31
Mai
2008

Ikastea: eginkizun soziala?

Atoan-en batzen ditugun aipamenek leku ezberdinetatik etorrita bat egiten dute sarri denbora tarte laburrean. Egunotan berriro gertatu da. 

Batetik, Kataluniatik Dolors Solák Euskararen Berripaperean hau bota zuen:

Hizkuntza bat ikasteak ez du pertsona heldu berrien ahalegina izan behar, gizarte osoaren laguntza eta parte-hartzea behar dituen eginkizuna baizik.

Bestetik, Galiziatik Séchu Sendek:

Non se pode deixar o proceso de normalización da lingua galega no campo exclusivo das accións individuais como motor do proceso de transformación social.

Hizkuntza ikastea eta haren normalizazioa ezin dira ekimen indibidualak izan.

Heldu berriei buruz ari da Dolors, etorkinei buruz. Nago hizkuntza batera heldu berri guztiak ez ote diren heldu berriak, hizkuntz-etorkinak nonbait. Kontzeptua horrela zabalduta ondorioa argia da, eta uste dut Euskal Herriaren kasuan euskara ikasleari aplikatzeko ez genukeela traba handirik izango, ezta? Hizkuntza ikasteak inguruaren sustengua eta laguntza behar ditu, are gehiago normalizazio prozesuan murgilduta dagoen hizkuntzaren kasuan.

Ez da lehenengo aldia honetaz diharduguna (ezta azkena ere, espero dezagun), ikas-paisaiarekin egin nituen psikolasto batzuk aurrekoan. Eta haritik tiratzen jarraitzea merezi du.

Euskal Herrian 2001. urtean panorama hau genuen (Euskararen datu basetik jasoa):

Zazpi urte harez gero. Ia euskaldunak %20 inguru orduan. Helduen euskalduntzeak eta eskolatzeak jarraitu dutelarik, egingo nuke une honetan euskaldun eta ia-euskaldunen kopuruek parekatzera jo dutela, biak batuta erdaldun hutsen kopurua gainditzearekin batera (daturik?).

Zer interpretazio egin daiteke? Asko seguruenik. Bat, akaso, euskara ikasten ari den edo ikasi beharra duen ingurune sozial batean gaude, hizkuntza normalizatuko bada, behintzat hala izan beharko luke.

Eta zer sustengu sozial dauzkagu? Irakaskuntza arautua (eta euskaltegiak eta enparauak hemen daude sartuta) nahikoa da? Ikaskuntza prozesua errazten eta sustatzen dituen ingurune soziala dugu? Ikas-paisaia, nahi baduzue.

Esango didazue. Bai, euskarazko hedabideak ditugu (prentsa, telebista, irratiak...), euskarazko hizkuntz-paisaia nahikoa zabalduta dago leku askotan... Eta askotan honelako batekin amaituko dugu: "baina horretarako, norberak egin behar du haiek erabilita ikasteko ahalegina".  Ekilikua! Norberak. Eta galderak:

  • "Norberak" badaki inguruneak eskaintzen dizkion baliabide horiek ikas prozesurako baliatzen eta erabiltzen? Baliabide horiek hurbil eta eskura dauzka?
  • Ahalegin guztiek motibazioa behar dute. Zer motibazio dabil airean?
  • Euskara erabiltzen denetan populazioaren zati handi baten hizkuntz-gaitasuna, eta hura landu beharra hartzen dira aintzat? Eztabaidatzeko gaia izan daiteke seguruenik. Hizkuntzaren ekoizpen "normala" behar dugu, ez ekoizpen "pedagogikoa". Baliteke, baina euskararen errealitatea ez da gaztelania edo frantsesarena, edo danierarena nahi baduzue, euskaldunen komunitatean "ikasle" asko ditugu.

Nago -eta kontua mahai gainean ipini baino ez dut egin nahi, sententziarik botatzeko batere asmorik gabe-, euskara ikastea eta erabiltzea sustatzen duten mekanismo eta sare sozialen beharrean gaudela. Zer eta nolakoak? Ez dakit seguru. Ideia batzuk:

  • Hizkuntzaren praktika eta erabilera bermatzen duten sareak eta aukerak. Ez da berria, ez, mintzalagunen kontua hor dago. Egokia, beharrezkoa eta baliagarria, baina Littlebearri kasu eginda, ez dut uste bide magikoa bakarra denik.
  • Hizkuntza ikasteko ezinbesteko baldintza formari erreparatzea eta hartaz gogoeta egitea ei da. Tarteko hizkuntza berregituratu, osatu, landu... Euskategian (edo euskaltegietatik bideratutako ikas-jardueretan) egiten da hau gaur egun gehien bat. Prozesu hau pizten duten pilulak han eta hemen uztea ez da posible? Nola? Ez dakit, baina deigarria egin zait azterketa sasoi honetan zelan igo den Ikasbilen erabilera. Seinalea ote da?
  • Feedback-a, atzeraelikadura nahi baduzue. Badakizu, ondo ari zaren ala ez esaten dizuten seinale horiek guztiak (ez soilik boli gorriaren marrak) . Feedback-a elkarreragina behar izaten du sarri, hartu-emana. Norabide biko komunikazioa sustatu beharko litzateke ikasle jendearekin, ez norabide bakarrekoa soilik.
  • Ikasten ikastea. Oinarrizko konpetentziez gero eta gehiago mintzo den honetan, hortxe dugu bat: ikasten ikastea. Bai, autonomiaz, autoikaskuntzaz, ikas-estiloak, ikas-estrategiak... parra-parra azken urteotan, baina, trebezia horiek aplikatzeko aukerak eta baliabideak sustatu behar dira. Hain ohituta ez gauden ikasteko autonomia hori gauzatzeko erraztasun nahikorik inguruan?

Tira, batzuenak eta besteenak irakurrita burua berotzen da, eta harridakak bota eta gustura geratzen da norbera. Tiratu beharreko haria dela uste dut beste barik, edo igual ez, zeuek esan.

Oraingoz ideia bakarra daukat argi: euskara ikasteak euskararen irakaskuntza gainditzen du. "Horretarako hainbeste buelta?" esango duzue. Bai, baina kontua da horrela ikusi eta tratatu beharra ere badagoela.

Ikasle tipo jakin baten bila

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Ekaina 3 - 17:27-(e)an bidalia.

Oso interesgarriak mezu honetan zein ikas-paisaiarenean, planteatzen dituzun gogoetak eta, are interesgarriagoak, galderak.

Gauza asko esan daiteke honen guztiaren inguruan. Nik lehenengo gogoeta bezala zera esango nuke: honek guztiak ikasle-tipo jakin bat eskatzen duela (aktiboa, autonomoa...) benetan ikasteko gogoa, bigarren hizkuntzan barneratzeko erabaki irmoa duena, inguruak eskaintzen dizkion aukera guztiak aprobetxatzeko asmoa duena ... Honelako zenbat ote ditugu gure euskaltegietan? Hauek etorri ala sortu egiten dira? Zenbateko ardura dugu irakasleok? "Gizarteak" gehitzekotan nengoen, baina baloiak eta ardurak kanpora jaurtitzea dela uste dut.

Bukatzeko galdera bat zuretzat, Benito: Zer esan edo iradoki nahi zenuen ikasbilen erabileraren igoerarekin?

Ikaslea ez, ingurua

Benito-(e)k 2008, Ekaina 3 - 18:43-(e)an bidalia.

Aipatzen duzunari eman nahi izan diot buelta azken batean. Kontua gehiago izan da "inguruak zertan laguntzen du ikasten?" "Ikasleak zer egin ahal du klasetik aparte ikasteko" baino.

Hain zuzen ere ikaslearengan uzten da sarri jarduera antolatutik kanpo ikasteko eta erabiltzeko ahalegina, ardura eta konpromisoa. Eta nik kontrakoa galdetu nahi izan dut: asumitzen badugu ikastea eta erabiltzea eginkizun soziala dela, ingurune sozialak zertan lagundu dezake? eta zer egokitzapen egin ahal dugu bertan orduan ikasi-erabili prozesuak sustatzeko?

Adibide tonto bat, paisaiarekin lotuta. Seguru nago gaur egun EHn gutxi izango direla "kalea" hitzak zer esan nahi duen ez dakitenak. Inguruak "irakatsi" du hori, edo, hobeto esanda, inguruak eragin du hori ikastea. Ikasle tipo zehatza izan barik, aparteko motibazio barik seguruenik, ikasteko mekanismo sinpleak ipini dira martxan. Badakit sinplekeria iruditu dezakeela, baina hortik tiratu egin daitekeela uste dut.

Azken batean, gero eta gehiago egiten da berba ikaskuntza desektrukturatuaz, deshierarkizatuaz, informalaz, serendipiaz eta halakoez. Ez da gauza berria bateko, betik egon da hor ("ikaskuntza naturala edo), eta besteko, irakaskuntza formala ordeztera ez dator ezer, baina uste dut argi dagoela ikaskuntza irakaskuntza-ingurunetik harago doala. Eta helduen euskalduntzea normalizazio prozesuaren partea izanda, euskara ikasteari buruz ikuspegi global hori geureganatzeko ahalegina egin beharko genuke seguraski. Hau da, "Klaseak zelan emango ditugu?" soilik galdetu beharrean, "nola lortuko dugu jendeak euskara ikastea, eta horretarako zenbat baliabide eta non dauzkagu?" planteatzera joko nuke.

Eta Ikasbilena hortik joan da neurri batean. Ikasbil denon eskura dagoen baliabidea da, ikasteko baliabidea, eta, seguruenik azterketak direla eta ez direla asteotan haren erabilera inoizko handiena izan da (neure suposizioa da hala ere, ez dakit seguru hala den, baina euro bat jokatzera ere ausartuko nintzateke).

Zer adieraz dezake honek? Aipatzen duzun ikasle tipo zehatz hori izan barik ere, egon daitezkeela ikaskuntza ahalbidetzen duten baliabide "sozialak". Kaleetako errotulaziotik hasita, ikaskuntzarako berariaz diseinatutako baliabideetaraino, Ikasbil bezala, edo zuen euskaltegiaren hau bezala (bide batez, txalotzeko modukoa, eta orain arte aipatu gabe!).

Kontua, ikuspegi hori geureganatzea batetik, eta identifikatzen eta pentsatzen jartzea bigarrengoz.

Beste bide batzuk ere egon daitezke: "hori ez da gure ardura" edo "hori ez da errentagarria" esatea adibidez. Edo "hori oso zaila da" ere bai, eta azken kasu honetan mahatsa eta azeriarena datorkit gogora.

Zuk planteatzen duzun

Aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Ekaina 4 - 13:13-(e)an bidalia.

Zuk planteatzen duzun inguruaren kontu horrek seguru balio duela hizkuntza estandar erabat normalizatu baten kasuan: errealitatea bera, ingurua sartzen da, nahi eta nahi ez. Baina hau erdi-normalizatuta dagoen euskara bezalako hizkuntza gutxitu baten kasura zenbateraino da aplikagarria? Ingurua datorkizu ala zuk zeuk joan behar duzu errealitate horren bila? Baikorragoa izan nahian, euskara irakaslearen rola, honen guztiaren erdian, cicerone edo bide-erakuslearena bezalakoa ikusten dut. Hau da, ikasleari erakustea (eta ez "irakastea" soil-soilik) non aurki ditzakeen ikaskuntza formalaz haraindiko baliabideak: eguneroko komunikabideetan, sarean, etxeko postontzira heltzen den propaganda, kaleko ormetan ageri den publizitatea, iragarkiak, deialdiak...; eguneroko mintzairan barneratu diren euskarazko hitzak ("bidegorria"...)Hau da, kalea ikasgelara ekarri edo ikasgela kaleraino luzatu.

Ez du honekin lotura zuzenik, baina hona ekarri nahi nituzke asteon izan dugun beste bi proiekturen berri: Alde batetik "gera gaitezen" ekimena Plugin <em></em> Not Found eta

bestetik, "go-zoro" izenekoa Plugin <em></em> Not Found 

Gera gaitezen

Benito-(e)k 2008, Ekaina 4 - 13:49-(e)an bidalia.

Hau da Gera gaitezen-en lotura: Plugin <em></em> Not Found.
Oso interesgarria iruditu zait neuri ere, ikasle-praktikari jendeari begira adibidez, ezta?

gera gaitezen

Aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Ekaina 4 - 15:44-(e)an bidalia.

Eskerrik asko, Benito. Mezua bidali ondoren konturatu naiz okertu egin naizela linka egitean.

Normalizazio bidean

Benito-(e)k 2008, Ekaina 4 - 14:11-(e)an bidalia.

Ba hain zuzen ere, normalizazio bidean gaudelako ikusten dut hau guztia. Normalizazioak euskara ikasi-praktikatu-landu-erabili beharra dakar, eta hori ezin bada norbanakoaren esku soilik utzi, hori guztia errazten duten mekanismoak eta ingurunea behar ditugula begitantzen zait.

Arazoa zuek egin duzun galderan dago: Zelan aplikatu? Ez hainbeste aplikatu behar den ala ez. Zelan erraztu prozesu hauek guztiak? Erantzun batzuk dabiltza airean aspaldi.

Normalizazioak berak aurrera egiten duen neurrian ikas-prozesuak azkartu eta erraztu egiten dira. Inondik ere, Txepetxen ontziei buelta bat. Erabilerak motibazioa dakar, motibazioak ikastea eta erabiltzea... Igual esan beharko genuke erabiltzeak (eta ez ikasleak erabiltzea soilik, inguruak erabiltzeak ere bai) ikastea dakarrela. Ez dut ezer berririk esan dena dela, hala uste dut, murgiltzearen oinarria da hori azken batean.

Interesgarria era berean planteatzen duzuna. Euskara-irakaslearen papera. Cicerone funtzioa aitortzen diozu. Nik, beste buelta bat emango nioke, normalizazio-eragilea da. Hizkuntzaren erabilera normala "erakutsi", sustatu  eta haren gainean lan egin beharko luke.

Baina hori ez da azken batean, metodologikoki, ikuspegi komunikatiboak aldarrikatzen duena? Bai seguruenik, baina irakasleak ere laguntzen dion ingurunea beharko luke kasu horretan, ezta?

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia