25
Aza
2006

Ikasmateriala=ikastaroa?

Dendaketan materialaren aurkezpenarekin batera aspaldian darabildan gogoeta airera botatzeko gogoa etorri zait: Ikastaro bat antolatzeko ikasmateriala nahikoa da?

Mutur eta adar askoko kontua da hau, neuk ere ez daukat argi-argi, baina ez dakit material didaktikoaren pisua gainbaloratzen ote dugun ikastaro bat antolatzeko orduan. Lan egiteko erak eta aukera ezberdinak egon daitezke tartean, eta ikasmaterial kontzeptuaren adiera anintzak ere bai. Baina kezkatxo batzuk dauzkat.

Azken aldian gure esparruan agertu diren eskaintza gehienak hornitzeko klaserako material eta ataza-bildumak agertzen dira gehien bat. Irakaslearen papera sarritan eskuliburuko instrukzioak jarraitzea baino ez dela irudi dezake. Eta ez diot material horiek horrela-horrela hitzez hitz erabili behar direlako eta egokitzapenik ezin delako egin, badakit ez dela horrela eta ez da hori kontua. Baina, nik neuk, irakasle jarrita eta edozein ikastaro eman orduko, areago ikastaro espezifikoa eta ohikoak baino laburragoa eman behar banu, gustura hartuko nuke bestelako gida bat, ikastaro horretan zer lortu nahi den eta hori lortzeko bidea zein izatea nahi den azaltzen didan zerbait. Ikasmaterial horiek zergatik aukeratu dira eta zergatik jarri dira hurrenkera horretan ulertzen eta baloratzen lagunduko didan zerbait. Zergatik? Ez dut uste azalpen handirik behar denik, baina badaezpada, arrazoi bi aipatuko ditut:

  • Ikastaroaren ikuspegi edo perpektiba hartu nahi nuke. Zertan ari naizen eta zein ibilbidetan gabiltzan ulertu. Une bakoitzen non nabilen baloratzeko eta jarduna egokitzeko. Eraginkortasunean irabazteko akaso.
  • Ebaluatzeko irizpide ahalik eta argienak eduki nahi nituzke. Zer lortu nahi eta ahal den eta zelan lortu nahi den argi izateak zer lortzen ari garen eta zer lortu dugun zehazteko informazio eta tresna gehiago emango dizkidala uste dut.

Azken baten ikastaro baten planifikazioan beste pauso baten beharrean nago, printzipio kurrikularrak eta klaseko jardunaren artean dagoen zerbait. Seguruenik nire harrikadak jarraitzen dutenek igarriko zuten honez gero syllabus edo programaren diseinuaz ari naizela. Ez nago seguru neure harrikada ote den, baina ikusten ditut inguruan zalantza sortarazten didaten jokaerak eta zantzuak:

  • Irakasle asko ikastaroa prestatzen hasten direnean zuzenean hasten dira egunez eguneko banaketa batekin. Egun bakoitzean zer egingo den zehazten eta materialak bilatzen. Ikastaroaren perspektiba argi-argi baleukaten bezala. Baina galdetuz gero gauza bakoitza zergatik dagoen dagoen lekuan ez dute erantzuteko irizpide argirik izaten sarri, edo topikoekin erantzuten dute, edo haserretu ere egiten dira, haien gaitasuna zalantzan ipiniko balitz bezala.
  • Ikas-jardunaren ikuspegi atomizatua zabaltzen dela uste dut. Ikasmaterialek "arrakasta" izatea eskatzen da, baina arrakasta hori neurtzeko orduan irizpidetzat "ikasleak gustura aritzea" bezalako argudioak erabiltzen dira. Ez da txarra hori ere, baina, ikas-prozesuan zer pausu ematen lagundu den eta pauso hori noraino egin dugun ere ez litzateke galdetu behar?
  • Klaserako materialetan inbertitzen da, eta gehiago inbertitzea ere eskatzen da sarri. Nire ustez, irakas-jardunaren arrakastan giltzarria den elementuaren kaltean: pertsonak, irakasleak. Irakaslea "operario" bihurtzeko arriskua gerta daiteke honekin nire ustez. Badakit gure arloan irakaslearen lan-karga ez dela haren esku lan guztia uzteko modukoa, eta ez dut horren alde egin nahi inondik inora ere, argi geratu dadila! Ondo dago ahalik eta gauza gehien eginda ematea, baina eginda dagoenaren mapa eta arrazoia ere ematearekin ez genuke irabaziko pertsonen formazioan eta erronka berriei ekiteko gaitasunean? Arraina eta kainaberaren kontura gatoz azken baten.
  • Breen-i jarraituz, badirudi duela 15 urte inguru syllabus funtzionaletatik prozesuan oinarritutako syllabus-etara salto antzeko bat gertatu zela (AOI eta beste). Hau da, unean-unean geratzen dena eta etengabeko negoziazioan oinarritutako antolaketara. Badirudi era berean horren ondorioen artean ikasleek noraezeko sentsazioa aipatu dutela batzuetan.

Esan dudan bezala hau neure harrikada izan daiteke, batzuk iparrorratz eta mapazaleak izaten gara eta. Baina, tira! Botatzeko gogoa eduki dut eta, benetan, ez daukat eztabaida sutsuetan sartzeko gogorik eta gustura hartuko nituzke iritziak eta ekarpenak, erratuta nagoela edo astakeriak esaten nabilela konbentzitzen nautenak.

Lagun batek behinola kontatu

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Azaroa 26 - 12:14-(e)an bidalia.

Lagun batek behinola kontatu zidan aspaldian Ameriketako osabak bidalita tostadora bat heldu zela bere etxera. Artean hemen halakorik ez eta baliagarritasuna bilatu behar tramankulu hari... Lagunak esan zidanez, urteetan balio izan zuen tresna hark loteria txarteltxoak eta Santa Luciaren fakturak gordetzeko.
Alegia, tresnak beharrezkoak direla baina ez dela ahaztu behar berauek erabiltzeko argibideak behar direla.
Ikusten duzun bezala ni ere erratuta eta astakeriak esaten (beti bezala).

RTFM

Benito-(e)k 2006, Azaroa 26 - 15:25-(e)an bidalia.

Argibideak eman egin behar dira, jakina, baina horrekin batera, nire ustez, erabiltzaileak argibide, azalpen, instrukzio horiei guztiei RTFM teknikak aplikatzen trebatu behar dira, bestela, berdin-berdin ibiliko gara tostadorari traza hartu ezinik.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia