08
Urt
2007

Berton

Bertoko (gure auzoko) kontu pare bat Berton aldizkariak ekarrita. Berton herri-aldizkaria edo orain esaten den modura tokiko hedabidea dugu. Duela 9 urte bertoko euskaltzale batzuek sortu genuen eta bere ibilbidetxoa egin du hilean-hilean inguruko gauzak ekartzen.

Bertoko diogunean azalpena eman behar izaten dugu sarri, Bilboko auzo batzuetako aldizkaria da, antxinako Begoña errepublika osatzen zutenak (Begoña, Santutxu, Uribarri, Otxarkoaga,...).

Tira ba, lehengo astean 94. zenbakia irten zen eta gure mundu honekin lotutako artikulu pare bat topatu ditut.

Euskara ikasteko ez dago adinik

Bateko, Santutxun euskara ikasten dabiltzan adinekoen talde baten gaineko erreportajea egin dute. Interesarekin irakurri dut. Lanean azkenotan inoiz komentatu dugu euskara ikasteko interesa agertzen hasi dela adineko jendearen artean. Gainez egin barik ere, taldeak sortu dira han eta hemen. Eta jeneralean horietan dabiltzan irakasleak pozik ibiltzen dira. Jarrera ona, erritmo lasaia, ikasleek presio gutxi eta giro ona aipatzen da. Adineko jendeak berak eskatuta eratu dira taldeak sarritan.

Erreportajetik azken hau gustatu zait gehien bat:

Euren burua ikasturte honen bukaeran imajinatu ezkero denen itxaropenak antzekoak dira “orain baino gehiago ulertu eta zerbait hitz egitera animatzea” eta hori arinago lortzeko Bienvenidok eskaintza bat luzatzen die euskara ikasten dauden aitite-amamen iloba guztiei: “Gurekin euskaraz egin dezatela, guk ordainean paga igoko diegula, kar, kar, kar.” Eta, batek daki, horrela ere, agian uste baino lehenago, Balbinak Busturiko bere lagunekin kartetan euskaraz egingo du, eta José bere herria den Herrera de Pisuergan, berak esan bezala, klasetxoren bat emateko gai izango da, eta Felisa, Gotzone, Argia, Bienve eta gainontzekoak klasetik irten eta ilobekin euskaraz komunikatzeko gai izango dira.

Neska-mutikoak, badakizue, aitita-amamekin euskaraz, ezpabere paga barik. Beharbada HHEEkin erresuminduta dabiltzan irakasle askori honelako talde batekin terapiatxoa egitea ondo etorriko litzaieke.

Peskizaren jarraipena

Duela aste batzuk Bertonen berton agertu zen beste artikulu bat dela eta, euzkeldunbarriaren peskizan hasi nintzen, terminoa non-noiz hasi zen erabiltzen, eta gehien bat helduen euskalduntzearen fenomenoaren gainean jakinmina asetu guran.

Oraingoan, bigarren orrialdean 1915ean Santutxuko Karmelo elizan egindako argazkia paratu dute. Juventud Vascaren ospakizun batena. Eta testuan informazio interesgarria topatu dut:

Sortu eta urte gitxitara, Bilboko Juventud Vasca (EAJko gaztediak, gaur egungo EGIren aurrekoak) euskara eskolak emoten hasi zan. 1915ean ikasle moltzo handia batu eben Karmelon Alfredo Etxaberen ‘Matilde’ antzezlanean parte hartzeko...

Beraz, 1915erako euskara eskolak nahiko errotuta zeuden Bilbon. Egia da argazkian agertzen zirenak umeak direla gehien bat, baina euskalduntzearen bidea abiatuta zegoen seinalea. Helduekin ere bazebiltzan? Iturri bat eman digute artikuluan, Juventud y nacionalismo vasco liburua, hortik tiratu daiteke beharbada. Momentuz, euskalduntzea abertzaletasunaren suspertzearekin batera hasi zela dirudi. Hortxe hasiko zen taiutzen 1930 inguruan lehenengo agerraldi literarioak dituen "euskaldun berri" hitzak seguruenik.

Kontu sinbolikoa amaitzeko. XX mendearen hasierako urteetan, antza denez, Karmelo eliza bazen euskaltzaletasunaren erreferentea Bilbon. Berton ikastola, gau-eskola eta euskaltegia ezagutu dugu askok gerora. Euskal Herrian horrelako lekuak gehiago dira, euskararen "tenpluak" edo. Gurean horretarako galduta daukagu.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia