Ostiralean zabaldu zen IV. inkesta soziolinguistikoa. Datu eskean ibili ginen aurrekoan eta hemen datuetan behintzat badaukagu, 200 orrialdetik gora hain zuzen ere.
Ez dut datuen irakurketa zehatzik egin, baina guri dagokigunerako -badakizue, helduen eusakalduntze-alfabetatzea- interesgarria edo deigarri izan daitekeen zerbaiten bila ibili naiz. Zertzeladatxo batzuk.
Inkestan hiru bloke daude: gaitasuna, transmisioa eta erabilera. Lehenengo bietan jarri dut arreta gehien, eta Euskal Herri mailako datuetan gehien bat:
- Hizkuntza gaitasuna (201 orr.): elebiduna, elebidun hartzailea eta erdaldun elebakarra terminologia aurkitu dugu. Ehunekoetan 27, 15, 59 hurrenez hurren. Laurden bat euskalduna, erdia baino gehiago erdalduna eta, hartzaileen kopurua ez da handia honen arabera. Talde horrek izan beharko luke gure lehendabiziko xede-taldea beharbada. Elebidun bilakatzea nahi den jendarte baterako txikia iruditu zait talde hori hala ere. Erdaldunen eta euskaldunen artean ez dago koltxoi handirik nonbait.
- Elebidun hartzaileen kopurua bereziki handia da guri interesatzen zaigun adin-tarte batean, helduenean, hau da, 25 eta 50 urte bitartekoan. (204. orr.)
- Gaitasun erlatiboen datuak deigarriak egin zaizkit (205. orr.). Euskal elebidunak, elebidun orekatuak eta erdal elebiduen portzentaiak oso hurbil daude (30, 30, 40 ggb). Deigarria hau gehien bat: 10etik 4 baino ez dira errazago moldatzen erdaraz euskaraz baino?
- Transmisioa eta lehen hizkuntzaren datuei begira (209. orr.), elebidunen heren baten lehenengo hizkuntza ez da euskara izan (210. orr.). Hor kokatzen da gure lana nonbait:
Euskal Herriko 16 urtetik gorako elebidunen erdiak baino gehiagok (%58k) euskara izan du lehen hizkuntza, %11,8k euskara eta erdara eta ia herenak (%30,2k)erdara. Azken horiek euskaldun berriak dira eta eskolan edo euskaltegian ikasi dute eus-kara. EAEn eta Nafarroan, 16 urte edo gehiagoko elebidunen herena inguru dira eta gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira. Iparraldean oraindik oso txikia da euskaldun berrien pisua. Izan ere, elebidunen %7,5 baino ez dira. Halere, kontuanhartu behar da duela hamar urte %3,9 zirela.
- Transmisio lana ari gara egiten, dudarik ez. Ez dakit hala ere elebidun euskaldundu horien artean zein den eskola eta euskaltegien meritua (biena batera ez denean). 213. orrialdean horren adierazleren bat eduki dezakegu adina aintzat hartuta:
Aldi berean, baina, lehen hizkuntza erdara izan arren, euskara ikasi eta gaur egunelebidun diren 200.987 pertsona daude. Horiexek euskararen irabaziak dira.
Euskara irabazi dutenak, euskaldun berriak alegia, 178.000 lagun dira EAEn (16urte edo gehiagoko biztanleriaren %10), 19.000 Nafarroan (16 urte edo gehiagoko biztanleriaren %4) eta 3.900 Iparraldean (16 urte edo gehiagoko biztanleriaren %2).
Adinaren arabera, alde esanguratsuak daude euskaldun berrien artean.Ehunekoa txikia da 50 urtetik gorakoan artean (%1,7 batez beste). Baina 50 urte baino gutxiago dituztenen artean, euskaldun berrien ehunekoa asko ari da hazten.Hazkundea EAEn gertatzen ari da bereziki.
- Bai, EAEn bereziki irabaziak daude helduen esparruan (25 eta 50 urte bitartekoan). Esan bezala, hor egongo da gure lanaren emaitzetako bat, nahastuta seguruenik.
Azaleko begirada batean topatu ditudan lehenengo zertzeladak dira. Beharbada zuek irakurketa eta interpretazio landuagoa egin duzue.
Ez dakit inkesta honek behar besteko zehaztasunik ematen digun, baina uste dut gure sektorearen funtzioa eta lorpenez hausnartzen hasteko abiapuntua behintzat izan daitekeela. Zer diozue?
Loturak:
- Inkesta (pdf). Berria. (Beste bertsio bat Scribd-n)
- IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak plazara (erabili.com)
- Lokartzeko motiborik ez (Berria)
- Euskara pauso sendoz ari da indarberritzen. Miren Azkarate (erabili.com)
- Gazteek duela hamabost urte baino gutxiago hitz egiten dute euskaraz (Berria)
- Erreferentziak Sareko Argian.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu




jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



HEAn ari garenok, nire ustez, ez dugu zertan langabeziaren beldur izan. Hala adierazten dute IV.inkesta soziolinguistikoaren datuek. Izan ere, oraindik orain gaur egun %51,5 dira erdaldun elebakarrak. Euskaltegiek lana franko egin dugun arren, eta hori denek aitortzen dute (baita zuk azpimarratutako datuek ere, Benito), oraindik lan-eremu zabala geratzen zaigu. Hori bai, jakingo ote dugu horiek erakartzen?
Erabilerarena (ezagutzaren azpitikoa dela bere hazkundea) ondotxo dakigu. Azkenean ohitu egingo gara entzuten eta ohiko fenomeno gisa hartuk dugu. Inkesta egin eta aztertu dutenek ere NORMALA dela diote(horrelaxe, hizki larriekin) erabileraren desfase hau.
Dena dela, zuk "Atoan" atalean aipatu diguzun "Allartean" izeneko blog berrian aipatzen da "hizkuntza baten legitimizazioa egiazkotasunaren ideologian oinarritzen denean jokabide linguistikoek oinarri etniko eta identitarioak dituzte. Hor ez dago, beraz, zalantzarik... gainontzeko oinarriak edo elementuak bigarren maila batean geratzen dira. Hizkuntza markatzaile etnikoaren karga galdu eta hizkuntza publiko eta hiritar bihurtzen den neurrian, bestelako ezaugarriak agertzen dira, erabileran eragina dutenak." Honek zer pentsatua eman beharko ligukeela uste dut.
Azkenik, bada inkestan niri oso deigarria egin zaidan best kontu bat, gure zereginarekin lotura zuzen-zuzena ez duena:
%64,7 (EAEn) Euskararen erabilera sustatzeaaren alde dago. Kontra, %11,2 datu honek harritu eta poztu egin nau aldi berean. Izan ere, azken bolada honetan komunikabide batzuetatik kontrako kanpaina gogorra bultzatzen ari zen euskara normalizatzeko ahaleginen aurka, bereziki Vocento taldetik. Honen eragina uste baino txikiagoa da. Honek, nire ustez, zerbait adierazten du euskararen kontsiderazio sozialaren inguruan.
Besterik da Nafarroako eta Iparraldeko egoera. Nahiz eta duela 15 urteko datuekin alderatuta aldeko joerak gorantz egin, oso kezkagaria iruditzen zait %34,2 kontra edo oso kontra egotea.