02
Aza
2007

Ukan rides again

Pixka bat es mucho kanpaina berria aurkeztu du asteon Eusko Jaurlaritzak. Ukan birusa hartu dute berriro ikur horretarako. Bitxoak ez gintuen asko konbentzitu aurrekoan baina ez gaitezen itsusiarekin itsutu eta irakur dezagun oraingo kanpainaren asmoa:

Baztarrikak azaldu du kanapaina euskara jakin arren erabiltzen "ausartzen" ez diren pertsonei zuzenduta dagoela. "Ezer ezarri gabe eta estutu gabe hitz egin behar dute, modu naturalean, horrela denok irabazten dugulako" eta, azken finean, kanpainaren leloak honakoa diolako:"Pixka bat es mucho".

Hemen (pdf. Hau mania!) dauzkazue kanpainaren xehetasunak.

AZK komunikazioa blogean egin digute kanpainaren lehenengo analisi bat.

Ukan birusarenak zeharo indiferente uzten nauen bezalaxe, esan beharra daukat Patxi Baztarrikak zuzentzen duen sailburuordetzaren azken kanpainak bete betean asmatzen duela, ene ustetan. ‘Pixkabatesmucho’ lelopean, bakoitzak bere neurrian, lotsa barik eta eta akatsak akats, euskara erabiltzeko gonbitea datorkigu.

Publizista hauen aldetik harrera ona eduki du kanpaina. Gurera etorrita lehenengo iritzi batzuk irakurri ditugu Santurtziko Udal Euskaltegiaren webgunean, zerbait berria behintzat etorri dela dirudi.

Kanpainaren asmoa euskara apur bat jakin eta errorearen beldurra, ohiturarik ez edo naturaltasun falta dela erabiltzera ausartzen ez dutenei sakadatxoa ematea dela ematen du. Ezagutzatik erabilerarako pausoa aipatzen da. Pauso horretan trabatzen direnak asko ezagutzen ditugu guk, ezta?

Neuk ere esango nuke kanpainak berak haize fresko apur bat dakarkigula, bideoak eta erabili duten umorea estimatzekoak dira, orain arteko kanpainen grazigabekeriaren aldean behintzat.

Asmoa eta ideia hartuta burutazio batzuk:

  • Azkenotan sano zabaldu den ideia dabil hor. Ikasturtearen hasiera ekitaldian Moreno Cabrerak halakoa aurkeztu zigun adibidez. Hizkuntza erabiltzeko beharra murritza bada ezagutza murritza nahikoa da erabiltzeko, beraz, hizkuntza-ikaslea ia hasieratik hasi daiteke erabiltzen, euskaldun "osoa" edo EGAduna izan arte itxaron gabe (eta bata edo bestea inoiz izateko helbururik gabe ere bai). Hala da nire ustez ere, baina horrek ez du kenduko euskara naturaltasunez, ohituraz eta abileziaz erabiliko diren komunikazio-sareen beharra.
  • Euskara ikasi eta erabiltzeari tentsioa kendu nahi zaio, naturaltasuna eman. Ondo. Nago hala ere, naturaltasuna ez dela epe bateko iraupena duten kanpainekin soilik lortuko. Naturaltasun hori egunean egunekoan lantzeko guneak, aukerak eta laguntza behar dira. Naturaltasuna denbora kontua da azken batean, eta gainera hiztun konpetente asko ere erabiltzeko naturaltasun horren faltan daudela susmatzen dut. Izan ere naturaltasuna egokitasuna, jarioa eta halakoetatik haragoko kontua da, euskara zerbait berezia edo ez ohikoa egiten ari garen sentsazioa barik erabiltzea adibidez.
  • Kolektibo handia dabil euskara ikasten eta gure egoeran euskaldun konpetenteek kolektibo horrenganako ardura eurenganatu behar dute duda barik. Ezin ditugu urrunetik ikusi, era "sinpatiko" hutsean. Geu gara haiek espero-behar dituzten hizkuntza transmisoreak neurri handi-handi batean. Baina horren aurretik, guk geuk ere egin behar dugu ahalegina euskara kontu sinpatiko-festiboetatik kontu serioetara eroateko. Hori bai, "patetikoak" izan barik, beti negarretan dabilenak ez du inor norberarengana erakartzen. Atxagaren diskurtso hartatik tiratuta, beharbada, sinpatiko edo patetiko barik, naturalak izatea da gakoa.
  • Bistan dago helduen euskalduntzearentzat ere mezua dela hau guztia. Erabiltzea ikastearekin bat etorriko bada, ikasprozesuaren diseinuan islada beharko genuke. Ez da ezer berria, ikuspegi komunikatiboak aspaldian predikatzen duen zerbait da, baina gure kasuan horri erabilera bera sustatzeko ahalegina gehitu behar zaio, eta ez ikasleari praktikatzeko erak emateko soilik, hiztunaren konpetentzia edozein dela ere, hizkuntzaren erabilera ugaltzen eta finkatzen duten komunikazio-sareak eraikitzen ere bai.
  • Kanpaina sinpatikoa berau duda barik, eta ez diot ironiaz. Baina aurretik dugun lana serio-serio eta luzea da. Espero dezagun Ukan besteko motza ez izatea sikieran.

Bai, baina ...

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Azaroa 5 - 14:36-(e)an bidalia.

Oro har, kanpaina ona da, mezu egokiak eta abar. Gauzatxo bat, baina: ondo dago, baina bideak ere eskaini ahal ziren mucho hori pixka bat bihurtzeko. Adibidez, mintzapraktika programak. Horien bidez, jende askok lotsa eta konplexuak galdu egiten ditu, laguntzarekin gainera. Kontzientziatu ondo dago, baina hizkuntza ohiturak aldatzeko sarritan ez da nahikoa. Tabakoa utzi nahi, baian ezin. Euskaraz berba egin gura, baina ezin.

NIRE USTEZ, KANPAINA ONARTEZINA DA

John McArron (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Azaroa 6 - 14:06-(e)an bidalia.

Sentitzen dut, Benito. Ez dut kanpaina honen aldeko mezu positibo bakar bat ere ez. Nola igor daiteke halako mezu sinplea? Alegia, erdaldunek (batere mesprezurik gabe, baina euskara ikasteko ahaleginik egin ez dutenek) erabiltzen dute "Pixka bat" erantzun hori geuk, pringatuok, "Euskaraz badakizu?" galdetzen dugun bakoitzean. Eta erantzun horren atzean egon ohi dena hutsaren hurrengoa izaten da gehienetan, beren burua zuritzeko esaldia baino ez da, "eskerrikasko", "kaiso", "agur", "bai" eta "es" esatea bezalaXE. Horixe bera: PIXKA BAT. Euskaltegian kanpainaren aurkezpenerako gonbidapena "tuneatu" dugu eta halaxe utzi dugu, DIN A-3 tamainan:

PIXKA BAT ES MUCHO.
(BAINA EZ DA NAHIKOA)

Kanpainak asmo ona izan dezake (nire zalantzak ditut, Jaurlaritxarena izaki), baina mezu hori ezin da helarazi, 2. urrats batera iristearekin nahikoa dela helarazten baitiogu euskara ikasten hasi denari.

Gaiari buelta pare bat emateko

Benito-(e)k 2007, Azaroa 6 - 17:42-(e)an bidalia.

Ikasten ari direnak, erabilera, pixka bat asko ala gutxi den.... kontu hauetaz hausnartzen jarraitzeko egunotan hedabideetan agertu diren hiru erreferentzia:

No es menos malo ese hábito, bastante común entre muchos hablantes de lenguas minorizadas y donde el vascohablante de lengua materna se lleva al menos una de las palmas de entre todas las lenguas minorizadas, esa maldita costumbre de hablarte o responderte en castellano en cuanto oyen que tu euskara es diferente, es decir, que no es el de la comarca o que, simplemente, demuestras ciertas dificultades en la expresión. Esto para cualquier lengua es catastrófico, tan catastrófico como haber bajado la guardia en la normalización lingüística, tanto los individuos como las instituciones.

Gaiak jokoa ematen du ba. Animoa! 

Gu al gara arduradun bakarrak?

John McArron (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Azaroa 7 - 17:46-(e)an bidalia.

Iepale! Benito, Benito... Zu ere euskararen egoera diglosikoa eta gutxitua euskal hiztunei leporatu nahian? Hori da behintzat artikulutik nabarmendu duzuna... Ene, ene... Oso esaldi polita zen hura, nola zen...? Hara: "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako, baizik." Bada, EZ NAGO ADOS. Bueno, neurri batean bai, baina ezin dugu gai horrekin geure burua zigortu behin eta berriro. Alegia, hizkuntza bat ez da galtzen lege babesa, babes ekonomikoa eta abar dituenean, baina horrez gain, hiztun batzuk ere behar ditu bere atzean. Esaldi horrekin bai, ados nago (ah, kontua da ni ez naizela poeta; beharbada esaldia findu beharko nuke, jaja...). Gure egoeran, euskarari babes ekonomikoa eta legala emateko egoeran dagoenak salbatu beharko luke euskara, usease, Jaurlaritxak (Gobierno de Navarrak edota Department des Pyrenees Atlantiquesekoak ez baitute egingo, of course!). Eta gu, hiztunok, Jaurlaritxari presioa egiteko elementuak baino ez gara, geuk bideratu behar dugu Jaurlaritxa euskara salbatzera, berak aspaldi erakutsi baitzuen hori ez dela lehentasuna (sosik ematen ez duenez...).
Ale puex, beste bat arte...

Iepale ba!

Benito-(e)k 2007, Azaroa 7 - 18:29-(e)an bidalia.

Mc:

Bai, aipua atera dut artikulutik, ez dakit horri "nabarmentzea" deitu ahal zaion hala ere.

Euskara ikastearekin lotutako pasartea da hain zuzen ere, polemikoa begitandu zait eta horregatik ipini dut hemen, aztertzeko, eta nahi izanez gero, egurra emateko, txalotzeko edo komentatzeko (zeuk egin duzun modura). 

Dena dela ez niri leporatzerik leporatu, ez baitut (oraingoz) inoren lepora ezer bota. Eta gainera ez dut uste kontua inoren lepoan karga gehiago ipinita konponduko denik. Ezta Jaurlaritxaren lepoan ere akaso.

Hori bai, hiztunok "hiztun" izango bagara, presioaz gain beste zerbait ere egin beharko dugu, ezta? Tongue out

Beste iritzi bat

Karrajua-(e)k 2007, Azaroa 11 - 02:38-(e)an bidalia.

Urtzi Urrutikoetxearen Plugin <em></em> Not Found gaurko Berrian

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia