22
Urr
2007

Hizpide 65


hizpide65

Mahai gainean agertu zait udazkenean onddoak bezala. Hizpide 65. Artikulu gutxi oraingoan eta denetik apur bat:

  • Joseba Ezeizak Ikasle hasiberriei irakasteko materialak artikulu sortaren hirugarrena eta azkena. Sorpresa atsegina izan dira aurreko biak. Errematea besteen neurrikoa bada, ederto.
  • Moodle-ekin datorkigu M. Jose Lasheras. Moodle plataformaren erabilera didaktikoa irakasleen prestakuntzarako: orain arteko eskarmentua. Eskarmentua gurean luze-luzea ez da, horregatik bada ondorioak albait arinen ateraz gero, hobeto.
  • Udan ikastaroa ematen eduki genuen La Lagunako unibertsitateko Jose Luis Vera Batista. Ikastaroa eman eta artikulua ere utzi digu: Euskara-ikasgai bat nola planifikatu euskra H2 denean: iruzkinak eta iradokizunak.
  • Krashen aipatu genuen lehengoan tontamentean. Orain Hizpiden, ohiturari jarraituta, han munduan argitaratutako artikulu baten itzulpena dakarte. Garon Wheeler irakasleak Kanadako TESL erakundearen aldizkarian argitaratu zuen Krashen, a Victim of History artikuluaren itzulpena dakarkigute: Krashen, historiaren biktima. Morboa behintzat bai. Zer egin diote Krasheni ba?

Horraino oraingoaren edukiak. Datozen egunotan, badakizue... jarraituko du.

Artistak eta zientifikoak

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urria 23 - 13:26-(e)an bidalia.

Krashen, historiaren biktima artikulua irakurri ondoren, hausnarketatxo bat egitea komeni zaigula uste dut.

Artikuluaren muinera jota, argi dago historian zehar bi joera nagusi izan direla hizkuntza ikaskuntzari dagokionean: artistak eta zientifikoak, alegia.

Artistak intuizioan oinarrituta zera esango du... “hizkuntza batean ikastea... ez da syllabus mailakatuei jarraituz, urratsez urrats, antola daitekeen prozesu naturala. Prozesu intuitiboa da, eta horretarako gizakiek badute gaitasun natural bat, baldintza egokiak izanez gero susper daitekeena.” (Howatt 1984), hots, esperientziak esaten diguna ez diezagula zientziak ezabatu.

Zientifikoak, berriz, ikerketa enpirikoetan oinarritutako syllabus mailakatuak eta neur daitezkeen sistemak bultzatuko ditu.

Historiaren bilakaerak arlo gehienetan zientzia intuizioaren gainetik jarri du, baina gurea bezalako arlo batean non ezagutza enpirikoa hain urria den (ezin dugu oraindik zehazki jakin buruan zer gertatzen den) artistak zientifikoak bezainbesteko papera jokatu du. Honela sortu da zenbait dibortzio, funtsezkoena teoria enpirikoaren (behar beste garatu gabea eta irakasleen espektatibak guztiz asetzen ez dituena) eta praktikaren artekoa (intuizioan oinarritutakoa, Gregg-ek dioen moduan hizkuntza irakasle onak izateko asko jakitea eskatzen ez duena).

Berriro ere banderak, trintxerak eta zauriak (Krashen bera ere hil nahi omen dute). Badakizue ni ez naizela dikotomia zalea: poesia irakurtzen duten zientzialariak eta zientziaz arduratzen diren poetak ditut maite. Hortaz, zergatik ez aldi berean bi bideak jorratu: batetik syllabus egoki batean oinarritutako ikaskuntza formala eta, bestetik, komunikazio-jario aberatsean oinarritutako ikaskuntza informala? Biak ala biak zein baino zein garrantzitsuago. Biak ala biak elkarren osagarri.

Krash!

Benito-(e)k 2007, Urria 24 - 12:17-(e)an bidalia.

Krashenen hipotesien kritikez zerbait irakurrita egon naiz, baina ez dut pentsatu izan kontua hainbesterainokoa izan denik. Wheelerrek dio 80ak izan zirela Krashenen garaia, eta 90etan gertatu zela "anti-iraultza". Ez dakit Ameriketan hala izan zen ala ez, baina hemen behintzat XXI mendea ondo sartu arte ibili dira Krashenen aldarriak.

Wheeler-ek Krashenen arrakasta edo — berak dioen modura — "erresilientzia" azaltzeko ematen duen arrazoi batekin geratu naiz:

...nahiz eta hizkuntzalari aplikatuek datuak eta zientzia nahi dituzten, irakasleek gauzak garbi eta erabilgarri izatea nahi dute.

Krashen zientifikoa, Krashen artista, ez dakit bietako zein den edo zein izan behar dugun, baina Krashen dirudienez zerbait izan bazen komunikatzaile ona izan zen. Haren teoriak ulertarazten jakin zuen. Eta horixe izaten da askotan zientifiko nahiz artista askoren arazoa, euren teoriak, lanak edo obrak ulertzeko demaseko ahalegina eskatzen diotela erabili behar dituenari. Eta erabiltzaile hori askotan ez da ez zientifiko ez artista, porlana non-zelan ipini asmatu behar duen operarioa baino.

Krashenen hipotesien baliagarritasuna dela eta, galdera bat. Hipotesi horiek konprobatzeko inoiz egin da ikerketa praktikorik? Hau da, adibidez, input+1 hori aplikatuta eta aplikatu gabe lortu diren emaitzen azterketarik edo halakorik.

Artistak eta zientifikoak (II)

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urria 23 - 22:34-(e)an bidalia.

Joseba Ezeizak "Ikasle hasiberriei euskara irakasteko materialak (eta III): prozedura metodologikoak" artikulu benetan bikainean, gai beraren beste ikuspuntu bat eskaintzen digun HEOKeko pasarte bat aipatzen digu. Hona:

Irakaslana zientzia eta artearen konbinazioa da: "zientziak lagundu egiten digu informaturik egoten, irakaskuntza eta hizkuntza ulertzen laguntzen baitigu; baina irakaslanaren alderdi artistikoa da informazio zientifikoa era berezian interpretatu eta aplikatzea eskatzen diguna, dauden aukerabide metodologikoen artetik egoera jakin baterako aukeraketa eginez" (HEOK, 82)

Finean, horixe, artista batzuk garela!

Zu bai artista!

Benito-(e)k 2007, Urria 23 - 23:00-(e)an bidalia.

Hori da hori irakurri eta iruzkina botatzeko artea!

Kaixo Benito eta kaixo

Aitor Etxebarria (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urria 25 - 10:26-(e)an bidalia.

Kaixo Benito eta kaixo "plisti-plasta":
Lehenik eta behin esker bereziak zuri, Benito, blog hau horren ondo kudeatzagatik. Bestetik zuri, plisti-plasta,e ekarpenengatik. Idatzi, gutxi idazten dut, momentuz asti handirik ez dudalako, baina irakurri, irakurtzen zaituztet/dizuet, interesgarria baitira zuen berri eta gogoetak. Ez pentsa, beraz, desertuan ari zaretela predikatzen.
Eta, hori bai, astia izan bezain pronto, hor izango dituzue nire gogoetak, xumeak badira ere.

Animoa bada!

Benito-(e)k 2007, Urria 25 - 13:57-(e)an bidalia.

Ez horregatik Aitor, norberak gustura jarduten du hemen, eta hemengo kontuak baliagarriak bazaizkizue (sikieran bururari eragiteko), pozarren. Badakit gainera hau ez dela desertua. Wink

Plistiri neuk ere eman behar dizkiot eskerrak (lehengo urtean faltan bota genuen ba!) kolaborazioagatik eta guztiokin konpartitzen duenagatik. A ze artista!Surprised

Bestela, Aitorren mezuaren haritik tiratuta, irakurtzen duzuenoi, gogoratu Karrajua gune irekia dela, beraz, buruan darabiltzazuen gogoetak, zuen inguruan daudeen albisteak, ikasleek eman dizkizuten disgustuak eta pozak (azken hauek hobeto), okurritu zaizuen azkenego ideia edo harrikada... eta gauza horiek guztiak nork bere artean darabiltzanak eta norbaiti kontatuta gusturago geratzen zarenak hemen daukazuela botatzeko kantxa:

Gainera, gauzak zuek kontatuz gero, norbera alfertasunaren artea gehiago gozatzera dedikatu daiteke... Cool

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia