04
Mai
2009

Trebetasunak, konpetentziak, gaitasunak, ahalmenak....

Azkenengo Hizpiden Joseba Ezeizaren artikulua irakurtzen ibili naiz, Espezialitate-hizkeren didaktika Europako unibertsitate-eremuan.  Orain konturatu naiz ia hiru hilabete pasatu direla Hizpideren azken zenbakia irten zenetik eta oraindik ez dugula hango artikuluen iruzkinik egin. Axularren itzala bai luzamenduetan ibiltzen garenontzat.

Artikulu interesgarri eta baliagarriak ekarri ditu azkenotan Josebak Hizpidera. Oraingo honetan euskalduntze-alfabetatzean dihardugunontzat gaiak urrunagoa eta interes gutxiagokoa ematen zuen: espezialitate-hizkerak, espezifikoegia nonbait. Halaxe pentsatu dute seguraski liburua zer irakurri zer ez gainbegiratzen hasi diren gehienek, baina aurrekariak ezagututa eta unibertsitateetan hizkuntzen inguruan dabilen saltsaz zer edo zer irakurrita artikuluari ekin diot. Eta gauza interesgarriak oraingoa ere, arlo zehatz horretatik haragokoak nire ustez. Hori bai, onartu behar dut ez dela erraza hizkera akademikoan igeri egitea, akaso trebakuntza beharra daukagu horretan. ;-)

Zer aurkitu dut bada? Hasteko susmotan erabili dudan zerbait. Konpetentziak (Josebak gaitasunak terminoa erabiltzen du) gora eta behera dabiltza asko. Esango nuke gurera oihartzun urrun modura baino ez dela heldu oraindik kontua, baina hainbat arlotan (lan-prestakuntzak, eskola-curriculumak, Bologna...) saltsa dabil aspaldian. Eta bide horretan nire susmoaren baieztapena: unibertsitatera heldu baino lehen, lan-hezkuntzan eta lan-munduko etengabeko prestakuntzan ibili da kontzeptua. Ekilikua, lan-munduaren ikuspegi "pragmatikoak" ekarri du kontua mahai gainera. Onerako eta txarrerako seguruenik, baina nik neuk behintzat, kontuak kontu (badakizue, Bolognaren gaineko saltsak besteak beste), uste dut ideia, ikuspegi eta jarraibide baliagarri asko izan ditzakegula hor helduen euskalduntzerako ere.

Izan ere, Josebak -iruditu zait- asuntoa guretik hain urrun ez dagoela adierazteko jostura egin digu, Europako Erreferentzia Markoaren "ekintzara bideratutako ikuspegia" eta konpetentziaren definizioa gaitasun komunikatiboaren hariarekin josi hain zuzen ere. Ideia batzuk azpimarratzeko:

  • Hizkuntza giza-jardueraren funtsezko osagaia da, komunikazioaren osagai nagusietako bat.
  • Komunikazio-gaitasuna (edo -konpetentzia) azken batean ezagueren, trebezien eta jarreren batura da.
  • Arazo eta erronkei aurre egitean datza konpetentzia, ez ezagueren edo trebezien erakustaldian. Gure kasuan esan liteke, hizkuntza benetan erabiltzea dela xede, ez erabili ahal dugula frogatzea. Izan liteke hori ideia?

Unibertsitarioek komunikazioarekin lotuta zer gaitasun garatu behar dituzten eta beraiek xehetzen ari dira lanean. Argigarria ikuspegia, hizkuntzarekin eta komunikazioarekin lotutako gaitasunek norainoko pisua daukaten edozein espezialitatetan, hizkuntza filologien kontua soilik ez da, bistan dago. Eta trebakuntza deitu daitekeen horretan gaitasunetara zuzendutako irakasbidearen aldarrikapenak zerrendatu dizkigu. Labur ekarrita:

  1. Eginkizun akademiko, sozial eta profesionalak dira esku-hartze didaktikoaren sorburu, bitarteko eta jomuga
  2. Helburua ikasleari komunitate akademiko eta profesionalean integratzen laguntzea da
  3. Ikasleak ahalegin batzuk egin beharko ditu: testuinguru profesional-akademikoak komunikazioaz zer eskatzen duen kontzientzia hartu, arlo horretan egin beharrekoak egiteko trebatu, komunitate horretan jarduteko autonomia eskuratu eta komunitateko testu-generoak eta erregistroak ezagutu eta erabili.
  4. Horretarako ahalbide sozialak, pertsonalak eta teknikoak garatu behar ditu batetik, eta hizkuntzarekin lotuta ahalbide soziolinguistikoak, pragmatikoak, diskurtsiboak, gramatikalak, lexikoak bestetik

Baina hau guztia unibertsitariei baino ez zaie aplikatu behar? Komunitate akademiko-profesionala azken batean ez da guztion komunitateetako bat? Gainerako komunitate-sare-esparruetan ezin dugu bide bera aplikatu? Hau da, euskaldutze "orokorra" ere ezin dugu ikuspegi horretatik hartu?

Bego hor gogoeta. Amaitzeko unibertsitatean egosten ari den honetaz informazio gehiago Prest proiektuaren webgunean, Euskaraz trebatzen webgunearen barruan.

Argazkia: day 87 - Love Letters. Egilea: margolove. Lizentzia. 

Gaitasunak

Joseba Ezeiza (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Maiatza 13 - 11:02-(e)an bidalia.

Kaix, Benito:

Atsegin handiz irakurri dut artikuluari egin diozun irakurketa. Ez nuke hitz erdirik ere aldatuko egin duzun laburpen horretan. Ohartu zarenez, unibertsitatean ere gogoeta egiten ari gara zer ekarpen egin behar diogun hurrengo urteetan euskararen normalizazioari eta garapenari. Ildo nagusiak Euskararen Plan Gidarian daude jasota. Eta, bertan jasota dagoenez, Euskal Filologia Saileko irakasleok ardura handia dugu plan horren alderdi bat garatzeko.

Dakizuenez, guk irakaskuntza eta ikerketa bateratu behar ditugu gure jardunean. Ikertzaile garen aldetik, saiatzen ari gara egitura egoki bat sorten aztertzeko nola ari den garatzen euskara esparru akademiko eta profesionaletan. Irakasle garen aldetik, bestalde, gure ardura da ikasleei tresna egokiak ematea (euskarri emozionalak, instrumentalak, linguistikoak…) euskara euren jardun akademiko eta profesionalean modu naturalean integra dezaten. Helburua da euskararentzat eremu berriak irabaztea eta eremu horietan euskarak duen tokia duinagoa eta esanguratsuagoa izan dadin bilatzea.

Azken urteotan euskararen erabilera gehiago areagotu da esparru publiko eta akademikoetan esparru pribatuetan baino. Baina, dakigunez, hein goi mailako aditu eta profesionalek oraindik ez dute euskara askorik eta naturaltasunez erabiltzen euren jardunean. Euskal irakasleen kolektibo profesionaletik kanpo, euskararen garapen eta dinamika soziala ez da oraindik oso bizia. Guk pentsatzen dugu unibertsitatea gune estrategikoa dela eremu horietan eragiteko. Eta horregatik ari gara buruari eragiten ea oztopoak oztopo –eta oztopoak ez dira gutxi- nola komeni den erabiltzea eskura ditugun baliabideak.

Gogoeta horretan gauza asko sartzen dira, baina baita didaktika ere. Eta alde horretatik Europatik etorri diren haizeak ez dira, gure ustez, inondik ere kaltegarriak izan. PREST proiektuaren emaitzek ageri-agerian utzi zuten komunikaziorako gaitasunek funtsezko tokia behar dutela ikasketa-plan berrietan. Eta guk eskainitako datu horiek erabakigarriak izan dira euskarari eskainitako irakasgaiek aurrera egiteko plan berrietan. Guk arrazoi soziolinguistikoei bestelako argudioak ere erantsi dizkiegu eta horrela hobeto justifikatu ahal izan dira irakasgai horiek bai etxean eta bai etxetik kanpo ere. Beharbada, unibertsitatetik kanpo ez zarete jabetzen zer den titulazio berrietan 12 kreditu izatea euskara lantzeko. Baina, lorpen ikaragarria da. Orain kontua da baliabide horiei etekina ateratzen asmatzea, eta horretan ari gara.

Gauzak horrela, Gaitasunetan Oinarritutako Irakasbidea oso marko koherente eta emankorra gertatu zaigu. Aukera ematen digu hizkuntzaren irakaskuntza unibertsitateak dituen helburu orokorrekin lotzeko, eta ikaskuntza-planetan modu egokian integratzeko. Kontua ez baita hizkuntza beste langaietatik isolatzea eta eranskin gisa lantzea. Ildo horretan ere lanean hasi gara beste arloetako irakasleei laguntzen euren irakaskuntzan komunikaziorako-gaitasunei tokia egin diezaieten. Honako helbide elektronikoan duzue gai hori lantzen duen behin-behineko web orri bat: http://www.ehu.es/PAT/gaitasunak.

Zuk galdetzen duzu ea ez ote daitekeen atera planteamendu honetatik zerbait euskaltegietarako. Neuretzat erantzuna argi dago: bai. Izan ere, planteamendu hau garatzeko orduan euskaltegitik unibertsitatera ekarritako esperientzia erabakigarria izan da. Beraz, ez dut ikusten arazorik ikuspegi hau euskaltegietara itzultzeko. Egia da zentzu beteagoa hartzen duela xede bereziko hizkuntza-ikastaroetan (IVAP, IRALE, HE-4, etab.). Baina, nire ustez, atzean duen filosofia (ikaslea, hizkuntza ikasten hasten den momentutik hizkuntza komunitatearen kide da, komunitate horretan zeregin jakinak egiteko gai da, eta, ondorioz, komunitatean eragiten du eta komunitateak kidetzat hartu behar du aintzat) oso baliagarria da garaiotan edozein ikasle eta ikastarotarako.

Nik pentsatzen segituko dut. Orain ez nabil euskaltegian baina ez nago inondik ere aldenduta. Saiatzen naiz gauzak nondik doazen gertutik jarraitzen. Beraz, baliagarria izan daitekeen beste edozer eskuratzen badut, jarraituko dut HIZPIDE bidez, edota beste foro hauen bidez euskaltegiei helarazten.

Edozein kasutan ere, unibertsitatearena pentsatu ohi den baino mundu korapilatsuagoa da. Horregatik, oso ondo etortzen zaigu noizbehinka arnasa hortik kanpo hartzea. Eta ni saiatzen naiz euskaltegietako haizetik ere arnasten.

Beno, barka erretolika luze hau. Eta mila esker artikulua irakurtzeagatik!

jsb

Eskerrik asko

Benito-(e)k 2009, Maiatza 13 - 18:16-(e)an bidalia.

Eskerrik asko Joseba. Guretzat ere baliagarriak diren lana ekartzen zabiltza azkenotan, eta gehiago etorriko direla seguru nago. Ea guztion artean fruitu interesgarriak ateratzen ditugun.

Bestela, haizea behar duzunerako, ez izan beldurrik gure haizagailu honetara arrimatzeko.  Wink

Kotalaia 2.0. bloga

Jsb (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Ekaina 2 - 12:03-(e)an bidalia.

Egunon:

Hona hemen ikastaroaren hondarretan, "Euskararen araua eta erabilera" irakasgaian, ikasleek prestatu duten bloga.

Poliki-poliki hasi da unibertsitatea ere 2.0. mundura zabaltzen...

http://zuzeu.com/2009/06/02/komunikabideen-talaia-20/

http://www.kotalaia.wordpress.com

Jsb

Kota bat

Benito-(e)k 2009, Ekaina 2 - 13:26-(e)an bidalia.

Eskerrik asko Joseba. Unibertsitatean gauza interesgarrian egiten zabiltzatela eduki dugu susmoa aspaldian, azaleratzen hasten diren neurrian ikusiko ditugu gainera, oraingoan bezala.

Aurrera bada, jarraituko dugu bloga.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia