familia

25
Ots
2008

Transmititzen

Aste honetako ARGIAn euskararen familia-transmisioa hartu dute asteko gai. HPSk 2007an egindako ikerketa baten karietara haren berri eta emaitzen laburpena daukagu Merke eta eraginkorrena: etxean erakutsi euskara erreportajean (erreportaje osoa PDFn, 1,50 mb).

Emaitzon arabera gaurko euskaldunon artean familiaren bidez euskara jaso dutenen kopurua jaitsi egin dela dirudi, gero eta gehiago dira familian ez, eskola edo bestelakoetan jaso dutenen kopurua. Erreportajearen barruan egin dioten elkarrizketan honela dio Patxi Baztarrikak: "euskaldun berriak gero eta gehiago ari direla euskara transmititzen".

Berez ez dakit datu kezkagarria ala pozgarria den, bietatik edukiko du seguraski. Baina ikerketaren ondorio batzuekin alderatuz gero, kezka nagusitu egin daiteke:

Hizkuntza-gaitasun erlatiboa oso erabakigarria da hizkuntza transmititzeko prozesuan, hizkuntza-gaitasun bereko bikotekideek oso modu desberdinean transmititzen baitute euskara, euren lehen hizkuntza euskara izan ala ez.

Edo hau:

Euskaldun berri diren bikoteengan edo kideetako bat soilik elebidun dutenengan, transmisio-prozesua ez da bete-betean bermatuta egoten.

Familia-transmisioan omen dago hizkuntzaren geroaren giltzarri nagusietako bat. Gutxi dira familiaren etenaren ostean berpiztu direnak hain zuzen ere. Baliteke gaur egun familia-eredua eta haren pisu soziala funtzio eta pisu tradizionaletik aldentzea, bai eta hizkuntza-transmisioan beste elementu batzuek pisua hartzea, baina haren funtzioa ez da inondik ere desagertu.

Gauzak horrela, segidan datoz gogora euskaltegi eta euskara klaseetan dauzkagun guraso guztiak. Eta familia-transmisioa sendotze honetan gure papera zein den hausnartzea.

Esperientzia piloturen bat egon da azkenaldiotan, hala ere, esan dezakegu gurasoa gure "bezero" tradizionala dela. Lehenengo gau-eskolak ikastola sortu berrien arrimuan sortu ziren gehienetan, gurasoak euskaraz biziko zen umearen ibilbidean partaide egitearren. Gaur egun umeak euskarazko ereduetan dituen ikasle asko ditugu, bakarka edo berariazko taldeetan. Argi dago honelako kasu askotan ez dela euskara familiaren bidez trasmitituko, helduaren ikas-prozesuak gutxitan eutsi ahal dio umearen erritmoari, eta familiako hizkuntz ohiturak ez dira derrepentean erraz aldatzen gainera. Jarreretan edo pertzepzioan eragitea lortuko dugu gehienez.

Orduan, zertan lagundu ahal dugu guk honetan? Ez dago erantzun errazik (askotan guri eskatzen zaigun arren). Aurreko batean, mundu asoziatiboan nola eragin genezakeen pentsatzen jarri ginen, oraingoan familia mundura zuzendu dezakegu begirada. Zelan lortu ahal dugu euskaldun berriak dauden bikoteetan transmisio prozesua (gehiago) bermatzea? Ahal badugu.

Ama-hizkuntzaren eguna ospatu den asterako hausnarketa aproposa, bai.

Sindikatu edukia