta Wink. Edozelan ere, hemen daukazue abiapuntua:Nodos Ele: 2. manifestua (Atoan).

Hango aipamen batzuk ekarriko ditut leheengo:

Gure hezkuntza sistemaren ardatz nagusiak definituko dituzten espezialistek teknologiaren ikuspegi zaharkitu hori aldatzen ez duten bitartean, zaila izango da Downes eta Siemensek planteatzen dituzten teoria berritzaileak gure geletara eramatea. Piaget, Vygotsky eta Bruner-en teoriak hain barneratuta dituzten horiek noiz ulertuko dute teknologiak zeharo aldatu dituela informazioari balio erantsia gehitzeko moduak? Noiz ezagutuko dituzte Downes, Siemens edo Shirkyren teoriak? Noiz azalduko zaizkie magisteritza egiten ari diren etorkizuneko irakasleei teoria hauek Unibertsitatean? 2020an? 2025an? Ni jubilatu baino lehen bai?

(Jolaus)

Planteamendu, ideia, gogoeta eta psikolastoetan ibilitzen gara sarri. Nik neuk "Teoria ona baino praktikoagorik ez dago" dioen horrekin bat nator erabat, baina horrek ez du praktikarako pausoa kentzen, eta sentsazioa izaten dut askotan aldarri horiekin batera esperientzia praktiko arrakastatsu eta argien berrien faltan gaudela.

[...]

Azken batean, kontua ez ote litzateke izango predikatzen diren hainbat ideia norberak aplikatzeko ahalegina egitea, aplikatzea eta ebaluatzea?

(neu)

Ikasle helduen kasuan, ezinezkoa lanketa bide berri hauek aurrera eramatea. Bide luzea egin dute irakasleen babesean, irakasleak esandakoa egiten, irakasleari entzuten, irakasleak galderak egiten eta eurek erantzunak ematen. Ez dakite/ ez dute nahi, bapatean euren aprendizaiaren arduradun nagusiak bilakatu; ez zaie sekulan horrela"erakutsi" eta horrelakoal planteatzen zaienean, muturra okertzen dute.

[...]

Irakasleriak ez du abenturarako gogorik edota ausardiarik. Orain gertatzen ari dena, duela 40 urte ikastoletan zegoen izpirituari berriro heltzea eskatzen du. Orduan euskal hezkuntza munduan dena egiteke zegoen, ereduak, materialak... dena zerotik sortu beharra zegoen eta izpiritu baikorra eta ilusioa zegoen edonon. Gaur egun, eroso bizi gara; baliabideak argitaletxeek ematen dizkigute, programazioa aspaldi daukagu lotuta, gurasoek hori eskatzen digute... Zertarako praktikara eraman kontu berriak?

(Jolaus)

Ikusten duzuenez ideia pare bat erabili ditugu besteak beste: berrikuntzarako baldintzak eta berrikuntzen praktikotasuna.

Hariarekin jarraitzeko ideia pare bat gehiago apuntatu nahi nituzke. Aspaldian sartuta gabiltzan gogoeta etengabetik aterata eta hari segida ematekotan.

  • Eredu pedagogiko berriez hitz egiten da erraz, baina iruditzen zait konektibismoa, teknologia eta halakoetan oraindik orain ez dela eredu pedagogiko osorik eraiki. Oinarrizko ideia batzuk, hastapeneko konstrukto teorikoak, erakargarriak akaso, interesgarriak gehienetan... baina gauzak zehazki nola-noiz egin pista gutxi ematen dutenak oraindiko. Deigarria (eta apur bat antojagarria azkenotan) egiten zait web2.0, elearning2.0 eta halakoei buruzko aurkezpen eta azalpen gehienetan beti zerrenda berdina ikustea: blogak,wikiak, podcast-ak... edo delicious, flickr, blogger, wordpress eta enparauen logoen erreskada. "Bale, eta horrekin zer?" galdetuko dute askok, eta arrazoiarekin nire ustez.
  • Praktikoak izan behar dugu. Onartzen dut "praktikoa" hitza aipatzea askotan geldirik egoteko atxakia baino ez dela izaten, edo "esaidazu zer egin behar dudan" horren sinonimoa, "ez dut pentsatu nahi" alegia. Baina azken batean praktikan amaitzen dira buruko jarioen erreka guztiak, eta horrek eman behar dio balioa ideiari, hau da, praktikatik ebaluatzen hasi behar dira gauzak askotan.
  • Berrikuntza berez ez da ezer. Berrikuntzak zerbait ekarri behar dio aplikatzen duenari, berriarekin irabaziko duela ikusi behar du. Egia da begiak erraz isten dituzten asko dabiltzala inguruan, bai, baina begiak berahala zabaltzen dira probetxuren bat aterako dela frogatzen denean. Eta berrikuntzarekin datorrena batez ere ahalegina, lana eta eztabaida bada, eta pareko emaitzarik ez bada ikusten/saltzen, ez dira asko arrimatuko, ez.
  • Erakundeen sustegua dela eta ez dela. Nik neuk erakundeetatik (eta ez nabil erakunde publikoez soilik), ez nuke asko esperoko. Lidergo berritzailea ez da inoiz "goian" egon. Berrikuntzara bi kasutan apuntatzen dira gehien bat: 1) irudia ematea komeni denean, edo politikoki zuzena izan behar denean ("berrikuntza, noski!"), eta 2) oztopo guztien gainetik norbaitek zerbaitek funtzionatzen duela frogatzea lortzen duenenan, erdarazko errefrauak zatar dioen modura: "Vistos los cojones, macho".

Jarrera atzerakoietan jausi behar dugu orain? Ez ba! Aurrera begira jarraitu behar dugu. Oztopoak asko dira, geugandik hasita seguruenik, baina era berean normala da oztopoak aurkitzea, eta normala da era berean azkenengo emaitza espero ez zena izatea, eta ustekabeak aurkitzea, onerako nahiz txarrerako.

 

24
Api
2008

Paisaia eta paradigma

Blogosferan eta sarean oro har, irakaskuntza, hezkuntza eta teknologiaz idatzi denari apur bat adi ibili zaretenok segurunik hainbat berba eta kontzeptu entzun dituzue sarri: elearning2.0, konektibismoa, PLE edo Ikasteko Ingurune Birtuala, ikaskuntza informala, eportfolioa, sare sozialak, komunitateak...

Saltsatxua dabil, interneten eta blogosferan gehien bat. Paradigma aldaketaz ere ari dira batzuk. Eta, egia esanda, zirriborratzen diren gauza batzuek aldaketa nabarmena irudikatu dezakete. Besteak beste: ikaskuntzaren informalizazioa, deszentralizazioa, erakundeekin gero eta menpekotasun gutxiago, unean-uneko egin beharrekin lotura eta ez hainbeste programa eta tituluekin, irakaslearen papera eta figura bera ere une batzuetan lausotu egiten dira, sarearen kontzeptua agertzen da, deshierarkizazioa, kolaborazioaren papera azpimarratu....

Teknologiaren aurrerakuntza dago honen erroan neurri handi-handi batean. Hortik etorri dira gogoeta gehienak, eta, aldi berean, horretan geratzen dela iruditu zaie askori. Hala ere, ikaskuntza sistemen ikuspegia zabaldu egin nahi dela ere pentsa daiteke. Alemaniako esperientzia hau lekuko adibidez.

Ez daukat asmorik honetaz guztiaz laburpena egiteko, azkenotan belarrietan dantzan dabilzkidan doinuak dira hauek gehienak, besterik ez. Ez dakit era berean zer bide egingo duten, hala ere, durunda dabil belarrietan eta burua ere hasten da martxan, kontuari bueltak ematen.

Lehengo astean adibidez, Atoanen apuntatu nituen bi erreferentzia: Jasone Cenoz eta Durk Gorterek aurkeztu zuten Hizkuntzaren paisaiaren ikerketa lanaz egin zuten aipu hau, eta Emilio Quintanak Nodos_Elen idatzi zuen ¿Qué voy a hacer? ¿ordenar los paisajes? mezua. Paisaia hitza aipatzen dute biek, Emiliok Learnscape kontzeptua aurkeztu zigun, "ikas-paisaia" edo. Eta egosten eta gurera ekartzen hasita:

  • Ikas-paisaia, ikastearen ekologia, ikasteko ingurunea, naturala eta informala, norberak gidatuta. Euskara ikasteko badaukagu halako ingurunerik? Gure "paisaiak" noraino laguntzen du Jay Cross-ek aipatzen duen (ikas)prozesua gauzatzen?
  • Euskal Herriko hainbat lekutan une honetan ia-euskaldunak deitzen direnak euskaldunak baino gehiago dira. Paisaiaz dihardugula, "ikasle-paisaia" daukagula esan liteke. Irakaskuntza arautu, estandarizatu eta lokalizatutik aparte, ez genituzke behar hizkuntzaren ikaskuntza informala, ikastea, errazten eta ahalbidetzen duten "paisaiak"?
  • Zer-nolakoa izan behar luke euskararen ikas-paisaia? Zertaz ari gara zehazki? Zer elementu txertatu edo egokitu beharko genituzke ingurunean? Zertzuk jarduera sozial bideratu? Zerk laguntzen digu ikasten? Zelan sustatu elementu horiek eta ikasteko mekanismoak?
  • Paisaia elementu estatikoak baino gehiago direla esango nuke, azken batean, euskara hizkuntza eta komunikazio tresna bada, inguruan suertatzen zaizkigun komunikazio-ekintzak eta beraien partaideak eta elementuak ere dira paisaia horren parte. Alegia, entzun-irakurtzen dugun guztia eta beraien euskarriak, ikusizkoak edo entzunezkoak. Zerbait komunikatu edo komunikarazi nahi digun guztia.
  • Paisaia/ingurunea euskaltegia eta irakaslea ordeztera irits daiteke? Serendipiak kenduko digu lana? Ikuspegi ekologiko total horretan, "ingurunearekin berdinduko" ote gara inoiz?

Tira ba, ideien kaosetik gogoeta kaotikoa.

Irudia: Informal Learning, misterbisson Flickr-en

Pd: Loturengatik igarri duzue honez gero, ideien zurrunbilo honen errudun bi:

Sindikatu edukia