prestakuntza

14
Mar
2008

XML Teknologiaren on line ikastaroa euskaraz

Ainara Muñoz Sarasola | 2008, Martxoa 14 - 18:25

Asmoz Fundazioak, XML teknologia: Oinarriak eta tresnak on line bidezko ikastaroa antolatu du.

Ikastaroaren alde praktikoa aurrera eramateko Asmoz Fundazioak software jakin batzuk ipiniko ditu ikasleen eskura. Informatikako ezagutzak dituen interesatu orori zuzendua dago ikastaroa: bai informatikako ikasketak egin dituztenei baita praktikaren bidez informatikan ibiliak direnei ere.

Maiatzaren 5ean hasi eta Ekainaren 30 bitarte iraungo duen ikastaro honen informazio orokorra eta izen-emate orria Asmoz Fundazioko http://xml.asmoz.org webgunean topa daitezke edota xml@asmoz.org postara zuzenduaz. Matrikula epea Apirilak 30ean amaitzen da.

09
Mar
2008

Podcastineoa eta prokastineoa


HABEk antolatu dituen ikastaroak aipatu genituen lehengo egunean: wikiak, blogak, podcastak, on-line eta aurrez aurrekoa... Kasualitatez, hurrengo egunean podcasting ikastaroa egiten dabilen lankide batekin berriketan gaia irten eta komentatu zidan ikastaro-amaierarako proiektu moduko zerbait aurkeztu behar dutela eta buruari bueltak ematen ari dela.

Neuk ere ez daukat ideia zehatzik halako proiektua burutzeko, baina interneten nabigatzen ikusi edo inoiz karrajuan apuntatu ditugunekin ideia edo adibide batzuk batu daitezke, inspirazio iturri gisa balio balute edo. Zerrendatxoa egin dut, hemen behean daukazue, baina zeuei ere zerbait gehiago bururatzen bazaizue, wikian ere badago, eta han osatu dezakezue.

Podcast-aren bidez garatzeko ideiak

Ikasteko

  • Entzutezko testuak plazaratu, transkripzioarekin eta gida didaktikoarekin. Klasikoena, adibidez: ESL Podcast.
  • Gai bati buruzko elkarrizketak grabatu eta jarduera batzuekin osatu. Aurrekoaren oso antzekoa. Adibidez: Notes in Spanish.
  • Klaserako grabazioen bilduma. Interneten topatzen ditugun grabazio interesgarriak markatu, eta haiekin geure hautatuen podcasta egin ahal dugu. Odeo zerbitzuarekin egin daiteke adibidez. Ez dituzu fitxategiak igo behar, estekatu soilik. Hemen daude adibidez Karrajurako batu ditugun grabazioak: Karrajua podcast.
  • Ikasleekin testu idatziak grabatu eta sarean zabaldu. Adibidez, Euskaljakintzako Maitek literaturaren inguruan proposatu zuen hau: Entzun.
  • Elkarrizketak egin eta sarean jarri. Adibidez Euskal Jakintzan Eva Argiñanori egin zioten hau (bideoan dago, baina audioarekin bakarrik ere egin ahal da).
  • Hizkuntz ariketak edo eginkizunak ahoz ere azaldu blog edo webgune batean. Karrajuan egin genuen proba hau.
  • 100 hitz. Ariketa dibertigarria.
  • Karrajuan bota genuen beste hau: Entzutezkoaren ulermena lantzeko ideia bat.
  • Ikasten ari denak testua grabatuko du, eta interneten jarriko du beste inork ebaluatu dezan. LiveMocha zerbitzuan egin daiteke hori adibidez. Autoebaluazio ariketak ere egin daitezke, horretarako tresnaren bat gehitzen bada.
  • Irakurketa automatikorako tresnak erabili irakurtzeko testuen lagungarri gisa. Karrajuan egin genuen proposamena horretaz: Idatzitik ahozkora, TTS
  • Soinuen eta hotsen grabazioak. Komentatzeko edo igartzeko ariketa izan daiteke. Esate baterako soinumapan dauzkagun grabazioak bezalakoekin.
  • Skype bidezko praktika. Ez da podcast-podcasta, baina interesgarria. Mintzapraktika org edo Soziety zerbitzuetan egiten dute.
  • Ahoskera lantzeko podcast moduko bat: http://spanish-podcast.com/es/2008/02/29/pronunciacion-espanola/ mezuan egiten duten antzera. 
  • Arlo zehatz baterako hizkuntza lantzeko podcasta. Negozioetarako ingelesa lantzen duen podcast honen modura: businessenglishpod.
  • Ikas-esperientzia kontatu: Andonik Karrajuan aspaldian ekarri zigun hau bezala: Internet bidezko ikasle batekin solasean

Irakasleentzat

  • Klaserako entzutezko materialak erakutsi, estekatu eta gomendatzeko webgune edo bloga. Ez dut adibide zehatzik aurkitu, baina klaserako.karrajua.org-en antzeko zerbait izan daiteke.
  • Norberaren edo besteen esperientziak kontatzeko irrati-podcast antzeko zerbait: elkarrizketa izaten da hobetoen funtzionatzen duen formatoa. Adibide batzuk: Voces en español edo L de Lengua.

Ikusi duzuen bezala adibideak eta ideian zirriborroak baino ez dira, baina inori zerbaitetan laguntzen badio, hor dauzkazue.

Hemen daukazue hizkuntzak ikasteko podcast-en zerrenda bat han beste ideiaren bat topatzen baduzue-edo: http://www.oculture.com/2006/10/foreign_languag.html

Argazkia: Chef Tutorial in the Kitchen. Pinot & Dita Flickr-en.

06
Mar
2008

on-line edo ez on-line

Abuztuan jakin genuen HABEren ikasturte hasiera honetarako prestakuntza-eskaintzaren berri. Haien artean, azkenotan ugaldu diren bezala, teknologia berriekin lotutako ikastaro berriak ikusi genituen: Podcastinga, Wikiak eta Ikaskuntzaren eraketa: on-line eta aurrez aurreko lana uztartuz izenekoa.

Blogen eta wikien inguruan jardun da aurreko urteotan, baina ikastaroak amaitu eta ez dirudi hango esperientziek jarraipenik izan dutenik (publikoan behintzat). Probako blogak sortu ziren adibidez, baina haietako gutxik iraun dute gaur arte, eta berririk ez dugu ikusi apenas.

Oraingoan ere probatan ibili dira batzuk, podcasting-arekin adibidez hemen edo hemen. Lehengo astean hala ere, Jon Antxiaren blog berpiztuak eman zigun sorpresatxoak: On-line eta aurrez aurreko lana uztartuz mezuan izen bereko ikastarokoak aplikatzen hasi eta haren berri emango zigula. Baita hasi ere Ikasleei plataformaren berri eman diegu mezuarekin.

Teknologiaren aplikazio didaktikoa -ez dakit arrazoiarekin edo arrazoi barik- autoikaskuntza eta urruneko ikaskuntzarekin lotzeko joera daukagu, gehienez b-learning edo eredu misto (nahikoa lausoa) delakoarekin. Eta gaur egun teknologia hitzaren zabal-zabalean aplikazioak noranahikoak eta nonahikoak izan daitezke. Ikastalde klasikoetan, bai eskola jardunean bertan, bai eskola-denborako osagarri modura, "etxeko lanak" egiteko baino ez bada ere. Alde horretatik Jonen esperientza jarraitzea interesgarria da duda barik, eta kontatzea eskertzekoa.

Bestalde, bitartean HABEk lan-taldeak antolatu zituen autoikaskuntza eta eredu mistoak aztertzeko. Ez daukagu oraindik haien ondorioen berri (hemen ibiltzen den baten batek akaso), laster etorriko dira seguraski. Ez da gauza bera izango balizko eredu msitoa eta aurrez aurreko taldeetan teknologiaren aplikazioa, baina era berean, ez dut uste konpartimentu isolatuak direnik ere. Gehienez continuum batean kokatzeko puntuak. Online-etik off-line-era?

Sindikatu edukia