memoria

11
Urt
2008

100 hitz edo

Zer: 

Testuak memorizatu, aurkeztu eta landu

esteka: 
http://tienesunminuto.wetpaint.com

Patxori esan nion lehengoan erreferentziaren norabidea alderantzikatu egingo dela, eta hona hemen lehenengo abisua. ;)


Berriketan blogean proiektu zoragarri, dibertigarri eta sortzaile baten berri eman digu: ¿Tienes un minuto? ¿quieres cien palabras?. Gaztelania klaserako pentsatuta dago. Jordi Cebrián idazlearen testuak hartu dute oinarria. Cebrianen 500 cuentos de Cien Palabras liburuan hain zuzen ere.

100 hitzeko testu horiekin hau egin dute:

  1. Ikasleen artean banatu.
  2. Ikasleak memoriaz ikasiko du berea.
  3. Nahi duen lekuan eta unean bota eta bideoan grabatuko da.
  4. Ikasleek eurek proposatzen dituzte testuarekin egiteko ariketak
  5. Bideoak, testuak eta ariketak proiektuaren wikian jartzen dira.

Maite Goñik antzerako proiektu bat ipini zuen martxan asaldi, Entzun. Han ikasleek literatur testuak hartu, grabatu eta blogean ipintzen dituzte idazlearen informazioarekin batera. Ahozkotasuna lantzeari begira ideia interesgarria eta aspaldian komentatu genuen hemen.

Patxoren ideia honetan berriz, berrikuntza interesgarri aurkitu dut. Memoriaren erabilera. Antzina ohikoa zen hizkuntzak ikastean, latina adibidez, testuak memoritzea eta errezitatzea. Gerora, gainbehera etorri zen jarduera hura. Baina. onartuta, hizkuntzaren ikaskuntzan memoriak paper garrantzitsua daukala alde batetik, eta bestetik, ikasleak testua memorizatzearekin batera hari neurria hartzeko martxan ipini behar dituen prozesu kognitiboak, gure klaseetarako ere baliagarria izan daitekeela uste dut. Hori bai, memorian sartzeko moduko testuak aurkitu behar ditugu. Cebrianenen antzerakoak.

Zer dugu ba? Euskal literaturan ez daukat orain gogoan halako obrarik (egongo da baina, memoria nirea!). Zer egon litekeen jakiteko, onena euskal literaturaren testu ugari dagoen lekura jotzea okurritu zait: Armiarmara hain zuzen ere.

Ez dut Cebrianen modukorik topatu, baina bai luzeran oso antzekoak diren testu interesgarriak: olerkiak, eta atari bete olerki: Euskal poesiaren ataria.

Aukeratzeko jeneroa daukagu beraz. Adibidez, Goizalde Landabasoren Zergatik maite nauzu? hau, edo Pako Aristiren Berdin dio hau edo Xabier Montoiaren Historia hau.

Aukera bat da, bestelako testuak ere topatu daitezke: elkarrizketak, pasarteak, albisteak.... Ideiak aukera asko zabaltzen ditu.

Era berean ez da derrigorrezkoa grabatzea edo testuaren gaineko jarduerak proposatzena, baina horiek ere interesgarriak dira.

Sindikatu edukia