04
Abe
2006

Euzkeldunbarriaren peskizan

Lehengo ostiralean euskaldun berri terminoari buruzko galdera bota nuen Kursaal-eko omenaldiaren harira. Terminoa noiz-nork-nola sortu zuen argitzea zen asmoa. Berton eta Galdetu.com-en ere bota nuen galdera. Eta egia esanda, ez da erantzun argirik egon zalantza hartaz, beraz, berdin-berdin jarraitzen dut.

Neure aldetik hasi naiz zerbaiten bila, Euskaltzaindiaren corpusera jo dut, eta han bilatuta, "euskaldun berri" esakunea 1969tik aurrerako testuan baino ez dagoela jasota dirudi (bilatzailea ondo erabili ez izana ere baliteke). Lauaxetak botatako "euzkeldunbarri" hori ere sartu dut baina ez dago corpus-ean antza.

Ez dut astirik eta gogorik eduki liburutegietan edo datu-base dokumental handiagoetan bilatzeko. Ea datozen egunotan norbaitek argibideren bat ematen digun.

Bestalde, galdetu.com-en agertu diren erantzunak direla eta, galiziarren topikoa gogoratu dut, galdera bati beti beste batekin erantzuten diotena. Euskaldunok, berriz, galdera bati eztabaida sortuz erantzuten ote diogu?

Saiotxo bat egin dut

Ricardo Gómez (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Abendua 4 - 23:51-(e)an bidalia.

Saiotxo bat egin dut Klasikoen Gordailuko corpus arakatzailearekin eta aurkitu dudan zaharrena Sabino Aranaren hau da:

Esanik geratu da, euskaldun barri zala. Umetatik ez ekian euskera, bere izkuntza zalako noski, ikasi egin eban. Eunka dira gaur euskera ikasi nairik saiatzen diranak, baita beingoan ikasten ez ba'dabe, zailla dala-ta, ikasteari agur egin daroenak. Arek ez, arek ondo menderatu eban, eta luzaro bizi izan balitz, obeto menderatuko eban oraindik.

Bidenabar, honek esan nahi du Sarasolak bere hiztegian ematen duen lehen agerraldia (~1930) urte batzuk gutxienez atzeratu behar dela, Arana-Goiriren testua 1895ekoa delako. Ez dut Orotariko Euskal Hiztegia eskura eta, beraz, ez dakit honezkero han data zuzenagoa agertzen ote den.

Gordailuan testu horren bila

Benito-(e)k 2006, Abendua 5 - 03:19-(e)an bidalia.

Gordailuan testu horren bila ibili naiz, baita topatu ere, eta ematen duen informazioaren arabera, txarto ulertu ez badut, badirudi Aita Onaindiarena dela testua (Sabino Aranari buruzkoa, hori bai, baina Onaindiak idatzia, ez aipua), eta behean hau agertzen da: Bizkaitarra aldizkarian, III urtea, 1985'ko opaillaren 31'an. 

Dena dela zure pistari jarraituta, Gordailuan bila hasi eta gauza interesgarriak aurkitu ditut. Lizardiren 1930eko agerraldi bat adibidez, beste esangura bat daukala ematen du hala ere.

Zuek zaitutegu asegarri, zuek atseden, zuek akullu, zuek artizar eta eguzki. Ta zuek zaitutegu (auxe ez aaztu beñere) zuek zaitutegu gere aurren ama ala amagai. Zuen eskuek taiutu ta azi bezelakoxeak izango dira biar gure aurrak... izango dira biar Euskaldun berriak.

1929ko beste hau ere topatu dut, Pablo Fermin Irigarairena. Euskaldun berria izatea meritu modura agertzen du argiro:

Eldu den Jondoni Frantses Xabier eguneko eliz jaian, Diputazioneak predikaria berexi du, eta da Zarranz Pedro jauna euskaldun berria, apeztuez geroz euskaldundurik, eta ez da euskaldundu, euskaraz itz egiten den erri zenbaitean egon […] untan bertan: ori bai dela euskararen aldezko egiazko maitetasuna!

Neuk ere Orotarikoaren pistari jarraituko diot. Eta Bertoneko artikulua idatzi duenari ere galdetuko diot. Lauaxetaren aipuaren arabera badirudi ordurako (1936) nahikoa lexikalizatuta zegoela terminoa. Ez dakit esanguratsua ote den baina orduko esangura-ñabardura eta gaurkoak ez dirudi urrun daudenik: helduaroan bere borondatez euskara ikasi duena. Ñabarduraren aldetik, Lauaxetarenean gaur egun ere topatzen den zerbait ikusten dela uste dut: Euskaldun berria izatea gauza handia da, baina izan arren ez ematea handiagoa oraindino edo holako zeozer.

Ea zerbait gehiago argitzen dugun.

Mila esker laguntzagatik, Rikardo. 

Orotarikoan

Benito-(e)k 2006, Abendua 5 - 13:28-(e)an bidalia.

Orotarikoan ere ez dut pista handirik aurkitu, dena dela haren pistari jarraituta testu interesgarriak topatu ditut. Hor agertzen den erreferentziarik zaharrena Manezaundiren testu honetatik (rtf) aterata dago. 1934koa, eta idazle euskaldun berrien idazkeraz kexu-edo dirudi:

Gogorat yiten zait, oraiko idazleak, gutiz gehienak eskualdun berriak, nola ari diren hitz bihurtu eta herrebesez (beren adimendutik atheraiak), eskuara emokatzen, kotsatzen eta ilhuntzen, gure eskualdun hutsek ezin ulhertzeko heineraino...

Tema zeukan honekin, beste artikulu batzuetan ikusten denez:

Ba... bainan Iruñarrak gipuzkoarra ikhasten, eta nahiz, goitiago erraten dugun bezala, erdia ere ez dugun ulertzen, zonbait aldiz, hitzak banazka yakinak izanik ere, asmatzen dugu zer debru erran nahi izan othe duen eskualdun berriak. Bizpahiru aldiz irakurtzen dut, eta ezin argirik athera, edo biziki nekez.

Idazle euskaldun berriekin polemika ere izan zuela dirudi:

Ez nakien bathere eskualdun berri mulxo bat bazela gordetua, barrandan bere zokotik, ahierkundez betheak, harrigarriko neurriraino gaizkorrak, akhulu zizta baten gutizian.

Jean Elizalderen beste hau aurkitu dut. Bestelako adiera baten dudarik gabe, baina deigarria behintzat bada:

Ordu da beraz gure lotik, lo galgarritik, atzar gaiten Eskualdunak! Ordu, hortzez eta haginez guziak loth gakion lanari, kanpotarrak eta kanpotarrek beren molderat egin Eskualdun berri batzu Aberriaz arras nausitzerat ez uzteko! Ordu, norbeitek xede hortan zerbeit hasten badu, ez eskua, bainan eskuak berehala eman detzogun!

Tira ba, atzo Rikardok esan zigunez, euskaldun berri terminoaren lehenengo agerraldi literarioak 1930en bueltan daudela ematen du. Izan ere, 1929koa da topatu dudan zaharrena, Irigarairena.

Edozelan ere, data zehaztearekin batera terminoa nola sortu zen argitzeko jakinmina ere izan dut. Hau da, euskara helduaroan ikasi dutenei deitzeko "euskaldun berri" berez era natural baten sortutako terminoa da, ala norbaitek apropos eta konszienteki une baten proposatutakoa (neologismoen modura adibidez)?

Hanka-sartze galanta

Ricardo Gómez (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Abendua 5 - 14:48-(e)an bidalia.

Arrazoi osoa duzu, Benito. Santi Onaindiaren testua da. Corpus arakatzailean aurkitutako emaitzan klik eginez lortu nuen eta ez nuen goiko iturrian behar bezala erreparatu. Banengoen ba euskara "normalegia" zela Arana-Goirirena izateko...

Aipatzen dituzun Lizardiren eta Irigarairenak ere ikusi nituen, baina "Pseudoaranarena" ustez zaharrena zelakoan, horixe bakarrik eman nuen.

Pozten naiz gutxienez nire hanka-sartzeak bilaketa nondik nora egiteko laguntza pixkat eman bazizun.

Trankil ba! Estimatuta dago

Benito-(e)k 2006, Abendua 5 - 18:31-(e)an bidalia.

Trankil ba! Estimatuta dago eta gainera, esan duzun bezala, gauza interesgarriak topatzeko bidea eman didazu. Momentuz zaharrena Irigarairena, hark asmatu ote zuen? Ez dut uste, pseudoarana horrekin hanka sartuta ere, terminoaren jatorria susmatzen dut ez dela hortik urrun ibiliko.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia