aldizkariak

07
Mai
2007

Bat 62: lehenengo zertzeladak

Helduen Euskalduntze-alfabetatzeari dedikatutako Bat 62ekin hasi naiz. Artikulu batzuk irakurri ditut, eta hona hemen boteprontoko batzuk:

  • Joseba Erkiziaren artikuluak harritu egin nau apur bat, terminologiaren sinpletasunagatik gehien bat. Kurrikulu gramatikala, kurrikulu komunikatiboa adibidez. HABEtik etorri ohi den hizkerarekin ez zait begitandu bat datorrenik. Beharbada ingurune "profano" baterako egokitzapena izan da. Ez zait txarto iruditu, ez, apur bat harrigarria beste barik.
  • Mertxe Mugikaren artikuluan azkenengo partea da interesgarriena nire ustez. Historia egin barik gaur egunekora zuzenean etorrita nahikoa izango zen. Azken zatian uste dut HEOKen paradigma aldaketaren parafrasia egin nahi izan duela kudeketara ekarrita. Ideia interesgarria baina apur bat lausotuta geratu dela uste dut. Hau gehiago garatu izanez gero...
  • Joxe Manuel Odriozolak azkenotan garatu duen identitatearen kontuari beste buelta bat eman diola begitandu zait. Artikulua interesgarria, pentsatzen jartzeko modukoa. Tonoa apur bat agonikoa iruditu zait hala ere.
  • Antton Iñurrategik datuak eman ditu gehien bat. Baina behingoagatik, ingurune "profano" baterako delakoan-edo, era grafiko eta erabilgarrian dauzkagu.
  • Artikuluen aukeraketan duplikazioa iruditu zaizkit neurri batean Nafarroa eta Iparraldeari buruzkoak. Bi alderditatik eman dira datu berdintsuak. Ez da kaltegarria berez, baina aberatsagoa izango zen datu berdinen gainean bakoitzak bere interpretazioa egitea, edo ondorio komunak bilatzea.
  • Titto Betbederrenean gauza interesgarria ikusi dut. Plangintza orokor baten barruan HEAren papera eta zer eginak zehazteko ahalegina. Hegoaldekooi zer ikasia eman digute Iparraldekoek, euskalgintza antolatzeko eraz gehien bat.
  • Josu Peralesek, ohi duen bezala, artikulu landua eta dokumentatua eskaini digu. HEAn ikerketa zertan ibili den eta zertan dabilen, baita HEAren azken hamarkadetako historiaz ere, dokumentu erreferentziala egin duela uste dut. Hala ere, inpresio gazi-geza geratu zait hura irakurrita. Ikerketa horiek eta aplikazioaren artean ez ote da zubirik falta oraindino? Ikerketak bai, baina elite moduko baten eskuetan dabilela begitandu zait, dibulgazio eta garapen praktikoaren faltan. Zer diozue zuek?
  • Inpresio orokor bat. Sektoretik kanpoko batek eskatuta baino ez gara kapaz hainbat gauza plazaratzeko? Gurean plazaratzeko kanal gutxi (Hizpide besterik ez, eta ez dugu asko erabiltzen), eta gaiak jorratzeko moduak gutxiago. Topaketak, jardunaldiak, eta, oro har, komunikazio gutxi sektorean.

Lehenengokoak baino ez dira izan, aipu interesgarri asko egon dira, komentatzeko modukoak. Aurrerantzean saiatuko naiz tiratzen. Artikulu batzuk ez ditut irakurri oraindik gainera (Arkaitz Zarragarena eta Oskar Zapatarena adibidez). Zer esan gehiago emango du seguruenik.

Eta zuek ere zeuenak bota nahi badituzue, hemen daukazue plazatxoa: komentarioen bidez, edo zeuen mezua bidalita, eta, jakina, bloga daukazuenok, hantxe.

Hauek guztiek idazteko hartu duten lanak ez badigu zer esana ematen, maaaaaalo!

01
Ots
2007

Berandu baina zorionak


Ikteroei eman dieten Argia Saria (Zorionaaaaak!) gora eta behera ibili gara blogosferan, eta Karrajuan ahaztuta eduki dugu Aizu! aldizkariari eman diotela merezimenduzko saria.

Zorionak ba Aizu! 25 urteengatik, sariagatik eta oraindik ekarri behar dituzuen guztiengatik.

Hona saria emateko Argiakoen argudioa:

Merezimenduzko ARGIA SARIA merezi duen komunikabide honetan mende laurdena daramate lanean, 1981eko abenduan Durangoko Liburu eta Disko Azokan beren aurkezpena egin zutenetik.

Euskarazko prentsa krisi betean zegoen garai hartan, aldizkari berri bat sortu eta biziarazteko oso argi eduki behar zen xedea: euskararen irakaskuntza bultzatzea eta euskara ikasten ari ziren helduei beren neurrira egindako komunikabide berri bat eskaintzea.

Une garratzak bat baino gehiago jasan behar izan dituzte urte guzti hauetan. Klase guztietako zailtasun eta oztopoak gainditu beharra ere bai. Baina beti lortu dute beren zerbitzu-lana burutzen jarraitzeko adorea, unerik neketsuenean ere ironia eta umorea ahaztu gabe, euskara ikasten ari diren pertsonen zerbitzuan.

04
Abe
2006

Asteburu soziala

Aurreko egunotan abisatu dugu, gure arloko ospakizunak zetozen asteburuan. Aizu-ren 25. urteurrena eta Euskararen Nazioarteko Egunaren barruan euskaldun berriei omenaldia Kursaalen. Ez dakit kasualitatea izan den, baina helduen euskalduntzearen ingurukoak izan dira ospakizun biak.

Kursaalen ez nintzen izan, Kalderapekon bai. Inoiz Aizu!-n zeozer idatzi ei dut eta gonbidatu egin zidaten (oraindino nabil zer idatzi nuen gogoratu guran, hau memoria nirea! Eskerrak uste baino memoria historiko hobea dabilela inguruan). Jai-omenaldi polita eta piroteknia bakoa izan zen ostiralekoa. Aurpegi ezagunak asko,  publikoak ere bai, giro ona. Une emotiboak eta "aspaldiko!" ugari. Adinaren batez bestekoa 40tik gorakoa esango nuke, logikoa horrelako urteurren baten, baina kezkatzeko puntutxo bat ere badauka nire ustez.

Lehenengo Aizukideetako batek 25 urte irautea ez zitzaiela burutik pasatu ere egin esan zuen. Eta bai, 25 urte pasatu dira Aizu! sortu zenetik, eta hor inguru ibiliko dira HABE aldizkaria eta HABE bera, eta Udal Euskaltegiak, eta beste euskaltegi asko, eta beharbada euskaltegiaren kontzeptua bera, eta lan egiteko era asko. Argi dago helduen euskalduntze-alfabetatzea gaur egun ezagutzen dugun modura 1980en hasierako urte haietan itxuratu zela. Eta 25 urte pasatu dira. Beharbada, beste mugarri baten gaude konturatu barik.

Hedabideak eta euskalduntzearen artean daude Aizu! bezalako proiektuak. Lehenengo arloan zer esanik ez itzelezko aldaketak ari direla gertatzen, eta bigarrenean ere ez dut uste datozenak txikiak izango direnik. Erronka bikoitza beraz hedabideen didaktikan edo didaktikaren hedabideetan dihardutenentzat, ze Aizu! eta HABE aldizkariak asmo didaktiko batekin sortutako hedabideak direnik ezin da ahaztu. Biek ala biek badaukate zer jorratua: IKTak, ikuspegi didaktiko berriak, web2.0, multimedia,... Gaur egun, nire ustez, euskararen praktika egin nahi duena testu idatziak eta mintzalagunak baino gehiago ere eskatzen hasi daiteke. Beste hizkuntzetan badira esperientzia berritzaileak: podcast-ak, bideoak, blogak, komunitate birtualak, ... Bai, saretik datoz berrikuntza gehienak, baina hemen praktikaren mundu horretan oraindino ez dugu esperimentu askorik egin.

29
Aza
2006

Aizu! 25 urte

Atzo esan eta gaur zabaldu da:

AIZU! aldizkariak 25 urte bete ditu

zokomiranAEKren aldizkariak ale berezia kaleratu du urteurrena ospatzeko

Aldizkaria sortu zuen taldeko partaide Esther Zarandonak gogoratu duenez, 1981eko Durangoko Azokan ikusi zuen argia AIZU!-ren 0 zenbakiak, Bilboko euskara irakasle eta ikasle batzuen ekimenez. Harrezkero euskara ikasleei euren ikas-prozesuan lagundu dien tresna izan da AIZU!, batez ere, 1983ko azaroan AEKrekin bat egin zuenetik.

Mertxe Mujika AEKren koordinatzaile nagusiaren esanetan, “gaur egun Euskal Herriko AEK-k sustatutako aldizkaria da, ikasleentzat egindako produktua, euskara errazean idatzitakoa eta irakasleentzat ere lagungarri gertatzen dena klaseak prestatzerakoan”.

Urteurrena dela-eta, ale berezia kaleratu du AIZU!-k, ohiko formatu eta edukiak alde batera utzi eta 25 urteotan aldizkariaren orrietan agertutakoari garrantzia emanda. Horrela, 25 zenbakia erreferentzia bihurtu da eta AIZU!-ren historian kaleratutako 25 elkarrizketa, 25 erreportaje, AEKri buruzko 25 albiste, eta abar hautatu dira ale hau osatzeko. Guztiak agertzen dira bere horretan, inolako aldaketarik gabe, euskarak 25 urteotan bai terminologian bai arauetan izan duen eboluzioaren isla.

Erakusketa eta jaia

Bestalde, Eñaut Mitxelena aldizkariaren koordinatzaileak azaldu duenez, urteurren honetan AIZU!-tik igarotako laguntzaileak eta irakurle nagusi diren euskara ikasleak izan ditu gogoan batik bat AEKren aldizkariak. Lehenei begira, jaia antolatu du Bilboko Kalderapeko Kulturgunean abenduaren 1erako, bertatik pasatutakoak bildu eta zoriontzeko asmoz.

Eta irakurle eta ikasleei dagokienez, berriz, ikasturte osoan zehar euskaltegiz euskaltegi mugituko den erakusketa ibiltaria prestatu du, 25 urteotan kaleratu diren beste hainbeste portadekin.

Erakusketa dagoeneko ikusgai dago Kalderapekon, eta beste kasu batzuetan ere AEKren euskaltegietatik at ikusi ahal izango da, Gasteizko Hala Bedi tabernan, esaterako. (AEKren webgunetik ostuta)

Ale berezia, jaia, erakusketa. Jaira gonbidatu naute, kronika soziala egin beharko da ba.

28
Aza
2006

HABE aldizkariak 25 urte: postal lehiaketa

HABE aldizkariak 25 urte bete ditu. Zorionak bada! Postal lehiaketa antolatu dute ospatzeko, hau egin behar duzue parte hartzeko:

HABE aldizkaria duela 25 urte jaio zen eta ordutik hona asko izan dira bertan argitaratu ditugun artikulu eta erreportajeak. Berri hau ospatzeko modukoa dela eta, zuen lankidetza eskertuko genuke HABE Aldizkariari mezu bat idatzi eta guri bidaliz. Esan gabe doa jasotako guztien artean hainbat opari banatzeko zozketa bat egingo dugula. Beraz, badakizu. Anima zaitez eta postala idatzi! (Ikasbil-etik hartuta)

Sasoi beretsuan jaio zen Aizu! aldizkaria ere ospakizuna prestatzen ei dabil. Laster izango dugu haren berri ere.

Sindikatu edukia