inkesta

23
Eka
2008

Inkestatik zertzeladak

Ostiralean zabaldu zen IV. inkesta soziolinguistikoa. Datu eskean ibili ginen aurrekoan eta hemen datuetan behintzat badaukagu, 200 orrialdetik gora hain zuzen ere.

Ez dut datuen irakurketa zehatzik egin, baina guri dagokigunerako -badakizue, helduen eusakalduntze-alfabetatzea- interesgarria edo deigarri izan daitekeen zerbaiten bila ibili naiz. Zertzeladatxo batzuk.

Inkestan hiru bloke daude: gaitasuna, transmisioa eta erabilera. Lehenengo bietan jarri dut arreta gehien, eta Euskal Herri mailako datuetan gehien bat:

  • Hizkuntza gaitasuna (201 orr.): elebiduna, elebidun hartzailea eta erdaldun elebakarra terminologia aurkitu dugu. Ehunekoetan 27, 15, 59 hurrenez hurren. Laurden bat euskalduna, erdia baino gehiago erdalduna eta, hartzaileen kopurua ez da handia honen arabera. Talde horrek izan beharko luke gure lehendabiziko xede-taldea beharbada. Elebidun bilakatzea nahi den jendarte baterako txikia iruditu zait talde hori hala ere. Erdaldunen eta euskaldunen artean ez dago koltxoi handirik nonbait.
  • Elebidun hartzaileen kopurua bereziki handia da guri interesatzen zaigun adin-tarte batean, helduenean, hau da, 25 eta 50 urte bitartekoan. (204. orr.)
  • Gaitasun erlatiboen datuak deigarriak egin zaizkit (205. orr.). Euskal elebidunak, elebidun orekatuak eta erdal elebiduen portzentaiak oso hurbil daude (30, 30, 40 ggb). Deigarria hau gehien bat: 10etik 4 baino ez dira errazago moldatzen erdaraz euskaraz baino?
  • Transmisioa eta lehen hizkuntzaren datuei begira (209. orr.), elebidunen heren baten lehenengo hizkuntza ez da euskara izan (210. orr.). Hor kokatzen da gure lana nonbait:

Euskal Herriko 16 urtetik gorako elebidunen erdiak baino gehiagok (%58k) euskara izan du lehen hizkuntza, %11,8k euskara eta erdara eta ia herenak (%30,2k)erdara. Azken horiek euskaldun berriak dira eta eskolan edo euskaltegian ikasi dute eus-kara. EAEn eta Nafarroan, 16 urte edo gehiagoko elebidunen herena inguru dira eta gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira. Iparraldean oraindik oso txikia da euskaldun berrien pisua. Izan ere, elebidunen %7,5 baino ez dira. Halere, kontuanhartu behar da duela hamar urte %3,9 zirela.

  • Transmisio lana ari gara egiten, dudarik ez. Ez dakit hala ere elebidun euskaldundu horien artean zein den eskola eta euskaltegien meritua (biena batera ez denean). 213. orrialdean horren adierazleren bat eduki dezakegu adina aintzat hartuta:

Aldi berean, baina, lehen hizkuntza erdara izan arren, euskara ikasi eta gaur egunelebidun diren 200.987 pertsona daude. Horiexek euskararen irabaziak dira.

Euskara irabazi dutenak, euskaldun berriak alegia, 178.000 lagun dira EAEn (16urte edo gehiagoko biztanleriaren %10), 19.000 Nafarroan (16 urte edo gehiagoko biztanleriaren %4) eta 3.900 Iparraldean (16 urte edo gehiagoko biztanleriaren %2).

Adinaren arabera, alde esanguratsuak daude euskaldun berrien artean.Ehunekoa txikia da 50 urtetik gorakoan artean (%1,7 batez beste). Baina 50 urte baino gutxiago dituztenen artean, euskaldun berrien ehunekoa asko ari da hazten.Hazkundea EAEn gertatzen ari da bereziki.

  • Bai, EAEn bereziki irabaziak daude helduen esparruan (25 eta 50 urte bitartekoan). Esan bezala, hor egongo da gure lanaren emaitzetako bat, nahastuta seguruenik. 

Azaleko begirada batean topatu ditudan lehenengo zertzeladak dira. Beharbada zuek irakurketa eta interpretazio landuagoa egin duzue.

Ez dakit inkesta honek behar besteko zehaztasunik ematen digun, baina uste dut gure sektorearen funtzioa eta lorpenez hausnartzen hasteko abiapuntua behintzat izan daitekeela. Zer diozue?

Loturak:

Sindikatu edukia