02
Aza
2007

Euskaltzaindiaren arauak banatzeko sistema berria


Rikardoren Filoblogiaren bidez ailegatu zait albistea. e-AEB: Euskaltzaindiaren arau-erabakiak zure ordenagailuan.

Euskaltzaindiaren arauen berri izateko era berria ipini digute eskura, e-AEB. Zerbitzu berri hori zehazki zertan den jakiteko Rikardok eman dituen esteketara jo dut: Plazaberri agerkarira hain zuzen. Eta zer da zerbitzu berria bada?

e-AEBren orrian sartu eta han fitxategi bat daukagu deskargatzeko, zip formatuan konprimituta, 6 mb ingurukoa. Ordenagailura jaitsi, deskonprimatu eta karpeta baten barruan html fitxategiekin egindako aurkibideak, eta orri horietan arauak, izendegiak, Hiztegi Batua eta gomendioetarako estekak. Estekok pdf fitxategiak dira, Euskaltzaindiaren webgunetik jaitsi ahal diren berberak uste dut.

Azken batean ordenagailura Euskaltzaindiaren webgunearen arauak atalaren kopia jaitsi dudala begitandu zait. Horrez gain, erabiltzaile aurreratuentzat xml fitxategiak sartu dituzte paketean. Ez dut ondo ezagutzen xml fitxategien eta datu-baseen erabilera baina uste dut hainbat aplikazio garatzeko baliagarriak izan daitezkeela. Hala ere, Euskaltzaindiaren data-basearekin nolabaiteko sinkronizazioa beharko dute berrikuntzak agertu ahala.

Bestalde, Plazaberriren albistean azken arauen berri emateko jakinarazpen sistemaren berri ere eman dute ere estreinatu dela diote. Euskaltzaindiaren webgunea arakatzen ibili naiz eta ez dut harpidetza hori egiteko modurik aurkitu hala ere (bila nabilena musturren aurrean edukita ere ikusten ez dutenetakoa naizela aitortu behar dut). Horretarako harpidetza formulario hau bete baino ez da egin behar. Jakinarazpena e-postaz etorriko da seguruenik. Ez dakigu ordenagailura jaitsitako fitxategiak eguneratzeko modua zein izango den hala ere.

Arauen kopia ordenagailura pakete batean jaitsi ahal izatea aurrerapausoa da duda barik, baina gaur egun fitxategi estatikoak jaisten ibiltzea ez zait aurreratuena iruditzen prezeski. Bestalde, informazioa pdf fitxategietan eskaintzen duten guneei tirria apur bat hartu diet azkenotan, Euskotrenen ordutegiak kontsultatzen ditudanetik gehien bat.

Hain zuzen ere, xml fitxategiak jaisten eta eguneratzen ibili beharrean ez zen erabilgarriago a izango data-base horiek erabilita webgunean bertan kontsulta sistema zuzena atontzea (hainbat hiztegirekin egiten den bezala)? Eta horrekin batera azken arauak eta aldaketak jarraitzeko RSS sistema bat?

Tira ba! Ez dakit ba, teknikoek eman ahal diguzue argi apur bat akaso. Edozelan ere zerbitzu interesgarria Euskaltzaindiak zer dioen hain sarri ibiltzen garen mundu honetarako.

PD. Bitxikeria bat. Ordenagailura jaisten diren html fitxategietan orri-oinean lizentzia hau agertzen da:

© 2007 Euskaltzaindia. Eskubide batzuk gordeta. Ikus lege-oharra. Arau-erabakien dokumentu, zerrenda eta datu-baseak (Euskaltzaindiaren Arauak, Hiztegi Batua eta Izendegiak) Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.

Lege-oharra irakurrita ere, ez dut ondo ulertu zein litzentziapean dagoen zein. Arauek copyright-a daukate? Ez? Fitxategiek bai baina edukiek ez?

Arauen harpidetzaz

Ricardo (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Azaroa 2 - 17:09-(e)an bidalia.

Nik zorte hobea izan eta harpidetza egiteko modua aurkitu nuen. Izan ere, e-AEB zerbitzuaren barruan bi azpiatal daude: Sarrera eta Harpidetza.

Arauen harpidetza egiteko sistema posta elektronikoaren bidezkoa da. Euskaltzaindiaren webgunean jarri duten Plugin <em></em> Not Found bete eta, dirudienez, arau berriak jakinaraziko dituzte.

Niri ere RSS jarioak gehiago gustatzen zaizkit, baina onartzen dut oraindik jende askok ez dituela erabiltzen (zer den ere ez dakitela) eta errazago gerta dakizkiekeela mezu elektroniko batean jasotzea. Egokiena, nik uste, bi sistemak bideratzea izan zitekeen.

Magooren ajeak

Benito-(e)k 2007, Azaroa 2 - 19:44-(e)an bidalia.

Esan dut ba, musturren aurre-aurrean ere ez dut ezer topatzen. Eskerrik asko Rikardo.

Egia da jende asko oraindik ez dagoela RSS sistemekin ohituta, dena dela, jaitsi behar diren fitxategi horiek guztiak eguneratzeko sistema erabilterrazagoa izango ote da?

Euskaltzaindiaren erabaki arraroak

Luistxo Fernandez (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Azaroa 5 - 16:18-(e)an bidalia.

Ez da ondo ulertzen zer egin nahi duen Euskaltzaindiak. Harpidetzeak beldurra ematen dit, ze orain eskaintzen dutena 6 Mb-ko zip bat da, eta ni ez naiz inon harpidetzen 6 Mb-ko fitxategi erantsirik bidal diezadaten... Kontua da ez dakidala hori bidaliko duten, ala zer. Karrajuan edo Filoblogian ausartagoak izango ahal zarete besteok jakin dezagun lehen bidalketa iristean zer ote den harpidetza hori!

Bestalde, Creative Commons NON-COMMERCIAL penagarri horrekin, badirudi debekatua geratzen dela arau hauen berrerabilpena liburu bat egiteko, edo edozein helburu komertzialekin. Irekitasunaren aitzakiarekin, giltzak jarri euskarari. Adibidez, Zuberoako herri-izendegi normalizatua. Ezin ote dugu Tagzaniara igo? Ba ez, tamalez, irabazi asmokoa da webgune hori (bizimodua Interneten irabazi nahi izatea da gure pekatua) eta ez, ezin da hor erreproduzitu Euskal Herriko herri-izenen zerrenda akademikorik. Wikipediarekin ere ez da bateragarri lizentzia hori, bestalde. Wikipedistek arauak jarraituko dituzte, baina haiek testualki Wikipedian azaltzea ezinezkoa da baldintza legal hauetan.

Harpidetza

Benito-(e)k 2007, Azaroa 5 - 17:42-(e)an bidalia.

Harpidetza eginda daukat dagoeneko, zerbait datorrenean botako dut, bitartean Euskaltzaindiak azalpen gehiago ematen ez badu behintzat (eta azalpenok ikusten baditut Cool).

Litzentziei dagokienez, deigarriena egin zitzaidan copyright eta CC lizentziak bata bestearen ondoan agertu zirela ikustea izan zen, biak jaitsitako fitxategian, ez webgunean. Eta ez dut ondo ulertu zein dagoen zein litzentziaren azpian.

Arazo bitxia planteatu duzu dena dela. Eskola edo euskaltegietarako testu liburu batean adibidez, Euskaltzaindiaren arau baten testua kopiatzeko Euskaltzaindiaren baimena eduki edo hari eskubideak ordaindu beharko litzaizkioke?

Badakit erantzun bat zein izango den: Ba! Lasai! Nor etorriko da gero kontu edo diru eske?

Bai, seguruenik, baina teorian ere hala da?

Argibide gehiago

Ricardo (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Azaroa 11 - 21:27-(e)an bidalia.

Irudi luke Euskaltzaindiak Luistxoren gogoetak irakurri dituela eta Plugin <em></em> Not Found atera du e-AEB zerbitzuari buruzko argibide gehiago emateko.

Eguneraketak

Benito-(e)k 2007, Azaroa 12 - 15:11-(e)an bidalia.

Formatoari dagokionez badirudi berrikuntza dagoen bakoitzean pakete osoa jaitsi eta lehengoa ordeztu beharko dela. Hala ere, e-postaz jakinarazpena bidaliko dute, eta ez pakete osoa. Luistxoren zalantzetako bat.

Beraz, fitxategiak pdf-n edo xml-n ordenagailuan eduki eta hantxe kontsultatu beharko dira.

Nik neuk Euskaltzaindiaren arau guztietako testuan bilatzeko tresnaren bat estimatuko nuke, arauetako fitxategietan banan-banan bilatu beharrean. Online edo ordenagailuan. Edozelan ere PDFekin jarraitu beharko dugu.

RSSa oraingoz erabiltzeko asmorik ez dutela diote. Lastima, arauetarako ez bada, Plazaberrirako edo albisteak emateko behintzat ondo egongo litzateke.

Lizentziei dagokienez, ez dakit Luistxoren zalantza argitu den. Badirudi erabilera komertzialerako lehenengo eurekin hitz egitea baino ez dutela eskatzen.

Web diabolikoak

Benito-(e)k 2007, Azaroa 19 - 18:48-(e)an bidalia.

Gaur Mauro Entrialgoren komiki hau ikusi dudanean, ez dakit zergatik, eztabaida hau gogoratu dut.Tongue out

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia