04
Ots
2011

Masa eta etorkizuna

Mintzapraktika hitza ez da berria, euskara ikastearekin lotuta dago aspaldian gainera. Baserrira mingaina askatuko zuen edabe magikoaren bila joaten ziren aintzindari haiengandik gaur eguneko mintza-berba-lagun-kideengana tradizioa ezarri dela esan daiteke.

AEK-k eta Topaguneak duela urte batzuk tradizio horri zabalkundea ematea pentsatu zuten, eta hor ibili dira berriketak eta berriketariak ugaltzen, gero eta leku gehiagotan eta gero eta jende gehiagok euskarazko hitzordua agendan.

Inbertsioa egin da horrela izan dadin, eta inbertsio horrek zer eman duen jakin beharra egon da. Euskara ikasteko baliagarria izan da? Euskara gehiago egin dadin balio izan du? Pozik egon da jendea?

Eusko Jaurlaritzaren eskutik Aztiker enpresak egin du horren peskiza, eta gaur aurkeztu digute Mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtzen ikerketa.

Hor egon dira Aztikerrekoak beraz, haien aurrean AEK eta Topaguneko ordezkariak eta HABEren zuzendaria EJren Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzaren izenean.

Eta emaitzak? Hemen duzue laburpena eta hemen txosten nagusia, ez dut dena kontatuko (apuntatzeko boligrafo barik eta memoria slot-ak beteta joan naiz).

Labur, antolatzaileak pozarren egoteko modukoak duda barik. Etengabeko hazkundea azken urteotan, hedapen geografiko zabal-zabala, asebetetze handia partaideen aldetik, eta euskara hobetu eta gehiago erabiltzen dutela hauteman dute partaide gehienek. Asmoak betetzen diren seinale nonbait. Hala laburtu dute ondorioetan Aztikerreko kideek: partaidetzak izan duen hazkundea ikusita masa-fenomeno baten aurrean gaudela esan daiteke, bistan dago jende askoren behar izanak asetzen dituen ekimena dela eta hor dagoela nonbait arrakasta sozial horren giltzarria. Horixe izan daiteke berba: arrakasta.

Pello Jauregi adituak egin du irakurketa amaieran, triunfalismoa apur bat epeltzen eta gaia kokatzen saiatu da. Honako proiektuek erabilra zabaldu dutela ezin uka daiteke, jendearen asebetetzea ere aipagarria da, baina hala ere norberaren bizimoduaren muinean ez dute sartu euskara: familian, lagunartean edo lanean adibidez. Norberaren bizitzaren atal bat betetzen dute, gustura dabil jendea, baina tarte marginala da hori nolabait. Erabilera sustatzeko botoi magikoa aurkitu duela uste duena oker dago. Dena den, mintzataldeen teknika beste arlo horietara zabaltzea apuntatu du jorratzeko ideia bezala.

Ados horretan, mintzapraktika ez da euskararen erabilera orokortuko duen soluzio definitiboa, ez dut uste hori inori bururatu zaionik ere,  baina zer ikasi batzuk eman dituela esango nuke. Beharbada euskararen normalizazioaren bidean jendearen behar izanak hartu beharko dira kontuan, behar izanak, espektatibak eta asebetetzea, poztasun apur bat eman, alegia. Euskara erabiltzea bada xede nahiz ikastea bada, eta kasu honetan biak batu dira. Kontzientziak flagelatzen edo azterketa latzak ikusmiran jarrita nekezagoa izan daiteke hizkuntza erabiltzeko gaitasuna lortzea eta hura praktikan jartzea.

Eta bistan da mintzapratikak sano laguntzen duela euskararen erabilera hedatzen, eta euskara ikasten ere bai. Bai, baina ez batean ez bestean ez da baten batek espero dezakeen botoi magikoa. Ikaskuntzaren bidean osagai garrantzitsua bihur daiteke, martxa honetan masiboa ere bai. Aintzat hartu behar diren aukeretako bat.

Ikaskuntzaz ari garela, HABEko zuzendariaren hitz batzuek eman digute arreta askori. "Mintzapraktika euskararen ikaskuntzaren etorkizuna den autoikaskuntzak behar duen osagaia da" edo horrelako zerbait entzun dugu.

Ez dakit nondik datorren ondorio hori, ez da azalpenik eman. Euskararen ikaskuntzaren etorkizuna autoikaskuntzari aitortzea, erabileraren etorkizuna mintzapraktikari aitortzearen bestekoa iruditu zait boteprontoan. Ustezko botoi magikoa, azalpen edo zehaztapen gehiagorik ematen ez den bitartean behintzat.

Askok uste dugu seguruenik euskara ikasteko erak, formatuak eta bideak aldatuko direla aurrerantzean, baina etorkizuna botoi bakarrean jartzen ez nintzateke ausartuko.

Euskara ikastearen etorkizuna euskararen erabileraren pentsuan dagoela esango nuke gehienez.

Lotura: Mintzapraktika egitasmoak, masa-fenomeno berria? (Praktikatu)

 

Bidean

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Otsaila 6 - 20:42-(e)an bidalia.

Poztekoa da, bai, mintzapraktika egitasmoa arrakastatsua izatea. Zalantzarik ez daukat esparru garrantzitsu bat betetzen duela. Ezagutzaren eta ohiko erabileraren arteko bidean zubi lana egiten duela.

Zubia dela aipatu dut. Alabaina, beronen beharrak zenbait aje ematen ditu aditzera. Iruditzen zait sarritan ikaskuntza eta erabilera esparru autonomo gisa planteatzen direla, autonomoegi nire usterako. Ikaskuntza balizko egoera komunikatiboen imitazioan (nahiz eta ‘material erreala’ edo ‘ataza’ deitu) gehiegi oinarritzeak eta, euskaltegitik bertatik, euskaldun komunikatearekin eta erabilerarekin behar beste ez txertatzeak gabeziak sortzen ditu. Gabeziok betetzera dator, besteak beste, mintzapraktika egitasmoa. Arrakastatsua ez ezik, ezinbestekoa ere bai, beraz, gaur gaurkoz. Kontua da zenbateraino den egitasmo hau probaleku eta zenbateraino plaza (bietatik baitu zertxobait). Egia da ezin eska dakiokeela norberaren bizimoduaren muinean euskara sartzea (Benitok dioen moduan, ez da botoi magikoa), egia da apenas heltzen dela gazteengana eta motibazio aldetik nahiko soslai zehatzekoak direla bidelariak baina beharrazkoa delako seinalea da egitasmoaren arrakasta.

HABEren zuzendariaren hitzek, bestalde, testuingurua eta adierazpen zabalagoa beharko lukete. Pentsatu nahi dut zertxobait irakatsi digula autoikaskuntza deiturikoan (ez dakit zergatik erabiltzen dugun hitz hau b-learning edo e-learningaren sinonimo gisa) eginiko ibilbideak. Planteamendu teknozentrista sinplistegiak gaindituta daudela. Dagoeneko badakigula internet garaiko ikaskuntza-modurik egokiena ez dela programa informatiko bat diseinatzea eta beronen gabeziak mintzapraktikaren bidez betetzea. Pentsatu nahi dut HABEren zuzendariaren hitzok haratago doazela, autoikaskuntza deituriko sistemaren formulazio berri baterantz goazela, bidean garela. Hala bedi!

Autoikaskuntza

Benito-(e)k 2011, Otsaila 6 - 22:28-(e)an bidalia.

Ez dakit neuk ere HABEko zuzendariaren hitzen nondik norakorik. Ekitaldian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ordezkari gisa egon ei zen, ez HABEren ordezkari gisa soilik, beraz, hizkuntza politikarekin lotuta egon daiteke kontua.

PSEren hauteskunde egitarauan euskararen ikaskuntza Internet eta EITBren bidez sustatzeko asmoa agertu zen. Autoikaskuntza nola ulertzen duten ez dakit, Internetekin lotuta igual. Espero dut ikuspegi ekonomizistatik ulertu ez izana behintzat.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia