03
Api
2008

Hizkuntzaren salbazioa

Perlatxoa topatu digu gaur Txerrak, Instituto lingüístico de invierno blog interesgarrian jasoa: Richard E. Littlebear hizkuntzalari cheyenneak 1996an Ipar Amerikako hizkuntza natiboen egoeraz eta biziberritzeko bideez egindako gogoeta hain zuzen ere. Artikulu osoa irakurtzea merezi du (en, es), Txerrak zati bat ekarri digu, eta nik beste zatitxo bat hona euskaratuta:

Ameriketako indigenon hizkuntzak ahozkoak izan dira betidanik. Haietako batzuk azken hiru mendeotan idazten hasi dira. Baina gure hizkuntzak irakasteko orduan ahozko tradizio hori hartu behar dugu gogoan.

Batzuetan ahozko tradizoa ukatu eta itsu-itsuan jarraitzen diogu hizkuntzak irakasteko ezagutzen dugun eredu bakarrari: ingelesa irakatsi ziguten modua, gramatikari hainbesteko indarra ematen diona. Gure hizkuntzak ahozko tradiziorik ez baleukate bezala irakastea porrota ekarri duten arrazoietako bat da, beraz, orain porrotaren tradizioaren antzeko zerbait daukagu.

Porrotaren tradizio hori dela eta ez dela, gure hizkuntza gordeko duen edozerekin geratzen gara liluratuta. Ondorioz, orain gure hizkuntza ustez salbatuko zuten konponbide bakarren letania bat dugu orain. Konponbide bakar bat laster beste konponbide bakar batek ordezkatzen du.

Adibidez, gutako batek esan zuen: "Jar ditzagun gure hizkuntzak idatziz". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Gero esan genuen: "Egin ditzagun hiztegiak gure hizkuntzenak". Egin genituen hiztegiak eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Ondoren esan genuen: "Trebatu dezagun gure jendea hizkuntzalaritzan, gure hiztunak".Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Gero esan genuen: "Eska dezagun hezkuntza elebidunerako diru-laguntza". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Gero esan genuen: "Irakats ditzagun gure hizkuntzak eskoletan". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Gero esan genuen: "Sor ditzagun kultur produktuak kalitatekoak". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Gero esan genuen: "Grabatu dezagun gure zaharren mintzoa". Egin egin genuen, eta hizkuntzek, hala ere, hiltzen jarraitu zuten.

Ondoren: "Bideoak egin ditzagun, gure zaharrak zer egin tradizionaletan gure hizkuntzak ahoan". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Gero: "Jar ditzagun gure hiztunak CD-ROMean". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Azkenik baten batek esango du, "Izoztu ditzagun geratzen diren hiztun apurrak, honela teknologiak aurrera egiten duenean, haiek berpiztu eta hizkuntza natiboen hiztunak izango ditugu", eta egin egingo dugu eta hiztun hauek etorkizun urruneko mundu batean berpiztuko dira, euren hizkuntza dakiten bakarrak izango direna eta inork ez die ulertuko. Letania honetan konponbide bakoitzean gure hizkuntza salbatuko zuena ikusi dugu - eta hizkuntzak ez dira salbatu.

Kriogenia eta izoztea azken-azkenengo neurriak baino ez dira, jakina. Kontua da, irakaskuntza eta teknologiaren aurrerapen guztiarekin ere, eta harekin dugun menpekotasun gero eta handiagoarekin, gure hizkuntzak hiltzen ari direla oraindik. [...]

Ez da ezkorra Littlebear baina. Apur bat aurrerago hau dio:

Ingelesaren eraginari aurre egiteko, familiak hizkuntzaren lehenengo irakaslea izateko papera berreskuratu behar du. Eurek erabili behar dute hizkuntza egunero, edonon, guztiekin. Baina irakastea eskolaren gain utziko badute, sustengua eman behar diote hari, eta ahozkotasunean oinarritutako irakasbideak erabiltzen dituztela ziurtatu.[...]

Ezin dugu beti ibil negarrez, gure hizkuntzen heriotzaren arrazoiak katalogatzen, horren ordez, aurrera egin behar dugu hizkuntzen biziberritzeko ahaleginetan izan diren arrakastei erreparatuta.

Zer ikasia izango lukete gugandik? Ala guk haiengandik gehiago?

Argazkia: Athabascan Dance (toddraden Flickr-en)

Abizena ondo?

otto-(e)k 2008, Apirila 3 - 08:29-(e)an bidalia.

Seguru honek Littlebear duela abizena? Ala Harztxiki da?

Seguru Ameriketako indigenei buruz ari dela? Ala Pirinio inguru hauetako indigenei buruz?

Testuari lau berba aldatu, eta hemengo edozein adituk idatzitakoa ematen du.

Izugarria! munduan antipodek oihu berberak dituzte

Aitziber (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Apirila 3 - 17:58-(e)an bidalia.

Interesgarria benetan artikuloa. Asko ezagutu gabeko errealitatea da hori guretzat, Ipar Ameriketako indioena, ez bada John Wayneren filmeren batean erakutsi diguten itxura anker eta malapartatuagatik.

Kontuak kontu, azkenean diglosian haiek ere, zapalduak haiek ere eta finean Pirinioetako bi aldeetan ditugun arazo berdinak ez badira antzekoen zirimolan buruhauste itzelekin. Berexiki aipamen batek eman dit atentzioa, hain zuzen ere hizkuntzen irakaskuntza moduari dagokiona, hau da, ahozko tradizioz erakutsi beharraz, ingelesen hizkuntza irakaspideak eredu hartuta horrek suposatu duen "hankasartzeari" buruzko aipamena egiten duenean. Neroni ere askotan aritu izan naiz galdera hori bera neure buruari egiten, paperean dena jar omen daiteke, baina paperean jartzen dugun horren baliagarritasunaren inguruan ari naiz; zenbat hutsune bete behar maiz, zenbat aukera anitzeko galdera erantzun, zenbat irakurri eta ondotik idatzi, miztoari gehiago eragiteko lekuan ezta! Harritu egin nau baieztapen horrek, irakurketa hori, neuk behinik behin ez nuelako modu horretan sekula egin.

Badu bai, zer esana eta zer aztertua Hartz Txiki delakoaren testu horrek.

Orain orri horretan gehiago saltsatu eta beste ikaspiderik atera dezakegun galdetu beharko diogu geure buruari.
Ongi izan.

Haw!

Benito-(e)k 2008, Apirila 3 - 20:20-(e)an bidalia.

Ethnologue-n ikus daiteke AEBetako hizkuntza natiboen egoera zein den. Oso hiztun gutxi kasu gehienetan. Cheyenne hizkuntzaren kasuan 1.721 hiztun ziren 1990ean. Eta hau diote:

Northern Cheyenne in Montana have a summer camp for children, where 5 fluent speakers teach the language (1998). In Montana many parents and older adults speak the language but younger ones use English. In Oklahoma most speakers are older adults.

Cheyenne hizkuntzaz zerbait ikasi nahi baduzue hemen daukazue nondik hasi.

Bestalde, filmetako Haw! ezagun hura gogoratu dut, Lakota hizkuntzatik ei dator. Sioux familiakoa da hizkuntza hau eta 6.000 lagunek baino ez zioten horrela agurtzen elkarri 1990an (bide batez, han ere saltsa dabil). Dakota senide-hizkuntza (antzerako agurra daukate) 15.000 inguruk egiten ei zuten orduan, eta Ipar Amerikako hizkuntza natiboen artean osasuntsuenetako bat da.

Egia esanda, Littlebear-en letaniako gehienak hemen ere egin ditugu. Baina uste dut azken batean esan nahi diguna dela hizkuntza gordetzeaz baino ardura handiagoa hartu behar dugula bizia izan dadin: erabili, mintzatu, eta ez "gorde".

Arrantzale gizonaren bidetik ....

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Apirila 4 - 08:28-(e)an bidalia.

Ba bai, Benito, nik uste dut hauek ere Fishmanen bidetik abiatu direla. Hau da, funtsezkoena, garrantzizkoena da gertuko komunitatean erabiltzea, auzo harremanetan eta abar. Baina antzera gabiltz denok. Erabilera da gakoa, han eta hemen, antipodetan eta gure txokotxoan. Ez gara horren ezberdinak, ez horixe.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia