14
Urt
2012

#freshlearning (1)

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 14 - 23:36

Autoikaskuntza deiturikoan, BOGA programaren altzoan, aritzen den irakasle-tutore horietako bat nauzu. Eta kezkatuta nago. Aspaldi batean bogan aritu beharrean, zian ari garelako errezeloan. Honelako sistema batek behar duen etengabeko berritze-prozesua geldi dagoelako ustean, berrikuntza hori eraiki behar dugula uste dut. Eta horretarako guk ere leihoak zabaldu eta  leku egin behar diogu freshlearningari: desikasi berreraikitzeko.

Ondoren, lan honetan abiapuntu izan litezkeen zenbait ideia botako ditut tupustean. Horietako batzuk autoikaskuntzari dagozkio zuzenean, orokorragoak dira beste batzuk, ostera. Hatoz:

1. Euskararen autoikaskuntza ez da edukietan edota teknologian ardaztuko. Interakzioa izango du muin.

2. Ez da ‘zer ikasi?’ galderatik abiatuko, ’zer egin?’ galderatik baizik.

3. Programa eta curriculum itxi, estatiko eta ezarrien hormak hautsi eta prozesu dinamikoa eta pertsonalizatua bultzatuko du.

4. Ez da egoera komunikatiboen simulaziora mugatuko, benetako komunikazioa bilatuko du.
5. On-line eta Off-line sareak izango ditu erabilera esparru.

6. Ikasleak ez dira Gargantuak: input-jale eta output-igorle.

7. Irakaslearen lana da bere lan-esparruari dagozkion sareetako komunikazio-emariaren kantitatea zein kalitatea zaintzea.

8. Irakasleak prest egon beharko du aldez aurretik egituratu gabeko egoeretan ere lan eraginkorra egiteko.

9. Autoikaskuntzan irakaslea ez da pilotua, kopilotua eta bidaia-laguna baizik.

10. Autoikaskuntza ez da inola ere bakar-ikaskuntza, komunitatea eta elkarlana izan behar ditu jarduera-eremu. Proiektu poligestionatuetatik abiatuz.

11.  Autoikaskuntza prozesu aktiboa da; ikasle aktiboa du, beraz, subjektu eta objektu.

12. Jakin-mina eta motibazio emozional positiboa dira ikasle aktiboaren ezaugarri eta ikas-prozesu iraunkorraren berme.

13. Ikastearen helburua erabilera bada, bihotza burua bezain garrantzitsua da. Hizkuntza ez da ikasketa objektu soila.

14. Ikasle helduak autonomoa izan behar du, baita autonomia-maila erabakitzeko orduan ere.

15. Zertifikazioa ez da ikas-prozesuaren gidaria izan behar. Ikasle batzuei ezarritako aldian aldiko zedarria baizik. Ikaskuntza zertifikatiboaren gehiegizko dimentsionamendua degradazio zantzua da.

16. Zertifikazioaren gehiegizko dimentsionamenduak gehiegizko baldintzapena eragiten du ikas-prozesuan.

17. Ebaluazioa prozesu konplexua da, erantzun zuzena edo okerra neurtzeko
 itemetatik haragokoa.

18. Ebaluazio-mota guztiak dira erabilgarri baina autoebaluazioa da
 autoikaskuntzaren ebaluaziorik berezkoena.

19. Autoebaluazioak, baliagarria izan dadin, ezinbestekoak ditu gaitasuna eta
erreferentzia.

Argazkia: No te tengo miedo, que lo sepasMarkel 2007 Flickr-en. Lizentzia.

Etiketak: autoikaskuntza | boga | freshlearning |
Bidalitako artikuluak

19. puntua

Benito-(e)k 2012, Urtarrila 17 - 20:43-(e)an bidalia.

Ez dut ondo ulertu 19.a; "Autoebaluazioak, baliagarria izan dadin, ezinbestekoak ditu gaitasuna eta erreferentzia". Zer esan nahi du zehazki?

19. puntuaz

Plistiplasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Urtarrila 17 - 21:54-(e)an bidalia.

Ikaslearen autoebaluatzeko gaitasuna batzuetan landu egin behar da. Ez beti, ez guztiekin berdin. Dena den, gutxieneko batzuk bete behar ditu autoebaluazioak baliagarria izan dadin. Jar dezadan adibide bat: autoebaluatzeko ezinbestekoa da jardunaren monitorizazio gaitasuna. Ikasle batzuek oso joera fragmentarioa dute, hitz mailakoa edo segmentu laburrekoa (ez dira gai erreferentzia okerrak zuzentzeko edo komunztadurari erreparatzeko, adibidez); beste batzuek, ostera, jokabide orokorregia dute (jo, ze trakets hitz egin dudan!). Kasu hauetan  irakaslearen lana izango da, ziurrenera, ikasle hauekin monitorizazioa modu pertsonalizatuan lantzea behar besteko autoebaluazio gaitasuna lor dezaten.

Erreferentziari dagokionez, zera esan nahi dut. Ikasleak ondo jakin behar duela bere burua ikas-prozesuan kokatzen eta horretarako erreferentziak behar dituela:  mailan kokatzeko (Hizkuntzen pasaportea...), ikas-prozesuaren progresioa neurtzeko (portfolioak...) edo sinpleki akats bat bere kabuz nola zuzendu jakiteko (google, ereduzko prosa, twitter...).

Ez dakit kontua argitu ala nahastu dudan baina ahalegina egin dut, behintzat ;-)

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia