xede berezia

04
Mai
2009

Trebetasunak, konpetentziak, gaitasunak, ahalmenak....

Azkenengo Hizpiden Joseba Ezeizaren artikulua irakurtzen ibili naiz, Espezialitate-hizkeren didaktika Europako unibertsitate-eremuan.  Orain konturatu naiz ia hiru hilabete pasatu direla Hizpideren azken zenbakia irten zenetik eta oraindik ez dugula hango artikuluen iruzkinik egin. Axularren itzala bai luzamenduetan ibiltzen garenontzat.

Artikulu interesgarri eta baliagarriak ekarri ditu azkenotan Josebak Hizpidera. Oraingo honetan euskalduntze-alfabetatzean dihardugunontzat gaiak urrunagoa eta interes gutxiagokoa ematen zuen: espezialitate-hizkerak, espezifikoegia nonbait. Halaxe pentsatu dute seguraski liburua zer irakurri zer ez gainbegiratzen hasi diren gehienek, baina aurrekariak ezagututa eta unibertsitateetan hizkuntzen inguruan dabilen saltsaz zer edo zer irakurrita artikuluari ekin diot. Eta gauza interesgarriak oraingoa ere, arlo zehatz horretatik haragokoak nire ustez. Hori bai, onartu behar dut ez dela erraza hizkera akademikoan igeri egitea, akaso trebakuntza beharra daukagu horretan. ;-)

Zer aurkitu dut bada? Hasteko susmotan erabili dudan zerbait. Konpetentziak (Josebak gaitasunak terminoa erabiltzen du) gora eta behera dabiltza asko. Esango nuke gurera oihartzun urrun modura baino ez dela heldu oraindik kontua, baina hainbat arlotan (lan-prestakuntzak, eskola-curriculumak, Bologna...) saltsa dabil aspaldian. Eta bide horretan nire susmoaren baieztapena: unibertsitatera heldu baino lehen, lan-hezkuntzan eta lan-munduko etengabeko prestakuntzan ibili da kontzeptua. Ekilikua, lan-munduaren ikuspegi "pragmatikoak" ekarri du kontua mahai gainera. Onerako eta txarrerako seguruenik, baina nik neuk behintzat, kontuak kontu (badakizue, Bolognaren gaineko saltsak besteak beste), uste dut ideia, ikuspegi eta jarraibide baliagarri asko izan ditzakegula hor helduen euskalduntzerako ere.

Izan ere, Josebak -iruditu zait- asuntoa guretik hain urrun ez dagoela adierazteko jostura egin digu, Europako Erreferentzia Markoaren "ekintzara bideratutako ikuspegia" eta konpetentziaren definizioa gaitasun komunikatiboaren hariarekin josi hain zuzen ere. Ideia batzuk azpimarratzeko:

  • Hizkuntza giza-jardueraren funtsezko osagaia da, komunikazioaren osagai nagusietako bat.
  • Komunikazio-gaitasuna (edo -konpetentzia) azken batean ezagueren, trebezien eta jarreren batura da.
  • Arazo eta erronkei aurre egitean datza konpetentzia, ez ezagueren edo trebezien erakustaldian. Gure kasuan esan liteke, hizkuntza benetan erabiltzea dela xede, ez erabili ahal dugula frogatzea. Izan liteke hori ideia?

Unibertsitarioek komunikazioarekin lotuta zer gaitasun garatu behar dituzten eta beraiek xehetzen ari dira lanean. Argigarria ikuspegia, hizkuntzarekin eta komunikazioarekin lotutako gaitasunek norainoko pisua daukaten edozein espezialitatetan, hizkuntza filologien kontua soilik ez da, bistan dago. Eta trebakuntza deitu daitekeen horretan gaitasunetara zuzendutako irakasbidearen aldarrikapenak zerrendatu dizkigu. Labur ekarrita:

  1. Eginkizun akademiko, sozial eta profesionalak dira esku-hartze didaktikoaren sorburu, bitarteko eta jomuga
  2. Helburua ikasleari komunitate akademiko eta profesionalean integratzen laguntzea da
  3. Ikasleak ahalegin batzuk egin beharko ditu: testuinguru profesional-akademikoak komunikazioaz zer eskatzen duen kontzientzia hartu, arlo horretan egin beharrekoak egiteko trebatu, komunitate horretan jarduteko autonomia eskuratu eta komunitateko testu-generoak eta erregistroak ezagutu eta erabili.
  4. Horretarako ahalbide sozialak, pertsonalak eta teknikoak garatu behar ditu batetik, eta hizkuntzarekin lotuta ahalbide soziolinguistikoak, pragmatikoak, diskurtsiboak, gramatikalak, lexikoak bestetik

Baina hau guztia unibertsitariei baino ez zaie aplikatu behar? Komunitate akademiko-profesionala azken batean ez da guztion komunitateetako bat? Gainerako komunitate-sare-esparruetan ezin dugu bide bera aplikatu? Hau da, euskaldutze "orokorra" ere ezin dugu ikuspegi horretatik hartu?

Bego hor gogoeta. Amaitzeko unibertsitatean egosten ari den honetaz informazio gehiago Prest proiektuaren webgunean, Euskaraz trebatzen webgunearen barruan.

Argazkia: day 87 - Love Letters. Egilea: margolove. Lizentzia. 

Sindikatu edukia