22
Urt
2012

Nola egiten ditudan zuzenketak

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 22 - 15:00

Lehengo batean, ‘fresh learning’ izeneko artikuluan nioen ebaluazio-mota guztiak direla baliagarriak baina autoebaluazioa dela autoikaskuntzaren modurik berezkoena. Hurrengo pasartean autoikaskuntzak erreferentzia eta gaitasuna dituela beharrezko esaten nuen. Praktikara jaitsita, nahiz eta nirea oso eredugarria izan ez, erroreen zuzenketa (ebaluazioaren atal bat soilik) nola egiten dudan adieraziko dizuet.

1.Bogako idazlanen zuzenketa.

Tomasek uste du bizimodu hori oso gogorra dela eta Julenek erantzun dio horrela jarraitzen badutela badute, oso txarto pasako dute dutela...

Okerra ezabatzearena eta forma zuzena ematearena da autozuzenketatik urrunen dagoen modua baina kontuan izan behar da ikasleak zuzenketa-masa altua izaten duela astean eta lan kognitibo arina eskatzen dion zuzenketa ere izan behar duela.

2.Tutoretzarako idazlanen zuzenketa.

Tutoretza baino bi edo hiru egun lehenago bidaltzen didate idazlana postaz eta hona zuzenketa:

Atzo goizean bi ordu egon nintzen telebista aurrean. Neka-neka eginda nengoen eta ez nuen burua gauza konplikatuetarako. Zigarroa piztu eta izugarrizko irudi nazkagarriak dauden telesail horietako bat ikusiz egon nintzen.

Urdinez daudenak zuzendu beharrekoak dira. Horiz daudenak biziki egokiak direnak, eta azpimarratutakoak beste modu batean formulatu beharrekoak; egia esan, azpimarratu ordez, Wordeko oharrak erabiltzen ditut honetarako eta testuari buruzko ohar orokorragoak egiteko.

Honezkero, konturatuko zineten  lehenengo eta bigarren zuzentzeko moduaren artean badela alderik. Batetik, ikasleari berari eskatzen zaio zuzentzea edo birformulatzea eta bestetik, errefortzua eskaintzen zaio alderdi onak ere nabarmenduz. Baina oraindik ere urratsak eman behar dira autonomiaranzko bidean. Bigarren zuzenketa modu honek monitorizazio lana tutorearen / irakaslearen esku uzten baitu.

3.Tutoretzako mintzamen-saioen zuzenketa

Tutoretza guztietan mintzamen-saio labur bat (5-10’) grabatzen dugu eta ikasleari ematen zaio grabazioa etxean zuzen dezan. Hurrengo tutoretzan irakaslearekin batera entzuten du grabazioa eta zuzenketa proposamenak egiten ditu ikasleak (betiere esaldi literaletan oinarritutakoak). Tutoreak ikaslearen zuzenketa osatzen du.

Zuzenketa-mota honetan ikasleek hartzen dute beren gain monitorizazioaren pisu osoa eta oso modu desberdinean ekiten diote lan horri. Batzuek entzun ahala hartutako apunteak ekartzen dituzte. Beste batzuek transkripzio osoak egiten dituzte… Kontu honetan garrantzitsua da zehatz aritzea, ez du balio adibidez ‘konpletiboak ahaztu ditut’ esateak, esaldi literalekin jokatu beharra dago, monitorizazioa egokia izan dadin.

Oro har, hiru zuzenketa-mota hauek konbinatuz lantzen ditugu erroreak, alor honetako autoebaluaziorako bide egiten dugulakoan, lan-karga kognitiboa orekatuz, erreferentzia eskainiz eta gaitasuna eraikiz.  Zuzenketaren alorrean, urteetako esperientziak esaten digu tutoreak esandakoak baino pisu askoz handiagoa duela ikasleak berak aurkitutakoak.

Baina hau guztia ez da ebaluazioaren zati bat baino, honekin batera eta are gehiago autoebaluazioaz ari garela beste ebaluazio tresna batzuk baliatu beharra dago, besteak beste portfolioa,  bakarra aipatze aldera, autoebaluazioan duen garrantziagatik. Baina nahikoa pazientzia izan duzue gaurkoz eta beste batean arituko gara horretaz.

Argazkia: Red ink. [phil h]. Lizentzia.

Etiketak: autoikaskuntza | didaktika | idatzi | mintzatu | zuzendu | zuzenketa |
Bidalitako artikuluak

Niri Bogaren bitartez heltzen

Josu Lezameta-(e)k 2012, Urtarrila 23 - 14:43-(e)an bidalia.

Niri Bogaren bitartez heltzen zaizkit idazlanak eta hor goian aipatu den bezala, neuk ere zuzenketa urdin argi horrekin berarekin nabarmentzen ditut. Akatsa esaldiko elementuren beten/batzuen ordena izan bada, nabamendu beharrean letraren kolorea aldatzen dut, urdin iluna. Zuzendu egiten dut, Bogan ikasleak nire zuzenketa eta jatorrizkoa, biak, ikus ditzakeelako.

Inoiz suerta daiteke akats lodiagoa edo oso errepikatua, kasu horretan inoiz gorriz nabarmendu dut, eta idazlanaren azpian edo hurrengo tutoretzan gorri horri "beroarena kendu", txiste edo txantxa baten bitartez.

Batzuetan idazlanaren azpian jartzen dizkiot aholku edo azalpen laburrak; horiek letra kolore urdinez eta horiz nabarmenduta doaz.

Akatsa desegokitasun konplexua edo idatziz azaltzen zaila denean, ohar bat jartzen diot ikasleari: "Gogoratu hau tutoretzan komentatu behar dugula" Horrela, neuri ahazten bazait -oso probablea- ikasleak gogoratuko du.

Ikaslea hamabostero biltzen da nirekin ordu erdiz tutoretzan.

Eta, zer esanik ez, programa zabaltzean ikusten duzun idazlan kopuruak zerikusia du idazlan bakoitzean "inbertituko" duzun denboran.

Zuzenketa notarialetik harago

Plisti-plasta-(e)k 2012, Urtarrila 23 - 18:11-(e)an bidalia.

Aipatu ditudan hiru zuzenketek multzoa osatzen dute, ardatz nagusia autozuzenketaren bidean baina ez dira erabiltzen ditudan zuzenketa-mota bakarrak. Hitz egin dezagun horietako bi zuzenketa moduz:

  • Zuzenketa sinkronoa: Ikaslearekin batera egiten dena. Oso noizean behin egitekoa. Inprobisazioaren akatsak eta abantailak ditu. Akats moduan, zail dela ikuspegi orokorra izatea; eta abantaila, zuzenketaren inguruan burutik pasatzen dena (ikasleari eta irakasleari) esan egiten dela. Oso zuzenketa kontestualizatua da eta zuzenketa asinkronoak ematen ez duen informazioa ere azaleratzen da.
  • Portfolioa: hau beta fasean daukat. Aprobak egiten hasia naiz eta kontatuko dizuet gehiago. Kontua da ikasleak bere idazlanak eta grabazioak gordetzen dituela eta hiruhilabetekoa amaitutakoan gustukoen dituen hirurak aukeratzeko esaten zaiola. Zuzenketa diakronoaren aurrean gaude, beraz. Ikasleak bere ibilbidea eta garapena aztertzeko erabil dezakeena.

Bi zuzenketa modu hauekin batera,  zuzenketa partekatuan ere pentsatzen ari naiz . Akaso, idazlana egin aurretik, ikasleari beste ikasle batek gai berari buruz eginiko idazlana eta beronen zuzenketa emango dizkiot edota ahozko ekoizpenaren grabazioa ez ezik, horren zuzenketa ere grabatuko dugu, biak ala biak partekatzeko. Lehengo batean Maite Goñik esandakoaren harira, batak/batzuk bestearena/besteena zuzentzearena ere proba daiteke monitorizazioan aurrera egiteko. Nire irakasle koadernoko ideiak dira, oraingoz.

Baina zer egin bezain argi izan behar da zer ez egin. Gero eta gogaikarriagoa egiten zait zuzenketa notariala. Akreditaziorako egokia bada ere, ez zait iruditzen egokiena ikas-prozesurako. Zuzenketa mota honetan notario papera egiten dugu, zer den egoki eta zer desegoki esanez, fokalizaziorik gabe, azpimarra pertsonalizatu gabe, beti zuzenketa modu bera erabiliz. Iruditzen zait zuzentze lana ez dela juzkuan geratu behar, uste dut uneak eta uneak daudela eta ikasleak eta ikasleak. Zuzenketa ikaskuntzarako baliagarri izan dadin, zuzenketa pertsonalizatura eta ahalik eta autonomoenera jo behar dugu (bi termino hauek ez baitira kontraesankorrak).

Bestalde, oso adi irakurri dut zurea Josu. Nik uste dut sintonian gaudela. Autoikaskuntzako eredu ezberdin samarra dugu hala ere. Nire ikasleek astero jasotzen dute tutoretza eta horrek idazmena eta mintzamenaren alderdi batzuk ere integratzeko modua ematen digu (bai, pribilegiatu samarrak gara horretan). Mila esker zure lana ere ikusgai egiteagatik.

 

 

 

 

Auherrek eginarazten dugu

Bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Urtarrila 23 - 23:06-(e)an bidalia.

 

Hasteko biziki interesgarria zait hementxe aipatzen duzuna eta bereziki zure esperientziaren berri eman izana, eskertzen da hona ekartzea.

Nire aldetik, ez dut autoikaskuntza talderik, azken urteetan klase nahiko gutxi ematen dut eta tarteka izaten ditudanak konbinatukoak edo presentzialak izaten dira, maila ertainetakoak (A2-B1etik gora)

Egia erraiteko zuzenketa egitea ez zait frango gustatzen. Hasteko, denbora gutxi izaten delako horretarako eta bestalde zuzenketa osoa emateak ikaslearen aldetik nahiko pasibo izatea suposatzen duelako, konstatazioan egotea, ez zait biziki kolaboratiboa. Azken batean, zuzentzen dut lana, itzultzen diet, ikusten dituzte haien gabeziak, ebidentziak bezala « bai, bai » , gehienetan ez dute zuzentzen eta ez dute idazlana berriz egiten. Horretaz gain, ikasleak, ikasten dutenak, haiek dira eta maila batetik goiti konbentzitua naiz ez diela mesederik egiten erakasle rol normatibo batean egoteak (ez beti behintzat) eta nahiago ditut beren kabuz egitera eraman.

Egiten dudana, ez da beste mundukoa baina honaz gero...

Aldiz ez dakit noraino egingarria litekeen autoikaskuntzan, ez dakit BOGA nola ibiltzen den baina pentsatzen dut Online diren taldeekin egingarria litekeela zerbait. 

Lehenik, iraskasle gisa ari naizenean, aski ongi horniturik izatearen xantza dut, beste kide batzuk baino gehiago dudarik gabe. Xoritxarrez ez didate oraindik TBI-rik eskura ezarri, beraz joaten naizenean, mugitzen naiz nire ordenagailuarekin, tekla bat haririk gabe ibiltzen dena eta pantaila sistema zerbait. Eta sarerako konekzioa behar dut, gisa batez edo bestez.

Eta horrelako zerbait egiten dut:

  • Lanak klasean egin dituzte lehenagoko batean (jadanik denbora asko pasa da ixilik eta idazten). Ez diet holako lanik ematen etxean egiteko, trapan egiten dutelako, xuxenweb kontsultatzera joaten eta holakoak. Eta gutxieneko zirriborro batekin lan egiten dute (hau agindu bat da! Mapa mentala ez da nahikoa).

  • Klasean berean zuzentzen ditugu. Idazlan laburrak baldin badira, gehienak egiten ahalko ditugu, bestela, ikasle asko bada hautatzen da bat edo beste (hobe ikaslea bolondres bada)

  • Idazlana guziek irakurtzen dugu pantailan eta bakoitzak gidoi baten arabera baloratzen du (kriterioak egokitasuna, egitura, koesioa).

  • testua pantailan dela, balorazio orokor bat egiten da. Egokia dena zer den, zer ez, …

  • Binaka idazlanaren parafo bat hartzen dute eta baloratzen xeheago, ber kriterioekin eta zuzentasunaren aldetik, azpimarragarriak iduritzen zaizkien hiru akats hartuz, ez gehiago.

  • Parafoz parafo, oharrak biltzen dira eta denen artean zuzentzen. Tekla eta sagua haririk gabekoak direnez, mahai inguruko edozein hartzen ahal ditu eta idatzi, bilatu sarean behar duena....

  • Zalantza bat denean (ortografikoa, gramatika...) sarera joaten ahal dira informazio bila. Azalpena taldeko batek baldin badu, besteei berak ematen die.

  • Ongi baloratzen dena zergatik hala den azaltzen da/ gaizki denarekin berdin. Baina nik ez dut sobera mintzatzen.

  • Parafoz parafo, bikote bakoitzak aipatzen du zer ongi erran den, zer ez eta nola formulatuko lukeen. Zuzentasunaren hiru punduei begira azalpenak xerkatzen dira sarean.

  • Idazlana denen artean zuzendua da (gehienetan kasik osoki, egiteko eman zaienean normalki jakin beharreko guziak zekizkitela segurtatu bada behintzat) eta ongi idatzia. Beraz eredu bat bilakatzen da.

  • Bukatzeko, nork berea berriz hartzen du eta aipatu ditugun pundu guziak direla eta, normalki lortzen du hain ongi egin ez dituenak ikusten, eta zuzentzen. Azkenean, talde nahiko omogeneoa denean, akats berdintsuak kausitzen baitira idazlan guzietan.

Gerta daiteke zuzenketa oso osoa ez egitea, hots zuzenketa eredugarririk ez egitea. Baina egin izan dudanean, ikasleei gustatu zaie, parte hartzailea delako seguraski eta, bestalde, idazlan bat ongi/gaizki egitetik hara autonomiarekin lan egiten dutelako, baliabide zenbait ezagutzen eta erabiltzen, … Elkarlan bat egon da, elkar laguntzen dute. Eta erakasle gisa, ondoko klaseetako prestaketaren erdia egina, argi gelditu direnek/ ez direnek ideia bat ematen dutelako ondoko klaseen prestatzeko. 

portfolioarena

Bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Urtarrila 23 - 23:15-(e)an bidalia.

Portfolioa hitz handia da. Alta gertatu izan zait geroagoko uztea ere lanak eta autozuzenketa moduko zerbait planteatzea. Zenbait eduki landu ondotik edo. 

Kontua da, niri ere gauzak ahanzten zaizkidala, hots niregatik ikasleek baluketela portfolioan idazlan ahantzi bilduma eder bat, sekulan nehork ez berriz begiratua, seguraski beraiek berek ere ez...

Zuzenketa eta eskola

Plisti-plasta-(e)k 2012, Urtarrila 23 - 23:26-(e)an bidalia.

Biziki interesgarria zure ekarpena eta darabilzun zuzenketa prozedura. Apunte mordoxka bat hartu dut. Eskerrik asko. Eta, gainera, oso gauza interesgarri bat ulertu dut. Hara, Twitterren izan dugun elkarrizketatxoan zalantza geratu zait zuzenketa eta klase prestaketa lotu dituzunean eta orain ulertu dut zure planteamendua; eskola ez da irakaslearen buruan edo testu liburuan sortzen derrigorrez, eskola ikasleen ekoizpenetik edota interakziotik ere sor liteke eta ideia hau funtsezkoa da; beronen jira-bueltan nenbilen ni ere, lehengo batean planteamendu mekanizistak gaitzesten nituenean.

Esker mila, Bea.

Ebaluazioaren aurretik egiteko propsoamen bat

Benito-(e)k 2012, Urtarrila 24 - 21:47-(e)an bidalia.

Ez dakit honekin oso-oso lotuta dagoen, baina Formación ELE blogean test-ak edo azterketen aurretik egiteko aktibitate bat proposatu dute. Ikasleek eurek test bat sortzea: Confeccionar el test (Formación ELE)

Bai interesgarria da

Bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Urtarrila 24 - 22:43-(e)an bidalia.

Bai interesgarria da egokia. 

Aldiz, horrek suposatzen du aurretik ikasleei ikasiko zutena, bederen gutxieneko nundik norakoetan, aurkeztu zitzaiela. Hortik hara, haiek berek ere argiki identifika lezakete. 

 

Esperientziak

Benito-(e)k 2012, Urtarrila 29 - 21:57-(e)an bidalia.

Zuzenketaren gaineko eztabaidatik harago, interesgarria iruditu zait esperientzia zehatzak konpartitzea: nola egiten ditugun gauzak eta zergatik azaltzeko saioa. Egunero hainbat irakasle hainbat gauza egiten honelako esperientziak ugari, aberasgarriak eta lagungarriak izan daitezke denontzat.

Eskerrik asko beraz, eta ea jende gehiago animatzen den egiten duena kontatzen.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia