23
Ots
2010

Erreta

Burn outApurka-apurka nabil azkenengo Hizpideri kolpetxoa egiten. Azkenengo ale honetan artikulu ugari eta, orain artekoaren aldean, izen eta gai berriak agertu zaizkigu. Haien artean izenburutik bertatik arreta ematen duen bat: Burn out: irakaslearen ajeak.

Ilazki euskaltegiko Idoia Goñiren eskutik heldu zaigu artikulua (Ilazkikoa dela testua irakurrita jakin dut, ez lirateke txarto etorriko egileen aurkezpen zehatzagoak akaso, badakit garrantzitsuena edukia dela, baina pertsonak apur bat kokatzea estimatu egiten da, eta bera nahiz erakundearentzako meritua ere bada, ezta?), eta esperientzia pertsonaletik abiatuta gaia garatu eta euskaltegian garatzeko proposamen batera heldu da. Zertaz ari gara baina? Irakaslearen nekea, higadura profesional eta psikologikoa, desilusioa, pertsonaren abaildura.... erretzea deitzen den hori, ingelesez aspaldian burn out bataiatu zutena.

Jendaurrean lan egin behar dutenen gaitza ei da burn out hori: erizainak, gizarte-laguntzaileak., eta nola ez... irakasleak. Sintomak: akidura fisikoa, mentala, nekea, gogogabetzea, jarrera hotza, urruntzea eta isolatzea,  zinismoa, besteen gutxiespena, erruen banaketa indiskrimiatua, eta norberaren burua horrekin zuritu, defentsarako jarrera.

Gaitzaren deskribapen zehatza egin digu Idoiak: faseak, arrazoiak, teoriak, aldagaiak. Deskribapen argia, eta -esango nuke- ez zaigu kostatuko inguruan halako kasuren bat identifikatzea.

Ez, ez zait arrotza egin Idoiak kontatzen duena. Bere euskaltegian ere konturatu direla dirudi, eta lan-giroa zein langileen asetasun maila hobetzeko plana jarri dute abian. Irtenbideari begira, bereziki interesgarriak egin zaizkit aipamen hauek:

Horregatik, agerikoa izan arren, honako ideia azpimarratu nahi nuke: lan-giro egoki eta lasai batean lan egiten duen profesionalak formazio-maila altuagoa izaten du, lantaldeko kideekin ezagutzak trukatzen baititu, eta, horrela, aberasgarriagoa gertatzen da eguneroko Lana.

Eta beste neurri bi hauek:

  • Urraskako eta moduluz moduluko bilerak.
  • Lanean egiten diren bilera guztiek helburu zehatza izan beharko lukete. Honekin batera, hasiera- eta bukaera-ordua ere bai; bukatu gabe gelditzen denari hurrengo bilera batean emango baitzaio amaiera.

Edozelan ere bi gogoeta utzi dizkit artikuluak:

Lantokiko antolakuntza ez ezagutzea, lanaren nondik norakoak ez ulertzea izatean ei da arrazoietako bat. Gurera hurbiltzen diren lankide berriak etorri zaizkit gogora. Non sartu diren tamaina hartzeko informazioa, lan-giroa, komunikazioa aurkitzen dute? Zer eginak eta zelan eginak argi dituzte? Argitzen laguntzen diegu?

Beste kontu bat zeharka etorri zait gogora. Konpromiso, kontzientzia, militantzia edo dena delakoaren puntu handia duen lana ei da euskara irakaslearena, espektatiba handiak askotan, handiak bezain lausoak sarri, ilusio hori jarri da sarri jardunaren motore, baina jendaurrean lan egiteak, jendearekin, erraz zapuzten ditu ilusiook hori lurrera ekartzen eta arrazionalizatzen jakiten ez bada. Beharbada hor dago hainbeste erreduraren gakoa. Edo ez.

Edozelan ere, gomendatzeko moduko artikulua, eta, batez ere, hartaz pentsatzeko moduko gaia, arreta ematekoa.

Aupa Benito. Horrelako gaia

jolaus (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Otsaila 23 - 09:29-(e)an bidalia.

Aupa Benito.

Horrelako gaia planteatuta ezin geratuko naiz iruzkintxo bat idatzi gabe, ezta? ;)

Ez dut irakurri Idoiaren artikulua (ea ikastolan topatzen dudan) baina ipini dituzun aipuen arabera, uste dut badakidala zertaz doan kontua. Badirudi Idoiak kudeaketa mailan gauza asko ikusten dituela aldatu beharrekoak gauzak beste modu batera funtziona dezaten. Nik uste dut antolakuntza mailan gaizki egiten ditugun gauza askok badutela eragina erreta sentitze horretan. Denbora alferrik galtzearen sentsazioa, eraginkortasun falta, erabakiak eta ardurak norberak bere gain hartu ez baina ingurukoek egindakoa krtikatzea... Duela denboratxo bat nik ere pentsatzen nuen hori guztia kudeaketa mailan aldaketak bultzatuz lor zitezkeela.

Baina azkenaldi honetan kezkatuago nabil azkenaurreko paragrafoan diozunarekin. Aldaketak etorriko dira soilik behar horiek lurrera ekarri eta zuk perzibitzen duzun hori besteentzat ulerkorra bihurtzen bada, bestela akabo. Batzuk laino guztien gainetik bagabiltza, beste batzuk sasi guztien azpitik dabiltzanean, nekez etorriko dira idoiak botatzen dituen horiek.

Genis Rocari behin entzun nion Donostian "gestión del cambio"-ri buruz hitz egiten. Berak ez zituen kudeaketa mailako errezeta magikorik eman, berak, bestelako gauzak aipatu zituen, emozioetaz, sentimenduetaz, harremanetaz hitz egin zuen. Erraz esaten da baina zeinen konplikatua den; niri behintzat oso zaila egiten zait.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia