bloga

20
Mai
2006

Podcast berria: Joxe Aranzabal

Errezeloak Interneten gainean - Zenbait idazlek ez dute begi onez ikusten Internet eta beronen inguruan egosten ari diren aldaketak. Beldurragatik ote? [Joxe Aranzabal]


Joxe Aranzabal blogari eta sarelari ezagunak faroa blogean berrikuntza sartu digu: podcast-a, hau da, post-ak irakurri ez ezik, entzun ere egin ditzakegu. Ez da lehenengo podcast-a, baina nik dakidala blog pertsonaletan lehenengotzat jo dezakegu.

Podcast-en aukera didaktikoez konturatzen hasi garela dirudi, aurreko mezu baten hemen komentatu nuen eta iktak.net-en ere artikulua egin dute honetaz. Seguru nago hezkuntzaren munduan ere horretan dabilela baten bat.

Joxe Aranzabalen podcast-a entzun dut (bide batez, zelan deitu euskaraz podcast-eko post-ari? post-kasta, mezukasta,...?) idatzia irakurri barik. Gustatu zait gauzak kontatzeko era hau. Zeure ahotsa grabatzeko eta entzuteko lotsak uzten badizu jendeari errazago egiten zaio esaten duzuna entzutea irakurtzea baino.

Markatu dudan artikuluan hain zuzen ere idazle batzuek internet eta teknologiarekin dauzkaten errezeloez eta arazoez dihardu.

Ni, beti bezala, asuntua gurera ekartzen hasi naiz. Gure sektoreko teknofobiaz akordatu naiz hain zuzen. Joxek deskribatu dituen jarrerak eta usteak gurean ere zabalduta daude duda barik. Baita kontrakoak ere, teknofilia neurrigabea, hau da, teknologiarekin itsututa dabiltzanak.
Kontuak kontu sarelari gutxi gabiltza euskaltegien mundu honetan, edo hala iruditzen zait niri behintzat.Arazoa komunikaziorako teknologia izan daiteke, hura menperatzea eta hartara egitea neurri baten. Ez nago seguru-seguru baina. Dudan nago euskaltegietako karrajuetan komunikazio-jarioa karraju birtualotan baino askoz handiagoa ote den. Hau da, arazo teknologiko hutsa baino ez daukagu? Ala bitartekoak barik beste zerbaitek egiten digu huts?

Tira ba, hemen daukazue Joxeren ahotsa zeuek ere entzuteko:

 


powered by ODEO

08
Mai
2006

Sedukzioa

E-learning-en gaineko blog interesgarria deskubritu dut, Alvaro Gregori kontsultorearena. Formazio korporatiboaz eta teleikaskuntzaz dihardu gehien bat, baina irakurriaren irakurriaz gurera orokorrean ekartzeko moduko gogoetak ere piztu dizkit. Berbarako, hau ez da gurera ekartzeko moduko hausnarketa? Motibazioa, talde-dinamika, helburuen gardentasuna,...

Errematea gehien bat, mundiala:

¿No sería genial que nuestras actividades fuesen tan adictivas como un sudoku?. (Ez litzateke geniala izango gure jarduerak sudokua bezain adiktiboak izatea?)

Beste honekin ere buruari eragiten hasi naiz. Grafiko honek dioenaz dihardu:

 

 Partizipazioaz hitz egiten dugu sarri. Klase "partizipatiboak". Urliak ez duela "parte hartzen",... Grafikoarekin hasi eta hor amaitu da nire buru-jarioa.

Blogean, orohar darabilen hizkerak guretik urrun dagoen munduaz ari dela dirudi: enpresa, teknologia,.... Baina kontuz, berbek hain urrun ez dagoena urruntzeko erraztasuna daukate eta berton daukagunarekin sano lotuta daudela barruntatzen dut. 

Hemen blogaren helbidea: http://www.mandarina-learning.com. Gomendagarria benetan.

 

27
Api
2006

Beste bi

Gaur eraso mediatiko konbinatua jaso du karrajuak, bi flankotatik: hemendik eta hemendik. Webguneak promozionatzea ondo dago, baina gure herri honetan honako gauzokin hamalauko zarata egitea erraza suertatzen denez, gogoratu baino ez dut egingo hau gune esperimentala dela eta hastapenetan baino ez dagoela, beraz inor ez dadila gehiegi liluratu bricolage informatikoarekin. Hori bai, ekarpenek eta ideiek ateak zabal-zabalik.

Hain zuzen ere, iktak.net-en eman duten albistean orain arte promozio handirik egin ez eta lan fina egiten dabiltzan irakasle biren blogak deskubritu ditut, biak Santurtziko Udal euskaltegikoak: Manu eta Xabi. Bloga klasean erabiltzen ari direla dirudi, ez dakit autoikaskuntzan ala aurrez aurreko taldeekin dabiltzan, baina ikasleen feedback-a daukagu berton. Gure munduan blogei zer erabilera pedagogiko eman pentsatzen dabilenarentzat eredu interesgarriak duda barik. Ongi etorri beraz bioi ere, eta aurreko baten komentatu nuen legez, interesgarria izango litzateke hirugarren blog batetik irakasle horien asmoak, gogoetak, emaitzak  eta kontatekoak irakurtzea,..

Tira ba euskaltegiblogen kopurua gora doa.  Pelotilla proposatuko dut: Zenbat denbora beharko dugu baten batek Euskaltegia 2.0 kontzeptua asmatu arte? (nik ez dut asmatuko, zin dagizuet).

27
Api
2006

Plisti-plasta: blog berria

Aurreko post-aren erantun baten bidez blog berria ezagutu dugu: Plisti-plasta. Sorpresa ona benetan. Autoikaskuntzan diharduen irakasle batek eskola-jarduneko sentsazioak eta gogoetak konpartitu nahi ditu guztiokin. Entzumena eta autoikaskuntzaren inguruko perla birekin hasi zaigu, eta irakurtzea ezezik, harekin gogoeta konpartitzera ere animatzen zaituztet, merezi du eta. Ni neu gehiagoaren zain nago. Eta entzumena eta autoikasuntzaren inguruan buruari buelta pare bat ematen.

21
Api
2006

Karrajutik hona

Tira ba, Blogger-etik honako jauzia egin dut. Aurrerantzean hau izango da "baten bat pasatzen bada-edo"-ko karrajua.Blogger-eko artxiboan bertan egongo dira edo wordpress-en egin dudan kopia honetan ere (hona ere ekarri nahi ditut, baina oraindik ez dut landu Drupal-era ekartzeko modua).

Blogger-en aspaldian iragarri nuen gune hau, bitartean atontzen eta antolatzen ibili naiz. CMSen diseinuan eta prestaketan piloa ikasi dut, ikasteko daukadanaren aldean ezer gutxi hala ere, hutsak, okerrak eta zer hobetu ugari topatuko dituzue seguruenik. Aldaketak ere egongo dira hemendik aurrera, izan ere, hasieran ohartarazi nuen legez, gune honek esperimentoa izateko asmoa du gehien bat.

Bloga egitea ere halako esperimentua zen, baina blog batek eskaintzen duena baino gehiago probatu nahi izan dut eta atari honek edukiak eta gehien bat komunikaziorako tresna gehiago  probatzeko era ematen du. Honez gero gauza batzuk atondu ditut, hemen daukazue azalpen laburra. Aukera asko dauzkagu, hala ere muga batzuk ere badaude:

  1. Zerbitzariaren banda-zabalera, lekua eta software-a: ez dut espero aparteko trafikorik, baina gauza batzuk hemen hobeto ikutzen ez baditugu (txat-ak, podcastak, artxibo handien deskarga,..), izan ere hosting merkea hartu dut (ekonomiak ez du gehiago ematen, hala ere donatiboren bat eskainiz gero pentsatuko nuke) eta banda mugatua daukat batetik eta zerbitzariak petatu egin dezake bestetik. Gauza batzuk instalatzeko arazo teknikoak ere izan ditut, zerbitzariaren php bertsioa ez da azken-azkenengoa presisamentean. Beste aukera horietarako dena dela web 2.0. honek zerbitzuak eskaintzen ditu, eta horiekin uztartuta gauza eleganteak egin daitezke.
  2. Ezagupen teknikoak. Ez naiz informatikaria, programatzailea edo web-diseinatzailea. Egia esanda gaur egun honako gauzak antolatzeko ez da derrigorrezkoa aparteko ezagutza teknikorik, baina batzuetan horrek mugak jartzen ditu posibilitateak esploratzeko orduan. Beraz, ez etorri atarien diseinua enkargatzen, horretarako profesionalak dauzkagu onak.
  3. Norberak daukan denbora, dedikazioa, inspirazioa eta alegrantzia.

Horixe ba, ea hau zelan dabilen hemendik aurrera. Portzierto, berriro esango dut, hau ez da jaio webgune pertsonala izateko, norbait kolaboratzen animatzen bada ongi etorria eman eta Agur Jaunak kantatu ere egingo diot.

Sindikatu edukia