Abuztuan jakin genuen HABEren ikasturte hasiera honetarako prestakuntza-eskaintzaren berri. Haien artean, azkenotan ugaldu diren bezala, teknologia berriekin lotutako ikastaro berriak ikusi genituen: Podcastinga, Wikiak eta Ikaskuntzaren eraketa: on-line eta aurrez aurreko lana uztartuz izenekoa.
Blogen eta wikien inguruan jardun da aurreko urteotan, baina ikastaroak amaitu eta ez dirudi hango esperientziek jarraipenik izan dutenik (publikoan behintzat). Probako blogak sortu ziren adibidez, baina haietako gutxik iraun dute gaur arte, eta berririk ez dugu ikusi apenas.
Oraingoan ere probatan ibili dira batzuk, podcasting-arekin adibidez hemen edo hemen. Lehengo astean hala ere, Jon Antxiaren blog berpiztuak eman zigun sorpresatxoak: On-line eta aurrez aurreko lana uztartuz mezuan izen bereko ikastarokoak aplikatzen hasi eta haren berri emango zigula. Baita hasi ere Ikasleei plataformaren berri eman diegu mezuarekin.
Teknologiaren aplikazio didaktikoa -ez dakit arrazoiarekin edo arrazoi barik- autoikaskuntza eta urruneko ikaskuntzarekin lotzeko joera daukagu, gehienez b-learning edo eredu misto (nahikoa lausoa) delakoarekin. Eta gaur egun teknologia hitzaren zabal-zabalean aplikazioak noranahikoak eta nonahikoak izan daitezke. Ikastalde klasikoetan, bai eskola jardunean bertan, bai eskola-denborako osagarri modura, "etxeko lanak" egiteko baino ez bada ere. Alde horretatik Jonen esperientza jarraitzea interesgarria da duda barik, eta kontatzea eskertzekoa.
Bestalde, bitartean HABEk lan-taldeak antolatu zituen autoikaskuntza eta eredu mistoak aztertzeko. Ez daukagu oraindik haien ondorioen berri (hemen ibiltzen den baten batek akaso), laster etorriko dira seguraski. Ez da gauza bera izango balizko eredu msitoa eta aurrez aurreko taldeetan teknologiaren aplikazioa, baina era berean, ez dut uste konpartimentu isolatuak direnik ere. Gehienez continuum batean kokatzeko puntuak. Online-etik off-line-era?
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu


jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Teknologia bera tresna baino ez da, gero eta oharkabeagokoa izango dena gainera. Baina tresna honek ikaskuntzari (formalari zein informalari) dimentsio birtuala eranstea ahalbideratzen digu eta honexetan dago aldea.
Orain arte estuegi jokatu dugu honetan, bi eredu baino ez dira aurreikusi: aurrez-aurrekoa eta autoikaskuntza deituriko b-learning eredu nahiko mononolitiko bat (zeinak, halabeharrez, kate mozeegian lotuta badago ere, aniztasunera jo eta joko duen).
Nire ustetan zuk diozun continuuma dago, norabide bikoitzekoa gainera: presentzialetik e-learningera eta e-learningetik presentzialera.
Esan nahi da, bi muturren artean: aurrez-aurreko ikastaro hutsen eta ikastaro birtual hutsen (oraindik behar beste garatu gabeko esparrua)artean hainbat eta hainbat konbinazio posible daudela, segun eta zenbat birtualitate portzentaia eransten zaion ikasketa prozesuari.
Aniztasun hau ez da erraza arautzen eta administrazioak modulo jakin batzuk erregulatzera joko du, hori ere ulergarria da; baina ahalik eta kate luzeena erabili beharko luke ikaskuntza formalean eta ikaskuntza informalari dagokionez, arautu aditza sustatu aditz bihurtu, ezen esparru hau gero eta garrantzitsuagoa izango delakoan bainago.
Gaur egungo erronka nagusia ikaskuntza formalean apurka-apurka birtualitatearen potentzialtasuna sartzean datza. Garrantzitsua izanik ere, hori bezain garrantzitsua iruditzen zait e-learning hutsa garatzea eta ikaskuntza esparru informalak sustatzea.
Zeharkakoa bada ere, hortxe dago aipatzen duzun beste kontutxo bat. Sarritan egin egiten ditugu ikastaroak: direla blogak, direla wikiak... baina ez dira gero behar beste sustraitzen. Agian, konturatu behar dugu gauza ez dela wiki edo blog bat egitea, baizik eta gure ikasleen lana eraginkorragoa izan dadin zer nolako dimentsio birtuala behar duen erabakitzea eta ondoren horretarako beharrezko diren tresnak aukeratzea. Honela bakarrik, hau da, IKTeek ahalbideratutako dimentsio birtuala eskoletako kurrikulumean integratuta badago eta ebaluagarria bada lortuko dugu hasiera batean dimentsio hau sustraitzea. Ziur naiz, egoki aplikatzen bada eta eraginkorra bada, bidea egingo duela eta esparru informalera ere zabalduko dela.