17
Abe
2007

Idatzitik ahozkora, TTS

Txelisek Zerzeladak blogean gomendio interesgarria eman zigun lehengoan e-learning eta b-learning direla eta. Pablo Bongiovannik gomendatu eta komentatzen zuen Beatriz Fainholc irakaslearen bideohitzaldia hain zuzen ere.

Ikusteko gomendagarria duda barik, baina Pabloren blogean ikusi nuen beste zerbaiti erreparatu nion. Mezuaren testua irakurri ez ezik, entzun ere egin daiteke, ez egileak berak grabatuta, idatzizko testua "irakurtzen" duen gehigarri baten bidez baino, Sonowebs zerbitzuaren bitartez hain zuzen ere. Testua entzungai egin eta blogean enbotatzeko kodea ematen du zerbitzu honek.

Errezeloa eman ohi digute horrelakoek. Makinak zelan irakurriko du pertsona baten modura? Errobotaren latorri-ahots monotonoak baino ez dira. Pabloren mezua "entzun" egin dut, eta ez zait ulertezina edo jasanezina egin behintzat. Ez da berdina, soinu kalitatea ere ez da on-ona, baina ulertu eta jarraitu egin ahal da. Bistan da teknologian aurrerapausoak egin direla azkenotan. 

Idatzia entzunezko bihurtzeko (eta entzunezkoa idatzi bihurtzeko) ahalegin teknologikoak aspaldikoak dira. Gehien bat telefonia eta komunikazioei bideratuta (erantzungailuak, arreta-zerbitzuak..). TTS (Text To Speech) deitzen zaie teknologia hauei. Euskarazko Wikipedian daukazue artikulu landua eta hornitua.

Web2.0ren munduraino ere heldu dira apikaziook, eta une honetan sarean badago halakoak eskaintzen dituen zerbiturik. Adibide batzuk ematearren:

  • Sonowebs bera. Esan bezala, testua ahozko egin, eta blogean sartzeko kodea eskaintzen dizu. Blogger, Wordpress eta beste plataforma batzuetarako pluginak eta kodea ere baditu. Gaztelaniaz baino ez du funtzionatzen.
  • VozMe. Honek ere testua entzungai egin eta pluginak ematen ditu Wordpress eta iGoogle-erako. Gaztelaniaz gain, ingelesez eta italieraz ere egin daitezke konbertsioak.
  • Scribd. Berez testu dokumentuak sarean konpartitzeko zerbitzua da. Baina dokumentu bat igotzen denean testu formatu desberdinetan jarri ez ezik, mp3 fitxategia ere sortzen du testua irakurrita.

Zerbitzu eta software gehiago daude. Baina denetan arazo berdina aurkitu dut. Badakigu hizkuntza bakoitzak, erabiltzen duen alfabetoa gorabehera, arau desberdinak dituela hotsak eta fonemak grafemekin (letrak) lotzeko. Hau da, ez dira berdin "irakurtzen". Ondorioz, testu berdina desberdin irakurriko dute ingelesaren hiztunak eta gaztelaniaren hiztunak adibidez. Hain zuzen ere, Europako Markoak (pdf, 122. orr.) gaitasun ortoepikoa deitzen dena ere jaso du, xede-hizkuntzan idatzikoa ahoskatzen jakitea alegia.

Ondorioz, euskarazko testua halako batean sartuta emaitza ez da izango nahi genukeena seguru asko. Proba egiteko VozMe zerbitzuan Karrajuko mezu honetatik hartutako testu-zatia sartu, eta hizkuntza desberdinetan emateko esan diot. Hona hemen emaitza:

Bistan da ez direla euskaldun batek testua irakurrita botako litzukeenak. Dibertigarria ere bada (gogoratu Anduk dioskuna). Bide batez, baten batek ez dizue gogora ekarri ikaslea testua ozen irakurtzen ipintzen dugunekoa?

Bestalde, entzungaiaren kalitatea ez da on-ona, azken batean makina makina da oraindino. Hobeto egiten duten software eta zerbitzuak daude hala ere. Sarean aurkitu ditugun hauek bezala: Loquendo, Acapela, FreeTTS... Wikipediako artikuluan dauzkazue esteka gehiago, bestela badakizue zelan bilatu.

Euskaraz 

Eta euskaraz irakurtzen duenik ez dago? Bai, bada. 

Duela urte bi Eusko Jaurlaritzak Aditu programa aurkeztu zuen, helburua euskaraz ahotsaren sintesia zein ezagutza burutzeko teknologia garatzea eta ahots-teknologia hori, gehien bat, zerbitzu enpresen esku ipintzea zen. Euskararen irakaskuntza ere aipatzen zen haien artean, dena dela aipamen kopuruari erreparatuta ez dirudi lehentasunezko arlotzat hartu denik.

Lan esparru ezberdinak finkatu ziren eta enpresa eta erakunde desberdinen artean banatu ziren proiektuak. Garatzaileen artean EHUko Aholab taldea dugu. Eta beronek dagoeneko tresna batzuk garatu ditu. TTSri dagokionez AhoTTS proiektua da interesgarriena.

Aholaben webgunetik bertatik erabili ahal da. Helbide honetan (http://aholab.ehu.es/tts/tts_eu.html) hain zuzen ere. Koadro handian testua idatzi edo itsatsi, azpian aukera batzuk ditugu ahozko testuari aplikatzeko, ez ditut denak ulertzen, baina hemen, denean bezala, probak eginez barruntatu ahal duzu bakoitzak zer egiten duen. Aukerak zehaztuta, bihurtu botoian klikatu eta mp3 fitxategia ematen digu entzuteko. Ordenagailura jaitsi eta Audacity bezalako programa batekin editatu daiteke nahi izanez gero.

Euskarazko bertsioan ez, baina ingelesezko bertsioan testuaren ebakera emozio batzuen arabera egiteko kodeak agertzen dira: <happy>, <sad>, <angry>... Proba eginda ez dut alde handirik sumatu hauekin, baina adierazkortasuna lantzen badabiltzala dirudi behinik behin.

Lehengo testua sartu dut honetan ere. Eta hemen dituzue emaitza batzuk: Bat, Bi, Hiru, Lau, Bost, Sei.

Online tresna honezaz gainera, tresna gehiago ematen dituzte.

  • Internet nabigatzilean erabiltzeko bookmarkleta duzue helbide honetan. Firefox eta IErako. Nabigatzen zabiltzan orrian testu zatia aukeratu, bookmarklet-ean klikatu eta leiho berrian zabalduko da audio-erreproduktorea pasarte hori entzuteko.
  • Windowserako programatxoa ere prestatu dute. AhoTTsWin. Programa jaisteko webgunean erregistratu egin behar duzu, eta ematen duen helbidea ez dago ondo, hau da helbide zuzena. 8 mb inguruko fitxategia jaitsi ostean, deskonprimitu eta programa erabili ahal duzu. Online bertsioaren antzekoa da, aukera desberdin batzuekin, baina honek ez dizu fitxategia gordetzeko aukerarik ematen.
  • Ahotools tresna. Hau ez dut probatu. 50 mb inguruko fitxategia deskargatu behar da eta Euskaltelen konexioarekin ez daukat hainbesteko pazientziarik.

Ondorioak eta ideiak

Ahots sintesirako teknologia apurka-apurka aurrera doala dirudi, eta euskara ez dago aparte. Oraindino latorri-ahotsak eta ahots artifizialak entzuten dira sano. Hala ere, erabiltzen hasi direla ematen du, Adituren webgunean enpresei eskaintza egiten eta ideiak ematen dabiltza behintzat:  finantza mundua, telekomunikazioak, zerbitzuak...

Gureari dagokionez, ez dakit hezkuntza edo irakaskuntzarako inor zerbaitetan dabilen. Hizkuntzaren irakaskuntzarako zirriborro batzuk ematen ausartuko naiz hala ere:

  • Xede-hizkuntzaren "musika" ezagutzea. Arrazoi bat edo besterengatik bereziki testu idatziekin jardun behar duen ikasleari idatziok xede-hizkuntzan nola ahoskatzen diren zirriborratu ahal diote tresna hauek. Norberaren idazlanak "entzutea" ere lagungarria izan daiteke sarri.
  • Irakurtzerako lagungarria. Ni neu inoiz konturatu naiz hizkuntz-ikaslea askotan irakurgai baten aurrean -berau zenbat eta luzeago, areago- letra-zopa baten aurrean bezala sentitzen dela. Testu hori gutxieneko entonazio eta "deklamazio" batekin entzutea oso lagungarria da letra horiei guztiei zentzua eta ordena emateko. Irakasle modura ez duzue inoiz halakorik egin ikasleari laguntzeko? Zeuek ozen irakurri adibidez. Tresna hauek urrun daude hiztun batek emango liokeen sentipenetik, baina hainbat kasutan (autoikaskuntza, urruneko ikasleak edo, beste barik, norbera bakarrik dagoen uneak) kalte barik, laguntza izan daitezkeela begitantzen zait.
  • Gaitasun ortoepikoa landu. Ahoskera praktikatu, hainbat fonema-hots entzun, entonazioa eta azentuazioari ohitu... aukerak daude, ezta?
  • Ama-hizkuntzarekiko aldeak aztertu. Euskarazko testu bera ikaslearen ama-hizkuntzan eta euskaraz entzutea hizkuntza batetik besterako aldeei erreparatzeko ariketa interesgarria izan daiteke.
  • Entzungaiak sortu. Testu sinple eta "aseptikoak" hartuta gehien bat (esaldiak, instrukzio sinpleak, zerrendak....), aukera daukagu ahots bihurtzeko eta nahi dugun lekuan erabiltzeko: webguneetan, ordenagailuko ariketetan, elearning... Entzumena lantzeko ariketak ez, baina testu lagungarriak izan daitezke.
  • Hiztegiak: leku askotan egiten den modura, hitzari soinu-fitxategia erantsi ahal diogu hitza nola ahoskatzen den entzuteko.
  • Jolasa. Andurena gogoan, nik neuk behintzat ondo pasatu dut batean eta bestean probak egiten. Barre ere egin dut, poza izan dut beraz. Eta transmititzen asmatu badut, pozago.

Besterik?

Ba egongo da beste zerbait,

Patxi (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Abendua 17 - 09:44-(e)an bidalia.

Ba egongo da beste zerbait, baina nahikoa lan aurkitzen, ekarri dezun baliabide eta adibide mordoarekin!

Borobila benetan, eta oso mesedegarria, Benito.

Patxi....

Benito-(e)k 2007, Abendua 17 - 17:38-(e)an bidalia.

Patxi

Benito...

Patxi (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Abendua 17 - 21:38-(e)an bidalia.

Ba hain zuzen...

Zenbakiak

Benito-(e)k 2008, Martxoa 12 - 23:53-(e)an bidalia.

Zenbakiekin aztoratuta dabilen lagun honentzat ahots sintetitatzailearekin egin daitekeen ideia bat okurritu zait. Blogean utzi diot azalpena.

Programa jaisterik al dago

Gontzal Uriarte (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Maiatza 2 - 19:00-(e)an bidalia.

Aupa:

programak egiten ditut baina ez dira interneten on line erabiltzen. Beraz, ordenagailuan instalaturik beharko nuke, eta Festival tts programa bezalako batekin erabili.

 

Posible litzateke. Libre al da herraminta hau?

Windowserako programa

Benito-(e)k 2011, Maiatza 2 - 23:00-(e)an bidalia.

Windows-erako programa bat dago hor, Ahottswin. Lotura honetan klikatzen baduzu, ordenagailura jaitsiko duzu tar.gz formatuan. Zabaltzeko winrar edo winzip bezalako programa bat erabil dezakezu. Atera fitxategi guztiak eta sartu karpeta batean. Ondoren klikatu birritan aHoTTsWin.exe fitxategian eta martxan edukiko duzu.

Dena dela, bertsio honek ez du aukerarik ematen fitxategia gordetzeko. Horretarako errazagoa izan daiteke online bertsioa erabiltzea. Idatzi nahi duzun testua, konfiguratu eta "submit" botoia sakatu. Ondoren .wav edo .mp3 fitxategi bat zabaldu zaizu nabigatzailean. Modu asko egon daitezke fitxategi hori gordetzeko, nabigatzailean "orria" gordetzen baduzu, sortu duzun artxibo hori nahi duzun lekuan gordeko zaizu.

Lastima da, hiru urte luze pasatu dira artikulu hau idatzi genuenetik, eta ematen du oraindik ez dela zabaldu aplikazio erabilgarriagoa. Ea laster ematen diguten sorpresaren bat.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia